politika
Batasunaren nahia eta ezina
Gotzon Hermosilla
Historiari erreparatuz gero, ikus daiteke askoz gehiago izan direla nork bere kasa antolaturiko Aberri Egunak elkarrekin egindakoak baino. Eta, indar abertzaleek Aberri Eguna elkarrekin ospatu dutenean, beti izan da abagune politikoak lehenagotik ere batasun hori erraztu duelako.
Baina Fito Rodriguez Bornaetxea EHUko irakasleak (Gasteiz, 1955) dioenez, «historia istorioek osatzen dute, norberaren bizipenek, eta badago belaunaldi bat —neu ere tartean nago— Aberri Egunaren eredu hori ezagutu duena». Eta aztertu izan du Aberri Egunaren historia. «Gasteiztarra izanik, ondo gogoan dut Gasteizko 1977ko Aberri Eguna, hausturaren aldeko alderdiek deitua, zein hotz eta gogorra izan zen eta Poliziak nola jokatu zuen; baina 1978koa ere bizi izan nuen, Donostian, eta ikusi nituen alderdi politiko guztiak bildurik autodeterminazio eskubidearen alde. Ez da nik asmatutakoa, nire bizitzan txertatutako zerbait baizik».
Lehenengoa, 1932an
1932an egin zen lehenengo aldiz Aberri Eguna, Bilbon, EAJk antolatua. Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian, EAJ zen euskal abertzaletasunaren esparruan indar hegemonikoa, eta batez ere hari lotuta egin ziren Bilboko mobilizazioa eta hurrengo urteetan beste euskal hiriburuetan antolatutakoak. 1936ko gerrak errotik moztu zituen Aberri Eguna eta euskal abertzaletasunaren gainerako adierazpide guztiak; gerraosteko urteetan, Aberri Eguna etxean edo erbestean egin beharreko ospakizun bilakatu zen.
Gauzak erabat aldatu ziren 60ko hamarkadan, ezkerreko abertzaletasunaren antolakunde berriak —ETA eta Enbata— agertzearekin batera. 1963an Enbatak antolatu zuen Aberri Eguna, Itsasun (Lapurdin); ekitaldi xumea izan zen, baina oso esanguratsua, garaiak aldatzen ari ziren seinale. Hori ikusita, EAJk eta erbesteko Eusko Jaurlaritzak lema hartu zuten berriro, eta 1964an eta 1965ean haiek egin zituzten Aberri Egunerako deialdiak, Gernikan (Bizkaia) eta Bergaran (Gipuzkoa), hurrenez hurren. Baina ordurako sortua zen euskal abertzaletasunaren bi adarren arteko arrakala, eta 1966an, esaterako, bi deialdi izan ziren, EAJrena Gasteizerako eta ETAren mobilizazioa Irunen eta Hendaian (Lapurdi) egiteko.
1967koa izan zen herritar askoren gogoan Aberri Egun bateratuaren ideia finkatu zuen deialdietako bat. Orduko hartan, Jaurlaritzarekin batera, indar politiko ugarik egin zuten Iruñean mobilizatzeko deia —tartean, abertzaleak ez ziren asko—: EAJ, ANV-EAE, ETA, Accion Republicana, UGT, CNT eta ELA agertu ziren Iruñeko mobilizazioaren alde. Errepresioa handia izan zen: 350 atxilotu eta zauritu ugari.
Hurrengo urteetan, eta Franco diktadorea hil arte, eskema hori behin eta berriro errepikatu zen: batzuetan, EAJren eta ETAren arteko desberdintasunek zaildu egiten zuten deialdi bateratua egitea; beste batzuetan, batasuna lortu egiten zen, eta horrek, kasu askotan, ekarri zuen beste indar politiko batzuek ere bat egitea deialdiarekin. Azken horren adibidea 1975eko Gernikako Aberri Egun historikoa izan zen.
Trantsizioa
Franco hil ostean, zalantzaz, aukeraz eta arriskuz beteriko aro bat zabaldu zen. Ildo ideologiko guztiak prestatzen ari ziren zetorrenari aurre egiteko, zer zetorren zehatz-mehatz jakitea zaila izan arren. Leku askotatik batasunaren beharra aldarrikatzen zen —amnistiaren aldeko borroka eta Xibertako elkarrizketak horren adibide izan ziren—, baina zaila zen batasuna erdiestea, eta hori nabaria izan zen 1976ko eta 1977ko Aberri Egunetan.
Baina gauzak aldatu egin ziren 1978an. Hura izan zen Hego Euskal Herrian legeztaturiko lehen Aberri Eguna —ikurrina ere pare bat hilabete lehenago legeztatu zuten—, eta abagune politikoa oso berezia zen, Espainiako Kongresuko batzorde bat —gerora, Konstituzioaren aitak deitu zieten zazpi gizonek osatua— ari zelako konstituzioaren zirriborroa egiten. Egoera horren aurrean, UCD eta AP ez beste indar politiko guztiek bat egin zuten Aberri Egunean, eta manifestazio jendetsuak egin zituzten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. EAJ, EE eta HBko kideak egon ziren, baina baita PSE eta UGTkoak ere, Autodeterminazioa Konstituzioan, Aberri Eguna 1978, Autonomia Estatutu Nazionala leloak zituen pankarta baten atzean.
Batasun hark ez zuen luze iraun. Konstituzioaren erreferendumaren ostean —1978ko abenduan— eta are gehiago Gernikako estatutuaren erreferendumaren ondoren —1979ko urrian— argi gelditu zen estrategiak oso desberdinak zirela. 1979tik aurrera, bi hamarkada iraun zuen moldea hartu zuen Aberri Egunak: indar unionistek ez zuten ospatzen, «nazionalisten eguna» zelakoan —eta askotan haren kontrako adierazpenak ere egiten zituzten— eta indar abertzaleek, berriz, nork bere aldetik antolatzen zituen Aberri Egunerako ekitaldiak.
Urte askoan ohiko bilakatu zen hori. Aldaketa bakarra antolatzaileen kopurua zen: EAJren eszisioaren ondorioz EA sortu zenean (1986), hura ere bere Aberri Eguna antolatzen hasi zen; EEk, berriz, antolatzeari utzi zion PSE-EErekin bat egin zuenean (1993). Batasunerako urrats bakarrak Ipar Euskal Herrian egin zituzten; hainbat urtez, EBk, EMAk eta EAk batera antolatu zuten Aberri Eguna.
1995ean, ELAk eta LABek agiri bateratua bat plazaratu zuten Aberri Egunaren karietara. Bi sindikatu abertzaleen arteko elkarlanaren abiapuntu izan zen hori. 1998an, Hego Euskal Herrian nork bere ekitaldiak antolatu zituen, baina Ipar Euskal Herrian AB, EAJ, HB, EA, ELA eta LAB batera agertu ziren Kanbon (Lapurdi). Handik hilabete gutxira, indar horiek eta beste batzuek Lizarra-Garaziko akordioa izenpetu zuten.
Lizarra-Garaziko itunak eta ETAren su-etenak errotik aldatu zuten abagune politikoa, eta, horrekin batera, Aberri Eguna; 1999an, Udal Ordezkarien Biltzarrak —geroago Udalbiltza izena hartuko zuenak— deialdi bateratua egin zuen herri guztietan ekitaldiak eta elkarretaratzeak egiteko, eta, arratsaldean nork bere ekitaldia antolatu bazuen ere, eguerdiko agerraldi haietan EAJk, HBk, EAk, ABk eta Batzarrek bat egin zuten.
Eskema berriro erabili zen 2000. urtean, baina egoera politikoa guztiz bestelakoa zen 2001erako. Berriro ere, nork bere aldetik antolatu zuen Aberri Eguna, eta, gainera, deialdiak are gehiago ugaritu ziren, batasunerako sortua zen erakundea, Udalbiltza, desadostasunak erdibiturik zegoelako: alderdi politikoen deialdiez gain, Udalbiltzaren Zuzendaritza Batzordeak Gernikarako deia egin zuen, eta Batzorde Eragileak, berriz, Maulerako (Zuberoa). Garai hartan hasi zen ezker abertzalearen antolakundeak legez kanpo utziko zituen ziklo politikoa ere; horrek ere ez zuen askorik lagundu batasuna ehuntzen.
2007an, herritar talde bat saiatu zen inertzia hori apurtzen, eta deialdia egin zuen Aberri Eguna Irunen eta Hendaian ospatzeko. Deialdiak ez zuen alderdi politiko guztien babesa izan, baina eragile ugarik bat egin zuen horrekin. Hurrengo bi urteetan, Nazio Eztabaidaguneak hartu zuen lekukoa, eta Irun eta Hendaia arteko deialdiari eutsi zion.
Independentistak Sarea
2010eko otsailean aurkeztu zen Independentistak Sarea. «Gure lan ildoen artean ez zen sartzen Aberri Eguna antolatzea, baina, Nazio Eztabaidaguneak utzitako hutsunea ikusita, gure gain hartzea erabaki genuen», azaldu du Txutxi Ariznabarreta bozeramaileak (Dima, Bizkaia, 1955). Urte hartan, Hendaian eta Irunen antolatu zuten Aberri Eguna, eta geroztik urtero saiatu dira deialdi zabal eta askotarikoak egiten.
«Aberri Eguna euskal nazioaren eguna da», esan du Ariznabarretak: «Egun horrek zentzua hartzen du euskal komunitateak mundu osoan ospatzen badu, eta horrek eskatzen du era bateratuan ospatzea, munduari erakusteko hemen nazio bat dagoela, bizirik iraun nahi duena eta bere tokia nahi duena munduan. Hori, nire ustez, ezin da behar duen indarrarekin agertu zatikatuta egiten bada».
Rodriguezek Kataluniako Diada aipatzen du adibide gisa: «Kataluniako prozesua ezin da ulertu aurreko urteetako Diadarik gabe. Herria baturik egon da, mobilizaturik eta kalean, estatutuaren garaian eta, bereziki, estatutuaren bidea zapuzturik gelditu zenean». Baina Euskal Herrian Aberri Egunak ez du eduki izaera «eraginkor» hori, Ariznabarretaren hitzetan, baina etorkizunean izan lezake: «Lehenago edo geroago hemen ere zabaldu beharko den prozesuari begira, uste dut Aberri Egunak baduela bere tokia eta bere rola».
«Inertziak» apurtzeko, aurten Independentistak Sareak ez du Aberri Egunik antolatuko. Ariznabarretak dioenez, hori ez dute porrot edo atzerapauso gisa ikusten: «Fase hau amaitu da, eta aurrerantzean gauzak beste modu batera egin beharko dira Aberri Egun bateratua lortzeko. Laster hasiko gara 2020. urteko Aberri Egunari begira, baina ez guk antolatzeko».
«Uste dut politikoki gure arriskurik handiena desnazionalizazioa dela», esan du Rodriguezek. «Politika pragmatiko batean ari gara sartzen, eta kezka dut ez ote garen nazio ikuspegia galtzen ari. Aberri Eguna guztiz kontrakoa da: nazioa bere ardatzean jartzeko aukera, alegia».