astekaria 2019/03/01
arrowItzuli

ekonomia

PLAN BAT BIHURGUNE ASKOREKIN

Xabier Martin

PLAN BAT BIHURGUNE ASKOREKIN

Auto salmenten gainbeheraren kopuru zehatzak jakin aurretik iritsi da Eusko Jaurlaritzaren Renove plana autogintzaren sektoreari bultzada emateko, baina bultzada hori oso mugatua izango da. Zergatik? Batetik, planaren bost milioi euroren funtsak, kopuruari dagokionez, ez duelako ematen epe luzeko neurri bat izan dadin; eta, bestetik, 2.000 euroko laguntza jasotzeko, A energia ziurtagiria behar dutelako auto berriek, eta gasolio zein gasolina motorrekoen artean oso gutxi daudelako halakoak kontzesionarioetan. Horregatik, nahasmen handia dago egun hauetan, hala galdezka doazen erosleen artean nola saltzaileen artean, zalantzaz beterik erantzuten ari direlako.

Hala eta guztiz ere, Renove plana hiru astean ahituko dela zabaldu da, eta uste horren oinarria ariketa matematiko soil batek ematen du: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 41.705 auto berri saldu ziren 2018. urtean, eguneko 115 batez beste. Aurtengo martxoan kopuru horiei eutsiko balitzaie, Renove plana hiru astean ahituko litzateke, epe horretan ia bost milioi euroko funtsa agortuko luketelako 2.500 operazio inguruk. Baina kontuan hartu behar da pizgarri horrek bezeroen erosketa operazioak atzeratu dituela laguntza iragarri zenetik, aurreko astetik, eta martxora aurreratuko dituela beste hainbatena. Alegia, logika horri jarraikiz, aurtengo martxoaren salmenta erritmoak eguneko 115 autoren batezbestekoa gaindituko luke eta, hortaz, hiru aste baino gutxiago iraungo luke EEE Energiaren Euskal Erakundearen laguntza hamar urtetik gorako auto zaharrak ordezkatzeko.

Erosleek A energia ziurtagiria duten autoak topatzeko dituzten arazoak alboratzen dituen ariketa matematikoan aldagai gehiago sar daitezke, gainera. Izan ere, ariketa horretan 2.000 euroren laguntzak hartu dira oinarri gisa, baina operazio gutxi batzuek 2.250 eta 2.500 euroren laguntzak jasoko dituzte, entxuferik gabeko eta entxufedun ibilgailu hibridoenak hain zuzen. Halaber, auto elektrikoentzat, 3.000 euroko laguntza jaso du EEEren deialdiak, baina inor gutxik eskatuko du hura, Espainiako Gobernuak Moves plana martxan jarriko duelako aurki, eta hark laguntza handiagoak eskainiko ditu: 5.500 euro gehi kontzesionarioaren beste 1.000, 6.500 euro guztira. Madrilgo laguntza jasotzeko baldintzetako bat da beste laguntza berezirik ez jasotzea; beraz, plan baten ala bestearen arteko hautua egin beharko du auto elektrikoaren erosleak, eta Espainiako Gobernuak eskainiko duena Jaurlaritzarena halako bi baino gehiago izango da.

Gauzak horrela, Renove pizgarrien planak eragin mugatuak izango dituela pentsatzeko arrazoi ugari daude. Sektoreak Ekonomiaren Garapeneko Sailaren bultzada ongi baino hobeto hartu du, baina lehen seihilekoaren datuek berresten badute merkatuaren gainbehera, Renove ez da flotagailu nahikoa izango —egungo aurrekontuarekin eta baldintzekin— 2019ko urte osoko emaitzak salbatzeko. 2018an %5,8 igo ziren salmentak Hego Euskal Herrian, baina urteko azken hilabeteetan beherakada nabarmenak iritsi ziren, eta abenduan ia %12ko jaitsiera egon zen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %22koa Nafarroan.

Bai, baina ez

Funtsaren bukaera azkarraren teoria hankaz gora botako luke, dena den, erosleen ezintasunak A ziurtagiridun auto berriak aurkitzeko gasoilezkoen eta gasolinazkoen artean. Eta BERRIAk galdetutako kontzesionarioetan erantzun argia eman dute: «Hamarretik bederatzi ez dira A ziurtagiridunak». Eta baldintza hori betetzen duten gehienak neurri handiko autoak dira, garestiak sarritan. Ez da ahaztu behar 25.000 euroko salneurria gaindituz gero, auto berriek ezingo dutela laguntzarik jaso.

Baina arazoak ez dira hor bukatzen: erosleek martxorako matrikulatu nahiko dituzte auto berriak, EEEren funtsa amaitu baino lehen, eta kontzesionarioek matrikulaturik dauzkaten autoek ezin dituzte laguntzak jaso. Bezeroek, ordea, ezingo diote laguntzarik eskatu Energiaren Euskal Erakundeari matrikula lortu eta faktura osoa pagatu aurretik.

Begien bistakoa da Jaurlaritzaren Renove planaz baliatzea benetan zaila izan daitekeela erosle partikular xumeentzat, elektrikoaren ala hibridoaren alde ez badute egiten. Hautu hori, ordea, gutxiengo batek egiten du gaur egun, eta, logika horri jarraituz, planaren funtsa ez litzateke hain azkar bukatuko; hain zuzen, gutxi liratekeelako laguntza eskuratzeko baldintzak beteko lituzketen operazioak.

Baina Renove planak salmenta kopuruetan eragiteko izan dezakeen gaitasunetik harago, Lakuaren mezua indartsua izan da, batik bat erreketa motorren eta modu berezian dieselaren aurkako oldarraldiari erantzun diolako; autogintzak euskal industrian eta, ondorioz, euskal ekonomian duen pisuaren eztabaida piztu du. Sektoreko eragileek ezin hobeto hartu dute, eta Jaurlaritzaren politika «eredugarria» dela esan dute, han eta hemen, hala Espainiako patronalek nola osagaien euskal konpainia handiek.

Eta, gainera, EEEk ez du baztertu bost milioi euroko funtsa handitzea. Erabaki hori, ordea, ez dute hartu oraindik. Egunkari honek jakin duenez, Ekonomiaren Garapeneko Saila «zain» dago, eta oso adi Renove planak jasotzen duen erantzuna baloratzeko eta, agian, erabakiak hartzeko. Hori horrela, planaren funtsa handitzea «ez dago bazterturik», baina ezin da segurutzat jo.

Egun hauetako beste galdera handia da gasolio eta gasolina auto berrien erosketari dagokio: A energia ziurtagiriaren baldintza aldatzeko prest legoke EEE, baldin eta berresten bada ia ez dagoela salmenta operaziorikk erreketa motorreko autoen multzoan?

Hauteskundeen itzala

Bestalde, hauteskundeen gertutasunak Renove planaren egokitasunaren eztabaida piztu du. «Ez dauka zentzurik», EH Bilduren iritziz. Ezkerreko koalizioak hauteskundeei erreparatu die euskal autogintza babesteko plana azaltzean. «Epe motzerako ikuspegiduna da eta hauteskundeei begira egindakoa». Gogora ekarri du bost milioi euro bideratuko dituela Jaurlaritzak, eta «bakarrik 2.500 auto izango direla onuradunak», bakoitza 2.000 euroko laguntzarekin, batez beste.

Laguntza hori motz geratzen dela uste du EH Bilduk, autogintzaren sektorea «sakoneko eraldaketa fase baten atarian dagoelako». Hori dela eta, legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, hilabeteko epean lantalde txostengile bat martxan jar dadin, sektorearen etorkizuna aztertzeko eta «politika publiko sendoak» diseinatzeko.

BERRIAn argitaratua (2019/02/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA