astekaria 2016/01/22
arrowItzuli

ekonomia

Enpresei bidea ireki zaie Iranen

Jon Fernandez

Enpresei bidea ireki zaie Iranen

Merkatu berri, erakargarri eta handi bat da, eta ateak parez pare ireki dizkie nazioarteko konpainiei. Mendebaldeak Irani programa nuklearraren harira ezarritako zigor ekonomikoak kendu dizkion honetan, euskal enpresa ugari jarri dira herrialde persiarrera begira, han izan ditzaketen negozio aukerak aztertzeko. Hamarkada batez atzerriko inbertsio urria jaso du Iranek, eta sektore ugari ditu modernizatzeko eta garatzeko. Nazioarteko enpresak erakarri nahi ditu horretarako, eta, Alex Arriola Spriko zuzendariaren esanetan, euskal enpresek «aukera handi bat daukate», batez ere energia sektorean eta aeronautika eta automozio arloetan.

Ia 80 milioi biztanleko herrialdea da Iran, eta biztanleriaren bi heren baino gehiago 35 urtetik beherakoak dira. «Jende gazte eta prestatu asko dago. Kontuan izan behar da, era berean, Iran ez dela beti izan gaur egun den herri teokratikoa. Xah-aren garaian, eskualdeko herririk mendebaldartuena zen. Kulturalki, beraz, Mendebaldearekin zerikusi handia duten puntu asko ditu», azaldu du Arriolak.

Euskal enpresentzat lau sektoretan ikusten ditu aukerak Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariak: azpiegituren arloan, energia sektorean, manufaktura industrietan eta, neurri txikiago batean, kontsumo handiaren arloan.

Petrolioaren negozioa

Kanpoko inbertsio urriengatik, azpiegitura lanak izoztuta izan dituzte, eta orain lan asko dago egiteko errepideak berritzeko, eraikuntza zibil zein pribatuetako proiektuetan eta tren eta metro azpiegituren berritze eta sortze planetan. «Eta hor euskal enpresak aukera handi bat daukate».

Energiarena da beste merkatu potentzial garrantzitsua euskal konpainientzat. Munduko petrolio erreserba handienetan laugarrenak ditu Iranek, erreserben %9,1, hain justu. Gasean, berriz, altxor handiagoa dauka: frogatutako munduko erreserba handienak ditu, %17,1. Iranek ehun urtez petrolioa ustiatzeko gaitasuna dauka. Urte asko dira, kontuan izanda Persiar golkoko bere auzokide arabiar gehienei 60 urtean bukatuko zaizkiela erreserbak gaur egungo martxan jarraituz gero. Nolanahi ere, petrolio ekoizpena handitu beharra dauka Iranek: alde batetik, esportatzeko, baina, neurri handi batean, barne kontsumoa asetzeko. Biztanleria asko handitu da urte gutxian: 1996an 60 milioi biztanle zituen, eta orain ia 80 milioi ditu.

Lehenbailehen petrolioa esportatzen hasi nahi du Teheranek, baina ekoizpena handitu nahi du: iaz egunean 3,6 milioi upeleko produkziora iritsi zen, eta bost milioira ailegatu nahi du —1970eko hamarkadan egunean sei milioi upel ekoizten zituen—. Horretarako, baina, atzerriko enpresen teknologia eta dirua behar ditu, eta, Brent upela 30 dolarren bueltan ibilita inbertsioetarako unerik erakargarriena ez bada ere, epe ertain eta luzerako aukera sendotzat jo dute adituek Iran.

«Hemen sekulako hornitzaile sarea daukagu sektore horretan. Gogoratu, gobernu moduan, gure espezializazio adimendunaren aldeko apustuaren barruan energia daukagula, eta petrolioa eta gasa zutabe nagusiak dira», nabarmendu du Arriolak. Baina, horrez gain, Spriko buruak uste du Teheranek energia berriztagarrien aldeko apustua ere egingo duela, eta gogora ekarri du arlo horretan ere euskal hornitzaileen sarea «oso handia» dela.

Autoak eta hegazkinak

Hirugarren negozio aukera nagusia manufaktura industrietan dagoela esplikatu du Spriko zuzendariak, eta batik bat automozioa eta aeronautika azpimarratu ditu sektore interesgarri gisa. «Autoen produkzioa handitzeko aukera handia dago; tokiko bazkideak Europako bazkideekin batera ekoizten hasteko aukera dago». Iranek urtean 1,5 milioi auto inguru ekoizten ditu, munduko hamazortzigarren auto ekoizle handiena da, eta Asiako handienetako bat. Energiaren ostean, bigarren industria sektore garrantzitsuena da autogintzarena: BPGaren %10 inguru da, eta herrialdeko langileen %4 biltzen ditu.

«Merkatu berriak eta kontsumitzaile berriak egotea beti da interesgarria, baina prozesu hau ez da azkarra izango», adierazi du Gonzalo Garrido Acicae Euskadiko automozio klusterreko bozeramaileak. Bi edo hiru urteko kontua izan daitekeela azaldu du. Beste edozein herrialdetan bezala, behin merkatua liberalizatuta, konpainia autogile handiak joango lirateke lehenengo Iranera, eta han ezartzeak denbora eta prozesu bat eskatzen du. Behin marka handiak han daudela, euskal konpainia hornitzaileak haientzako lanean hasteko aukera izango lukete.

Hara ailegatzeak denbora hartuko duela jakin arren, autogintzako euskal hornitzaileentzat aukera ona da Iran. «Eremu hori guztia abandonatuta egon da: ez bakarrik Iran, baita inguruko herrialdeak ere», Garridoren esanetan. «Orain arte, Turkia izan da eremu horretara iristeko plataforma. Logikoa litzateke orain Iranen bertan ekoiztea. Biztanleria handia da, kulturaduna, gaztea... Baldintza erakargarriak daude. Eta inguruko beste herrialde batzuetan eragina duen merkatu bat da».

Hegazkin konpainiak hornitzen dituzten Euskal Herriko enpresentzat ere albiste ona izan da Mendebaldeak Irani zigorrak ezabatu izana. «Iranen dagoeneko ez zeuden martxan hegazkinak, eta normala da orain barne eta kanpo hegaldiak martxan jarri nahi izatea. Gainera, Airbusi 114 hegazkin erosteko akordioa daukatela jakinda, are itxura hobea du honek». Itxaropentsu baina zuhur berba egin du Jose Juez Hegan euskal aeronautika klusterreko zuzendariak. «Oraindik airean dago dena».

Abbas Akhundi Irango Azpiegitura ministroaren arabera, Iran Air hegazkin konpainia publikoak akordioa egin du Airbusekin 114 hegazkin erosteko. Eskatu dituzten A320 eta A340 modeloetarako, esaterako, ezer gutxi egiten dute euskal aeronautika konpainiek; baina A350 eta bi pisuko A380 modeloak ere eskatu dituzte, eta horientzako motorreko zein egiturako lanak egiten dituzte euskal enpresek. «Iranen eskariak esan nahi du enpresek aurten A350 eta A380rako izan dezaketen lan karga behintzat bermatuta geratuko litzatekeela, edo hobetu egin daitekeela».

Boeing hegazkinak erosteko interesa ere agertu du Teheranek, eta baita Embraer edo Bombardierrek egiten dituzten hegazkin txikiagoak eskuratzeko ere. «Hori albiste interesgarria da. Hemengo konpainiek Embraer eta Bombardierrentzat ere egiten dute lan; Aernnovak, adibidez».

Merkataritza bolumena

Manufaktura industrien barruan dago makina-erraminta sektorea ere, azken urteetan Iranekin izandako merkataritza harreman apalean arazo gehien eman duena. Espainiako Poliziak hainbat euskal enpresa miatu ditu azken urteetan, Iranera saldutako industria materialak erabilera militarra ere izan zezakeelakoan. Gasteizko Zayer enpresa izan zen Poliziak miatu zuen azken enpresa, iazko irailean, baina 2012. urte amaieratik lau enpresa miatu dituzte: bi Amurrion (Araba), eta bana Durangon (Bizkaia) eta Elgoibarren (Gipuzkoa).

Horregatik, segurtasun juridikoa bermatzeko eskatu du Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak. Gauza bera eskatu du Spriko buruak ere: «Makina-erreminta sektoreko enpresentzat aukera bat da, baina argi dago ez direla arriskatuko segurtasun juridikoa eduki arte».

Arriola konbentzituta dago merkataritza harremana nabarmen hobetuko dela Iranekin aurrerantzean. «Ikusten dugu euskal enpresen interesa gero eta handiagoa dela. Ziur gaude merkataritza bolumena handitu egingo dela. Bikoiztea ere erraza izango da, abiapuntua oso txikia baita». NBEko Segurtasun Kontseiluak programa nuklearraren harira 2011n ezarritako zigor gogorrenak baino lehen, Europa zen Iranen merkataritza bazkide nagusia: Iranek ekoitzitako petrolioaren laurdena erosten zuen. Harrezkero, ordea, Txinak hartu du lehentasun postua. Orain, galdutako tokia berreskuratu nahi du Europak merkataritza harremanean.

Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan ere, 2011n jo zuten goia Iranekiko inportazioek eta esportazioek. Urte horretan 166 milioi euroren esportazioak egin zituzten hiru lurraldeetako enpresek Iranera. Nafarroan datu solteak aurki daitezke: 45,5 milioi euroren esportazioak egin zituen 2011n, eta 28,6 milioirenak iaz. 2009tik 2011ra, EAEko 30 esportazio helmuga nagusien artean zegoen Iran, baina 2012an 41. postura erori zen. Batik bat material elektrikoak eta metal manufakturak esportatu izan dituzte euskal enpresek.

Inportazioek ere 2011n jo zuten goia EAEn: Irandik 1.424 milioi euroren inportazioak izan ziren, batez ere hidrokarburoak. Teheran hiru lurraldeen seigarren hornitzaile nagusia izan zen 2008tik 2011ra bitartean, baina 2012an, nazioarteko zigor gogorrenen ostean, laugarren postutik 24.era jaitsi zen.

Aiatolen herrialdeak 300.000 milioi euroren zuzeneko inbertsioak espero ditu 2020ra bitartean, eta nazioarteko konpainiak erakartzeko pizgarriak martxan jarriko ditu. «Elikagaien sektoreko atzerriko enpresek ez dute zergarik pagatuko Iranen, eta industria eta meatzaritza sektoreetan datozen hamar urteetan soilik zergen %20 ordaindu beharko dituzte», nabarmendu du Spriko buruak. Zailtasunak ere badaude, baina konpontzeko bidean. Irango banku sistema SIWFT nazioarteko transferentzia saretik kanpo egon da urteotan, baina berriz konektatzeko bidea hasi du.

BERRIAn argitaratua (2016/01/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA