bizigiro
Hobe errezetarekin
Maialen Unanue Irureta
Arantxa Gartzia Peinado farmazialaria bat dator Gaztelurrutiarekin: «Hiru botika horiek etxe guztietan egon ohi dira». Horien kontsumoa zabalduta egoteak, ordea, ez du esan nahi arriskurik ez dutenik; hala ohartarazi du Gartziak. «Automedikazio arduratsua komenigarria izan daiteke, sintoma txikiei aurre egiteko erabiltzen bada: minarentzat, hotzeriarentzat, bihotzerrearentzat... Baina epe mugatu baterako». Gaztelurrutiak gogoratu duenez, izatez, OMEk berak babestu eta bultzatu egiten du automedikazioa: «Errezetarik behar ez duten botikak erostea praktika ona dela diote, betiere farmazialariaren oharrekin, lehen mailako osasun zerbitzuak arintzen dituelako».
Ez dute botiken kontra egin nahi, botika horien dosi handien aurka egin nahi dute, Gaztelurrutiaren esanetan: «Metamizolaren kasuan, 575 miligramokoa da merkatuan dagoen bakarra, baina Nolotilak errezeta behar du, eta horixe gogorarazi behar diegu: errezeta ez diegu eskatzen sudur puntan jarri zaigulako, euren hobe beharrez ari garelako baizik». Botikak itsu-itsuan erostea saihestu nahi dute. Izan ere, bada uste zabaldu bat, esaera zaharrak dioen bezala, erdia ustela duena. «Gaizki gaudenean, hala pentsatzen dugu: 'Ibuprofenoak on egiten dit; beraz, dosirik handiena hartuko dut, horrexek egingo dit ondoen'. Gauza bera parazetamolarekin: 'Zertarako hartuko dut 500ekoa, gramo batekoa har badezaket?'. Bada, ez: dosi handiak egingo digun onura ez da askoz handiagoa izango, eta, aldiz, kontrako ondorioak jasateko probabilitatea askoz handiagoa da».
Botikek sortutako gaitzak
Gaztelurrutiaren arabera, begi bistakoak ez diren kalteak sor ditzakete botiken dosi altuek, eta, legez errezetarik gabe saltzerik ez duten arren, eskaria «handia» dela nabarmendu du, eta gaixo batzuek «presio izugarria» egiten dietela. «Botika merkeak dira, jendeari ez zaio axola ordaintzea, baina beharrezkoa da praktika hori geldiaraztea».
Gaztelurrutiak azaldu duenez, botika guztiek dituzte kontrako efektuak, baina aldiro dosi handietara jotzea kaltegarria dela ohartarazi du: «Ibuprofenoa, zeina botika seguruenetako bat den, 2.400 miligramora iristen garenean [600eko lau pastilla hartuta], oso toxikoa izan daiteke». MIEZ Medikamentu Informazioko Euskal Zentroko arduradun Iñigo Aizpurua Imazek azaldu duenez, dosi txikienak hartuta ere albo kalteak jasan daitezke urdail-hesteetan: «Dosi handiak hartuz gero, eta denbora luzez, gaixotasun kardiobaskularrak sor daitezke: iktusa edo bihotzekoa jasateko aukera handitzen du». Horregatik da beharrezkoa dosi handiak baztertzea, Gaztelurrutiaren esanetan: «Dosi arruntetara jo behar dugu, kontrako efektu horiek jasateko arriskua ahalik eta txikiena izan dadin». Parazetamolaren kasuan, berriz, giltzurruneko zein gibeleko gutxitasunak sor ditzake, Aizpuruaren esanetan.
Paradoxa badirudi ere, botikak izan daitezke bestelako gaixotasunen sortzaile, baldin eta neurrian hartzen ez badira, Gartziaren esanetan. «Ibuprofenoarekin, urdaila babesten duen barrera kaltetu dezakegu: goragalea eta beherakoa sor ditzake, besteak beste; parazetamolak, berriz, gehiegi hartuz gero, toxikotasun hepatikoa sor dezake; alegia, gibelari kalte egiten dio». Ez dira albo kalte bakarrak, Gartziaren arabera: gaizki edo gehiegi erabiliz gero, intoxikazioak sor ditzakete botikek, edo eraginkortasuna galdu, dependentzia...
Metamizolak ez, baina parazetamolak eta ibuprofenoak badituzte dosi txikiagoak merkatuan, eta ez alferrik: haien eraginkortasuna defendatu du Gaztelurrutiak. «Ibuprofenoaren kasuan, badaude 200 miligramoko dosiak ere: beste herrialde batzuetan zabalduta dago, baina, hemen, gehienez ere haurrei ematen zaie; gaixoak dituen sintomen arabera, nahikoa da, berez, 200ekoa». Noiz hartu daitezke dosi handiagokoak? Bada, medikuak agintzean, Gaztelurrutiak ohartarazi duenez: «Mediku batek aztertu behar du botika baten zein dosik zein onura eta zein kalte egin diezazkiokeen gaixoari, eta konpentsatzen ote duen botika baten dosi handiak dakartzan arriskuak bere gain hartzeak».
Mitoak mito
Botikak hutsaldu egin dira, eta horregatik jokatzen da «arinkeriaz» automedikazioarekin, Gaztelurrutiaren ustez: zergatik hutsaldu diren, ordea, ez daki esaten. «Botikak dira gehien erabilitako osasun teknologiak, nabarmen: asko merkatu dira, eta erraz eskura daitezke. 500 miligramoko parazetamolaren 28 pastillako kaxa batek euro bat baino gutxiago balio du: oso merkea da». Merkea izateak izan dezake zerikusirik, haren ustez, dosi txikiagoko botikak hain eraginkorrak ez direla pentsatzeko arrazoiekin. «Jendeak esaten dizu: 'Ez, ez: eman zerbait fuertea'».
Hartu beharreko dosia desberdina da pisuaren arabera, Gartziaren esanetan: «Pertsona batek 40 kilo pisatzen badu, 100 kilo pisatzen duenak baino gutxiago beharko du, baina egia da gorputza dosi handietara ohitzen badugu gero eta dosi handiagoak eskatuko dizkigula». Baina dosien kontuarekin mitoak ere badira, Gaztelurrutiak nabarmendu duenez: «Nik, adibidez, 500 miligramoko parazetamola hartzen dut: ia 100 kilo pisatzen dut, eta ondo egiten dit». Kontuan izan behar baita, gainera, aparteko gaitzik izanez gero botika horiek nola eragiten duten: «Parazetamola oso segurua da: ez dio urdailari eragiten, eta hori inportantea da arazo gastrikoren bat dugunontzat. Eraginkorra da, sukarra gutxitzen du, eta mina kentzen du: 500 miligramo egunean hiru aldiz hartzea primerakoa da heldu batentzat; zertarako hartuko dugu gramo batekoa?».
Azaltzea, eta entzutea
MIEZ, izatez, osasun zerbitzuetako profesionalei laguntzeko sortu zen, baina badira urte batzuk herritarrei begira ere lan egiten duela. Zentroak, 2015ean, Gipuzkoako Farmazialarien Kolegioa orain egiten ari den kanpainaren oso antzeko zerbait egin zuen, 400 miligramoko ibuprofenoaren eta 500 miligramoko parazetamolaren alde. «Badirudi 500eko parazetamola desagertu egin dela, baita 200eko eta 400eko ibuprofenoa ere», esan du Aizpuruak.
Gauzak ez dira, beraz, askorik aldatu, baina ez dadila inor larritu: duela hogei urte inguru, ohikoa zen antibiotikoak errezetarik gabe erostea, eta gaur egun ez dago errezetarik gabe saltzen duen farmaziarik. Aizpuruak gogoratu duenez, kanpaina «pila bat» egin zituzten, eta farmazialariak «zorrotz» jarri ziren: «Parazetamolarekin edo ibuprofenoarekin, norbanakoak jasaten ditu kontrako efektuak: antibiotikoak gaizki erabiltzeak, ordea, jende guztiari eragiten dio; erresistentziak sor daitezke, eta, ondorioz, eraginkortasuna galtzen du».
Kanpaina martxan da, eta, Gartziak nabarmendu duenez, jendeak entzun egiten du, azalpenak emanez gero; bi aldeek jarrera horri eustea litzateke gakoa. Gaztelurrutia ere bat dator Gartziarekin: «Beti jo beharko genuke profesionalengana: osasun sare oso ona daukagu, osasun zentro oso onak, eta farmazia sare oso ona: ezin ditugu alferrik galdu».