politika
Istorio luze baten azken atala
Joxerra Senar
Laukoak 159 orrialdeko ondorioen txostenaren alde bozkatu zuen atzo. UPNk eta PSNk boto partikularrak aurkeztu zituzten, eta, autokritika egin ordez, batzordeak «hauteskunde helburuak» dituela salatu zuten. Azken bozketa osteguneko osoko bilkuran egingo da.
«De facto, aurrezki kutxa desagertu egin da». Halaxe hasten da batzordeak landutako txostena. Funtsean, bertsio ofizialari egindako osoko zuzenketa da. Azken batean, 2009tik 2012ra bitartean, Nafarroako Kutxaren ondareak %80ko galera jasan zuen, eta 1.000 milioi euro desagertu ziren bidean. CANeko arduradunek, batzordean, ezohiko finantza krisiari eta Espainiako aurrezki kutxek jasandako eraldatze prozesuari egotzi diote jazota- koa. Alta, ondorioei aurre egiteko erresistentzia neurtu zuen finantza krisiak, eta, beste euskal kutxen aldean, erabaki ahalmena ia osorik galdu zuen CANek. Negozio ereduaren aldaketari eta arduradunen kontrol faltari egotzi dio batzordeak gertatutakoaren erantzukizuna.
ENRIQUE GOÑIREN IZENDAPENA
Negozio ereduaren aldaketan, funtsezko figura izan zen Enrique Goñi. Horregatik, batzordeak argitu nahi izan du nolatan amaitu zuen Nafarroako Kutxako lemazain gisa, batik bat kontuan harturik ordura arte ez zuela inongo eskarmenturik finantza erakunde baten goi zuzendaritzan.
Manuel Lopez Merinok eman du argibidea. 1998an, Iruñeko udal aurrezki kutxako zuzendari zenean, Nafarroako Kutxarekin bat egitea egitekotan zegoela, Miguel Sanzekin batzartu zen bazkari batean. Han, Javier Taberna Merkataritza Ganberako zuzendariak oso argi utzi zuen etorkizuneko CAN «Kiko Goñik» zuzenduko zuela. Ironikoki, Tabernak ez zuen lotura organikorik aurrezki kutxarekin, halako baieztapen bat egiteko. Miguel Sanzek gezurtatu zuen salaketa hori: haren hitzetan, Goñik Bartzelonan egiten zuen lan -Agrupacion Mutuan-, eta ezagun baten bidez elkar ezagutu bazuten ere, ez zuen harremanik izan harekin.
Egiazki, Miguel Sanz erabakigarria izan zen Goñiren lur hartzean. Lehenik, 2000n industria partaidetzen arduradun gisa sartu izanaren arduradun izan zen. Gero, 2002 hasieran, administrazio kontseiluan Lorenzo Riezu kargugabetu eta Goñi izendatzeko orduan, administrazio kontseiluan aurka zeuden orduko oposizioko alderdiek eta Sanzek bultzatuta, UPNren botoek balantza Goñiren aldera erabaki zuten.
A posteriori, Sanzek eta beste agintariek Espainiako Bankuaren txosten bati egin diote erreferentzia, justifikatzeko aurreko zuzendariaren «kudeaketa grisa» zela eta kutxak «galerak» zituela 2001ean. «Ez bagenu aldatu, adi, Nafarroako Kutxa zulotik behera eroriko baitzen», ausartu zen esaten Alvaro Miranda. Tesi hori gezurtatu du batzordeak: Espainiako Bankuaren txostena ez zen ofiziala, bat egitearen ondorioak kudeatzea egokitu zitzaion zuzendaritzari, baina CANek ez zuen galerarik, are gutxiago hondoratzeko arriskurik. Polemikak agerian utzi zuen euren kudeaketa zuritzeko orduan erasora jotzeko erreparorik ez dutela CANeko arduradunek.
KUDEAKETA
Eurek nahi edo ez, 2002tik aurrerako kudeaketak zerikusi zuzena izan zuen. Batetik, neurrigabe handitu zen aurrezki kutxa Nafarroatik kanpo; batik bat, beste hiru euskal lurraldeetan, Madrilen eta Bartzelonan. Egoitzak ez ziren alokatzen, erosi baizik, eta higiezin merkatuak prezio gorenak zituen urteetan, gainera: adibidez, Bilboko Plaza Biribileko bulegoa 9,9 milioi euroren truke erosi zuten; Gasteizen, bulego nagusia, sei milioian; eta Donostiako Antso Jakitunaren eta Askatasunaren hiribidekoa, sei milioiren truke. Guztira, hedapenak, 360 milioi inguruko faktura utzi zuen. Batzordeak ondorioztatu duenez, bulego gehienek ez zuten negozio bolumen nahikorik lortu errentagarri izateko.
Bestetik, 493 langile aurrez erretiratu zituzten -horietatik soilik lehenengo 193 erretiroek zuten logika ekonomikoa-, eta 160 milioiko faktura utzi zuten. Langileak kanporatu ahala, jende berria kontratatu zuten, zabaltzeari aurre egiteko.
INBERTSIOAK
Kudeaketak hirugarren zutabe garrantzitsua izan zuen: enpresen partaidetzak. Goñi sartu aurretik, urte luzez Nafarroako ekonomiarentzat estrategikoak ziren enpresetan inbertitzen zuen CANek luzera. Goñirekin estrategia aldatu zen: batetik, iraganeko partaidetzak saldu eta inbertsio berriak egin zituzten iraganean ezarritako mugen gainetik; bestetik, inbertsiook, luzerako ikuspegi estrategikoa utzi, eta etekinak lortzeko helburu espekulatiboa hartu zuten.
«Ezohiko diru sarrerak lortzeagatik ordaintzen zidaten», onartu du batzordean Juan Oderizek, politika horren arduradunak. Luze gabe, irabaziak eman zizkion CANi, baina ez zuen utzi ikusten zoru labainkorra zuela: 2002tik 2009ra 922 milioiren etekin garbiak lortu zituen CANek, baina irabazitako hiru eurotik bi enpresen salerosketen ondorio izan ziren, eta ez finantza jardueraren ondorio. Enpresarik errentagarrienak saldu ahala, gabeziak azaleratu ziren, noiz eta krisia ate joka zen garaian.
Batzordeak inbertsio batzuei erreparatu die, batik bat. Adibidez, Oviedon (Espainia) higiezin arloko operazio bat egin zuen Anca Corporate izeneko sozietate baten bidez Antonio Catalan enpresaburuarekin -Miguel Sanzen lagun mina eta UPN-PSNren arteko aliantzaren defendatzaile sutsua-. Espekulazio hutseko inbertsioak irabaziak utzi bazituen ere, CANi egokitu zitzaion 31 milioi euro mailegatzea, negozioaren arriskua bere gain hartuz. Gainera, irabazien gaineko zergak ez zituzten pagatu, eta Espainiako Ogasunari 93 milioi zor dizkio gaur-gaurkoz.
Diario de Navarra-k ere atera zion etekina kutxari. 2004an, Auna telekomunikazio enpresak Tenaria telefonia arloko konpainiaren akzioak trukatzea proposatu zien akziodunei. Tenaria ez zen errentagarria, eta, CANez gain, Nafarroako hainbat enpresa zeuden; tartean, La Informacion taldea, Diario de Navarra-ren jabea. Trukea egin aurretik, La Informacionek akzioak saldu zizkion CANi, eta, zifrak ezkutatu bazituzten ere, batzordeak egiaztatu du bi bider garestiago salerosi zirela: bost milioi euroren truke. Horri esker, Diario de Navarra-k Tenarian hiru milioiren galerak izatea eragotzi zuen CANek.
Eraikuntza enpresetako lagunei ere lagundu zien. Krisia piztu zenean, CANek hainbat zoru erosi zituen. Batzordeak egiaztatu du, adibidez, hartzekodunen konkurtsoan sartzear zen Miguel Rico enpresaburuaren eraikuntza enpresari gari soro bat erosi ziola 9 milioiren truke. Urte horietan, guztira 147 milioiren beste operazio batzuk egin zituen, baina batzordeak ezin izan du argitu salerosketa horiek zehazki nola egin ziren. Operazio horiek sinatu zituzten kutxako idazkariek eta arduradunek -Alberto Pascual Amaia Randez, Carlos Esparza eta Javier Munarriz- ez zuten ezer argitu: lehen biek uko egin zioten hitz egiteari, «sekretu profesionala» argudiatuta, eta beste biek ez zuten ezer oroitzen.
Hala ere, operazio negargarriena Oesia Networksena izan zen. Guascorreko partaidetza saldu zion Cajasoli, eta Oesia Networks erosi. «Zalantzak ditugu merkatuko prezioan egin ote diren», esan zuen 2010ean Espainiako Bankuak. Batzordeak frogatu duenez, operazio hartan 93 milioiko ekarpena egin zuen CANek, eta %100 galdu: «Egindako inbertsioen artean, denbora laburrenean galera handiena eragin du».
BANCA CIVICA
Horren guztiaren ondorioz, finantza krisia hasi zenean, zetorrenari aurre egiteko kaudimen okerragoa eta «galerei aurre egiteko ahalmen txikiagoa» zuen Nafarroako Kutxak. Ikerketa batzordeak ondorioztatu du 2009 amaiera hartan egoera hobean egon balitz ez zuela presarik izango bikotekide egokiena bilatzeko. Alta, hain zuzen horregatik, presaka osatu zuen Banca Civica taldea Caja Burgos eta Caja Canariasekin, 2010ean. Urte haren amaieran Cajasolekin bat egin zuen.
Batzordeak garrantzi berezia eman dio Banca Civicarena gauzatzeko moduari ere. Lehenik eta behin, bazkideak aztertzeko azterketa sakonik egin ez zelako eta, bigarrenik, Nafarroako Gobernuak ez ziolako oniritzirik eman bat egiteari -Sanzek bultzatutako 2004ko estatutuen aldaketan kendu egin zen betebehar hori-. Bi gertaerok funtsezkoak izan ziren banku negozioari begira, Nafarroako Kutxa lauren artean egoera hoberenean zegoelako. Alta, behin bat eginda, horrek berdin zion: etorkizuneko arriskuei aurre egiteko lehen ekarpena egin behar izan zuen 2010ean, 436 milioikoa, eta hurrengo bi urteetan beste 511 milioikoa. Batzordeak argi utzi du Cajasol oso gaizki zegoela, eta, hura gabe, ekarpena txikiagoa izango zela.
Batzordeak ondorioztatu du Barcinak gidatutako kontrol batzordeak huts egin zuela erabaki nagusiak zaintzerakoan. «Nahiz eta ez den egiaztatu kideek finantza eta kontabilitate ezagutzarik zutela erabakien ondorioak ulertzeko, diru sariak kobratzen jarraitu zuten». Ezin argiago.