astekaria 2019/02/22
arrowItzuli

iritzia

Boto inutila

Garazi Arrula Ruiz

Boto inutila Garazi Arrula Ruiz

Laster 33 urte beteko dira Espainiako estatuan NATOren inguruko erreferenduma egin zela. Orduan bizi ez ginenok ere ongi ikasia dugu zer-nolako garrantzia izan zuten Euskal Herrian bai kontrako mobilizazioek, bai emaitzak: abstentzioa izan zen nagusi Estatuan, %57arekin, eta baietza, berriz, garaile. Itunari ezezkoa eman zioten Hego Euskal Herriko lau lurraldeek, Kataluniak eta Kanaria uharteek, tokiko agintari eskuindarren (EAJ, UPN eta CIU) eta PSOEren ez-bai dantza neurtuaren gainetik. Dudarik gabe, erreferendum hura gogoan hartzekoa bihurtu zen baita espainolismoarentzat ere, herriei dagozkien aferez galdetzeak ekar litzakeen arriskuez ohartarazi baitzuen. Ez euskararen legearekin, ez Itoitzeko urtegiarekin, ez AHTarekin, ez tokiko erakundeen autonomia ereduekin; herri galdeketak baliogabetzeko (eta epaitzeko) teman segitzen du Espainiak. Aski izan zuen susto bat.

NATOkoak ere ibiltzen dira aire armada espainolak duen tiro eremu bakarrean. Bardeak Libre plataformak hainbatetan eskatu du herritarrei hitza eman diezaietela poligonoarekin jarraitu nahi ote duten erabakitzeko. Azaroan, tiro eremua desegitearen alde azaldu zen Nafarroako Parlamentua; orduko hartan, UPN, PP eta PSNk kontra bozkatu zuten, eta orain PSOEren gobernuak erabaki du horrekin jarraitzea. Espainiako Gobernuak poligonoa desegiteko aukera izan zuen abenduaren 31 baino lehen; ez duenez halakorik egin, modu automatikoan berritu du okupazio hitzarmena Bardeako erakundeekin. Horrela, NBEk biosferaren erreserba izendaturiko lur eremu hori militar espainolena izanen da beste hamar urtez. Akordioa sinatu zenean ere, ustezko sozialistak zeuden Madrilgo gobernuan.

Espainiako hauteskundeak aurreratu ditu Pedro Sanchezen gobernuak, beste ez-bai dantza neurtu batean; horrek geldiarazi egin ditu transferentziak Nafarroara aldatzeko hasiak ziren izapideak. Orain, esan, inork oraindik sinisten al du PSOE izanen dela euskal herritarrontzako salbamendu jaka?

BERRIAn argitaratua (2019/02/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA