astekaria 2019/02/22
arrowItzuli

kultura

Joan bai, baina ahaztu ez

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Joan bai, baina ahaztu ez

Badu zerbait eromenetik: ate irekiera iluntzeko bederatzietan izango dela jakinik, zazpietarako ilara sortuta dago sarreran. Txarteldegian, «Sarrerak agortuta» dioen kartela. Jakina zen, salgai jarri eta berehala bukatu baitziren denak. Asteazken buruzuri bat da, eta irudi bera errepikatu da, toki berean, aurreko egunean ere. Bi emanaldi eskaini ditu Berri Txarrak taldeak Bilboko Kafe Antzokian asteon, baina bertan gertatutakoak balio dezake datozen hilabeteetan herriz herri egingo diren kontzertuetarako. Euskal Herriko talde gutxik, bakarra ez bada, eragin dute Nafarroako taldeak adinako ikusnahia: 90 minutuan agortu ziren agur biraren lehen hamabi kontzertuetarako txartelak. Sarrera eskuetan, tokia hartzeko ere zaleak erdi ero.

Taldekideek esana dute emanaldi guztiak izango direla ezberdinak, eta hala gertatu da Bizkaiko hiriburuan eskainitakoekin ere, abesti bakarra izan baita bietan errepikatu dutena. Gertuko izan dituzten aretoetako kontzertu sortari izena ematen dion bera: Beude. «Hemen gaude, euskal musikaren tenplu hau bigarren aldiz profanatzeko prest», Gorka Urbizu abeslari eta gitarristak mikrofonotik. Agur keinua David Gonzalez baxuak eta Galder Izagirre bateriak. «Hauxe da Beude». Eztanda gero: eta, keinu bat, taldeari 25 urteko ibilbidean aterpe eman dion antzokiari. «Beude neguan epela eman ziguten doinuak/ zurekin bizitako uneak».

Zuzenekoen paradoxak: talde baten agur emanaldian beste baten itzulera agertzea. Itxaronaldia arindu nahian edo, Ellos dicen mierda kantua abesten hasi dira zale batzuk oholtzaren aurrealdean; hain zuzen, La Polla Records taldeak itzuli behar duela iragarri duen egun berean. Berehala azaldu da hirukotea oholtzara, eta epeletik berora egin du giroak segituan. Beude-tik, Iparra galdu: hegora joan kantura. Jaio. Musika. Hil eta Izena. Izana eta Ezina, gero. Kantu zaharrei helduta aritu dira emanaldiaren lehen unetik: Jaio. Musika. Hil (2005) diskotik Libre (2003) lanerako ondutako abestietara. Gelaneuria eta Gezur bat mila aldiz; eta, bien artean, Payola (2009) diskoaren Hasi eta bukatu.

Iraganetik etorkizunera

Geldialdia egin du abeslariak emanaldia erdibidean dela, eta atzera begira jarri da. «Gogoan dut Bilboko Kafe Antzokian izan ginen lehendabiziko aldian urduri-urduri nengoela. Eta hemen egoten zen Jose Angel Irigarai, handia bera». Txaloak oholtza azpitik. «Halako mikro batekin aritzen zen, bertaratzen ziren taldeen historia kontatzen edo sarrera moduko bat egiten oholtzara zetorren taldeari. Baina geure historia orduan hura zen: zero». Akorde bat eta geldiunea berriz. «Ba hori», irri egin du, zenbatu nahian edo, taldeak beteko dituen 25 urte horietan zenbatetan igo diren oholtza horretara.

Nafarroako taldea sortu eta urte betera zabaldu zituen ateak antzokiak, 1995ean; denbora tarte berean hazi dira biak. Iragana utzi, eta etorkinera begira jarri da berehala. «Hurrengo belaunaldiek ere badute zer esana; beraiei esker ere bagaude gauden tokian». Agur baten aurrean daudela gogorarazi nahian. «Hauxe da Zimelkor». Notak eta oihuak. «Agur hitz bat zizelkatu balore galduen hilarrian/ azkarregi doan mundu honen gurpil lohituetan».

Badute kontzertu gehienek momentu berezi bat, abesti baten eta bestearen artean sortzen dena: zaleek lehen doinuak entzunda, hurrengo abestia zein den igartzen duten hori. Abeslariak Ez abestiaren lehen letrak ahoskatzearekin batera kristalizatu da argien une hori: lehertu egin da aretoa. «Gaur ere goizean irratia piztua dut/ ta nire herria ez omen da existitzen». Mikrofonoa publikoaren norabidean jarri du Urbizuk, eta hitzez hitz jarraitu dute zaleek. «Gaur ere, nola ez, gezurretan ari dira/ ta nire buruan ezintasuna hazi da».

Jarraitu dute abesti zerrendarekin: Ez dut nahi eta Aditu bihurtuak. «Horren gogor ematearren gertatzen dira halakoak», etenaldia. Zuzenekoaren gauzak: bateriaren pieza bat hautsi zaio Izagirreri, eta harentzat txaloak eskatu ondoren bota du Urbizuk. «Gaur otsailaren 20a da: gaurko egun batez jaio zen Kurt Cobain».

Bukaera luzatu nahian

Ezaguna da Nirvana musika taldearen eraginetik edan duela Berri Txarrak-ek, eta talde estatubatuarraren Heart Shaped Box kantuaren lehen doinuak jotzeko baliatu du Urbizuk unea. Bonboa kolpatuz ohartarazi du Izagirrek prest dela; eta, Nirvanaren akordeetatik Kop musika taldearen erritmora egin dute berehala: Sols el poble salva al poble. Bukaerarantz doa emanaldia; hala iragarri du Soilik agur kantuak. «Agurrik ez, gero arte. Eskerrik asko asteazken buruzuri batean rock and rollari tarte bat eskaintzearren», abeslariak. «Beste bat», oihuak zaleek eta Kalera borrokalari kantu herrikoia abestuz deitu dituzte hiru musikariak. «Zain dago ama, zain aita/ zain andre ta lagunak». Eskuak altxatu dituzte denek. «Eskuak/Ukabilak abestu behar dute», zurrumurruak nonahi.

Ez dute hutsik egin. Oholtzara itzuli eta 1999ko doinuak eraman dituzte taula gainera: Betiko leloaren betiko leloa, lehenik; eta, birari izena ematen dion Ikusi arte, gerora. «Agur». Jendeak ez du amore eman, eta jarraitu du itzul daitezen eskatzen. Gehiagoren zain, beti, zaleak. Behin-behineko agurra. «Maite zaituztet Bilbo». Katedral bat kantua segidan. «Eta min eman arte zure falta izan/ ez da musa hoberik ikasitakoa desikasten ikasi/ ahaztutakoa ahaztu eta aurrera egin».

Hilaren 15ean hasi zen Ikusi Arte Tour 2019 bira, Gernika-Lumoko Astran (Bizkaia), eta azaroa bitartean 45 kontzertu emango ditu taldeak. Ez da behin betiko datua, baina, saio gehiago egingo dituztela esana baitute. Asmoa: ez dute nahi zalerik gera dadin Berri Txarrak ikusi gabe. Eta, hori hala izateko, sei egunean bost emanaldi egin behar badituzte, prest daudela erakutsi dute hiru musikariek asteon: astearte eta asteazkenean Bilbon izan ondoren, Azpeitian (Gipuzkoa) egin zuten saioa atzo. Lekunberrin (Nafarroa) izango dira bihar, eta Ibarran (Gipuzkoa) dute zita, etzi.

BERRIAn argitaratua (2019/02/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA