mundua
Disidentzia politikoaren kontrako epaiketa
Jordi Matas
Joan den astean hasi zen U-1eko erreferendum haren kontrako epaiketa politikoa, eta, hainbat saioren ostean, jada ondoriozta dezakegu betetzen ari dela aurrez pentsatua zegoen gidoia: preso politikoak salatzen ari dira jazarriak izan direla beren ideiengatik, ez beren egintzengatik, ez baitziren izan delituzkoak; akusazioa, berriz, funanbulismo juridikozko ariketa traketsak egiten ari da, eta tipo penalak behartzen; eta Auzitegi Goreneko 2. salako presidentea, ardi larruzko toga bat soinean, saiatzen ari da demokrata presoen oinarrizko eskubideak nabarmenkeriaz urratu direla ezkutatzen.
Epaiketa hasi aurretik bagenekien Europako Kontseiluaren txostenen arabera Espainia Europako Batasunean atzena dela botere judizialaren independentziari dagokionez, eta hala berretsi zen hasiera-hasieratik, Jordi Cuxart eta Jordi Sanchez kartzelatu zituztenetik, irregulartasun juridiko asko pilatu direlako bata bestearen atzean, eta zuzenbide estatuko printzipiorik oinarrizkoenak urratu direlako, modu laidogarrian. Eta hori dena, 155.aren aldeko koalizio zorigaiztokoaren oniritziarekin (PP, C's eta PSOE); izan ere, sufle independentistari buruzko teoria unionista engainagarriak porrot egin zuela egiaztatu zelarik, helburu bakarrarekin eratu zen koalizio hori: Puigdemonten gobernu legitimoari funtzioak indarrez kentzeko eta urriaren 1ean botoa eman zuten bi milioitik gora katalanak umiliatzeko.
Defentsako abokatuek eta akusatuek berek ere ezin hobeto dakite, arrazoiz gainezka egonagatik, salari ez diotela aldaraziko jada idatzia duen sententzia horretako koma bat bera ere. Hala eta guztiz, epaiketa aldiko hilabeteak abagune egokia izango dira Europako instantzia juridikoetara jotzeko eta kontatzeko zenbat eta zenbat urraketa egin dituen Espainiako botere judizialak, bai eta herritarrak ohartarazteko ere estatuko botereek urratu egiten dituztela konstituzioaren balioak: justizia, askatasuna, berdintasuna eta pluralismo politikoa. «Prozesuaren» epaiketa, azken batean, beste aukera bat da -beste bat, zeren, euskaldunek ondotxo dakitenez, uholdeen ondoren euria ari baitu-, hain zuzen, erakusteko goi kargudun judizialak botere politikoaren lanabes bat direla, gero eta handiagoa den eta izango den disidentzia politiko hori suntsitzen ahalegintzeko. Epaiketa eta sententzia horrek, ezbairik gabe, argudio gehiago emango dizkiete independentista eta errepublikano katalanei, baita askatasunik eta eskubiderik oinarrizkoen atzerakada arriskutsua salatzen dabiltzan demokratei ere.
Prozesuari buruz bi begirada
Bide mozketak, bidea aurkitu nahian