astekaria 2019/02/22
arrowItzuli

gizartea

ROBERTO SANCHEZ

«Fiskalburuak esan du salatu genuen guztia egia dela»

Jon Rejado

«Fiskalburuak esan du salatu genuen guztia egia dela»

ESK sindikatuak begi onez hartu du Euskal Autonomia Erkidegoko fiskalburu Carmen Adanen ikerketa. Osakidetzako lan eskaintza publikoan delitu zantzuak atzeman, eta epaileari igorri dio txostena. ESKren arabera, ordea, erantzukizun politikoak argitu behar dira. Hori dela eta, sindikatuko Osakidetzako ordezkariak Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu dio Jon Darpon Osasun sailburua kargugabetzeko. Hori egin ezean «sistema ustelari babesa» emango diola uste du. Roberto Sanchez (Bilbo, 1974) iruzurra salatu zuen hiru anestesistetako bat da.

Zer moduz zaudete hiru salatzaileak, fiskalburuaren txostenaren berri izan ondoren?

Pozik gaude. Pozik eta nekatuta. Lan eskerga izan da, eta presio asko izan ditugu lanean eta Osasun Sailetik. Baina oso pozik gaude. Fiskalburuak arrazoia eman digu. Esaten du salatu genuen guztia egia dela. Fiskalak ez ditu espezialitate guztiak aztertu, baina aztertu dituen horietan delitu zantzuak aurkitu ditu.

Jon Darpon Osasun sailburuak eragin mugatua duela aipatu du.

Sailburuak esaten du Digestio aparatua, Angiologia eta Anestesia espezialitateetan daudela seinalatu bakarrak, eta hori ez da egia. Beste hamabi tribunalak daude seinalatuta, baina hori ez du aipatzen Darponek.

Jakinarazi dena «izozmendiaren punta» dela salatu izan duzue.

Oso zaila da eztabaidagai ditugun delitu hauek egiaztatzea. Hala eta guztiz ere, moldatu gara frogak lortzeko, ESK, LAB, Elkarrekin Podemos eta EH Bildurekin batera. Froga horiei esker, fiskalburuak ardura penalak sumatu ditu espezialitate batzuetan. Baina hori bera gertatu da beste espezialitateetan, betidanik.

Auzibidea zabaltzeko aukera egongo dela aipatu du ESK-ko abokatuak.

Pentsatzen dut epaileak ikerketa zabaltzeko aukera izango duela, bai. Hori alde juridikoa da. Baina, bestalde, erantzukizun politikoa dago. Horretan Eusko Jaurlaritzaren eta Osasun sailburuaren kudeaketa tamalgarria izan da. Azken agerraldian, Darpon gezurretan aritu zen. Berak badaki betidanik gertatu dela, sailburua delako, baita ospitaleko medikua izan delako ere. Nik horren berri izan nuen ospitalean lanean hasi eta astebetera.

Osakidetzaren barne ikerketa «baliogabetuta» geratu dela aipatu du ESK sindikatuak. Hala uste duzu zuk ere?

Ikerketa horretan parte hartu nuen, eta delinkuentea ni nintzela sentiarazi zidaten: interes handiagoa zuten salaketa egitearen zergatian, salatutako horretan baino. Hala eta guztiz ere, ikerketan filtrazioak egon zirela agertu zen, baina hori ez zuten jakinarazi. Ustelkeriaren gida puntuz puntu betetzen ari direla uste dut: lehenik eta behin, dena ukatu, eta, ezin dutenean errealitatea ukatzen jarraitu, jendea sakrifikatzen hasi, ahulenetik hasita.

Osakidetzako arduradun batzuek dimisioa eman dute. Nahikoa da?

Nire ustez, lehenik eta behin, Darponek utzi behar dio sailburu izateari. Ondoren, trantsizio txiki bat beharko da sistema berria abiarazi arte. Prozesu horretan elkarrekin hitz egin beharko da, txarto egindakoak aitortu, eta, ondoren, erabakiak hartu. Darponek dimisioa ematen badu, eta beste norbait badator, aukera eman behar zaio kontratazio eredua aldatzeko.

Kontratazio publikoa aldatzeko proposamenetan eragin dezake fiskalaren txostenak?

Argi dago aldaketak egin behar direla, eta denok ados gaude. Dena den, aldaketak egin behar dira dena argitu ostean. Osakidetzak pauso hori eman gabe egin nahi izan du aurrera: hori eginez gero, erantzukizun politikoak argitu beharko lituzke. Egia argitu behar da, barkamena eskatu, erantzule politikoak zehaztu, eta orduan adostuko dugu kontratazio eredua.

Zer egoeratan dago iazko lan eskaintza publikoa?

Hainbat espezialitate daude ezbaian, baina berma dezaket gehiago egongo direla. Horrez gain, Osakidetzak jarraitzen du lanpostuak banatzeko prozesuan, ezbaian dauden espezialitate batzuetan barne. Aurrera jarraitzen dute ezer gertatu ez balitz bezala. Lanpostu horiek banatuko dituzte epaile batek esaten badu prozesua ilegala izan dela?

Fiskalak epaileari txostena igorri ondoren auzibideak luze jo dezake...

Eta ez dakit bitartean zenbat hauteskunde egongo diren! Fiskalburuaren ikerketaren ostean PP bera ari da gaia baliatzen gobernua kritikatzeko, eta hori da gobernuaren ahulguneetako bat.

Irregulartasunen berri eman zenuten medikuen kontrako neurriak salatu dituzue. Zertan dira gaur egun?

Marta [Macho] lanaldi murriztu bat osatzen ari zen; bada, lanaldia murriztua zuen lankidea behartu dute lanaldia handitzera, haren nahiaren aurka, Martari orduak kentzeko. Manoel Martinezi zaildu diote lanaldi murrizketa bat hartzea... Sakabanatu nahi gintuztela ikusi dugu.

Fiskalburuaren ikerketa ezagutarazi ondoren, alderik antzeman duzue?

Aldaketak gertatu dira. Isilik zeuden lankide eta lankide ohiak zoriondu naute. Horrek esan nahi du zerbait aldatzen ari dela. Egin genuena ez da inoiz pertsonala izan. Benetan publikoa den Osakidetza bat izan nahi dugu.

BERRIAn argitaratua (2019/02/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA