astekaria 2019/02/22
arrowItzuli

iritzia

Txorakikeria gutxi premi-timean

Joseba Barandiaran Andueza

Txorakikeria gutxi premi-timean

Gure aitak ez zuen Kike Amonarrizen umorea askorik estimatzen; ama eta biok gehiago. Baina «txorakikeria» gutxi darabil Eusko Legebiltzarreko bere EITB-ren etorkizunaz soziolinguistikaren talaiatik testuan. Eskatu, eskatu gugeli. Eta, ondoren, esijitu ordezkari politikoei. Auskalo gahizki bat izan ote duen; gaizki kokatutako hizkia (#hitzokei), akats tipografikoa, alegia. Baina begira 14. orrialdean zelako ziztada ematen duen tolosarrak euskarazko telebistak behar duenaz: programa erakargarriak eta eragin sozialekoak «euskarazko premi-timerako» (sic). Ttak! Prime time espero genuen tokian, premi garaia dugula iltzatu digu: xantza gutxi hor eta txantxa, gutxiago.

Gure herrikide batek aipatua EITBren funtzioaz: erregistro informalak lantzeko erabateko lehentasun estrategikoa. Euskal komunikabideen esparruan duen pisuagatik, 50 urte bete berri dituen euskara batua gazte mantentzeko giltzarria da. Gure kasa (!) egin beharko dugu hori, laborategi eta sormen tailer, erreferentzia linguistikoak proposatzeko gune (ere) izan behar duelako. Akabo entretenitzea, eta ez heztea, beste helbururik izan behar ez duen telebistarena (Amatiño dixit, gutxi asko).

Ez dakit funtzionarioetan oinarritutako egitura bat den behar dugun iraultza horretarako egokiena; edo ausartago, arinago, malguago jokatu behar genukeen. Kontua da telebista lar eta «euskal» gutxiegi dabilela inguruetan azken aspaldian. Eta gure kultura paisaiaren parte izan behar duela EITBk, eta ez (soilik) zenbait kirolen emankizunengatik, baizik eta euskaragatik. Irudipena dut, gainera, irratietan bidea aurreratuago dagoela. Zerbaitegatik izango da. Baina 18-29 urte arteko horiek ez dezatela berriz pentsa ETB2k kalitate handiagoa duenik. Biharko guraso eta hizkuntzaren transmisioburu direlako, batez ere. Hortaz, arrauna eta pilota ETB2ko belarriprestengana pasatzeko unea da; gure Joxean Tolosa, Euskitze eta enparauekin, prefosta!

Neure aldetik dozena bat Go!azen beharko nituzke alabek ETB1eko aldaba galda dezaten. Mandoaren ordena, hurrenkera, ETB1 izan dadin, Espainian La1 den beste, eta behiago. Alabek Behi euskaldun baten memoriak nork idatziak diren jakin dezaten, Hertzainak eta Egunero deskubritu dituzten legetxe. Eta ez nabil soilik gure doinuak eta dantzaren alorrean; kultur adierazpide guztiei dagokienean. Eta bai, Garazi Goiak ere berriki azpimarratu duen lez: urgentziaz, Youtube eta Amazon, edota Netflix lehiakide dituelako. «Telebista» egiten onenak ezin gara izan, «euskal» egiten bai.

Programa arin eta dibertigarriak ere behar ditugu, euskalkien kolore ezberdinen erakusgarri. Bi, umorea oso gauza serioa delako; eta bat, gure ETB txiki infernu handi izan ez dadin gehiago EAEtar ez direnentzat; zer esan iparraldeko anai-arreboi. Nahi edo ez, mundu globalizatu honen komunikazio konpetentziaren ur handitan (!) gabiltza: gure Pagadi, Ilaski, Madariaga eta konpainiak orain ETB2n dauden baliabideak behar dituzte. Zero telezabor ezin bada, gure telezaborra izan dadila gurean erraustua. Eta jo dezala ETB2 —Radio Euskadi bikoak belarripresten ehizara, ahobiziak bateratu eta batu gaitezen ETB1en eta Euskadi Irratian. Euskara delako, hain justu, berau gure-gurea egingo duen bakarra. EITBren enpresa xedean behin betiko txertatu beharrekoa.

EITBren zentzuaren, enfokearen, jarreraren eta estrategiaren iraultze handi samarra eskatzen ari gara, beraz, hainbat lagun. Eta orain artekoa informatiboak aipatu ere egin gabe joan da idatzi hau guztia, ETB2ko informatiboen garrantzi politiko-estrategikoaren jakitun. Gaua eta prime-timea, bi kate nagusietan, gaztelaniazkoaren bueltan antolatua dagoen jakitun. Amonarrizek tribuaren berbaz dionez «euskarazko eskaintzarako trasbasea eraginez».

Laburbilduz: EITBk astindu bat behar du. Guztiok behar dugu. Eta Amonarrizek pista asko eta onak eman zituen Eusko Legebiltzarrean. Puntua botata dago, erantzuna falta da orain. Ea ez duten nik bezala egiten. Izan ere, artikulu hau Ekonomisten Euskal Elkargoaren inkesta baten harira eskatu zidaten. Eta bertsotan bezala, puntuari jaramon egitera ez, norberea botatzera joan naiz. Ekonometroa deritzan inkestan «iritziak» zirenak Euskal Herrian gehien saltzen den egunkariak «eskakizun» bihurtu zituen: euskara ez dadila enpresetan inposatu, hori omen ekonomiston eskakizuna. Argitzearren: Euskaraldia Irrati Telebistan taxuz txertatzeko garaia dela uste du ekonomista honek; euskara zutarri izango duen jauzi kualitatiborako garaia, baina enpresa zehatz horretan. Gainontzean, urtean 130 milioi euroko aurrekontua duen enpresa publikoak geroz eta arreta gutxiago jasoko du; eta zentzua galdu. Eta ez guretzat bakarrik, baizik eta gazteagoentzat. Gora etorkizuneko audientzia! Eta gora euskararen balio erantsiaz ohartzen diren enpresa eta kontsumitzaileak. Premia garaian, txorakeria gutxi. #esanbeharnuen

BERRIAn argitaratua (2019/02/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA