astekaria 2019/02/22
arrowItzuli

mundua

'Streaming'-ez ikusten ez dena

Igor Susaeta

'Streaming'-ez ikusten ez dena

Keinukera irribarretsua du Josep Rullek. Hala agertzen da, gutxienez, ia argazki guztietan. Eta atzo, deklaratzen, fiskalaren, Estatuko abokatuaren, eta defentsaren galderei erantzuten ia lau ordu igaro ondoren, irribarre zabala marraztu zuen aurpegian. Saioa bukatu, akusatuen aulkitik altxatu, buelta eman, bospasei metro ibili, eskailera bat jaitsi, eta areto barruan zain zeuzkan senide eta lagunengana hurbildu zenean, mingaina atera zien, hainbeste galderarekin gogaituta zegoela adieraziz bezala. Rull, maratoi bat, behintzat, bukatuta daukan Generalitateko kontseilari kargugabetua, iraupen luzeko lasterketetako atleta herrikoia, nekatuta, beraz. Besarkatu zituen hunkituta, bero agurtu zituen. Minutu bateko parentesi atsegina, joan den martxoaren 23tik kartzelatuta dagoenarentzat.

Hori ez da streaming bidez ikusten. Akusatuen, epaimahaiaren, defentsako abokatuen eta akusatzaileen bueltan Auzitegi Goreneko osoko bilkuren aretoan jarritako zazpi kamerek jasotako irudiekin egindako emankizunak ez die detaileei erreparatzen. Batik bat planoak eta plano orokorrak eskaintzen ditu errealizazioak. Han barruan ez dagoenak ez du ikusiko Voxeko abokatuaren boligrafoak Espainiako bandera bat duela erdian, Jordi Cuixartek lepoko luzamenduak egiten dituela, akusatuen artean Carles Mundo dela berritsuena, publiko gisa joandako agintari politiko batek bankuaren atzealdeko belusean hatzarekin marraztuz egin ziela aurre aspermen uneei, Downen sindromea dutenak «baboak eta gaixoak» direla adierazi zuen kazetariak lo kuluxka egin zuela kazetarientzako bankuetan, Goreneko funtzionario batek behin baino gehiagotan egin behar izan ziela errieta sakelakoarekin zebiltzanei, edo, besteak beste, Estatuaren abokatuetako baten keinuekin ia ezinezkoa dela inpartzialak direla sinestea. Epaiketa aretoaren barruan egon zen atzo BERRIA, goizeko saioan.

Bionboaren liturgia

Sartu aurretik, Gorenaren eraikineko klaustrora ematen duen korridore zabal batean, bigarrean solairuan, itxaron beharra dago. Han nahasten dira kazetariak, senideak, agintari politikoak, eta publiko orokorra. Hitz eta pitz denak. Bi hitz egin ondoren, bi, horietako baten eskatu edo behartu gabeko azalpena: «Voxekoa naiz». Defentsako abokatuak, eta desobedientziagatik akusatuta daudenak ere han egoten dira. Espainiako Poliziaren agente batek bionbo bat zabaltzen du, eta horrek esan nahi du iritsi direla matxinadagatik epaituak izaten ari direnak. Bizpahiru minutu geroago, gainontzekoak ere barrura. «Barkatu, anderea: publiko orokorra atzera, mesedez».

Bionboa bezala, aretoko banku guztiak bordele gorriak dira. Publikoarentzako gunean hamahiru banku daude hiru ilaratan jarrita, eta, zehatz kalkulatzea zaila den arren, gutxi gorabehera hiru pertsona kabitzen dira bakoitzean. Horietako batean bakarrik zegoen Goreneko funtzionario bat, lehen ilaran. Behin saioa hasita zegoenean, bideo bat ikusten, edo audio dokumentu bat entzuten hasi zen sakelakoan. Lauzpabost segundo izan ziren. Nahikoa, aretoan zeuden guztien arreta bereganatzeko. Berez, ezin da sakelakoa erabili areto barruan —publiko orokorrak sarreran utzi behar du. Funtzionarioa ez zen gehiegi larritu...

Akusatuak beren tokietan zeuden jendea aretora sartzen hasi zenean. Cuixart zein Jordi Turull zutik, eta denak senideak, lagunak, alderdikideak, eta ezagunak irribarretsu, ilusioz, agurtzen. Begietan, keinuetan, nabari zitzaien. Herenegun egin bezala, Oriol Junquerasek abokatuen atzean jarrita ikusi zuen saioa. Badu horretarako aukera.

Generalitateko presidenteorde kargugabetuak urrun antzean zeukan, beraz, Javier Ortega Smith herri akusazioko, Voxeko, abokatuetako bat. Espainiako banderaren eskumuturreko bat darama ezker eskuan militar ohiak, eta, publikoarentzako bankuetan eserita zeudenek ondo ikus zezaten, saio ia osoa igaro zuen ezker eskuarekin aurpegiaren zati bat tapatuz. Gutxitan erabili zuen boligrafo zuriak ere Espainiako bandera bat dauka. Beste nazionalismoak jopuntuan dituzte bada... Jarrera teatrero samarra eduki zuen edalontzitik ura edan ondoren hura berriro mahaian kolpea emanez uztean, eta sakelakoa kargatzen jarri zuen. Hari eta tableta bati begira pasatu zuen goizeko ia saio osoa.

Voxekoak, harrituta

Deklaratzen hasterakoan, Rullek zehaztu zuen ez ziela Voxekoen galderei erantzungo, alderdi «xenofoboa, homofoboa, eta arrazista» delako. Pedro Fernandez Voxeko beste kidea harritu egin zen, irribarre egin zuen Ortega Smithekin jokaldia komentatzen zuen bitartean, eta militar ohiak ezetz egin zuen buruarekin.

Saio osoan Fernandezekin dezente hitz egin zuena Elena Saenz izan zen. Rosa Maria Seoane Estatuko abokatuaren laguntzailea da, eta aurpegiarekin egindako keinuetan antzeman zitzaion mikaztu egin zela Rullek azpimarratu zuenean Auzitegi Konstituzionalak «defizit handia» duela «autoritate moralari» dagokionez. Ez zitzaion gustatu.

Oro har, nahikotxo hitz egiten da gisa horretako saio batean, streaming bidezko emankizunean kontrakoa dirudien arren. Raul Romevak askotan eman zuen buelta Turullekin hitz egiteko, eta Presidentetza kontseilari kargugabetuak gauza bera egin zuen Bassarekin aritzeko, Jordi Sanchez zerbait izkiriatzen ari zen bitartean. Denetan hiztunenak, ordea, Mundo eta Meritxell Borras. Azken ilaran daudenak izan ohi dira berritsuenak, eta haiek daude, hain zuzen, akusatuen azken ilaran.

Gisa horretako saio batean egoten dira aspermen uneak; batez ere, akusatuak eta fiskalak azalpen teknikoen detaileetan katramilatzen direnean. Jordi Pina Rullen abokatua sabaira begira jarri zen horietako batean. Aretoaren sabaiaren erdian dago Marceliano Santamaria margolariak 1924an margotutako fresko bat, Legeak gaizkia garaitzen du izenekoa. Sei pertsona azaltzen dira biluzik: horietako batek labana odoldu bat du eskuan, eta beste bat, berriz, eskuekin itotzeko ahalegina egiten ari da... Leku hotsandikoa da Goreneko areto nagusia: paretak damasko zetarekin estaliak, sabai altuak, ate handiak, beste garai bateko lanparak... Moja ordena baten komentua izan zen 1873ra arte.

Umorerako tarterik ere bada. Rull azaltzen ari zen Bartzelonako portuaren esportazio bolumena handia dela. Harrotasunez ari zen. «Tira, Valentziakoak irabazten digu». Publikoan barre egin zuen jendeak, eta Antonio del Moral Garcia epaileak ere irribarre egin zuen, nahiz eta haren ohiko keinukera aintzat hartuta, ezin ziurtatu hala egin zuenik. Manuel Marchena epaimahaiburuak begirada altxatu zuen. Aretoan biltzen direnen artean epaileek dute jarrerarik zurrunena; baita ate nagusiaren ondoan esertzen den poliziak eta beste aldean dagoen haren lankideak ere.

Atsedenaldian kafe makinaren inguruan, zein bukaeran klaustroan zigarreta bat errez, batez ere Consuelo Madrigal fiskalaren galdeketaz aritu zen jendea. «Zuzenbideko lehen maila gainditu al du?».

BERRIAn argitaratua (2019/02/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA