astekaria 2019/02/22
arrowItzuli

bizigiro

Non eta nola ibili, hura jaso

Urtzi Urkizu

Non eta nola ibili, hura jaso

Interneten batera eta bestera nabigatzen ibiltzeak eta produktuak eta eskaintzak begiratzeak odolkiak ordainetan ekar ditzake. Publizitateak erabiltzaileari jarraitzen dio, doan tokira doala. Herritar bakoitzak bere kasu partikularra bizi du. Eta badira kasu oso mingarriak ere: The Washington Post egunkariko bideo editore Gillian Brockell haurdun zegoen, umea galdu zuen, eta ondorengo asteetan jaioberrientzako produktuen eskaintzak agertu zitzaizkion pantailetan, behin eta berriz. Umea galdu zuela jakinarazi eta ehunka pertsonaren elkartasun adierazpenak jaso zituen arren, ez zen nahikoa izan algoritmoen jarduna bukatzeko. Brockellek, gutun baten bidez, enpresa teknologiko handiei eskatu zien kontuan har zitzatela horrelako kasuak, horiek sortzen duten mina publizitatea igortzeko garaian, eta algoritmoak aldatzeko.

Javier de Rivera soziologo eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Cibersomosaguas taldeko ikerlariak azaldu duenez, The Washington Post-eko kazetariaren kasuaren modukoek arreta pizten dute, eta erregistratuta gelditzen dira. «Interesgarriak dira horrelako kasuak. Baina, funtsean, jabetu behar dugu herritarrok Interneten ikusten ditugun edukiak zer neurritan dauden lotuta publizitate merkatu digitalarekin». Urte gutxiren buruan, egoera asko aldatu da publizitatearen alorrean. Garai batean, komunikabide handiek —telebistek, aldizkariek...— igortzen zituzten iragarkiak jasotzen zituzten herritarrek. «Gaur egun, publizitate digital segmentatuaren sistema dago indarrean. Gustuek, ohiturek, maila sozialek modu kirurgikoan eragiten dute, modu pertsonalizatuan. Esan daiteke publizitateak kontsumitzaileari eragiteko duen ahalmena hobetu egin dela», esplikatu du De Riverak. Ildo beretik, Iruri Knorr negozio digitalen aholkulari eta Univerxa enpresako arduradunak ohartarazi du herritarrak, oro har, ez direla jabetzen webguneetan nabigatzen dutenean ematen duten informazioaz: «Aipatzen denean enpresek gure datuak dituztela, normalean aplikazioetan betetzen ditugun formularioetan pentsatzen dugu. Baina enpresek guri buruzko kontu asko ondorioztatu ditzakete zer webgune bisitatzen ditugun eta haietan zer portaera dugun ikusita: nolakoak garen, zein den gure egoera, gure ohiturak zeintzuk diren...». Xabier Barandiaran Fernandez EHUko irakasleari «amorrua» eman zion The Washington Post-eko editorearen kasuak: «Enpatia sentitu nuen, aitatasuna gertu nuelako. Baina arazo hori oso hedatua dago; askok pairatu dituzte horrelako esperientziak, eta are okerragoak. Hedatua dagoen sistema baten adibidea baino ez da: makinek erabakiak hartzen dituzte herritarrok ematen ditugun pausoen datuekin. Eta erabaki horiek mundu kapitalistaren merkantilizazioarekin eta marketinarekin dute zerikusia».

Knorren ustez, publizitatea Interneten eraginkorragoa da telebistan eta irratian baino: «Telebistan iragarki bat jartzen denean, iragarleak jakin dezake ikusleen adina, sexua eta hezkuntza maila zein den, baina ez zehaztasun handiz. Mezuak masiboki bidaltzen dituzte, baina hartzaileen ehuneko handi batek ez du interesik horretan». Interneten, berriz, egoera bestelakoa da, eta asko aldatu da; izan ere, erabiltzaileek informazioa ematen diete enpresei, gehienetan oharkabean. «Hainbat iturritako datuak gurutzatuz, markek guztiz pertsonalizatu ditzakete mezuak edo iragarkiak. Probabilitate handia izango dute asmatzeko eta hartzailearen interesa pizteko», gaineratu du Knorrek. Adibidez, herritar batek telebista markak bilatzen baditu astean hamar aldiz, egun gutxi barru erosketa bat egin lezake; horrenbestez, eskaintzen iragarkiak erakutsita, asmatzeko aukerak handiak dira. «Herritar batek amatasunari buruzko blogak irakurri, eta sehaskak eta biberoiak bilatzen baditu, pertsona horrek bere egoerari buruzko informazioa ematen du. Nahiz eta erabat anonimoa izan, enpresek pertsona bakoitzaren interesen araberako produktuak erakutsiko dituzte».

Knorrek azaldu du sare sozialekin informazioa «are zehatzagoa» bilakatzen dela: «Facebooken emandako Atsegin dut eta iruzkinak irakurtzean bisitatutako orrialdeekin gurutzatuz gero, norbanako bakoitzaren soslai argiagoa gelditzen da: adina, gustuak, aisialdian egiten dena...». Hori guztia aintzat hartuta, Facebookek iragarki jakin bat jar dezake, Bilbon bizi diren eta kirola maite duten 20-25 urteko mutilentzat.

Estereotipoak indartu

Interneteko publizitate hori guztia neurri batean saihesteko tresnak daude, nahiz eta herritar askok ez dituzten ezagutzen. De Riverak uste du ondo legokeela jendeak halakoak ezagutzea: «Adblock eta tankerakoak daude, publizitatea blokeatzeko. Nabigazioa ezkutatzeko moduak ere badaude. Baina konponbide horiek indibidualak dira». Barandiaranek beharrezkotzat jo du ordenagailua erabiltzen hasten diren gaztetxoak bi arlotan babestea: alde batetik, askoz datu gutxiago ematea; eta, bestetik, publizitatea ez jasotzea. «Badira programak enpresa handiei informazioa ez emateko. Sexu transmisio bidezko gaitzen prebentzio programak dauden moduan, Interneterako ere behar dira. Eskuak garbitzen erakusten den moduan, datuen higienea ere erakutsi behar da». Barandiarani iruditzen zaio gaiarekiko erreakzio publikoa berandu ari dela iristen.

Konplutentseko ikerlariak ohartarazi duenez, Facebookek bere sare sozialean konturik ez duten internauten nabigazioa detektatzeko sistema bat dauka. «Algoritmoek gustuak indartzen dituzte. Norbaitek joera bat baldin badu zerbaiterako, algoritmoak indartu egingo dio hori. Estereotipoekin gauza bera gertatzen da, baita aurreiritziekin ere», gaineratu du ikerlariak.

Interneteko webguneen nabigazioak sorrarazten dituen ondorio publizitarioez harago, herritarren datuak teknologia berrien bidez erabiltzeko modu batzuen inguruan ohartarazi du Barandiaranek: «AEBetan, esate baterako, preso beltza bazara, aukera gehiago dituzu espetxetik ez ateratzeko. Zergatik? Epaimahai batek 30 presoren hirugarren gradua epaitu behar du egunero, eta, bizkorrago egiteko, prozesadore automatiko baten ondorioak erabiltzen dituzte. Adimen artifiziala erabiltzen dute datuen prozesaketan; beltza bazara, auzia galduta daukazu». Ingalaterran, Margaret Boden irakasleak beste kasu baten berri eman zion: 1970eko hamarkadan, lehen aldiz ospitale bateko oheen kudeaketan adimen artifiziala erabili zutenean, gutxi fidatzen ziren kalkuluez. Ospitalean aurretik zeuden datuak hartu zituzten. Ikerketa bat egin ostean, denbora pasatu ahala konturatu ziren beltzei oheak tarte laburragoetarako ematen zizkietela zuriei baino. Izan ere, adimen artifiziala berariaz arrazista egin zuten. Sistema kapitalistak arrazakeria eta beste diskriminazio batzuk babesten ditu teknologia berriekin. EHUko irakasleari kezkagarriak iruditzen zaizkio algoritmo askotan sartu dituzten menderakuntza sistemak. «Emakumezkoen eskubideen kontrako hainbat adibide daude algoritmoetan. Estereotipo jakin batzuk sustatzen dituzte. Nabigatzen ari dena emakumea baldin bada, ahulen senti daitekeen arlo batzuetan zentratutako publizitatea jasoko du».

Menderakuntza digitala

Barandiarani iruditzen zaio horrelako adibideak gaur egungo sistemaren seinale direla: «Egun, modu automatikoan jasotzen dugu betidanik jaso izan dugun bortizkeria. The Washington Post-eko editoreak iragarkien bonbardaketa jaso du Interneten, bai; baina kalean doan edozein herritarri ere haurren produktuak edo bestelakoak salduko dizkiote, nahiz eta tragedia bat berriki gertatu. Hori guztia kapitalismoaren eragina da». Interneti dagokionez, makinek automatizatuta egituratzen dituzte gizartean dauden akatsak.

Bai Bararandiaranek, bai De Riverak eta bai Knorrek ohartarazi dute Googlek eta Facebookek botere handia dutela, eta tentuz ibili beharra dagoela. Barandiaranen ustez, menderakuntza berri bat iritsi da gizartera: «Salatu behar da enpresa gutxi batzuek dituztela datu gehienak, eta datu horiek tratatzeko eta etekina ateratzeko ahalmena dutela. Googlek eta Facebookek duten boterea berria da, kritikatu beharrekoa: sekulakoa da enpresa horiek gizabanakoengan duten botere asimetria». Orain arte komunikazio taldeek zuten boterea eta menderakuntza masiboa zen; ideia bera masa bati helarazten zitzaion. «Horrek leku asko uzten zion ezberdintasun indibidualari, komunikabide handiekiko kritiko izateari. Propaganda masibo eta gordinaren aurrean, badaukat kritika egiteko espazioa. Googlek eta Facebookek, ordea, nire aldartea eta agenda erabat ezagutzen dituzte, eta orain arte ez da egon halako botere asimetriarik». Menderakuntza hori etorkizunari begira «arriskutsua» iruditzen zaio EHUko irakasleari, Brockellen kasu zehatza baino askoz gehiago.

Google eta Facebook egunero erabiltzearen arrazoiak argiak dira, Knorren iritziz: «Bi plataformak doakoak dira, eta gustukoak ditugu jasotzen duguna interesatzen zaigulako. Nahiz eta Facebookeko datuekin eskandaluak egon diren, erabiltzen jarraitzen dugu. Zergatik? Hor daudelako gure lagunak, haiek ikustea eta haiekin interakzioan aritzea gustatzen zaigulako, eta informazioa jaso nahi dugulako. Beraz, prest gaude plataforma horiek erabiltzen jarraitzeko, gure informazioaren bidesaria ordainduta ere».

De Riverari iruditzen zaio eman behar den lehen pausoa egoeraz kontzientzia hartzea dela: «Garrantzitsua da epe luzerako ondorioetan pentsatzea. Maila indibidualean esan dezakezu berdin zaizula enpresek zure gustuak ezagutzea. Baina kontuan hartu behar da hauteskundeak ere gero eta gehiago daudela publizitate digitalaren mende. Hori guztia ezagutzeak balio digu jabetzeko zerbait egin beharrean gaudela». Knorrek ere uste du funtsezkoa dela erabiltzaileak kontzientziatzea: «Herritarrok ondo jakin behar dugu zer dakarren zenbait aplikazio erabiltzeak, Interneten nabigatzeak eta gure datuak emateak; eta, batez ere, gure eskubideak ezagutu behar ditugu».

Zenbait herritarrek datuak ez emateko saiakerak egiten dituzte. Sakelakoa hackeatzen dutenak ere badaude. Ez da kontu erraza, ordea. LineageOS sistema operatiboa erabilita, Googlek ezin du telefonotik pasatzen den guztia kontrolatu. Google Play erabili beharrean, Yalp Store dago aplikazioak deskargatzeko. F-Droid-en, berriz, kode irekiko aplikazioak deskarga daitezke.

Barandiaranen arabera, aukera bat Facebooketik irtetea izan daiteke, «enpresa handi horien atzaparretatik ateratzea». «Bizitza duina egiteko aukera dago enpresa handi horien espaziotik at».

BERRIAn argitaratua (2019/02/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA