gizartea
Oposizioak notarioarenean
Garikoitz Goikoetxea
Iruzur zantzu nabarmenak ziren paper horiek. Ez ziren bakarrak. Kiniela horiek jakinarazi aurretik bi salaketa iritsiak ziren hedabideetara. Lehen harria Jose Maria EgaƱak bota zuen, Donostia ospitaleko Hodietako Kirurgiako zerbitzuko buruak. Osakidetzako zuzendaritzari gutun bat bidali zion esanez azterketa zaila zela -«neuk ere ez nuen gaindituko»-, eta filtrazio susmoak zituela: «Azterketa 31k egin zuten, bostek gainditu, eta haietako lauk Basurtuko ospitalean lan egiten dute. Pelotoiko gainerakoen aldean, dozenaka puntu gehiago dituzte. Zaila da emaitza hori zoriaren kapritxoekin justifikatzea». Medikuen Sindikatuak zenbakitara eraman zituen salaketak. Espezialitate batzuetan sekulako aldea zegoen emaitzetan: oso nota txarra batzuek, eta oso ona besteek. Eta oso ona zutenen kopurua bat zetorren eskainitako lanpostu kopuruarekin. Alegia, traza zuela filtrazioak egon zirela.
Isiltasuna izan da urteetan gai horri buruz Osakidetzan, nahiz eta vox populi zen mediku espezialisten azterketak filtratu egiten zituztela. Hala azaldu zioten Osakidetzako mediku batzuek BERRIAri: «Gauza jakina da Osakidetzan: arduradunek erabakitzen dute postuak nori eman». Bat etorri ziren kontakizunak: zerbitzuburuek aurrez erabakitzen zutela nori eman postuak, eta azterketaren aurretik ematen zietela edukiaren berri mediku horiei. Sistema hori «urteetan» egon da indarrean Osakidetzan, lekukotasun horien arabera, baina isilik zeuden denak. Zergatik? Bi arrazoi eman zituzten. Bat, beldurra: «Badakizu zerbait kontatzen baduzu ez duzula gehiago Osakidetzan lan egingo, eta beste osasun esparruetan ere ez». Hori salatu dute iruzurra aireratu zuten medikuek ere: jazarpena jasaten ari direla. Bestetik, esperantza: «Sistema klientelarra da. Pentsatzen dugu: 'Iritsiko da nire txanda'». Salaketa egiteko, gainera, beste traba bat zegoen: iruzur zantzuak zeuden, baina frogarik ez zegoen.
Darponen lehen erantzuna
Frogak eskatu zituzten, hain justu, arduradun politikoek. Irmo hitz egin zuen Jon Darponek, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak: «Norbaitek irregulartasunen frogaren bat badu, jar dezala mahai gainean, izen eta abizenekin». Salaketa batzuk «asmakeriatzat» jo zituen. Notarioareneko agiriak erakusteagatik, Elkarrekin Podemosen aurka jo zuen bereziki: «Osakidetzaren izen ona zikindu besterik ez zenuten nahi».
Iruzur zantzuak gero eta argiagoak izanik, espezialitate batzuei buruzko ikerketa zabaldu zuen Osakidetzak, eta horietako hirutan azterketak berriro egitea erabaki zuen: kardiologiakoa, anestesiakoa eta angiologiakoa. Gainerako espezialitateei buruzko ikerketa ere egin zuen Osakidetzak, baina uko egin zion arlo horietako azterketak berriz egiteari.
Ekainean lehertu zen oposizioen auzia, eta Osakidetzak urrian eman zituen barne ikerketaren ondorioak. Hasierako adierazpenen aldean, beste tonu bat agertu zuen Darponek: «Berme handienak izan dira, baina argi dago zerbaitek huts egin duela». Jaurlaritzaren eskariz, Osakidetzako lan deialdien eredua aldatzeko proposamen bat egin zuen EHUko irakasle Rafael Jimenez Asensiok; besteak beste, proposatu zuen epaimahaiak txikiagoak izatea -hiru edo bost kide-, eta zozketa bidez hautatzea.
Urrats horiekin, aurrera begira jarri nahi izan zuten arduradunek, eta hitzeman zuten beste oposizio eredu bat martxan jarriko zutela hurrengo deialdietan.
Bi zuzendari
Dimisioak etorri ziren auziaren azken-aurreko kapitulu gisa. Sistema aldatzeko proposamen horiek gorabehera, oposizioak dimisioak eskatzen zituen etengabe, baita Darpon sailburuarenak berarena ere. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek beste urrats bat proposatu zuten: Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat sortzea. PPren babesa behar zuten horretarako, ordea. Dimisioren bat eskatzen ari zen PP, egoera «jasanezina» zelakoan, eta Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak egin zuen urratsa azaroan. PPk ontzat jo zuen dimisioa, eta parlamentuak ez zuen ikerketa batzorderik sortu, PPk ez zuelako babestu. Jose Luis Diego izendatu zuten Osakidetzako zuzendari. Ez zen dimisio bakarra izan: Giza Baliabideetako zuzendari Juan Carlos Sotok ere utzi zuen kargua, eta Maria Pilar Uriarte izendatu zuten haren lekuan. Darpon Osasun sailburuak, berriz, orain arte karguan eutsi dio oposizioetako enbatari.
Fiskaltzak delitu zantzuak aurkitu ditu Osakidetzako oposizioen auzian
«Azterketaren edukiak ezagutu ahal zituzten»
Uholdea, bozen atarian