astekaria 2019/02/22
arrowItzuli

bizigiro

AMALIA MARTINEZ DE MURGIA

«Biologia ikastea bizitzaz ikastea da, eta bizitza liluragarria da»

Maialen Unanue Irureta

«Biologia ikastea bizitzaz ikastea da, eta bizitza liluragarria da»

Ez da elkarrizketak eman zalea Amalia Martinez de Murgia (Donostia, 1960): Interneten hari buruz topa daitezkeen arrasto bakanak haren ibilbide akademiko eta profesionalari buruzkoak dira. Halakoxea da haren lana ere, diskretua bezain ezinbestekoa Donostiako Aquariumarentzat: bederatzi lagunez osatutako biologo taldearen arduraduna da 1993. urteaz geroztik.

Ekologia ikasi zenuen 1980ko hamarkadaren hasieran: inoiz bitxi sentitu zara edo hala sentiarazi zaituzte?

[Barreak] Ez, ez, hori inoiz ez. Egia da, nik ikasi nuenean, oso gutxi ginela: ekologiaz unibertsitateetan eta akademietan baino ez zen hitz egiten; kalean, ezer gutxi. Ekologia ikasten ari nintzela esaten nuenean, jendeak arraro begiratzen zidan, «hori zer da?» galdetuz bezala. Ez zegoen ingurumena zaintzeko gaur besteko kontzientziarik.

Donostiarra izanda, bereziki gustatzen zitzaizun itsasoari lotutako biologia?

Jakina: jaiotzetik ezagutzen dut itsasoa, eta bereziki erakarri izan nau beti. Beti maite izan dut natura, eta argi neukan biologoa izan nahi nuela. Azken batean, biologia ikastea bizitzaz ikastea da, eta bizitza liluragarria da.

Aquariumean hasi aurretik atzerrian ibili zinen, ezta?

Hego Amerikan egon nintzen, Perun: sei urte eman nituen han. Herrialde oso interesgarria da: bioaniztasun izugarria dauka. Hango itsasoa, kosta, dauzkaten baliabide naturalak, ikaragarriak dira. Garai oso interesgarria izan zen niretzat. Eskozian, Galesen eta Ingalaterran ere ikasia naiz: nire ikasketak oso lotuta daude mundu anglosaxoiarekin.

Aquariumean beti aritu zara arduradun gisa lanean?

Hala da. Inguru hauetan terminologia desberdina da herrialde anglosaxoiekin alderatuz gero, baina nire lanpostua, izatez, kontserbatzailearena da. Diziplina anitzeko lanpostua da nirea, eta beharrezkoa da alor desberdin askotako ezagutzak izatea. Biologo taldearen koordinatzailea naiz, eta akuarioko prozesu guztiak sistematizatzea da nire lana: bizidunen bilduma guztia, akuarioen mantentzea...

Zein da, zure ustez, lan horien guztien artean zailena?

Lanik zailena, eta garrantzitsuena, arrain espezie desberdinen arteko elkarbizitza bermatzea da, ziurrenik. Horrez gain, gure lanetako bat da itsasoko ekosistema mimetizatzea, edo horretan saiatzea. Arreta izugarria eskatzen duen lana da, ezin baitzara minutu bakar batez ere lasaitu: lan oso bizia da alde horretatik. Karga psikologiko handikoa izaten da, izaki bizidunekin ari naizelako lanean. Beraz, oso garrantzitsua da gertatzen den guztiari adi egotea.

Nola berma daiteke espezie guztien arteko elkarbizitza hori?

Garrantzitsua da itsasoa ezagutzea, itsasoaren hondoa ezagutzea, gero hori akuarioetan islatu ahal izateko. Ikerketa lan handiari esker baino ezin da egin.

Ikusten dena bezain handia da Aquariumean ikusten ez den zatia, baina hori izango da, agian, garrantzitsuena, ezta?

Hori da: azken batean, gure lanaren isla da bisitariek ikusten dutena. Asko harrituta gelditzen dira, ez dutelako imajinatu ere egiten zenbat lan dagoen akuario horien guztien atzean. Laborategien espazioa zabala da gurean: txoko bakoitzean alor desberdin bat dago. Haztegi ugari dauzkagu —mikroalgena, zooplanktonarena, koralena...—, laborategia... Lan konplikatua da, espezie ugarirekin lan egiten dugulako: espezie bakoitzak bere beharrak eta berezitasunak ditu, eta oso garrantzitsua da guztiei buruzko ezagutza sakonak izatea.

Akuarioetan bizi diren espezieak zaintzen dituzue, baina ikerketari ere egiten diozue tartea.

Ikerlari askorekin aritu gara elkarlanean. Lan garrantzitsuak egin ditugu, esaterako, azken hamarkadan, antxoarekin, eta jarraitzen dugu oraindik ere. Municheko ikerlari bat dago, Martin Hess, antxoaren ikusmena aztertzen ari dena: urtero etortzen da.

1993an hasi zinen Aquariumean: zer topatu zenuen?

1993an, eraikin zaharra baino ez zegoen: urtebete lehenago, berritze lan gutxi batzuk egin zituzten, eta bazegoen akuario tropikalen bat, baina gehienak oso oinarrizkoak ziren. Inguruak guztiz baldintzatzen gaitu, eta, orduko baldintzak zirela medio, ikastaldi izugarria izan zen hura. Esaterako, hemen negu eta uda artean ditugun tenperatura aldaketekin, bat-batean, eztanda mikrobiologiko izugarriak gerta zitezkeen edozein unetan. Garai oso interesgarria izan zen, oinarri-oinarritik ikastea izan zelako. Kontuan izan behar da mende hasierako eraikina zela, 1928. urtekoa.

1998an hasi zituzten sakonki berritzeko lanak, ezta?

Hori da. Carlos Blasco zen Gipuzkoako Ozeanografia elkarteko presidentea, eta garai hartan hasi ziren handitze lanak aztertzen. Berritze hori izan zen Aquariumaren boom-a: zerbait ikusgarria egin nahi zuten, eta akuario oso modernoa eraiki zuten, tunel akriliko eta guzti. Gaur egungo akuarioa orduan egin zen. Teknikoki oso interesgarriak izan ziren berritze lan horiek. Gogorra ere izan zen, noski.

Han bizi diren espezieengan zeneukalako arreta jarrita?

Hori da: arrainak izan dira nire kezka nagusia beti. Eta interesgarria ere bada, azkenean, XX. mendeko akuario zahar batean hasi nintzelako eta XXI. mendeko akuario moderno batean nagoelako orain. Akuario guztiak independenteak dira gaur egun, bakoitzak bere filtrazio sistema propioa dauka, eta beste lan dinamika batzuk ditugu.

Ardura handiko postua da zurea: inoiz sentitu duzu zure hitza zalantzan jarri dutela emakume izateagatik?

Ez dakit, agian egunen batean... Baina, kasu horietan, jakintza izateak eta profesional ona izateak irabazten dio gainontzeko guztiari.

Nazioarteko Emakume Zientzialarien Eguna izan da asteon. Proportzioan, emakume gutxik jotzen dute zientziari lotutako ikasketetara: zure ikasle garaian, nabaritu zenuen alderik gizon eta emakumeen artean?

Egia esan, ez: erdi eta erdi ez baginen, gertu genbiltzan. Beste kontu bat da gero zenbatek eutsi zion ibilbide zientifikoari... Hori beste kontu bat da.

Uste duzu mundu maskulinoa dela? Alegia, ibilbide horri eutsi ahal izateko beharrezkoa dela jarrera maskulinoak hartzea?

[Barreak] Argi eta garbi, emakumeoi zailagoa zaigu bide horretan aurrera egitea: ukaezina da hori. Emakume askok aukeratu egin behar izaten du lanaren eta familiaren artean: ezinezkoa da hamabi ordu lan egin ditzakeen gizon batekin lehiatzea familia bat sortu nahi baduzu. Oraindik ez da lortu ibilbide profesionala eta pertsonala biak batera garatu ahal izatea: lan asko dago egiteko.

Kontziliatzea gaur egun zaila bada, duela urte batzuk...

Zaila da, eta nire urteetan, pentsa, ni izan nintzen Espainiako lehen emakumea akuarioen kontserbatzaile postua lortu zuena: ez zegoen besterik, guztiak gizonak ziren. Gaur egun, oraindik ere, bi baino ez gara: beti egon naiz gizonez inguratuta.

Zer eman dizu zure lanbideak?

Gauza asko eman dizkit, ezingo nuke bat bakarra aukeratu. Gehien gogobetetzen nauena da, beharbada, haurrak Aquariumean gozatzen ikustea: hunkitu egiten dira, eta horrek gogobete egiten nau, zeren uste dut garrantzitsua dela haurrak kontzientziatzea. Horrez gain, jende oso interesgarria ezagutu dut nire lanbideari esker. Nire ekarpenari esker Donostian akuario polit bat egoteak ere gogobetetzen nau [barreak].

Uste duzu adinean aurrera egin ahala ingurumenetik deskonektatzen dela jendea?

Norbanakoaren arabera dela uste dut. Niri, esaterako, ez zait hori gertatu: itsasoa maite dut, eta izugarri gustatzen zait mendira joatea. Denetik dago: esaterako, badago animaliak batere gustatzen ez zaizkion jendea.

Klima aldaketa ukatzen duten politikariak ikustean, zer datorkizu burura?

Ez dakit zer egiten duten postu horietan. Oso zaila egiten zait ebidentzia zientifikoa ukatzen duen pertsona batek herrialde bat gida dezakeela ulertzea. Niretzat ulertezina da.

Zer egin daiteke ingurumenaren alde eguneroko arruntean?

Zentzudunagoak izatea nahikoa litzateke. Plastikoen kontsumoa murriztu behar genuke, esaterako, edo garraio publikoa erabili. Harrituta gelditzen naiz jendeak zigarrokinak lurrera botatzen dituenean, adibidez: hori guztia itsasora joaten da. Keinu txikiak dira, eta denok egin ditzakegu: ardura ez da gutxi batzuena soilik, denona baizik.

Duela hilabete batzuk Zumaiako flyschean surflari batek grabatutako bideoa izugarri zabaldu zen: halako irudiak ez zaizkizu oso atseginak izango, ezta?

Oso desatsegina da horrelakoak ikustea, baina uste dut denontzat dela desatsegina. Arazo izugarria daukagu itsasoko zaborrekin eta plastikoekin. Aquariumean, esaterako, akuario tropikal oso polita daukagu ibilbidearen amaieran; horren ondoren, itsasoko zaborraren erakusgarri den beste akuario bat dago, kontzientziak pizteko bisitariengan eta, batez ere, haurrengan, etorkizuneko belaunaldi horiengan.

Uste duzu jendea sentsibilizatuago dagoela gaur egun?

Uste dut gero eta ezagunagoak direla halako arazoak, baina oraindik ere lan izugarria dago egiteko.

BERRIAn argitaratua (2019/02/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA