astekaria 2019/02/22
arrowItzuli

kultura

MICHEL PORTAL

«Soinu bat egiten dudalarik, errabia dago nire baitan»

Nora Arbelbide Lete

«Soinu bat egiten dudalarik, errabia dago nire baitan»

Baionan sortu zen, 1935ean, baina nerabe zela utzi zuen Euskal Herria, eta, geroztik, bere sustraiak ahantziak bezala izan ditu Michel Portalek, hark aitorturik. Nahiz eta noiztenka berriz agertu. 1990ean, Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak filmaren musika idatzi zuen. Berrikiago, Errobiko festibaleko gonbidatu berezia izan zen. Iaz, berriz, Donostiako Jazzaldia saria eman zioten. Asteburuan, hiru kontzertu berezi eman ditu Baionan, hiriak antolatu omenaldian.

Aipatu izan duzu ez duzula gustuko tapiz gorriaren gainean ibiltzea; sarien bila ere ez zinen joaten garai batez. Eta horra nola asteburu honetan zer eta zure sorterriko antzokiari zure izena eman dioten. Nola bizi duzu hori?

Bi gauza daude hor. Nola erran... Usu iruditzen zaigu ohiz kanpoak garela. Inportanteak bagina bezala. Baina lan honetan, beste lan guztietan bezala, beti aurkitzen duzu zu baino hobea den maisu bat. Eta nik beti ikasi dut egoten ni baino anitzez hobeak direnekin. Hori garrantzitsua zait. Itxura kontu hori, irabazi nahi izate hori, lehena izateko gogo hori, hori dena ez naiz ni. Sari bat ukan, eta beti pentsatu izan dut sari bat besterik ez dela. Horregatik ez naiz joan sarien bila. 15 urte nituela, jadanik banituen sariak. Baina nik nirea egina dut. Nire lana egin behar dut, besterik gabe.

Antzoki bat izatea berezia da halere, ez? Sorterrikoa, gainera.

Baionan biziki gutxi egon naiz ororen buru. Beste gauza batzuek nindutelako interesatzen garai hartan. Beste zerbait nahi nuen. Hamar urte nituelarik, musikaren pasioa zuten jende gutxi aurkitzen nituen nire inguruan. Kanpora joan nahi nuen. Mozart eta Beethovenen musika jotzeko gaitasuna zutenak nahi nituen ondoan. Eta ez betiko fandangoak. Ez dut musiken arteko gerrarik egin nahi. Baina sentitzen nuen kanpora joan behar nuela bestelakotzeko... Orduan, Baionako antzokiaren kontu hori... Baionan eman zidaten aitzineko saria makila izan zen. Sari banaketan euskal abesbatza entzun nuenean kantatzen, negarrez hasi nintzen. Luzaz egin nuen negar. Nire gaztaroak harrapatu ninduen. Musikan dudan sentsibilitate bat da. Orduan ohartu naiz sustraien garrantziaz. Aita euskaraz mintzo zen; amatxi, gazteleraz.

Erronkarikoa zenuen amatxi.

Bai, hala da. Segitu duena nihaurren baitan. Sustraiak hor gelditu dira. Eta abesbatza hura entzun nuenean, hori dena zartatu zitzaidan. Baina ez dut behin ere nahi izan alde hori den baino handiago egin. Beti saiatu naiz kasu egiten ez izateko «Yo soy!» [Ni naiz!] dioen norbait. Hori bost axola. Errebelde bat naiz. Gustukoa dut gauzak garbi uztea, gehiegi trafikatua. Aratza izatea nahi dut. Ona. Sinplea izatea. Mozart bat jotzen dugularik bezain sinple. Ederra den musika bat jotzen dugularik bezain sinple. Traditu gabe. Lasai. Horra. Ongi gaude. Bestelako musika jotzen dudalarik ere, saiatzen naiz ez gehiegi traditzen. Eta gainerako guztiak ez nau interesatzen. Itxuraren gizarte batean gaude. Eta horrek ni ez nau interesatzen.

Aitatxi Baionako harmonia baten burua izan zenuen, eta, hamar urtetan, aitak Kanbora eraman zintuen, han baitzegoen eri argentinar bandoneon jotzaile bat, eta harekin ikas zenezan bandoneona. Ez da familia guztietan horrelako harremana musikarekin, ez?

Aitak anitz bultzatu ninduen, bai. Bazen, bai, halako pasio bitxi bat. Musika hor zen, bai. Aita musika munduan murgildua zen, Baionako harmoniarekin eta. Beharbada, batzuk ohartu ziren banuela zerbait errateko. Baina horrek bereziki erran nahi duena da behar nuela landu. Etenik gabe lan egin. Besterik ez. Ez nuen hautu handirik. San Izpiritu auzoa... Baiona... neguan hain da... buuuu... tristea... Musikatik zerbait atera nahi nuen. Bidaiatu nahi nuen nire buruan. Musikari esker Amerikara joan nahi nuen. Chicagora joatea aurreikusten nuen. Argentinara ere joan nahi nuen. Fantasmen bidez bidaiatzen nuen.

Ondotik egiazki duzu bidaiatu.

Bai, bai, gero bidaiatu dut, bai.

Mutxikoak jotzen zenituen garaia aipatu zenuen antzokian eman zenuen kontzertuan. Kantatu zenituen pixka bat, jo gabe.

Nirekin nuen Bojan Z lagun pianistak ez dituelako ezagutzen. Baina ez nizkion irakatsi, ez nuelako nahi. Beste esfera batzuetan gaudelako. Bizkitartean, mutxikoak beste musikari batzuekin behar dira jo. Beti bada akordeoi bat edo. Harmonia bat. Nik, aldiz, aldian nota bera jotzen ahal dut bakarrik. Ondorioz, ezinezkoa da. Horregatik nuen soilik begi keinu bat egin, pixka bat aipatuz eta kantatuz. Banuen beste kantu bat ere jo nahi nuena baina azkenean ez duguna jo, hori ere pianistak ez duelako ezagutzen, hau da, Balderrama. Che Guevarak etengabe bere buruan zuen kantua zen. Niretzat izugarria da kantua. Herria ordezkatzen du. Euskal Herria eta horrelakoak. Jatorria. Aspalditik gogoan iltzatua dut kantua. Aspaldi Boliviara joan nintzen. Mintzo zait kantu hori.

Zer adierazten dizu?

Borroka bat irudikatzen du. Zerbaiten alde borrokatzen ari diren jendeez mintzo da. Polita izatea, txintxoa izatea ongi da, baina eguneroko bizian murgildua izan behar da. Zer leku hartzen dut musika munduan? Musika nota kontu soil bat da? Ala ez?

Zer erran nahi duzu horrekin?

Niretzat zer den engaiamendua. Musikan inportantea izan daiteke. Jotzen dudan soinuak zuretzat zerbait islatzea, hori da kontua. Berdin dio zer musika den. Baina instrumentuaren espresioak zerbait adierazten badizu, orduan, zeure buruari galdera hau pausatu behar diozu: «Zertan ari da musikari hori? Zeren bila dabil?». Galdera horiek pausarazteak nau interesatzen. Nik soinu bat egiten dudalarik, errabia dago nire baitan [bere jokatzeko manera deskribatzen hasi da, inarrosiz, erritmo ozen bat markatuz bere eskuekin]. Nik hau egiten dudalarik... aski bortitza da, nonbait, musika jotzeko nire era. Ez naiz lila zuhaitz batzuen gainean lokartzen ari. Ez naiz horrelakoa.

Bigarren Mundu Gerrak zeharkatu du zure haurtzaroa. Horrek eragina izan du?

Gerla denboran ez zen gauza handirik gertatzen. Hamar urte nituen. Gorde behar zen. Ez zen fitsik. Ez genuen musika anitz jotzen ahal. Debekatua zen. Aldiz, askatasuna iritsi zelarik, horrek eragina izan zuen... Guztiak berriz hasi ziren musika orotarik jotzen. Libre izatearen zoriona sentitzen. Horrek eragina izan du nire baitan, bai.

Laster, haatik, Aljeriako gerlara bidali zintuzten. 19 urte zenituen gerla hasi zelarik; 30 hilabetez atxiki zintuzten han. Horrek ere markatu zintuen segur aski, ez?

Aljeriako gerla... da... Irudika dezazun... Armadan engaiatu nintzen armada ez egiteko... Parisko kontserbatorioan nintzen, eta ez nuen jakin nahi zer zen eskopeta bat, ez metrailadore bat, ez tanke bat. Ondorioz, musikari gisa enplega nintzatela eskatu nuen. Horrela ez nuen frontera joaterik, ez eta arma bat hunkitzerik. Horren ordaina izan zen bi urterako kontratua izenpetu behar izatea. Baina halako batean, lan goxoa zutenak ere deitu zituzten frontera, djebele-ra [mendira]. Hara joatera behartu ninduten. 30 hilabete pasatu nituen afruskeriak ikusten. Baina, aldi berean, ez nuen etsi nahi. Klarinetea, flauta, bandoneona eta saxofoia nirekin eraman nituen. Gogoan dut oraino nola hurbiltzen zitzaizkidan besteak nire bandoneona hartzen nuelarik: «Michel, jo zerbait. Ezin dugu gehiago». Eta gauerdian, goizeko oren batean... gelditu gabe, segitzen nuen jotzen haientzat. Gutxienez hori egin nezakeela bizi honetan, hori pentsatzen nuen. Nik hori deitzen dut lorea eskopetan izatea. Gehienek bezala, ez nuen gerla egin nahi, baina behartu gintuzten. Arras galduak ginen han. Egunero beldur genuen. Bitxia zen. Pianista baten adibidea emanen dizut. Kontserbatorioan ezagutu nuen. 24 urte zituen. Djebele-ra joatea eskatu zigutela ere, bere beldurra azaldu zidan: «Ez ditzatela nire behatzak andea...». Halako batean, eraso bat. Tiroak alde guztietatik. Lagun pianista lurrera erori zen, baina egoera nahasia zen, eta ez nintzen segidan jabetu zehazki non zen eta zer gertatu zitzaion. Erasoa lasaitu zenean, zutitu eta niregana etorri zen. Begiratu zidan, bere eskua erakutsiz: «Pianoa bukatua da niretzat». Eskuko behatz txikiena dilindan zuen.

Bigarren Mundu Gerran bizitakoak eta Aljeriakoan jasandakoek eragina ukan dute inprobisaziorako ukan duzun zaletasunean? Askatasun gose horretan?

Aljeriaz zerbait erranen dizut. Aljeriatik sartzerakoan, Parisko geltokira iristerakoan, hauxe adostu genuen adiskideen artean: «Lagunak: Aljeria, fini. Ez dezagun gehiago aipa kaka hau. Ez gaitezen auhenka ari: 'Aljeriako gerla egin dut' eta horrelakoak erranez». Horregatik ez dut nahi luzaz mintzatu horretaz. Badakit zertaratu daitekeen gizona. Urde zikin bat. Salbai. Zuhaitz batean zintzilikaturik ikusten duzularik soldadu bat bere barrabilak ahoan sarturik... Ez genuen horrelakorik aipatu nahi. Hain okaztatuak ginen.

Musikan eraginik ez?

Ez. Zero.

Nondik, beraz, inprobisaziorako gustu hori? Irakurri dut erran izan duzula jazza egiten zenuela klasikotik sendatzeko?

[Irriak] Horrelako gauzak erran ditzaket, bai... Posible da. Baina ez da hori. Free jazzaren garaiak lotuago dira 1968ko maiatzari. Ekintzan nintzen garai haietan. Afroamerikarrekin, arrazakeriaren aurka. Betidanik izan naiz istorio horretatik biziki hurbil. Dozena bat urte nituelarik, Miarritzeko Kasinora joan nintzen. Han, musikari zuriz osatu orkestra bat ari zen. Eta erdian beltz bat. Hori zoragarria iruditu zitzaidan. Erdian beltz bat! Jende batzuei jasanezina zaie beltz bat ikustea hor erdian. Nik, aldiz, betidanik nahi izan dut guztiok guztiekin musika jotzea. Horregatik naiz beti nahasi jatorri ezberdinetako musikariekin. Horregatik ditut jotzen munduko musikak. Argentina, Brasil, Ipar Afrika eta beste. Beti horretan naiz. Eta, gero, Mozart, Debussy.

Eta free jazza?

Engaiamendu bat. Ez beti usaiakoa jotzeko. Beste bide batzuk aurkitzeko. Iraultza txiki bat egiteko. Ez egiteko hoteletan pasatzen den musika bezalakoa... Joan den egunean, hoteleko harreran zegoen neskari begira gelditu nintzaion. Horrelako lekuetan jartzen diren musika apaingarriak entzuten ditudalarik... orduak dira, gainera... Ez trabatzeko egina den musika... baina neuronentzat akigarriak dira... egun osoan... supermerkatuetan bezala. Eritzen gaituzte. Azukrea bezala. Zergatik egoera horietara behartu? Hori gabe ezin biziko balitz bezala.

Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak filmeko musika zurea da. Nola ezagutu zenuen Ezeiza?

Pentsatzen dut jakin zuela euskal jatorrikoa nintzela. Kasualitaterik ez da. Beti norbaitek gomendaturik gertatzen dira horrelakoak. Norbaitek gomendatuko zion ni deitzeko.

Nola gogoratzen duzu filma?

Nire lehen euskal filma izan zela. Antxon Ezeiza euskal herritarra zela, eta nahi nuela musika hori egin. Ahantzia dut filmaren trama, baina gogoan atxiki dudana da biziki film berezia zela, arranguragarria. Aski zaila izan zitzaidala musika asmatzea. Pixka bat beltza zen filma. Gogoratzen dut Pasaiara joan izana. Euria ari zuen. Hiri hartan itzalak ikusi nituen. Horietan barna bilatu nuen musika. Argiaren eta itzalaren artean, erraten den bezala. Ke arte horietan. Senarekin ari naiz ni beti. Pasaian nintzela, ur bazterrean, ilunpean... musika hori bururatu zitzaidan. Senak gidaturik.

Leo Ferre, Jacques Brel, Barbara... horiek dira beste artistetako batzuk zeintzuekin lan egin duzun.

Garai hartan ez zegoen sakelako telefonorik eta. Ahotik belarrira ari ginen. Ez zegoen nehon idatzirik Michel Portalek sariak irabazi zituela. Nola egiten genuen? Adibidez, Barbararekin. Phillips diskoetxeko zuzendari artistikoak zion erran ezagutzen zuela norbait laguntzen ahal zuena. Kantu jakin batean parte hartzeko. Ezagun hura Michel Portal zela. Barbarak ez ninduen ezagutzen. Normala. Besterik gabe, grabazio gunera iritsi nintzen. Tipoak erraten zidan: «Begira, kantu honetan saxofoi altua joko duzu». Barbarak, berriz: «Michel, urte askotarako. Begira, badakit inprobisatzen duzula. Jar zaitez hemen, eta entzuten duzunaren arabera jo zurea». Nik, lehenengo aldian, deus jo gabe bere musika entzun nuen. Eta bigarrenean hasi nintzen jotzen. Grabaketa bat edo bi, eta bukatua zen. Inprobisatzailea bainintzen. Betidanik izan naiz inprobisatzailea. Txikitatik. Horrela da.

83 urte dituzu orain, eta oraindik indarrez beterik agertzen zara. Ageri da bizi duzula afera. Musika barnetik biziz, beti.

Musikarekiko dudan maitasuna dut motor. Instrumentua hartu, eta hasi. Hasieran, emeki. 10 urte banitu bezala. Eta musika jo. Eta neure buruari mintzatu: «Emeki, Michel. Behatza gaizki emana duzu hor». Eginen dut nerabe bat banintz bezala. 10 urte banitu bezala segitzen dut.

BERRIAn argitaratua (2019/02/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA