astekaria 2019/02/22
arrowItzuli

mundua

Prozesuaren prozesuaz

Carme Porta

Prozesuaren prozesuaz

Gertaera bat kontatzeko bi modu zeharo desberdin izatea: horra hor bizitzan eta politikan maiz errepikatzen den errealitatea. Madrilen begi bistan geratzen ari da talka egiten duten bi kontakizun daudela erabakitzeko eskubideaz eta prozesu independentistaz: batetik, indarkeriaren kontakizun ofiziala, akusazioaren funtsa; bestetik, oinarrizko eskubideena, defentsaren zimendua, epaiketa politikoa dela argudiatzeko kontakizuna. Talka horrek herri baten etorkizuna baldintza dezake.

«Epaiketak bidea markatuko dio Kataluniako eta Espainiako politikari hurrengo urteetarako». David Minoves ari da hizketan. Politologoaren ustez, autodeterminazio eskubidea epaitzen ari dira, eta «eskubide zibilen eta politikoen urraketa bat» gertatu da: «Europako estandarretatik urrun gaude». Botere banaketa bera «auzitan» dagoela dio: «Botere politikoak gatazkaren pilota botere judizialari pasatu zionetik, arriskuan jarri zen Espainiako Estatuaren kalitate demokratikoa. Oso kezkagarria da zenbateraino onar daitekeen aurrekari gisa, politikaren eta epaileen arteko disfuntzio gisa».

Kataluniako prozesu subiranista barrutik ezagutzen duten hiru aditu elkartu ditu BERRIAk: David Minoves, Carla Vall eta Jaume Marfany. Subiranotasunaren aldeko aktibistak dira hirurak, baina, mugimendu ezberdinak ordezkatzen dituzten heinean, nork bere ikuspuntua dauka prozesu independentistari buruz. Epaiketaren askotariko adarrak aletu dituzte.

Marfanyk epaiketak izan ditzakeen ondorio «latzetan» jarri du arreta, iritzita zigorren bat ezartzen bada beti izango dela negatiboa: «Epaiketaren garapena aldakorra izan daiteke, baina zigor batek beti izango ditu konnotazio ezkorrak; izan ere, adibidez, matxinada baztertzen badute baina sedizioa onartu, zigorra txikiagoa izan daiteke, eta hori garaipen txiki bat balitz bezala ikusiko dute batzuek, baina ez da hala izango. Absoluzioa ematen ez bada, zigorrik txikiena ere emaitza txarra izango da».

Vallek beste hausnarketa bat egin du. «Kafkak iradokitzen zuen bezala, prozesua bera da zigorra». Abokatuaren arabera, epaitik haratago, prozesua bera «mingarria, leziatzailea eta diziplinatzailea» izan da: «Herritarrei begira ondorio hori izan du: nozitu egin duten zerbait da, inputatzen diren delitu jakinetatik haratago». Ur-jauzi efektutzat jo du Vallek: «Jendeak honela interpretatzen du: baliabideak dituzten buruzagi politikoei hau gertatzen bazaie, zer ez zaie gertatuko baliabiderik ez duten pertsona anonimoei. Okerragoa izango da, nahitaez».

Desobedientzia zibila

Protesta eredu bat indargabetzea da, zigor arloko abokatuaren hitzetan, azken helburua: «Desobedientzia zibila baliogabetzea da lortu nahi dutena, eskubideak konkistatzeko eredu bat izan den heinean, eta eredu hori birrintzen ari dira. Ez gara soilik Katalunian edo Espainiako Estatuan ikusten ari; Europa osoan indarrean dagoen mekanismo bat da».

Madrilen asteartean abiatutako epaiketaren «gabezia juridikoak askotarikoak» direla azaldu du abokatuak. Ikuspuntu juridiko batetik dauden «anomaliak» zerrendatu ditu: «Defentsarako eskubidea pobretuta geratu da, eta, aintzat hartuta akusatutakoak zenbateraino izan diren deabrutuak, eskubide oinarrizkoena ere baztertuta geratu da».

Abokatuak Euskal Herrian halako parametroetan izan diren prozesuekin alderatu du auzia: «Zuzenbide estatuaren mugak ukitzen ari gara. Ziurgabetasun juridikoa itzela da. Nola da posible Zigor Kodearen artikulu bati, matxinadarenari, berezko izaera kentzea, delituaren muina galduta, indarkeria nahi den modura interpretatu ahal izateko?».

Hiru solaskideak bat datoz Espainiako Estatuak onartu onartzen duela proiektu politiko independentista, baina ezinezko eta irreal bilakatzen duela proiektu hori gauzatzea, marko politikoa moldatzen ez duen bitartean.

Minovesek pentsatzen du independentismoa «identitate ugariren batuketari» esker hazi dela: «Hizkuntza, kultura eta ideologia ezberdinen batuketa bat dago oinarri politikoan, eta estatuak balizko zerbait balitz bezala onartu du hori, baina ez gauzatu daitekeen proposamen gisa». Horrek dituen ondorioez ohartarazi du politologoak: «Proposamen hori ezin da hedatu, eta horrek zalantza ugari sortzen ditu, aurre egin ezin zaizkien zalantzak».

Minovesek galdera bat bota du: «Espainiako gizarteak eta erakunde sozialek eta politikoek zenbateraino onartuko lukete ezen, independentismoa judizializatuta, eskubide zibilen eta politikoen judizializazioa ere egin dela?»

Marfany harago doa. Ezinezkotzat jotzen du konstituzioa aldatzeko proposamenak betetzea: «Katalunia-Espainia gatazkaren kontakizuna nola garatu den ikusi besterik ez dago ohartzeko zenbateraino manipulatu den diskurtsoa. Kataluniako independentisten auzi bat balitz bezala kontatu dute, euren proiektua inposatu nahi dutenena, hala estatu auzi bat dela ukatuz». Espainian horrelako beste aldaerarik egon izan ukatu dela azaldu du filologoak.

Vallek inpartzialtasuna hartu du ahotan, uste baitu «auzi politikoak» aztertzen ari diren epaileak «gizartearen parte» direla: «Inpartzialtasuna ez da existitzen; azkenean, delitu politikoak kutsatzen dituzten irizpide juridikoak daude. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak egindako adierazpenetan ikusi genuen, auzitan jarri zuenean epaile katalanen inpartzialtasun gaitasuna». Abokatuaren iritziz, «umeen pareko estereotipoak» erabiltzen ari dira, nahiz eta orain arte «zuzenbidearen kontra egin dituzten eraso zuzenek ez duten erantzunik izan» .

Batasunaren indarra

Erreferendum bat egin izana da gaur egungo jokalekuaren iturburua, eta epaiketa bera horregatik abiatu dela diote hiru adituek. Indar independentisten batasunaren indarra ere hartu dute hizpide.

Espainiako Gobernuak duela hamar egun, hau da, hilaren 7an utzi zituen bertan behera negoziazioak, epaiketaren atarian, eta horretan zerikusia izan dute eskuinaren eta eskuin muturraren presioek eta aurrekontuak onartzeko oreka politikoek. Moncloaren eta Generalitatearen arteko elkarrizketak hautsi direnez, hiru adituek uste dute halako beste saio bat izatea ez dela erreala, nazioarteko presioak ez baditu horretara behartzen. Madrilekin elkarrizketa mahai bat eratzea, barne auzi gisa, ez dute bideragarri ikusten, estatuarentzat arazo bat delako, eta ez aukera bat.

Kaleko mobilizazioan ikusten dute itxaropena. Marfanyk dio zirrikitu bat zabaldu dela orain arteko batasunean, ez horrenbeste helburuei begira, baizik eta jarraitu beharreko ibilbideari begira: «Akaso, arazoa hori da. Badakigu nora iritsi nahi dugun, ostertza ikusten dugu, baina ez dakigu nola iritsi behar dugun hara, eta ez dugu erdiko eperako helbururik. Orain arte proposamen guztiek herritarren erantzun irmoa izan dute; azaroaren 9an eta urriaren 1ean, bietan erruz atera zen jendea kalera, baina orain hori galdu da».

Errepublika propio bat eraikitzeko helburu bateratua lausoagoa dela uste du Marfanyk: «Judizializazioak proposamen independentisten nazioartekotzea eragin du, eta akaso hor jarri dugu indarra, bestearen kaltetan». Kritika bat egin du alde horretatik: «Zerbaitek huts egin badu, esango nuke beti baina bereziki orain, honek egin du: ez da zuzendaritza politiko argirik izan, elkarlanean, alderdietatik harago; are gehiago, elkarteetatik harago». Epaiketak agenda komun baterako bidea zabaldu duela dio: «Epaiketak pixka bat moldatu ditu gauzak, eta batasuna izan da hainbat ekintzaren eta mobilizazioren antolaketan, errepresioaren kontrako egutegi bateratu bat. Hori da bide bakarra, elkarrekin ekitea».

Minoves ideia hori indartzera dator. «Gabezietako bat batasun estrategikorik ez izatea da, akordio estrategiko baten falta, azterketa estrategiko baten falta». Kritiko agertu da. «Ez dago gertatu denaren inguruko diagnosi bateraturik, ezta trataera bateraturik ere. Alderdiek, eta uste dut elkarteak ere hala aritu direla, errua batak besteari bota diote, kulpa zentrifugatuz, eta ez dute ahaleginik egin irakurketa bateratu bat egiteko». Horrek izan dituen ondorioez mintzatu da aditua, eta, baita hori orain egiteak dituen zailtasunez ere, batetik, epaiketaren egutegia tartean dagoelako, eta, bestetik, hauteskunde orokorrak aurreratuko dituztelako.

Auzitegi Goreneko epaiketa enbata politiko baten erdian etorri da, nazioarteko begiraleen presentziarik gabe. Zigor eskaerak itzelak dira. Buruzagi independentistek 177 urteko kartzela zigorra dute jokoan, matxinadagatik, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, desobedientziagatik eta sedizioagatik. Akusazioa hirukoitza da: Fiskaltza, Estatuaren abokatutza eta Vox.

Monovesen irudiko, epaiketa, modu batera edo bestera, gogorra izango da: «Itxura guztien arabera, independentismoa kriminalizatu egingo dute, batera nahiz bestera. Kontakizunen gerra mediatikoa baliatuz, estatua bere aurpegi onena ematen saiatuko da, kontakizun ireki eta garden baten bidez, gatazkaren erroari erasoz». Gakoa, haren ustez, herritarren mobilizatzeko gaitasunean dago: «Zigorra baldin badago, mobilizazio handiak izango dira, Espainian eta Europan. Gatazka, ildo horretan, kalean ebatziko da». Gizarte artikulatu baten beharra ikusten du: «Alderdiek eta elkarteek eskuzabalak izan behar dugu estatuari erronka joko dion gizarte horri eutsi eta sustatzeko».

Eskubideak jokoan

Vallek ekarpen bat egin du, sormenaren eta desobedientziaren bideari aipamena eginez. Haren ustez, «baikortasunez egin behar dira urratsak, epaiketak beldurraren tirania bilakatu ez dezan prozesua». Abokatuak eskubide hitzaren esanahiari erreparatu dio: «Eskubideak kalearekin elkartu behar dira; saihestu egin behar da eskubidea kode monolitikotzat hartzea, garatzen ari den tresna bizi bat baita. Eskubideak izateko modurik onena eskubidea erabiltzea da. Ezin dugu etsi». Prozesu independentista bera ikasketa bat izaten ari dela dio Vallek: «Eskubide bat nola sortzen eta nola eraikitzen den ikasten ari gara, zeintzuk diren eskubideak lege bihurtzeko behar diren elementuak, atzean herriaren borondatea dagoenean».

Garai hau, Vallen ustez, agerian uzten ari da denaren eta izan behar lukeenaren arteko gatazka: «Epailetzaren galga dago aurrez aurre, eta sistemaren mugak esploratze horretan, ohartu gara ahotsek boterea daukatela, eta, nork bere beldurrak bere eginez, kemena daukagula aurrera egiteko. Eskubideak, azken batean, pertsonen arteko harreman intimoen barneko zerbait dira, eta espazio publikoarekin harremana izateko moduak etxean ere eragiten du, eta, akaso, prozesu honetan ahaztu dugun zerbait da».

Eta epaiketaren ondoren?

Hiru hilabete iraungo du buruzagi independentisten aurkako epaiketak, eta hiru elkarrizketatuak bat datoz prozesu judizialaren ondorioek eragina izango dutela datozen urteotan. Vallen ustetan, epaiketa aurrekari «mingarri» bilakatuko da hurrengo belaunaldientzat: «Ikusten ari gara zer zaila den eskubide bat muntatzea, eta zer erraza izaten ari den deuseztatzea».

Marfanyk ideia horretan sakondu du, eta adierazi epaiketaren bidez beldurtu egin nahi dituztela independentismoa, oro har, eta herritarrak, bereziki, batez ere datozen belaunaldikoak, «gutxienez datozen bi belaunaldikoak». Zergatik? Haren iritziz, buruzagi independentistek egin dutena berriz egiten saia ez daitezen.

Minovesek beldurrak politikan izango duen eraginean ere jarri du arreta, hor ere sumatuko dutelako epaiketaren eragina. Ziurtzat dauka horren ondorioen araberakoa izango dela «politika egiteko eta eskubideak garatzeko» izango duten modua; alegia, atea ireki dio alor horretan aldaketa bat izateari. Eta bere buruari galdetu dio: «Zenbateraino balio du epaiketak aurrekari politiko gisa?».

Halere, alde positiboak ere ikusi dizkiote prozesu judizialari. Marfanyk bat nabarmendu du: Espainiako Estatuari emandako erantzuna. Gehiengoak lortzea giltzarritzat dauka zeregin horretan: «Errepresioaren eta politikaren judizializazioaren aurka, eta autodeterminazio eskubidearen alde lortutako gehiengoekin, herritarren eskubide orokorrak aldarrikatu dira». Horrek, haren ustetan, «aztarna garrantzitsu bat» utz lezake.

Epaiketak inflexio puntu bat ezarriko duela argi dute hiru solaskideek. Vallek galdera bat egin du: «Noraino irits daiteke estatuaren indarkeria ordenamendu juridikoa mantentzeko?». Haren ustez, estatu batek botereari eusteko «neurri gabeko baliabideak» erabiltzea «ahultasunaren sintoma argia» da. «Autoritarismotik gertu dagoen zerbait da».

Minovesek independentismoaren erronkari heldu dio berriro, estatuan eta nazioartean aliantzak bilatzeko erronkari; «Espainiako ezkerrak dilema bat dauka, eta hura interpelatu behar dugu; azken batean, eskuin muturraren jokalekua prestatzen ari da, eta bera da sozialki edo politikoki onargarria denaren termometroa duena. Ezkerra egoera horren preso da, eta bere burua mugatuta ikusten du». Minovesen ustez, Espainiaren batasuna pertsonen askatasunen eta eskubideen gainetik jartzen denean, arazo bat dago kalitate demokratikoarekin.

BERRIAn argitaratua (2019/02/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA