kultura
Biziarazteko joan-etorriak
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Ez dira hutsetik abiatu, itzuli duten Sarrionandiaren hirugarren lana baita Es morta la poesia?. «2011n Moroak gara behelaino artean? [Pamiela] liburuak Euskadi Saria jaso zuenean, hura itzultzeko erronkari heldu genion». Soka luzea ekarri zuen ordukoak, sariari zegozkion 18.000 euroak «atxiki» baitzituen Eusko Jaurlaritzak, «saridunak justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu artean». Katalanek elkartasun keinu gisa erabaki zuten itzulpena egitea. «Orduan hasi zen Pamiela Euskal Herriko argitaletxearen eta gure arteko harremana», azaldu du Panyellak. 2013an argitaratu zuten Som moros en la boira?. «Urtero, Pamielak argitaratutako euskal literaturako lan baten itzulpena kaleratzen dugu ordutik». Jo no soc d´aqui (Ni ez naiz hemengoa) argitaratu zuten 2014an. «Kataluniako hainbat irakurlek galdetzen ziguten ea noiz itzuliko genuen Sarrionandiaren poesia». Horregatik Es morta la poesia? lana orain.
Komunitaterako literatura
Katalunian Sarri ezagutzen dute, baina guztiz ezezaguna da Sarrionandia. Hala dio Panyellak: «Mundu guztiak ezagutzen du Kortatu musika taldearen abestia, baina Sarrionandia idazlea oso ezezaguna da». Haren lanen hedapena zailtzen du horrek, editorearen esanetan, baina jaurti du kontrapuntua jarraian. «Zaila da ezagutaraztea, baina hura ezagutzen dutenak fanatiko bihurtzen dira. Askok idatzi digute galdetuz ea nola ez dugun Sarrionandiaren lana lehenago ezagutu».
Aitorpena egin du jarraian: «Nik ez dakit zenbat aldiz irakurri dudan Sabeu que es la justicia? [Badakizue zer den justizia?] olerkia». Eta hasi da ozenean errezitatzen. «Lekukoa izana naiz ni zuen/ antzezlekuan,/ ikusia dut auzitegien arkitektura tinko eta eszenografia dotorea...». Gogoeta egin du, berehala. «Nik, hau irakurrita, pentsatzen dut gugan pentsatuta idatzi duela, eta Carles Puigdemont, Anna Gabriel eta Valtonyc katalanak izan dituela buruan olerkia ontzean». Liburu berean azaltzen den Herri Proiektua olerkia aipatu du jarraian. «Aberria daukagunean,/ ikurrinak sukaldeko trapu bihurtuko ditugu... Beren-beregi guretzat idatzita dagoela dirudi honek ere». Muntek egindako itzulpenaren kalitatea ere azpimarratu du. «Idazlearen azalean egon izan balitz bezala ekarri ditu olerkiak euskaratik katalanera».
Sarrionandiak bere idazkietan landutakoen eta Kataluniako gaur egungo errealitatearen artean loturak nabari dituela dio. «Argi dago zein testuingurutan idatzi zituen Sarrionandiak olerkiak. Baina geure buruaren isla nabari dugu haren hitzetan: gaur egun Katalunian ditugun hainbat sentimendurekin bat egiten dute. Berari ere esan nion hori; eta hark erantzun zidan bere poesiaren testuingurua ez dela Euskal Herria, ezta Katalunia ere; Espainiako errepresioa dela bere lanean darabilen testuingurua, bost mendez jarraian hala jardun duelako Espainiak, eta horregatik egiten dugula bat bere poesiarekin».
Victor Senyol poeta katalanaren hitzak bere egin ditu editoreak; antologia gainbegiratu du berak, eta iurretarraren lanaz egiten duen deskribapena ekarri du gogora Panyellak: «Senyolek dio Sarrionandiaren poesia irakurtzean ni irakurlea desagertu egiten dela, eta gu bat azaldu; hau da, komunitate baten parte egiten zaitu haren poesiak. Komunitatea eraikitzen du Sarrionandiaren literaturak».
Argitaletxe txikia da Pol-len Edicions, baina erronka handiak dituztela dio. «Gure helburua da Sarrionandiaren obra guztiak itzultzea. Badakigu xede handizalea dela, baina saiatuko gara betetzen». Hurrengoari begira daude jada. «Iaz kaleratutako Bizitzea ez al da oso arriskutsua? itzuli nahiko genuke, baina ea zertan geratzen den». Sarrionandiarenak ez dira euskaratik itzuli dituzten bakarrak: Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (Susa, 2013) eta Mari Luz Estebanen Amaren heriotzak libreago egin ninduen (Pamiela, 2013) liburuak aipatu ditu editoreak, besteak beste.
Lanen eraginak
Aztarna utzi dute katalanera orain arte itzulitako Sarrionandiaren bi lanek. Hala aitortu du Panyellak: «Katalunian amazig komunitate handia dugu; Afrikako iparraldeko jende askok egin du gurera. Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburuak lagundu zigun zubiak eraikitzen. Aurkezpenetan ere parte hartu dute, eta oso aberasgarria izan da prozesu hori».
Antzera Ni ez naiz hemengoa lanaren itzulpenarekin ere. «Oso pasarte bitxia dugu liburu horrekin». Azaldu duenez, argitaletxearen liburu dendan hilabetero biltzen den irakurle taldeak zazpi hilabete eman zituen Sarrionandiaren lana aztertzen. «Horregatik diot, oso ezezaguna den arren, behin Sarrionandia ezagututa, jendea harritu egiten dela».