astekaria 2016/01/22
arrowItzuli

gizartea

Nora eroan trena

Ibai Maruri Bilbao

Nora eroan trena

Ez dago argi ez noiz hasiko diren egiten, ez noizko egongo den bukatuta, ezta zein ibilbide izango duen ere. Espainiako Sustapen Ministerioak Bilbo hegoaldeko trenbide saihesbidearen lehen fasearen ikerketa txostena onartu zuen iazko azaroan. Erakunde publiko, elkarte eta bizilagunek 30 laneguneko epea izan dute alegazioak aurkezteko. Erakunde publikoen kasuan, malguago jokatuko dutela esan du ministerioak. Eta bata bestearen atzetik joan dira Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzara. Daborduko guztiek egin dituzte euren kritikak, eta alternatibak proposatu dituzte. Eragile denak haserretu ditu Madrildik iritsi den txostenak.

Oro har, guztiek aitortu dute behar dela horrelako azpiegitura bat. «Bizkaiarentzat estrategikoa da», ohartarazi du, adibidez, Asier Abaunza Bilboko Zirkulazio eta Garraio zinegotziak. Ortuella eta Trapagarango hainbat eragilek 2004an proiektuaren aurka sortutako plataforma da Meatza. Portuak arazo bat duela eta konpondu egin behar dela aitortu dute. Baina ez Sustapen Ministerioak proposatu duen erara.

Gaur egun, Renferen aldiri trenaren C1 linea erabiltzen dute salgaiak portutik Bilbora eroateko. Hau da, bidean Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldotik igarotzen dira. Ezkerraldea osatzen duten lau herriotan, jendea bizi den auzoak zeharkatzen ditu. Egin nahi den saihesbidearen helburua arazo hori konpontzea da, trenak eskualdearen hegoaldetik igaroz. Saihesbideak portua eta Sestaoko ACB Aceria Compacta de Bizkaia Renferen Bilbo-Urduña-Miranda linearekin, AHTarekin, Feveren Kantabria eta Leonerako lineekin eta Euskotrenen Bilbo-Donostia trenbidearekin lotuko lituzke.

Dagoeneko, portua eta Ortuella lotzeko zatia eginda dago: joan den hamarkadan egin zuten Serantesko tunela, lau kilometrokoa. Itxita dago. Saihesbidearen lehen fase horrek, bada, tunelari jarraipena eman gura dio. Meatza plataformako kideek uste dute «tunelaren inbertsioa amortizatzeko beren-beregi diseinatutako ibilbideak» direla.

Txostenak hiru proposamen egin ditu. Lehenik, tunela Ortuellan bertan Renfe aldiri trenaren C2 trenbidearekin bat egitea aipatzen du, Trapagaran igaro eta Barakaldotik Bilbora C1 linearen trenbidea erabiliz joateko. C2 linearekin beste lotura bat ere proposatzen du, Trapagaranen. Bi proposamen horietan, C1 eta C2 lineak zati batzuetan trenbide bi bihurtuko lirateke, bidaiari trenen trafikoa ez oztopatzeko. Hirugarren eta azken proposamena Bilboko Olabeaga auzoarekin lotzea da. Hiru aukeren artean, azken hori hobetsi dute txostenean. «Teknikoki errazena eta eraginkorrena» dela iruditzen zaie. Gainera, Olabeagako geltokitik aurrera badago salgaientzako bakarrik erabiltzen den trenbide bat.

Edonola ere, Espainiako Gobernuaren hasierako asmoa portutik Arrigorriagara eta Basaurira arteko trenbidea egitea izan da, Bilboren hegoaldetik. Hori bigarren eta hirugarren faseetan egingo litzateke, halakorik egongo balitz. «Ulertuko genuke Sustapen Ministerioak esatea ez dagoela dirurik, eta Bilbora sartu behar izatea lehen fasean jasotzen den erara, eta gehiagorik ez eraikitzea», onartu du Abaunzak. BERRIAk ministerioko komunikazio arduradunarekin egin du berba. Azaldu du fase honetan hiriburura arteko ibilbidea diseinatu izanak ez dituela besteak baztertzen: «Bilbo hegoaldetik joango litzatekeen proiektu nagusian Olabeagarako adarra aurreikusi zen».

Ortuella eta Trapagarango agintari eta herritarrak Sustapen Ministerioaren proposamenaren aurka daude. «Ezkerraldeko herriek sufritzen duten arazoa Meatzaldera ekarriko luke horrek», salatu du Saulo Nebreda Ortuellako alkateak. C2 lineak herrian duen pasagunea kentzea lehentasuntzat jo zuen Sustapen Ministerioak duela hamabost urte. Nebredaren arabera, Serantesko tunelak eta linea horrek bat egitean C2 linearen Ortuellako pasagunea indartu egiten da: «Ez da desagertzen, eta, planaren arabera, bidaiariez gain salgaiak ere ibiliko lirateke gure herrian. Hau da, trafikoa handiagoa izango litzateke». Horrek herritarrentzako arriskuak areagotuko lituzkeela ere ohartarazi du: «Toxikoak ere izan daitezkeen salgaiz betetako trenak Ortuellan zain egongo dira, trenbidea hartzeko txanda noiz iritsiko».

Trapagarango Udalak iragarri du Olabeagako konexioaren proposamena baino ez duela onartuko. Eta horretan Zaballako hiltegi zaharraren aurrean eraiki nahi den larrialdietarako galeria ez eraikitzeko eskatu du. Edozelan ere, proiektua atzeratzea nahi du Xabier Cuellar alkateak: «Garai batean diseinatu zen saihesbide osoa egin arte ez dugu onartuko Serantesko tunela zabaltzerik».

Meatzak alegazio andana aurkeztu du: bat lehen fasearen proiektu osoari, bana hiru alternatibetako bakoitzari —Ortuella, Trapagaran eta Olabeagako konexioak—, eta zatikako 72. «Arazoa Ezkerraldetik gure herrietara ekarriko du saihesbideak. Barakaldo eta Bilboren egoera ere okertu egingo da». Gainera, ohartarazi dute saihesbidea osorik egingo balitz Basaurin eta Arrigorriagan ere pareko arazoak sortuko liratekeena, salgaien garraiorako trenak bi herriotatik igaroko liratekeelako.

Plataforma osatzeko elkartu diren eragileek ez dute Serantesko tunela zabaltzerik gura. Ministerioari eskatu diote proposamena kentzeko eta tunela erabili beharra eragingo ez lukeen beste alternatiba batzuk ikertzeko. Uste dute badagoela bestelako aukerarik. Portuaren arazorako konponbiderik onena zein den erabakitzeko prozesuan eskualdeko erakunde eta eragileen parte hartzea ahalbidetzeko ere eskatu diote. Adostasuna gura dute.

Bilbok plan zaharra gura du

Olabeagara arteko trenbideak Ortuella eta Trapagaran igaro ostean, Barakaldoren hegoaldeko lurrak zeharkatuko lituzke. Ez litzateke herrigunetik igaroko, baina udalerriak duen birika bakarra erdibituko luke, egun beste errepide batek egiten duen legez: Bilbo hegoaldeko saihesbideak. Horregatik, herriko hainbat elkartek eta udalak alegazioak aurkeztu dituzte. Madrili eskatu diote Barakaldon trena lurpetik igaro dadila, ingurumenean ahalik eta kalte txikiena eragiteko. «Teknikoki posible dela ikusi dugu. Horregatik, alternatiba horretan egin nahi izan dugu indar, Espainiako Gobernuari argi uzteko besteak ahaztu egin behar dituela», esan du Gorka Zubiaurre Ingurumen zinegotziak. Era berean, trenbidea lurrazalean egiteak desjabetze prozesu «itzela» ekarriko lukeela ere ohartarazi du.

Olabeagak bazuen plan bat aldiri trena lurperatzeko. 2008an adostu zuten Bilbao Ria 2000 sozietateak eta orduko Sustapen Ministerioak. Udalaren eta auzotarren oniritzia du. Izan ere, trenbideak auzoa erdibitzen du. Lurpean sartuta, traba hori ezabatzeaz gain, zerbitzu berrientzako azpiegiturak eta etxebizitzak eraikitzeko lekua irabaziko litzateke. Horregatik, udalak hiru alternatiba proposatu ditu.

Lehenengoa, hasierako asmoari eutsi eta trenbidea Bilbo hegoaldean egitea. «Diru faltagatik hori ezingo balitz egin, Olabeagatik sartzea onartuko genuke. Baina ez ministerioak dioen moduan», esan du Abaunza zinegotziak. Bigarrenean, aldiri trena eta salgaien trenbide berria hegoalderago eroango lirateke, eta biak lurperatu. Hirugarrenean, berriz, Renferen aldiri trena dagoen lekuan utzi eta salgaien berria hegoalderago lurpean egitea proposatu du. «Hirugarrena da txarrena. Beste aukerarik ezean, onartzeko prest geundeke. Baina Bilbo zatitzen duten trenbideak lurperatzen ari garela, ez da posible lurperatzekoa zen bat dagoenean uztea eta ondoan beste bat egiteko diseinua egitea». Gainera, saihesbidearekin loturarik izan ez arren, haren diseinuan aldiri trenaren tailer berriak Olabeagan irudikatu dituzte. «Horrelako azpiegitura bat ezin da Bilbo erdiguneko auzo batean eraiki».

Auzo elkarteak ere aurkeztu ditu bere alegazioak. Udalarekin hartu-emanetan egon da. 2008ko proiektua babesten dute biek. Auzo elkarteak eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, ostera, esan dute ez dutela onartuko saihesbidea hiriburuan sartzea. Eta ez diote aldiri trenaren lurperatzeari uko egin gura.

Eusko Jaurlaritzak argi du trenbide berriak lurpetik joan behar duela. Horregatik, sei «hobekuntza» egin ditu alegazioetan. Antonio Aiz Garraio sailburuordeak aurkeztu ditu. Udalak eta auzo elkarteak legez, Olabeagan saihesbidea hegoalderago lurpetik egitea gura du, eta, aldi berean, haren aldamenera desbideratzea gaur egun auzoa zeharkatzen duen aldiri trenaren trenbidea. Ortuellan, berriz, Serantesko tunela igarotakoan trenbidea lurrazalera ez igotzea eskatu du. Barakaldon, Castaños eta Cadagua ibaien inguruetan ere aldaketak proposatu ditu. Aurrenekoan, ibilbidea aldatzea nahi du, Barakaldoko auzo batean ez eragiteko. Bigarrenean, berriz, zubibidea BI-3651 errepidearen gainetik barik, horren eta azpian dagoen errekaren artetik pasatzea gura du.

Alegazioak aztertutakoan idatziko du Sustapen Ministerioak behin betiko proiektua. Dena den, inork ez du baztertzen Espainiako Gobernua beste alderdi batek osatu eta PPk diseinatutako proiektua ezerezean geratzea.

BERRIAn argitaratua (2016/01/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA