astekaria 2019/02/15
arrowItzuli

mundua

'Salviniren dekretua' eta migratzaile ikusezinak

Ane Irazabal Elkorobarrutia

'Salviniren dekretua' eta migratzaile ikusezinak

Goizeko ordu txikietan esnatu gaituzte, maletak egiteko esanez», telefonoaren beste aldean, Prince izeneko gazte nigeriarrak urduri erantzun die BERRIAren galderei. Beste milaka iheslarik bezala, Princek Cara di Mineo harrera zentroa utzi beharko du, eta beste toki bat bilatu. Siziliako harrera etxea ixteko agindua berehalakoa da, baina Matteo Salvini Italiako Barne ministroaren erabakiak ezustean harrapatu ditu han bizi diren 1.500 iheslariak. «Gehienei ez digute inolako alternatibarik eman. Adingabeak eta errefuxiatu estatusa duten pertsonak bakarrik lekualdatuko dituzte gainontzeko harrera etxeetara», erantsi du Princek.

Cara di Mineo Europako asilo zentrorik handiena da. Catania hiritik gertu dago, eta, hasiera batean, AEBen Siziliako base militarretan zeuden soldaduen familiak jasotzeko eraiki zen. Kanpotik, bizitegi auzoa dirudi, baina asilo politika hutsalen sinbolo bihurtu da.

Horregatik, Cara di Mineoren itxierak mugarria ezarri du Italiako migrazio politikan, eta Salviniren Segurtasun Lege berriaren ondoriorik begi bistakoena bihurtu da. «Dekretu berriak Italiako harrera sistema mugatzea du helburu. Asilo politikoa eskuratzeko prozesua konplikatu egin da, eta horrek linbo batean utzi ditu milaka eta milaka pertsona», azaldu du migrazio fenomenoetan aditua den Annalisa Camili kazetariak.

Italiako Barne ministro ultraeskuindarrak ordena publikoaren gaineko auzia balitz bezala planteatu du migrazio politika berria. Halere, asilo eskaerak bideratzeko behin-behineko zentroen itxierak kaosa eragin du. «Aurrerantzean, errefuxiatu estatusa duten iheslariek eta adingabeek bakarrik izango dute harrera etxeetan bizitzeko eskubidea», azaldu du Camilik. Eta gainontzeko guztiak? «Kale gorrian geratuko dira», erantsi du. Giza eskubideen aldeko erakundeek kalkulatu dute datozen hiru urteetan 140.000 migratzaile irregular gehiago egongo direla Italian. «Gobernuaren helburua da horiek guztiak deportatzea, baina asko klandestinitatean eroriko dira, mamuak balira bezala», iritzi dio Camilik.

Izan ere, segurtasun dekretuaren punturik polemikoena da babes humanitarioa izeneko bizileku baimenaren desagerpena. Camilik hala azaldu du: «Orain arte, Genevako Konbentzioaren arabera, errefuxiatutzat jotzen ez ziren baina babes politikoa jasotzeko eskubidea aitortzen zitzaien iheslariek bi urteko bisa humanitarioa eskuratzen zuten. Hori bertan behera geratu da». Legeak ez du atzerako eraginik, baina gaur egun babes humanitarioa duten pertsonek ezingo dute berritu, eta iraungitzen zaienean harrera sistematik kanpo geratuko dira.

Aldaketa hori argi geratu da Erroma ondoko Castelnuovo di Porto zentroaren itxierarekin. «Zortzi hilabete daramatzat bizileku baimena berritzeko zain. Italiako burokrazia oso motela da, eta ez didate ezer esaten», adierazi du Ibrahim izeneko gazte gambiarrak. Ibrahim 2016an iritsi zen Italiara, eta azkar eskuratu zuen babes humanitarioa. «Yahya Jammeh diktadorearen erregimen zorrotzaren ondorioz, herritar askok ihes egin genuen», gogoratu du. Iazko ekainean, ordea, bisa iraungi zitzaion Ibrahimi: «Itxaronaldi horretan, legea aldatu da, eta linbo batean nago. Bisarik gabe zaila da lana aurkitzea, eta lanik gabe ezin dut bisa humanitarioa bizitoki baimenarengatik aldatu. Zirkulu amaigabea da», iritzi dio gazteak. Ondorioz, Terminiko tren geltokiaren kanpoaldean lo egiten du.

Alkateen erresistentzia

Milaka eta milaka etorkinen kaleratzeak ezegonkortasun sentimendua piztu du Italiako hirietan. Gero eta iheslari gehiago daude Milango eta Erromako plazetan lo eginez, eta horrek areagotu egin du segurtasun gabeziaren sentsazioa. «Fenomeno kontrajarria bizitzen ari gara. Batetik, Italiara iristen diren migratzaileen kopurua jaitsi egin da. 2018an 23.370 pertsona heldu dira, 2017an baino bost aldiz gutxiago. Bestetik, harrera etxeak itxi ostean, iheslari asko daude kalean bizitzen. Segurtasun lege berriaren ondorioak herri mailan nabaritu dira, batik bat», azaldu du Camilik.

Hori hala, Italiako hiri nagusietako alkateak Salviniren aurka altxatu dira. Palermoko Leoluca Orlando eta Napoliko Luigi di Magistris udalburuek, adibidez, desobedientziari ekin diote, eta segurtasun dekretua eten dute. Orlandok behin baino gehiagotan esan du Salvinik berariaz zabaldu nahi duela «segurtasun gabeziaren sentipena, legea gogortu eta deportazioak azkartzeko». Migratzaile irregularren kaleratzea Salviniren estrategia politikoaren zutabe nagusia da. Eskuin muturreko liderrak zin egin zuen Barne Ministeriora iristearekin bat 500.000 pertsona deportatuko zituela. Egiaz, ordea, 5.000 iheslari kanporatu dituzte 2018an, 2017an baino gutxiago.

Edonola ere, harrera zentroen itxierak ekarri duen larrialdi egoeraz haragokoa da alkateen ardura. «Segurtasun dekretu berriarekin, asilo eskatzaileek ezin dute erregistro zibilean izena eman, kontu korronte bat ireki edo unibertsitatean inskribatu. Horrek biziki oztopatzen du migratzaileen eta tokian tokiko herritarren arteko hartu-emana. Are gehiago, lausotu egiten du pertsona horien existentzia gure lurraldean», azaldu du Camilik.

Kasualitatea ala ez, Salviniren aurka antolatu diren udalerri gehienak kostaldeko hiriak dira. Duela zortzi hilabetera arte, Palermon, Sirakusan eta Reggio di Calabrian, besteak beste, porturatzen zituzten Mediterraneo itsasoan erreskataturiko iheslariak. Egoera errotik aldatu da lider ultraeskuindarrak inposaturiko itsas blokeoaren ondorioz.

'Diciotti'-ren auzia

Halere, Camiliren iritziz, portuak ez daude itxita: «Berez, ez dago blokeoa berresten duen ordenantza juridikorik edo lege berririk. Funtsean, gobernuz kanpoko erakundeen aurkako ekintza arbitrarioa da». Kasuak kasu, iazko ekainaren 10etik erreskate ontziek ez dute Italian porturatzeko baimenik.

Baina salbamendu erakundeen aurkako gurutzada pertsonalak arazoak ekar diezazkioke Barne ministroari. Cataniako fiskal orokorrak Salvini epaitzeko prozedura ireki du, iragan udan Italiako kostazainen Diciotti ontzian zeuden 177 iheslariri porturatzen utzi ez zielako. Salvinik «Italiako mugen defentsa» argudiatu du, baina fiskalak irizten dio bere betebehar konstituzionalak urratu zituela. «Kontuan izan behar dugu Diciotti ez dela gobernuz kanpoko erakundeen ontzia, Italiako itsas armadarena baizik», nabarmendu du Camilik: «Estatuko botereek gerra deklaratu diote elkarri, eta Salvinik legearen gainetik balego bezala jokatu du».

Gainera, Barne ministroak ez du leundu bere tonu oldarkorra. Duela bi aste, Sea Watch 3 salbamendu ontzian zeuden 47 iheslariri Catanian porturatzen utzi zien arren, aurrerantzean itsasontzia geldiarazteko agindua eman du. Ondorioz, Mediterraneoko uretan ez dago nazioarteko salbamendu ontzirik.

Halarik ere, Barne ministroa urduri dagoela uste du Pietro Salvatori kazetariak: «Bere inguruko plebiszitua balitz bezala jokatzen ari da Diciotti-ren auziarekin». Huffington Post egunkariko kazetariari iruditzen zaio Diciotti-k krisia pitz dezakeela Legaren eta M5S Bost Izarren Mugimenduaren arteko gobernu koalizioan: «Salvini senataria da, eta immunitatea dauka. Epaitua izateko, parlamentuak bozkatu egin behar du ,eta baiezkoa eman behar dio haren aurkako prozesua hasteari». Argi dago Lega alderdi ultraeskuindarrak bere liderra babestuko duela, baina zer egingo du M5Sk? Alderdi antisistemak immunitate parlamentarioa kritikatu ohi du, «baina, Barne ministroa epaitzearen alde bozkatzen badu, Salvinik gobernua desegin dezake», erantsi du Salvatorik.

Eta M5Sri ez zaio komeni berriz ere bozkatzera joatea, ez behintzat datorren maiatzaren 16ko Europako Parlamenturako hauteskundeak pasatu arte. Izan ere, inkestetan nabarmenki egin du behera, Salvini gorantz doan bitartean. Azken datuen arabera, Legak botoen %33 ditu, iazko hauteskunde orokorretako emaitzaren bikoitza. Salvatorik hala ikusten du: «Salvini oso komunikatzaile ona da. Ondo baino hobeto daki herrialdearen barrualdeari hitz egiten eta arazo handiei erantzun sinpleak ematen».

BERRIAn argitaratua (2019/02/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA