astekaria 2019/02/15
arrowItzuli

ekonomia

ARANTZA GOMEZ ARANA

«'Brexit' gogorraren aukera presiorako jokoaren parte da»

Jon Fernandez

«'Brexit' gogorraren aukera presiorako jokoaren parte da»

Erresuma Batuko gizartea bi zatitan banatuta ikusten du Arantza Gomez Aranak (Gasteiz, 1978), Birmingham City unibertsitateko Brexit ikastegiko irakasle adituak: oso nekatuak eta oso suminduak. «Batzuk oso nekatuta daude, eta ez dute ezer jakin nahi gaiari buruz, eta beste batzuk oso suminduta daude, alde zein kontra».

Ez talde batekoak ez bestekoak, atzo Bilboko Euskalduna jauregian 300dik gora enpresari kezkatuak izan zituen entzule Gomez Aranak, Eusko Jaurlaritzak antolatutako Brexit-erako prestatzen jardunaldian.

Euskal enpresak prestatu daitezke benetan agertoki txarrenerako? Itunik bako hausturarako?

Kostu ekonomiko oso handia izango luke, eta, gainera, izango litzateke gertatzeko aukera oso txikia daukan agertoki baterako. Arriskuak neurtzea da kontua. Baina zenbat diru inbertitu dezakezu gertatuko ote den ere ez dakizun zerbaitetarako?

Ez du merezi prestatzea?

Ez dut hori esan nahi, jakina. Oso garrantzitsua da prestatzea, eta orain, inoiz baino gehiago, Eusko Jaurlaritzak laguntza bateratua ematea enpresa txikiei eta ertainei; zalantzak argitzeko aditu talde bat eskaintzea, baliabideak eskura jartzea ziurgabetasun juridikoari nola aurre egin jakiteko.

Mantxako kanaleko zein aldetan igartzen duzu kezka gehien?

Erresuma Batuan. Askoz gehiago eragingo dio Erresuma Batuari Europako Batasunari baino. EBk baditu beste krisi batzuk ere: esaterako, errefuxiatuena, eta Hungariako eta Poloniako mugimenduena. Brexit-aren arazoak hiru urte daramatza, eta EBko 27 herrialdeen jarrera argia da; orain Londresi dagokio erabakitzea zer norabide hartu. Gai hau alderdi kontserbadorearen barneko gai politiko gisa sortu zen, eta hala da oraindik ere. Eurak ados jarri arte, ez dago aurrera egiterik.

43 egun falta dira hausturarako.

Eta oraindik ez dira ados jarri oinarrizko kontuetan, adibidez, Ipar Irlandako mugaren eta aduana batasunaren inguruan.

Labirintoaren puntu honetara ailegatuta, ez dago sobera galdetzea ea zer dagoen brexit-aren atzean, zerk eragin zuen eta zerk elikatzen duen.

Maastrichteko itunarekin hasi zen dena, 1993an. Europako integraziorako pauso garrantzitsua izan zen. Hain zuzen ere, horri erantzunez sortu zen UKIP alderdia. Baina aurretik ere Margaret Thatcher ere ez zen oso EB zalea, eta txeke britainiarra lortu zuen [1984an]. Funtsean, garai horretatik gatoz.

Sustrai sakonak ditu brexit-ak.

Kronologikoki begiratuta, Erresuma Batua hiru aldiz ahalegindu zen EBn sartzen, Frantziak atzera botatzen zuelako. Hasiera ere ez zen erraza izan, beraz. Gainera, libera esterlinaren krisia izan zen 1992an, euroaren sorreraz hitz egiten ari zirenean, eta horrek are zailago egin zuen EBn gehiago integratzeko aukera. Egosten ari zen, hamarkadaz hamarkada, EBrekiko mesfidantza, eta 2015ean David Cameronek gehiengo osoz irabazi zituen hauteskundeak, eta presio handia egin zioten alderdi barrutik erreferenduma egiteko.

Cameronek liberaldemokraten gobernuan ezarritako austeritate neurriek ere hauspotu zuten brexit-aren aukera?

Jakina. Oso jende ezberdina dago brexit-aren alde. Despektiboki left behind (baztertuak) deitzen dieten herritar asko dira brexit zaleak: herri txikietako biztanleak, 2010eko austeritatea gogor nozitu dutenak, baina aurretik ere desindustrializazioa bizi izan dutenak.

Globalizazioaren galtzaileak daude nagusiki brexit zaleen artean?

Erabat. Europako beste herrialde batzuetan ere hori ari da gertatzen: begira Jaka Horiak Frantzian ere. Globalizazioaren kontrako sentimendua berbera da herrialde askotan. Enpresak beste herrialde batzuetara doaz, automatizazioa handitzen ari da... eta, gainera, Erresuma Batuan desberdintasun sozialak dezente handiagoak dira EBko beste herrialde batzuetan baino. Faktore horiek guztiak batuta, gizartearen zati bat nekatuta dago: ez dute politika negatibo bat nozitu, bat baino gehiago baizik. UKIPek onura zekarkien aukera eskaini zien, eta logikoa da baldintza horietan boto asko lortzea.

Badira beste soslai bateko brexit zaleak ere.

Alderdi kontserbadoreko batzuk, EBko justiziatik askatu nahi dutenak. Subiranotasun nazionala nahi dute. EBrekin merkataritza harremana nahi dute, ahal bada muga zergarik gabe, baina EBko justiziatik aske. Eta ez dute nahi pertsonen mugimendu askerik ere.

Zer irtenbide nagusituko da martxoaren 29a baino lehen?

Aukera oso txikia ikusten diot itunik gabeko irteerari, ondorio ekonomikoak ikaragarriak liratekeelako, eta erraza delako saihestea, 50. artikuluaren luzapen batekin. Oraindik irteten ari gara hamar urteko krisi batetik, eta ez du zentzu handirik beste krisi ekonomiko bat eragiteak. Pentsaezina da, baina aukera hori kentzen baduzu negoziazio mahaitik, jokoa guztiz ezberdina da.

Esan nahi duzu akordiorik gabeko brexit-aren aukera gobernuaren presio jokoaren parte dela?

Nire ustez, jokoaren parte da, gobernuaren eta beste politikari batzuen estrategiaren parte. Orain hiru aterabide dauzkagu: itun barik irtetea, Mayren itunarekin irtetea, edo 50. artikulua baliogabetu eta EBn geratzea. Bestela, azken biak lirateke bakarrik.

Bigarren erreferenduma ez da aukera bat?

Ez dago astirik apirilerako.

Mayren itunak ezezko borobila jaso zuen parlamentuan, baina gero Mayk gobernuan jarraitzearen alde egin zuen ganberak.

Mayk Bruselarekin berriz negoziatzea nahi dute, baina EBk ez du ezer negoziatuko. Eta erlojuak aurrera jarraitzen du. Azken zurrumurruen arabera, Mayk martxoaren 21era arte itxaron nahi du, bilera dagoelako EBn. Han findutako ituna biharamunean bozkatu nahiko luke Londresen.

Korapilo nagusia Irlandako mugan dago. Zein da soluzio gertagarriena?

Azken hiru urteetan asko aldatu dut ikuspegia. Arrazionalki aztertzen hasi nintzen gaia, lege aldetik, baina konturatu behar dugu zerbait berria bizitzen ari garela. Inork ez du egin hau, berria da denontzat, eta sormenezko aterabideak bilatu behar ditugu. Iraganean balio izan duenak etorkizunerako beharbada ez du balio.

Aipatu izan da puntako teknologia erabiltzea Irlandako mugan, kontrolak ez igartzeko.

Baina hori ez da egingarria. Mugak mugak dira. Munduan ez dut ezagutzen teknologiak konpontzen duen mugarik. Hau arazo politiko bat da, eta soluzio politiko bat behar du, eta gainontzeko guztia egokituko da errealitate berrira.

Akordioa lortuz gero, trantsizioa ia bi urtekoa izango da. Nahikoa denbora litzateke?

Denbora gutxiegi da. Eta ezin dugu ahaztu maiatzean europarlamenturako bozak daudela.

Zer alda dezakete?

Alderdi populista, eskuindar eta euroeszeptikoek indar handia lor dezakete, eta barne krisi bat eragin EBn. Arreta gunea Europara bueltatuko da berriro, eta brexit-a Erresuma Batuko moduan bezala geratuko da.

BERRIAn argitaratua (2019/02/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA