gizartea
Ezusteko mugarriak, 25 urte
Jon Rejado
Erabakiaren dimentsioa nabarmendu dute Maika Peciña Arabako Lesbianen Asanbladako kideak, Sejo Carrascosa Lumagorri elkarteko kideak eta Maria Luisa Agirretxe EAEko Arartekoko Berdintasun Arloko arduradunak. Uste dute Gasteizko Udalean hartutako erabakiak gaiari buruzko eztabaida politikoa baldintzatu zuela. Hilabete gutxiren buruan, izan ere, Hego Euskal Herriako, Kataluniako, Espainiako eta Galiziako 200 udalek baino gehiagok arautu zituzten izatezko bikoteen erregistroak.
Ustekabeko erabakia
Ezusteko erabakia izan zen. Hirurek nabarmendu dute kontuan hartu behar dela 1994ko testuingurua. Batetik, Agirretxek azaldu du ezkondu gabeko bikoteek ezin zutela aitortza administratiborik eduki Espainiako Estatuan. Eta ez Espainiako Estatuan soilik: Europako herrialde gehienetan ez zegoen horrelakorik. Cuerdak pausoa eman baino hiru aste lehenago, Europako Parlamentuak batasuneko kideei -hamabi, garai hartan- eskatu zien sexu bereko bikoteen eskubide berdintasunaren alde egiteko. Edonola ere, Euskal Herriko LGTBI mugimenduaren eskarien artean ere ez zegoen gai horrekin lotutako eskaririk, Carrascosak eta Peciñak zehaztutakoaren arabera.
Garai hartan, izan ere, LGTBI kolektiboen aldarrikapenetan «gainbehera» ageri zen, Carrascoren esanetan. Hiesak pisu handia zuen, eta indartzen ari zen haren prebentzioa eta hura ikertzeko ekinaldia. Hiesak «egoera bortitzak» eragin zituen, Lumagorri elkarteko kideak gogorarazi duenez.«Hiesagatik gizon bat hiltzen zenean, bikotekidea -hura ere gaixorik egon ohi zen- egoera gogorrean geratzen zen: hildakoaren familiak etxetik botatzen zuen, partekatzen zuten negoziotik... Eta horren aurka ezin zen ezer egin».
Peciñak gaineratu du gisa horretako aldarrikapenak eta egoerak gizon homosexualen artean gertatu zirela. Lesbianak ikusezinak baitziren. «Gizon homosexualak gaizki ikusiak egon zitezkeen, irainduak... baina gu ez ginen ezer. Ez ginen existitu ere egiten». Ikusezintasun horren ondorioak, nolanahi ere, bat datoz Carrascosak jarritako adibideekin: «Bikotekidea ospitalean bazegoen, kasu askotan ezin zinen sartu, eta pentsaezina zen lanean horrekin lotutako baimenik eskatzea».
Indar sinboliko
Agirretxek, Carrascosak eta Peciñak uste dute Cuerdaren dekretuak bi modutan eragin zuela berehala: era praktikoan eta sinbolikoan. Ikuspuntu praktikotik, izatezko bikoteen erregistroan izena ematen zutenak bikote gisa aitortzen zituen udalak. Garrantzitsua zen, baina udal eskumenetara mugatua zegoen: udal zergak, udalak sustatutako babes ofizialeko etxebizitzak, gizarte zerbitzuak... Eragin sinbolikoa, ordea, askoz handiagoa izan zela hausnartu dute hirurek. «Hasieran eragin juridikoa mugatua izan arren, gerora gainerako administrazioetan eragin diskurtsibo handia izan zuen», gogoratu du Agirretxek.
Epe laburreko ondorioez gain, dekretuak «eragin handia» izan zuen aurrera begira. Agirretxek nabarmendu du lehen aldiz aitortza administratiboa egin zitzaiola errealitate horri, eta horrek aukera eman zuela auzitegietan beste eskubide batzuk aldarrikatzeko. «Familia unitatea oinarrizko kontzeptua da gauza askorako: laguntzak, ogasuna... Izatezko bikoteek unitate hori zehazten zuten, ezbairik gabe».
Gasteizko taldeak sortu
Gasteizko alkatearen dekretuak sortu zuen ikusminaren eraginez, antolatzeko beharra sumatu zuten LGTBI kolektiboko kide askok. Peciñaren iritziz, garai «egokiena» izan zen hura. «Edo orduan egiten genuen, edo ez genuen inoiz egingo». Bada, 1994. urtean sortu zen Arabako Lesbianen Asanblada, baita Cogam ere, gerora Gaytasuna izango zen elkartea. Bazter guzietako hedabide askoren eskaerak jaso zituzten: Kanada, Argentina, Frantzia, Espainia... Peciñak gogora ekarri du hori guztia Stonewall tabernako istiluen 25. urteurrenean gertatu zela; aurten, beraz, 50 urte ditu LGTBI mugimenduaren abiapuntuak, eta 25 Cuerdaren dekretuaren onarpenak. «Ospakizun urtea da».
Urteen joanarekin ezkondu gabeko bikoteen eskubideetan aurrera egin zen: 2000n, Nafarroako Bikote Egonkorren Berdintasun Juridikoko Legea; 2003an, EAEko Izatezko Bikoteen Legea; 2005ean, sexu bereko bikoteak ezkontzeko legea Espainian...Carrascosak eta Peciñak ontzat jo dute alor horretan egindako bidea, baina kritiko agertu dira. Carrascosak hala azaldu du: «Eskubideak aitortzen dituzte, baina horien balioa urardotu dute krisi ekonomikoa baliatuta».