astekaria 2019/02/15
arrowItzuli

bizigiro

MANU BENDALA

«Hizkuntzara hurbildu beharra dago herria eta kultura ulertzeko»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

«Hizkuntzara hurbildu beharra dago herria eta kultura ulertzeko»

«Herria da gorputza, hizkuntza bihotza», esan zuen behin Xalbadorrek. Haren hitzak bere egin ditu Manu Bendala bertsolariak (Sevilla, Espainia, 1983). 2008an Euskal Herrira iritsi, eta euskara ikasi zuen. Ostean erabaki zuen bertsotan hastea. Helburu zuen euskaraz ikasten jarraitzea, burua eta azkartasuna lantzea, euskaraz sortzea. Oholtza gainean arituko da kantari Arabako Bertsolari Txapelketan, Aramaion (Araba), otsailaren 23an.

Txapelketaren final-laurdenetan abestuko duzu, lehenengoz. Zer sentitzen duzu?

Bertigoa. Baina, batez ere, gogoa eta poza. Prestakuntza luzea izan da, baina hura zen gehien motibatzen ninduena izena emateko. Izena emateko orduan, neure burua ez nuen prest ikusten; eta egun, ez dakit prest ikusten dudan edo ez. Probatu nahi dut, oholtza gainetik aurpegia eman, eta esan: «Posible da heldu iritsi eta euskara ikastea, posible da bertsotan heldu izanda hastea». Zerbait duina egin nahi dut, buruan sartuta dudan hitza «duintasuna» da. Sufrituko dudan arren, saiatuko naiz sufritzen baino gehiago gozatzen.

Gozatze horretan, ondoan izango dituzu hamazazpi bertsolari.

Beti azpimarratu izan dut, zorionez, Araban familia giroa dugula. Babestuta sentitu naiz izena emateko, eta, bertsoari esker, jende asko eta ona ezagutu dut, haiengana hurbildu naiz. Horregatik diot pozik nagoela; azken finean, dena ikusten dut opari bat balitz bezala.

Familia ere etorriko da saioa ikustera, ezta?

Gurasoak, anaiak eta koinata etorriko dira Sevillatik [Espainia]. Mundu ezezagun bat ezagutuko dute. Gainera, badakite niretzat oso garrantzitsua dela, eta momentu hori nirekin bizi nahi dute. Hori beste opari bat da. Bertsoari, euskarari, txapelketari esker, aukera izango dut familiari oholtza gainetik abesteko. Badakit, ziur asko, urduriago jarriko naizela, baina niretzat hori da saririk handiena.

Halere, euskara ez duzu txikitatik ikasi. Euskal Herrira iristean erabaki zenuen ikastea. Zein izan zen lehen harremana hizkuntzarekin?

Oso ona izan zen. Etorri nintzenetik argi nuen hurbildu nahi nuela, jakin gabe menperatzea lortuko nuen edo ez. Bizitzera etorri aurretik ere egona nintzen udalekuetan, eta beti neraman nirekin libretatxo bat: esaldiak, abestiak apuntatzen nituen. Euskaltegian hasi nintzen, baita lagunekin probatzen, gauza batzuk ikasten, post-it-ak jartzen... Gustatu egin zitzaidan.

Hurbildu beharra aipatu duzu. Herrira, jendearengana hurbildu nahi al zenuen?

Herrira, jendearengana, kulturara, batez ere. Berehala ulertu nuen: hizkuntzara hurbildu beharra dago herria eta kultura ulertzeko. Xalbadorren bertsoak ere hala zioen: «herria da gorputza, hizkuntza bihotza». Argi nuen dena zela multzo bat, bizirik zegoen eta dagoen multzoa. Asmo handirik gabe, pixkanaka ikasi nuen. Beti esaten dut maitemindu egin nintzela hizkuntzarekin, haren formekin, kulturarekin eta jendearekin.

Hizkuntzarekin maitemindu, eta egun euskaltegiko irakaslea zara.

Hau hirugarren ikasturtea da euskaltegi batean lanean. Ezin nuen imajinatu ere egin hasieran. Halere, euskaltegiko irakasle batek esan zidan euskararen munduan lan egiten amaituko nuela. Niretzat opari bat da. Gainera, beti esan izan dut euskarak gauza asko eman dizkidala, poz handia. Eta orain badaukat guztia bueltatzeko aukera, euskararen alde lan egitekoa, transmititzekoa. Uste dut positiboa dela ikustea posible dela zerotik hastea, ikastea, menperatzea eta euskaraz bizitzea.

Euskaraz bizitzeaz gain, erabaki zenuen bertsotan ere hastea.

Bertsotan hasi nintzen euskaraz ikasten jarraitzeko, beste modu batean. Esan bezala, ni asmo handirik gabe hasi nintzen ikasten, eta gero etorri ziren tituluak, baina ez ziren nire helburuak. Behin ikasketa prozesua «formalki» amaituta, argi nuen gehiago ikasi nahi nuela. Ikasten jarraitzeko, burua, azkartasuna eta lexikoa lantzeko, jendea eta kultura ezagutzeko, eta euskaraz bizitzeko nahiarekin, bertsotan hasi nintzen. Bertsolari zein euskarako irakasle gisa, prozesua aberasgarria da.

Bertsoa eta euskara. Horien batuketa zer litzateke zuretzako?

Euskalduna naizela konfirmatzea. Bertsoa da momentua non sormena, erabat, euskaraz sortzen den. Sentitzen dut sormena momentuan egiten dudala euskaraz. Estruktura gramatikalki gaztelerarena daukadan arren, bertsotan, ezinezkoa da zerbait gazteleraz pentsatu eta itzulpena egitea. Bertsogintzaren sormenak gehiago hurbiltzen nau euskarara eta, beraz, kulturara.

BERRIAn argitaratua (2019/02/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA