bizigiro
Ernalkuntzari bidea itxita
Iker Tubia
«Ernalketa bien ardura da; baina, bitxia badirudi ere, preserbatiboak kenduta, kontrazepzio metodoak emakumeei bideraturik daude», zioen lehenbiziko txioetan. Hori dela eta, basektomiaren bueltan dauden uste ustelak gezurtatzeko beharra azpimarratu zuen, eta seme-alabarik nahi ez duten gizonei operazio horren alde egiteko aholkatu zien.
Sarketa egiten den sexu harreman heterosexualetan, bi metodo dituzte gizonek haurdunaldiak saihesteko: preserbatiboak edo basektomia. Lehenbizikoa da sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunetatik babesten duen bakarra. Bigarren metodoaz ez da hainbeste hitz egiten. «Gomendagarria izango litzateke honi buruz gehiago hitz egitea, batez ere osasun zentroetan», onartu du Zaloa Amelibiak. Urologoa da Nafarroako ospitalean.
Uste du basektomia egokia dela behin betiko kontrazepzio metodoa nahi dutenentzat. «Emakumeoi egiten zaigun operazioarekin konparatzen badugu, basektomia askoz ere sinpleagoa eta seguruagoa da». Azaldu duenez, ohiko praktika da basektomia. Adibidez, Nafarroan, urtero bostehun eskari inguru jasotzen dituzte.
Operazioa «nahiko erraza» dela azaldu du urologoak. Anestesia lokalarekin egiten da: eskrotoan ebaki txiki bat eginda, hodi deferenteak ateratzen dituzte, eta moztu. Hodiak moztuta, alde bakoitzeko muturrak josten dituzte. Modu horretan, espermatozoideek ezin dute aurrera egin. Operazioa bukatzeko, azalean bi edo hiru puntu ematen dizkiote pazienteari.
Basektomia egiteko, baina, seguru egotea ezinbestekoa dela uste du Amelibiak, «kasu gehienak» itzulezinak baitira. «Beti azaltzen dugu itzulezina dela, baina, egia esan, badago teknika kirurgiko bat hodi deferenteak berriz elkartzeko. Hala ere, nahiko zaila da, eta medikuntza pribatuan egiten dute».
Xanti Almandozek, Eneko Goñik eta Jose Manuel Diazek basektomia egina dute. Lehenbiziko bi izenak asmatuak dira, haiek nahiago izan baitute izenik ez argitaratu. Arrazoi ezberdinengatik erabaki zuten operazio hori egitea, baita adin desberdinarekin ere. Almandozek 29 urterekin egin zuen basektomia, baina 26 urterekin egin zuen eskaria. Beste biek seme-alabak izan ondotik hartu zuten erabakia: Goñik, 44 urterekin, eta Diazek, 36rekin.
Gehienetan, seme-alabak izan dituzten gizonek egin ohi dute basektomia. Horregatik, operazio hori egiteko adin tartea 30-45 urtekoa izaten da. «Erabaki nuen ez nuela seme-alaba gehiagorik nahi, eta bikotekidearen eta bion arteko erabakia izan zen basektomia egitea», azaldu du Goñik. Diazek arrazoi berarengatik egin zuen: bigarren haurra izan berritan, emaztearekin hitz egin zuen: «Tronpen loturarena ere begiratu genuen, baina nirea errazagoa zen; beraz, bihotz hartu, eta urratsa egitea erabaki nuen».
Biak bizi dira Iruñean; beraz, Andraizera joan behar izan zuten, familia plangintzarako eta sexu heziketarako zentrora. Han beharrezko informazio guzia eman zietela azaldu dute. «Hasieran zalantzak dituzu, horrelako zerbait ez baita egunero egiten. Zalantza pila bat nuen, baina planifikazio zentroan dena argitu zidaten», esan du Goñik. «Beldur puntu bat badago, operazio gelan sartzea ez baita inoiz atsegina, eta beti egon daiteke arriskuren bat. Baina oso erraza dela azaltzen dizute, astero asko egiten dituztela; beraz, lasaitu egiten zara».
Amelibiak esan duenez, normalean antzeko zalantzak izaten dituzte basektomia egin nahi dutenek: ea betiko den, minik egiten ote duen, operazioaren ondoren zenbat denbora egon behar duten lanik edo kirolik egin gabe... Bestalde, operazioaren beldur izaten dira asko. Informazioa, beraz, behar-beharrezkoa da kasu horietan: «Operazio gela batean egiten diren prozedura guztiek arriskua dakarte, baina ebakuntza hau nahiko sinplea eta segurua dela esan dezakegu», zehaztu du urologoak.
Diazek eskertu egin du profesionalek emandako informazioa, dena «zoragarri» azaldu ziotelako. Bere kasuan, «lotsa» ematen ziola onartu du. Baina, hala ere, egin egin zuen. Are, orain inolako arazorik gabe hitz egiten du gai horri buruz, eta ingurukoek badakite basektomia egina duela, nahiz eta aditu behar izan zituen beste gizon batzuen trufak: «Batzuek esaten zidaten ez nintzela gizon osoa izanen. Baina, faborez, nola utziko diot gizon izateari?».
Arrazoi politikoak
Bestelako arrazoiengatik egin zuen basektomia Almandozek: zio politikoek eraman zuten operazio gelara. «Arazo ekologiko eta sozialen puntu garrantzitsu bat da gainpopulazioa. Europan haur bat izateak horretarako baliabide pila bat erabiltzea dakar; ez da jasangarria», azaldu du. Hark ideiak argi bazituen ere, inguruan jendeak ez zuen serio hartzen. «Erabakia serio hartzeko eta nire inguruan eragiteko, basektomia egin nuen. Eragiteko, eta ni ere sendo egoteko. Ekintza politiko bat izan zen».
Seme-alabak izan zituzten gizonei ez bezala, Almandozi galdera anitz egiten zizkioten. Arazoak ere izan ditu batzuetan; adibidez, amarekin, ez baitzuen ulertzen erabakia. «Eztabaida oso irrazional eta sentimentaletara eramaten zaitu. Batez ere seme-alabak dituztenak oso gaizki sentitzen dira gure diskurtsoarekin. Gai polemikoa da».
26 urterekin jo zuen medikuarengana basektomia egin nahi zuela esatera. Prozesu horretan medikuak «oso sentimentalak» eta «paternalistak» izan direla uste du, «beste gai batzuekin ez bezala». «Oso gaztea» zela eta, ez egiteko aholkatu zioten. Are, urologoarekin borrokatu behar izan zuen erabakia. «Prozesu honetan, galdera eta komentario pila bat jaso dut: 'Betiko da', 'Ez dago atzera egiterik', 'Ziur zaude?'... Gauza bera galdetzen zaio ume bat izan behar duen norbaiti?».
Ia hiru urte eman zituen zain, eta, azkenean, 29 urterekin egin zuen. Goñik eta Diazek ia urtebete eman zuten zain. Amelibiaren arabera, batez beste zazpi hilabetekoa izaten da pazienteek itxaron zerrendan ematen duten denbora. Basektomia egin duten guziak bat datoz: operazio sinplea da. Ondorengoa ezberdin bizi izan zuten, hala ere. «Erre usaina sumatu nuenean, pentsatu nuen: 'Listo, egina'». Aski ongi gogoan du Diazek operazioaren eguna: «Galtzontzillo estu bat jarri, eta etxera. Aste bat larri, puntuek tiratzen dutelako, baina listo. Ez zen arazorik izan». 15 minutu inguru iraun zuen operazioak. Ondoren, etxean geratzea tokatzen da, eta aste eta erdiz sexu harremanik ez izatea.
Operazio ondokoa
Goñik «konplikazioren bat» izan zuen operazioaren ondoren: aste batzuetan mina izan zuen. Horren arrazoia azaldu du: «Atseden hartu behar da, baina nik ezin izan nuen hartu, eta puntuak ireki zitzaizkidan». Almandozek eta Diazek, berriz, ez zuten inolako arazorik izan. Lehenbizikoak bere esperientzia kontatu du: «Lehenengo bi egunetan, atseden hartu nuen. Zazpi egunez bizikletan ez ibiltzeko esan zidaten, baina bosgarrenerako hartu nuen. Ez nuen minik izan, oso erraza izan zen».
Diazek azaldu duenez, operazioa egin eta denbora pixka batera probak egin behar dira, basektomia ongi egina dagoela ziurtatzeko: «24-25 eiakulazioren edo hiru hilabeteren ondoren, proba egin behar da». Goñiren kasuan, dezente atzeratu da prozesu hori, eta joan den astean eraman zuen lagina. Berehalaxe jakinen du dena ongi atera denetz.
Diazek kezka bat du oraindik: kasu gutxi batzuetan aukera dago itxitako bidea irekitzeko. Almandozek ez du kezkarik, ez baita ohikoa hori gertatzea: «Abisatzen dizute probabilitatea dagoela naturalki atzera bueltatzeko. Beti duzu zalantza, baina loteria tokatzea errazagoa da». Beste beldurretako bat da operazioak sexu harremanetan eraginik ba ote duen. Amelibia argi mintzatu da horri buruz: «Ez dauka inolako eraginik harreman sexualetan».