gizartea
Bortizkeria erretratatu zutenak
Ion Orzaiz
1976ko apirilaren 21ean gertatu zen. «Garai nahasiak ziren», kontatu du Iabenek. Hilabete batzuk lehenago, Nafarroako Langileen Kontseiluko presidente izendatu zuten, eta erakunde horretan ezagutu zuen Arangoa: «Urte hartan, estreinako aldiz, sindikatu bertikaletik kanpo zeuden beste erakunde guztiak sartu ziren kontseiluan: ORT, CCOO, EMK... Langileen mugimendua oso indartsu zegoen Euskal Herrian, eta batez ere, Nafarroan». Orduantxe sartu zen Arangoa ere, Leitzako Sarrio papertegiko behargin, ordezkari sindikal eta ORTko kide gisa.
Espainiako Polizia Armatuak eta Guardia Zibilak gogor jo zuten langileen mugimenduaren aurka. Jazarpena etengabea izan zen, batez ere 1970eko hamarkadaren bukaerako eta 1980koaren hasierako urteetan. «1976 hartan, martxoaren 3an, Espainiako Polizia Armatuak sarraskia eragin zuen Gasteizen; eta maiatzaren 9an, Montejurrako hilketak gertatu ziren. Testuinguru horretan atxilotu zuten Amparo».
Lanetik ateratzean atxiki zuten, 15:00etan. Sarrio papertegiko atarian zain zuen Guardia Zibilaren ibilgailua. Ordutik 43 urte igaro diren arren, ederki asko akordatzen da Iaben egun hartan gertatutakoaz: «Gogoan dut operazio berean beste lau sindikalista ere atzeman zituztela, greba baten ostean. Leitzako kuartelean galdeketa egin ostean, Tolosara (Gipuzkoa) eraman zituzten denak, eta han galdera gehiago egin zizkieten: ea ETAkoak ziren, zer erakundetan militatzen zuten... Behargin eta sindikalista hutsak ziren, baina ETArekin lotu nahi zituzten nola edo hala».
Galderekin batera, berehala heldu ziren kolpeak ere. «Triskantza egin zioten Amparori: arropa erantzarazi zioten, toalla busti eta sokekin kolpatu zuten, ur zikinez beteriko bainuontzi batean sartu zioten burua...».
Iluntzean, Leitzako kuartelera eraman zuten emakumea bueltan. Ordurako, ubeldua zuen gorputz osoa bularraldetik behera, kolpeek eragindako barne isurien ondorioz. Sei ordu nahikoa izan ziren Tolosako kuarteleko guardia zibilentzat -Jesus Muñecas kapitainaren aginduetara- Arangoa fisikoki nahiz psikologikoki birrintzeko.
«Leitzako kuartelean, guardia zibilen emazteek ikusi zuten, odoletan eta ubelduraz betea, eta larritu egin ziren», gogoratu du Iabenek. «Herriko medikuari hots egin zioten, eta, emakumearen zauriak ikusita, izutu egin zen hura ere. Ezin zen anbulantziaren zain gelditu, eta autoan eraman zuen Iruñeko Bideko Ama ospitalera».
Ez zen gutxiagorako, ospitaleko diagnostiko klinikoaren argitara: «Hematoma oso zabalak eta sakonak izterren aurrealdean nahiz atzealdean; giltzurrunen nahiz hesteen blokeoa, pilatutako odolaren ondorioz». Giltzurrun artifizial bat jartzekotan egon ziren medikuak, baina, azkenean, ez zuten horren beharrik izan. Ospitaleko gelara igo zutenean, abokatuarekin hitz egin nahi zuela esan zuen Arangoak. Iruñeko bigarren zabalguneko bulego batean, Patxi Zabaletak hartu zuen deia.
Kamera bat beroki azpian
«Dei hartan, ez zidan aparteko ezer esan», dio Zabaletak. «Bideko Ama ospitalean zegoela, eta ikusi egin nahi ninduela, besterik ez». Hara bertaratu ziren biak, Iaben eta Zabaleta, eta arazo handirik gabe gainditu zituzten segurtasun neurriak: «Amparok debekatuak zituen bisitak, eta gelako atean zaintza jarri zioten; hortaz, gure karguaz baliatu behar izan genuen gelan sartu ahal izateko. Atxilotuaren abokatua eta Nafarroako Langileen Kontseiluko presidentea izateak nolabaiteko autoritatea ematen zigun», azaldu du Iabenek.
Gutxi iraun zien pozak. Gelara sartuta, amaigabea zirudien isilune bat gailendu zen. «Irudi lazgarria zen, eta hitzik gabe gelditu ginen». Bi gizonek hitz egiten ez zutela ikusita, Arangoa bera hasi zen hizketan. «Berehala kontatu zigun gertatutako guztia», esan du Zabaletak. «Eta Iabeni bururatu zitzaion hori guztia dokumentatu beharra zegoela, frogak beharko genituelako».
Ospitaletik atera, eta etxera joan zen langileen kontseiluko burua, kamera bat hartzera. «Ez naiz inoiz argazkilaria izan, baina argi nuen halako testigantza batek merezi zuela. Argazki makina konpaktu txikitxo bat neukan etxean, eta hori beroki azpian ezkutatuta, ospitalera itzuli nintzen». Han, gelatik ateratzeko eskatu zioten guardia zibilari. Zabaleta: «Kontu pertsonalez hitz egin behar genuela esan genion, eta bakean utzi gintuen, traba handirik jarri gabe. Une hori baliatu genuen argazkiak ateratzeko».
Arangoa ere bat zetorren erabakiarekin: garaia zen torturaren infernua azaleratzeko. «Amparoren baimenarekin egin nituen argazkiak, noski», azaldu du Iabenek. «Hark ere uste zuen torturaren berri eman beharra zegoela, berea bezalako kasu asko zeudelako». Une horren garrantzia historikoaz jabetuta egin zuen klik: «Hemen, denok genekien polizia indarrek torturatu egiten zutela. Gauza jakina zen. Guardia Zibilaren Atarrabiako kuarteleko atarira joatea besterik ez zenuen atxilotuak zer egoeratan ateratzen ziren ikusteko: txikituta erabat. Baina, ordura arte, ez zegoen frogarik batere». Iritzi horrekin bat dator Zabaleta ere: «Horretan datza, hain zuzen, argazkion balio historikoa: torturaren lehen froga garrantzitsua eta ukaezina izan zen hura».
Arangoaren gorputz ubeldua erregistratzeko orduan, lotsa sentitu zuela aitortu du sindikalista ohiak: «Badakit inozokeria dirudiela, baina erreparoa eman zidan gorputz osoa ateratzeak. Horregatik egin nizkion izter eta ipurmasailetako argazkiak soilik. Aurrealdea ere atera izan balitz, irudiak are lazgarriagoak izanen ziren, sabelalde osoa ere ubelduraz betea zuelako».
'Zeruko Argia' eta Biennale
Behin argazkiak aterata, beste erabaki bat hartu behar izan zuten Arangoak, Iabenek eta Zabaletak: horiekin zer egin. «Euskarazko hedabide bat izan behar zuela adostu genuen», azaldu du abokatuak. «Eta konfiantzazkoa», gehitu du Iabenek. Zeruko Argia aldizkarira jotzea erabaki zuten. Zabaletak berak eman zizkien argazkiak, eskura. Ordurako, baina, inprentarako bidean zen aldizkaria. «Irtenbide bat bururatu zitzaien: lau orrialdeko gehigarri berezi bat sartzea, grapaz josita eta koloretan. Horrela lortu genuen, azken minutuan, argazkiak argitaratzea».
Arangoak, bestalde, Cambio 16 aldizkarira ere igorri nahi izan zituen irudiak. Han, ordea, oihartzun txikiagoa izan zuten: «Zeruko Argia-n ez bezala, Cambio 16-n tamaina txikian eman zituzten argazkiak, eta zuri-beltzean», dio Zabaletak. «Gainera, Zeruko Argia argitaratu zenetik hainbat egunetara atera zen Espainiakoa, eta ordurako, argazkiak hasiak ziren bidea egiten. Madril aldean las fotos del Zeruko izenarekin ziren ezagunak», gogoratu du.
Bi hedabide horien ostean heldu ziren beste asko ere. Nafarroan, berriz, mutu gelditu ziren egunkari nagusiak: «Nafarroako langile bati gertatutako bidegabekeria bat izanda, zer edo zer esan zezaketen El Pensamiento Navarro-k edota Diario de Navarra-k, baina ez zuten ezer argitaratu», azaldu du Iabenek. Nazioartean, berriz, zeresana eman zuten argazkiek. «Telesforo Monzoni esker lortu genuen irudiak mundura zabaltzea. Haren eskutik iritsi ziren Veneziako Biennalera (Italia)», gogoratu du Zabaletak. Eta handik, Europako eta Amerikako hedabide garrantzitsuenetara: The Times-ek argitaratu zituen, eta baita Amnesty Internationalek ere, urteko txostenean. Maiatzaren 11n, Radio Caracas Television kateak auziari buruz galdetu zion Espainiako Gobernazio ministro Manuel Fragari. Hona erantzuna: «Neskatila horri ipurdiko batzuk eman zizkioten sorbaldak bere izen ona galtzen duen tokian, eta noski, hori lekuz kanpo dago, baina arduradunak zigortuak izan dira».
Fragaren azalpenak gorabehera, Espainiako Gobernuak ez zuen inoiz inor zigortu Arangoak pairatutako torturengatik. Gobernazio Ministerioak ikerketa abiatuko zuela esan zuen, baina, egiazki, Tolosako guardia zibilen buru Jesus Muñecas kapitaina lekuz aldatu zuten, eta kargu hobea eman Donostian. Arangoak berak jarritako salaketa atzera bota zuen Iruñeko epaitegiak, kasua auzitegi militarrek hartu zutelakoan, eta hortxe bukatu zen auzibidea. Amparo Arangoa 1991. urtean hil zen, minbiziak jota, ordainik jaso gabe.
Aurtengo urtarrilaren 16an, Muñecas kapitainaren aurkako salaketa aurkeztu zuten zenbait biktimak; tartean, Juan Arangoak, Amparoren nebak: «Zorionez, argazki horiek azaleratu ziren. Bestela, gaur egun kontatuko genuke Amparo Arangoa izeneko emakume bat torturatua izan zela, baina izen bat besterik ez litzateke izanen, beste torturatu askorena bezala».