astekaria 2019/02/15
arrowItzuli

bizigiro

GABI DE LA MAZA

«Gertutik bizi izan dut euskararen motibazioan izan den bilakaera»

Zihara Jainaga Larrinaga

«Gertutik bizi izan dut euskararen motibazioan izan den bilakaera»

Gabi de la Maza euskara irakasleak (Bilbo, 1956) bizkaitar, euskal musikazale, abeslari eta euskaldun gazte —eta ez euskaldun berri— gisa deskribatzen du bere burua. Hasieran eskoletan, eta gero denbora luzez Plentziako Euskal Girotze Barnetegian ibili izan da lanean. Barnetegiaren eraginez sortu zuen, hain zuzen, Txantxangorria: euskaldun askok eta askok orduak igaro dituzten Youtubeko euskal karaokearen kanala. De la Mazak Bilboko hainbat auzotan, Galdakaon eta Algortan igaro zuen haurtzaroa, euskaratik uste baino urrunago; egun, ez du imajinatzen bere bizitza euskararik gabe.

2.500 bideo dituzu euskaraz eginak Youtuben. Baina euskara ez zenuen etxean jaso.

Bilbon bizi izan nintzen, eta Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan nengoenean konturatu nintzen nirea ez zen beste hizkuntza bat zegoela kalean. Nire ondoko ikaskideak ez zuen ondo hitz egiten nik hitz egiten nuen hizkuntza [gaztelania], eta beste zerbait hitz egiten zuela [euskara] esaten nion amari.

Nola hurbildu zinen euskarara?

17 urte nituela, Santutxura joan ginen bizitzera, eta han giroa euskaldunagoa zen. Kuadrilla egin nuen bertan, eta dantza taldean eta gau eskolan eman nuen izena. Gauetan, institututik irten ostean, kuadrillakook Karmelora joaten ginen, klaseetara.

Euskal giroan murgiltzen hasia zinela, soldadutza egitera joan behar izan zenuen.

Hala da; baina, ustekabean, asko praktikatu nuen han. El Ferralgo [Leon, Espainia] kanpamentuan, 21 euskaldun batu ginen, «bilbainitoak» gehienak. Gau batean, armairuak miatu zizkiguten, eta 21 armairuetatik 18tan topatu zuten Xabier Gereñoren euskara ikasteko metodoa. Nahiz eta euskara maila baxua izan edo euskararik ez jakin, bagenekien euskara ikasi behar genuela. Erronka hori geneukan.

Ez zenuen lortu soldadutzatik libratzea.

Santutxuko gazte gehienak bezala, fitxatuta nengoen, polizia etxetik pasatuta. Alderdi politikoen inguruan mugitzen ginen, gure sigla genuen. Kuadrilla guztietan lagun pila bat atxilotu zuten garai hartan. Ni libratu nintzen atxiloketez; baina, hala ere, ez zidaten luzapenik eman. Halaber, soldadutzan beste soldadu batzuengandik jakin nuen niri konfiantzazko lanik ez emateko esaten zuela ofizialak.

Gaztetatik ibili zinen politikan.

18-19 urterekin, LAIAn ibili nintzen [Langile Abertzale Iraultzaileen Alderdia]. Oso jende gutxi geunden Bilbon; gehiago zeuden Gipuzkoan eta Nafarroan.

Zein ikasketa zenituen?

Batxilergo elementalaren laugarren mailan, ekainean lauzpabost irakasgai utzi nituen gainditu gabe, eta aitak udan Bilbo erdiko taberna batean lanean jarri ninduen, lepoan tximeleta eta guzti. Irail hartan, maisutza industrialeko ikasketetan eman zidan izena, eta orduantxe erabaki nuen ikasten hastea.

Irakasle aritu zara gehienbat lanean.

Soldadutzatik bueltan, irakasle ikasketak hasi nituen. Garai hartan, nahiz eta asko maite eta interes handia izan, oraindik ere euskara maila oso baxua neukan. Hasieran, zientzien adarrean matrikulatu nintzen, baina, Juan Luis Goikoetxea irakaslearen eraginez, euskal filologiara aldatu nintzen, egunean bertan.

Nola moldatzen zinen?

Benetako barnetegi intentsiboa izan zen magisteritzako karrera. Gauez, taxian lan egiten nuen sos batzuk ateratzeko, eta bertan lantzen nuen ahozkotasuna.

Non eman zenituen lehen eskolak?

Irakasle ikasketak oraindik bukatu gabe, 1980an Plentziako eskolan hasi nintzen lanean. Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Sailaren konpetentzia hartu zuenean, euskara irakasleak behar ziren, eta titulu gabeko asko sartu ginen; batzuek Batxilergoa ere ez zuten. Urtebete egin nuen Plentzian. Hurrengo urtean, ikasketak bukatuta, delegaziotik deitu zidaten Arrieta-Liboko [Bizkaia] eskolara joateko.

Itsasertzetik mendira.

Arrietan, bertako hizkeran hitz egiten zuten ikasleek. Irakasle lanak ofizialki bertan hastea erabateko murgilketa izan zen niretzat. Frankismoaren ondorengo lehen maisu euskalduna izan nintzen. Lehen bi hilabeteak gogorrak izan ziren, baina hiru urte ikaragarri eman nituen bertan. Irakaskuntza osoan izan dudan esperientziarik politena.

Eta hiru urteren buruan?

Arrietan nengoela, oposizioak gainditu nituen, eta 1984an Gorlizko eskolara etorri nintzen. Zazpi urte egin nituen hemen; horietatik lau zuzendari karguan. Tartean, udaleko hirigintza zinegotzi ere izan nintzen Herri Batasunaren izenean.

Saltsa guztietako piper.

Bi karguren artean ibiltzeak lanean arazoak sortu zizkidan; herrian interes urbanistikoak zituen jendea eskolako guraso zen aldi berean, eta gatazkak sortzen ziren.

Horregatik erabaki zenuen aldatzea?

1991ko irailean, Plentziako Euskal Girotze Barnetegian leku bat zegoela ikusi nuen. Herrian baina herriko jendearekin egon gabe lan egiteak asko motibatzen ninduen, eta lan polita zirudien.

Nola sortu zen Euskal Girotze Barnetegien proiektua?

Agustin Mujika Takolo pailazoak aurkeztu zuen proiektua 1984an, Hezkuntza Sailean Euskara atala eta NOLEGA departamentua [Normalkuntzako Legearen Garapena] abiatzen ari zirela. 1985ean hasi zen lehen Euskal Girotze Barnetegia Euban.

Barnetegi bat Plentzian.

1990ean obrak egin behar zituztela eta, behin-behinekoz Plentziara ekarri zuten, eta bertan gelditu zen. Bi lanpostu zeuden, eta nik zuzendariarena hartu nuen. 2011tik aurrera, Plentziako Euskal Girotze Barnetegiaren egoitza Lemoizen [Bizkaia] dago.

Zer dute berezi barnetegiek?

Gaztelania nirea da, Gorliz nirea da, barnetegia nirea zen; baina, barnetegiari esker, euskara nire egin dut. Bizitza profesionala biribildu dut bertan. Gertutik bizi izan dut euskararen motibazioan izan den bilakaera. Barnetegiak hori ikusteko laborategi bat izan dira, askatasun handia izan dugu esperimentatzeko. Erabilera zentrotik kendu, eta motibazioa izan da barnetegien ardatza.

Nola egiten da hori?

Barnetegietan motibazioaren inguruan egiten dena euskararen historian pentsatuta egiten da. Horretarako, pertsonen sentimenduak eta taldearen dinamikak erabiltzen dira, harremanak estutzeko asmoz.

Zer aldatu da hasi zinenetik?

Euskara irakasle hasi nintzenean, helburua euskara erabiltzea eta horretarako presio egitea zen. Barnetegian, baina, nahiz eta euskaraz ez egin, sariak erabiltzen genituen motibatzeko. Ikaslearen hautua errespetatuz joan da.

Eredua hedatzea posible da?

Duela zenbait urte, NOLEGAk beste hizkuntza gutxitu batzuetako teknikoak ekarri zituen, euskararen egoera zein zen ikus zezaten. Eta aditu haiek zioten hemengo baliabideak inon ikusi gabeak zituztela. Baliabide horietako bat karaokea zen.

Zu al zinen karaokearen arduraduna?

Euskal musikarekin lotzen nau mundu guztiak, baina ni euskara irakaslea naiz. Ni barnetegian sartu aurretik ere, musika garrantzitsua zen; ekintza asko behar dira hamabi eguneko egonaldia betetzeko.

Baina zuk bazenuen abantaila bat: elektronika ikasia zinen.

Elektronika, gailu eta informatika kontuek beti txunditu naute. Eskolara lehen ordenagailuak iritsi zirenean, ikastaroetan izena ematen nuen, eta ordu asko sartzen nituen ordenagailuak desmuntatzen eta muntatzen. Aitortzen dut elektronikarako zaletasun horrek barnetegiari hainbat ekarpen egin zizkiola.

Nola eman zenuen Youtuberako saltoa?

Barnetegian, urtero, euskal abestien txostenak egiten genituen, eta DVD bat ematen genien ikasleei. Orduan, eurek proposatu zidaten DVDan ez zeuden karaokeak Youtubera igotzeko.

Nola gogoratzen dituzu hasiera haiek?

Bat-batean, jendearen esker onak jasotzen hasi nintzen, eta niretzat harrigarriena: asko Erasmusen zeuden ikasleak ziren. 2009an milioi bat bisitara iritsi nintzenean, sorpresa izan zen. Orain, ehun milioi ditut.

Gaur egun, oso ezagun egin dira youtuberrak. Zuk dirurik jaso duzu noizbait?

Igotzen duzun materiala zurea baldin bada, lor dezakezu dirua; baina, materiala nirea ez denez, ez dut kobratzen. Inoiz jaso nuen zerbait, baina ez naiz bizi Youtubetik; aspaldi ez dut jaso.

Lana, baina, gogor egingo zenuen hamar urte hauetan.

Oraintxe 2.500 karaoke ditut kanalean; bakoitza egiten batez beste lau ordu ematen baditut, 10.000 ordu dira, guztira. Hasieran lanerako egiten nuena afizio bihurtu zen.

Zergatik Txantxangorria?

Oraindik 18 urte ez nituela, Cine Boluetan [Bilbo] Fermin Valenciaren kontzertu bat ikustera joan nintzen, eta bertan Txantxangorria abestia entzun nuen lehen aldiz. Orduantxe lagun batek eta biok abestia transkribatu ere egin genuen. Geroztik, toki guztietan etengabe abesten nuen, eta, ondorioz, lagunek ezizen hori jarri zidaten.

Sabairik ba al du kanalak?

Erretiratu naizenetik, ekoizpena nabarmen jaitsi dut; gehienbat talde berrien abestiak igotzen ditut, ezagutzeko bide ona delako. Orain, baina, denbora librean gitarra ikasketak eta ingelesa berreskuratu nahi ditut.

BERRIAn argitaratua (2019/02/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA