kultura
BERTSO JARRIAK, FUNTZIO BILA
Miren Garate
Hain zuzen, funtzio informatibo nahiz ludiko garrantzitsua izan dute bertso jarriek historian. «Paperean transmititu zaizkigun bertsoak hartuz gero, gure historia guztia hor dago. Bertso horiei esker dakizkigu gauza asko», dio Eñaut Agirre ahozkotasunaren arloko ikertzaileak. Ez da Euskal Herriko kontua bakarrik, mundu guztian erabili izan baita ahozko poesia jakintza transmititzeko, bereziki paperik gabeko garaietan, eta hemen, bertsoak. Egunerokotasuna izaten zuten hizpide bertso horiek, eta, egunerokotasun horren barruan, era guztietako gertaerak: gerrako pasadizo gordinak, erlijioa, herritarren balentriak, apustuak... Lehenagotik ere egiten ziren arren, paperaren erabilera zabaldu zenean handitu zen bertso jarrien erabilera. Inprimitu eta saldu egiten ziren.
1936ko gerrak ekarri zuen etenaldia, eta, gerraostean bertso paperak saltzen jarraitzeko ahaleginen bat egon zen arren, ez zuten arrakastarik izan. Hala, aldizkari, liburu, disko, emanaldi eta bestelako euskarrietan jarraitu dute beren bidea egiten. Lehen bezainbeste zergatik ez diren zabaltzen galdetuta, Agirreren ustez badago kontuan hartu beharreko faktore bat: helburua, alegia, zertarako egiten diren bertso horiek, jendaurreko emanaldi baterako, lehiaketaren batera aurkezteko edo beste zerbaitetarako. «Akaso gehiago begiratu beharko genioke horri: nik zertarako egiten ditut, jende aurrean kantatzeko, alegia, jendeak belarriz entzuteko, ala etxean lasai irakurtzeko? Eta horren arabera egin testua».
Agirre doktoretza egiten ari da ahozko hizkeraren ezaugarriek bertsolarien bat-bateko jardunean duten eraginari buruz, eta azaldu du bertso jarriak ahozko poesiaren parametroetan egin izan direla. Esate baterako, bertsoa idatzita egon arren, ohikoa zen «eta orain jarri atentzioa nik esango dudanari» edo halako zerbait esatea, bertso horiek jendaurrean kantatuko zirela zuelako buruan bertsolariak, ez jendeak irakurri egingo zituela. «Testu bikainak egiten dira orain, baina paperean testu ona denak ez du beti balio jende aurrean kantatzeko».
Azaldu du gai baten inguruan pentsatzeko denbora hartuta eginiko bertso sortak direla bertso jarriak, eta, estilo aldetik edo hizkuntza aldetik, ahozko poesiaren parametroetan egin daitezkeela. Alabaina, zera gertatzen dela dio: «Txapelketa batean aurkeztuz gero jende aurrerako pentsatzen ari zaren bertsoak, akaso txapelketarik ez duzu irabaziko, baina jendaurrean arrakasta izan dezakezu. Horregatik esaten dut garrantzitsua dela bertsoak zertarako egiten diren kontuan hartzea».
Ekaitz Goikoetxea bertsolariak ere lehiaketara aurkezten diren bertsoen zabalkundean ikusten du «herrenik» handiena, sariak emateko ekitaldian geratu ohi direlako bertso horiek, edo, asko jota, liburuxka batean ateratzen direlako hainbat urtetan sarituak izan diren lanak. Lehiaketetara aurkeztutako sorten kopuruari eta kalitateari erreparatuz gero, ordea, uste du ez dagoela bertso jarrien gainbeheraz hitz egiterik —lehiaketetan saritua izateaz gain, epaile lanetan aritzea ere egokitu izan zaio—: «Urtero hamarren bat lehiaketa behintzat izaten dira, eta parte hartzea dozena batetik gorakoa izaten da gehienetan. Izan dira garai makurragoak. Bestetik, iruditzen zait aurkeztutako lanen maila ere oso ona izaten dela».
Potentzialtasunari eusten
Bat-bateko bertsoak bai, horiek inoiz baino errazago iristen dira jendearengana. Teknologia aurrerapenei esker, edozein herritan botatako bertso mordoa izaten du bertsozaleak eskura. «Kontsumo joera berrientzat oso parera datorrena da bat-batean bota eta bat-batean kontsumitze hori. Halere, bertso sorten arerioa ez da bat-bateko bertsoen zabalpen erraza, funtzio nabarmenik aurkitu ezina baizik», bota du Egañak.
Iraganean izandako funtzioen artean, beharbada, informatzaile zeregin horretan ikusten du gainbeherarik handiena Egañak: «Garai bateko funtzio informatibo hura galdua dute zeharo. Edo ez. Globaletik begiratzen dugulako galdu dute agian funtzio hori ere. Edozein herritan gertatzen dira bertsoak jartzeko moduko kontuak». Bertso jartzailea kale kantoian saltzen jarriko ez den arren, bertso horiak herritarrengana iristeko hainbat modu egon daitezkeela uste du: «Kantu jira herri askotan egiten da gaur egun, eta kantu jira izan daiteke herrian herrikoa zabaltzeko modu bat».
Izan ere, koska bat badago bertso sortak lehen baino gutxiago sozializatzen direla esatetik erabat gain behera doazela esatera. «Bertso jarriak gain behera doaz egiten ez direlako; bestela, ez zait iruditzen gain behera joateko arrazoirik dagoenik. Potentzialtasun handi-handia dutela iruditzen zait», esan du Agirrek. Eta bat egin du Goikoetxeak ere. Bertso jarriak suspertzeko bidea zein izan daitekeen ere aipatu du. «Iruditzen zait elkarlana osatu behar litzatekeela diziplina batean eta bestean gabiltzanon artean, indarrak areagotzeko. Ikaragarrizko potentzialtasuna dago hor». Bat-bateko saioetan ez bezala, bertso jarriekin egiten diren emanaldietan ia beti izaten da musika. «Musikak arnasa eta zentzua eman diezaioke hitzari: arnasa bertso jartzaileari, eta arnasa hausnarketa beharra duen publikoari ere. Musikarik ezean, pantailan lan egin eta gero, letra zopa handi bat bihur daiteke emanaldia. Hitz jokoa hitz jokoaren gainean, distira edonon, distirari distira kenduko diona...», azaldu du Egañak.
Idatzitako sortak musikatzeaz gain, dokumentaletarako, antzerkirako, unitate didaktikoak prestatzeko eta abar ere erabili izan ditu bertso jarriak Goikoetxeak. Bertso asko idatzitakoa eta sariketa asko irabazitakoa zen, baina, 22 urte zituenean, utzi egin zion bertsoak jartzeari. «Nolabaiteko agorraldi bat izan nuen, neure burua oso errepikatua sentitzen nuen». Hamahiru urteko etenaldiaren ostean, duela hiruzpalau urte hasi zen berriro bertsoak paperean jartzen eta lehiaketetara aurkezten, inguruan ikusten eta entzuten zituenak kanporatu beharrak bultzatuta. «Zorionez, aurkeztu ditudan guztiak izan dira sarituak, baina garbi neukan nire aldetik beste bide bat emango niela bertso horiei, euskarri egokiak lortuko nituela eta eskoletan eta hezkuntzan bertso idatzi horien gainean lanketa bat egingo nuela».
Euskara eta euskal literaturako irakaslea da Goikoetxea, eta gai sozial batzuk lantzeko baliatu izan ditu bertso jarriak, hala nola transexualitatea, suizidioa, bullying-a, immigrazioa eta beste hainbat. «Adibidez, ikusi nuen transexualitateari buruzko material gutxi zegoela, eta pentsatu nuen neuk sortzea bertsoen bidez. Bertsoa bera gozagai izateko bidea iruditzen zait hori, eta, aldi berean, bertsoa bera landu behar ditugun gaien bitartekoa izatekoa ere bai».
Guztiak bertsolari
Oso hurbiletik bizi izan dituen gaiei buruzko bertsoak egitea gustatzen zaio. «Lehen, gai orokorragoei idazten nien: maitasunari, berdintasunari... Ukigarriagoak behar ditut orain, ahal dela, norbaiti lagundu edo on egiteko helburuarekin». Bertsoak idazteari utzi zion garai berean, bat-bateko jarduna ere utzi zuen Goikoetxeak, eta horri ez dio berriz heldu. «Oso ondo aritzea gustatzen zitzaidan. Lanean hasten zarenean, ordea, beste egiteko batzuk ere izaten dituzu, eta ikusten nuen asko aritu behar zela txapelketetan edo plazan erantzuteko, eta, horrek eskatzen zuen beste denbora ez nuenez, erdizka ez ibiltzeko, uztea erabaki nuen». Bestelakoa da Egañaren kasua, biak uztartzen baititu. «Niri, bertsoak idazteak aukera ematen dit nahi dudan gaia jorratzeko; sorta bakoitzean estilo desberdin bat eta lengoaia diferente bat lantzeko...».
Bat-batean aritzeko trebeziarik edo gogorik ez dutenak bertsolaritzara erakartzeko funtzioa ere baitaukate bertso jarriek. Alde horretatik, zehaztapen bat egin du Agirrek. «Ez zait gustatzen derrigor bereizi beharra; uste dut denak direla bertsolariak, eta bakoitzak erabakitzen duela momentu bakoitzean zer egin nahi duen». Gogora ekarri du bertsolaria beti egon dela bertso jarriei lotuta; esaterako, Txirritak, Xenpelarrek eta plazaz plaza ibili izan diren garaian garaiko bertsolari onenek jarri izan dituzte bertso sortak; beste batzuek, berriz, idatzi bakarrik egin dituzte: «Pedro Mari Otañok idatzi bakarrik egin zituen, eztarriko arazoak zituelako. Hala ere, bertsolari moduan pasatu da historiara, halaxe zelako».