gizartea
Dena egitekoa zenekoa
Nora Arbelbide Lete
EUSKARA
«Ez genuen kalkulatzen, ez genuen dudatzen: euskara salbatu behar zen. Bihotzez ari ginen lanean, hori da dena», gogoratu zuen aurreneko ikastola hartako lehen gurasoetako batek, Jokin Etxebarriak, Seaska 40 urte euskararen alde (Elkar) liburuan. Maialen Garatek eta Xan Airek idatzia da. Euskara Seaskaren izatearen arrazoia da, hatsarretik.
ORDUKO GIROAK
Euskara «heriotza naturalez hiltzera utzia» zela diote garai hartako hainbat lekukok. Kolonizatuen sindromeek jana zen gizartea. Eta nor zegoen ikastola horietan? Zenbait aurreiritzi eta kritika zabaldu ziren, zurrumurru andana bat: «Errefuxiatu batzuk». «Espainolak». «Errepublikanoak, ETAkoak, Enbata zikinak». «Katiximarik ez, gainera, eskola horietan». «Komunistak». Baina parean bazen beste giro bat ere. Deskolonizazioaren aldeko haizea ere bazebilen. Baserri mundura ere iritsia, Larzaceko borroka horren lekuko -desobedientzia zibila eta indarkeriarik eza aktiboaren mugimendu handi bat izan zen, Okzitanian-. Beste bide batzuen aldeko gogoetak ari ziren garatzen. Kooperatiben sorkuntza ere garai hartakoa da. 68ko maiatzak emandako giroa hor zegoen. Ororen buru, nahi bat: «Euskal jendea bere hizkuntzaz eta bere kulturaz berriz jabetzen lagundu behar da; bere baitan konfiantza berriz hartzen, bere eskubideak berriz aldarrikatzen... Ez da errekako ur lasterraren kontra joatea, baizik eta erreka bere jatorriko ohantzera bideratzea, bertatik baztertua izana baitzen». Garatek hala laburtu zuen 40. urtemugako liburuan.
PEDAGOGIA
Euskaraz gain, pedagogia du bigarren zangoa Seaskak. Bata bestea gabe maingu gelditzen dela, hori ere aski argi gelditu zen hasieratik. Dena egitekoa zela, hasian-hasi, zerbait berritzailea egiteko baliatu nahi zuten.
Eredu ziren Hego Euskal Herriko ikastoletan ere pedagogia aitzindari bat plantan jartzen ari zirela, Frantziako Estatuan Hezkuntza Berria deitzen den horrek gero eta jende gehiago erakartzen zuen. Celestin eta Elise Freinet eta orduko beste pedagogo batzuen liburuak irakurriak ziren, baita beste andana batenak ere. «Jules Ferryren III. Errepublikako irakasleek ezarri ohidurak inarrosi» beharrak zirela laburbiltzen du Garatek Seaskari buruzko lanean.
Haurra ahal bezain «aske» izatea zen ideia, Gexan Alfarok dioenez. 1974an sartu zen Seaskan, haurra ikastolan sartzearekin batera: «Euskarazko irakaskuntza zen puntutik, haurrari eman behar zitzaion euskaldun nortasuna. Haurraren izatea, nortasuna errespetatu behar zen. Behar zen hazi eta hezi». Zer ote euskaldun nortasuna? «Hori finkatzen zen hizkuntzan, baita ideien irekitasunean ere, talde lanaren inportantzian, elkarrekilako biziaren inportantzian». Seaskaren funtzionamenduan ere gurasoak eragile zuzen izan ziren hasieratik; pedagogia taldeetan, irakasleen ondoan. Eta horrek ere badu garrantzia. «Herriaren baitatik» sortu mugimendu batetik jalgi zela nabarmendu du Alfarok: «Ez ministerioak gainetik beheiti inposatua. Hor bazen askatasun hori».
ESKOLA GALESAK ADIBIDE
Ama eskolan euskara baldin bada ere mintzo bakarra, Lehen Mailaren sortzeko unea heltzean hizkuntzen oreka trenkatu beharra izan zuten. Hizkuntza nola irakatsi funtsezko galderetako bat izan zuten hasieratik. Auzoetara joan ziren eredu bila, eta 1961ean Galesen egin ikerketa izan zuten oinarrietako bat. Bi eredu ikertu zituzten: batean, ingelesei galesa irakasten zitzaien, pixkanaka gehituz; bestean, galesei galesez egiten zitzaien, ingelesa pixkanaka gehituz. Gales haurrak elebidunak bilakatzen ziren; ingelesak, ez. Horrek baieztatu zien oinarrizko ikasketarako hizkuntza euskara izan behar zela, eta horren aldeko hautua egin zuten. Frantses orduak emeki sartzea erabaki zuten. Bi irakasle beharrezkoak zirela ere ikusi zuten, nahasmena saihesteko.
ALDAKETEN MIRAILA
Gizartea aldatu ahala, ikasle kopuruak handitu ahala, nola egokitu? Nola segitu beste hezkuntza mota horrekin? Zalantza eta kezka anitz sortu dituzte galdera horiek. Adibide bat ematearren: nola egin hezkuntza behar bereziak dituzten haurrekin? Aurkitu erantzunen artean, Integrazio Batzordea dago, 1999an sortua. Bada euskararen bilakaera hor ere. Jeanine Urrutik irakasle gisa bizi izan du. 1976an hasi zen irakasle, eta erretreta berriki hartua du. «Euskaldunok gai izan gara borrokatzeko molde biziki seriosean ikastolen lortzeko, gure euskalduntasunaren aldarrikatzeko. Lortu ditugu gauza batzuk, eta orain ez gara lortu dugunaren heinean». Kanpo tenorean haurrak frantsesez entzun ditu usu. «Ez gara ikasgelan», ihardesten zioten. Ohartarazi du egoera «larria» dela. Halere, azken urteotan aldaketak sumatu ditu zentzu onean; euskaldunak jabetzen ikusi ditu gizarte mailako arazoa dela, Euskaraldiarekin eta.
HERRI ESKOLA
Ikastola herri eskola, hasieratik zuen lelo hori Seaskak. Egun oraino ez da gauzatu, baina beti egon da hor. Jean-Louis Maitia Seaskako presidentea zenak honela esplikatu zuen 1982an, Frantziako telebistarentzat mintzo zela: «Ez dugu eskola pribatu bat izan nahi. Euskal eskola publikoa izatea nahi dugu».
FINANTZAKETA
Laster agertu zen diru beharra. Urrutik gogoan ditu «hilabete sari berantak», udako langabezia garaiak. Orain erretretan nabaritzen ditu, nahiz eta argi utzi nahi duen ez dela kexatzekoa. Finantzaketa Seaskaren betiko sugea izan da. Hasieratik, gurasoek sakelatik atera behar izan dute sosa. Beti ibili behar izan dute dirua biltzen. 1983an heldu ziren lehen diru laguntza publikoak. Oraino ari dira etengabeko negoziazioetan arlo horretan.
ETENGABEKO BORROKA
Lehen mobilizazio handia 1977an egin zuten: Donapaleuko ikastolaren (Nafarroa Beherea) irekitzeko debekua salatzeko, 3.500 lagun batu zituzten manifestazio batean. Antolatzaileak ere harritu ziren kopuruarekin. Ez zen azken protesta izanen, ordea. Manifestaldiak, okupazioak eta mobilizazioak ikastolen errealitate dira gaur egun ere.
EZTABAIDA ETENGABEAK
Hatsarretik ezaugarri izan dira eztabaidak ere. Belaunaldiz belaunaldi, zenbat bilkura, zenbat desadostasun, zenbat tentsio. Belaunaldi bakoitzean izan dira sua pizteko gisako eztabaidak, baina beti zutik irauten jakin du egiturak. Hasierako haietan, sakon hautematen zen ikastolak hesteko arriskua; orain, joana da.