gizartea
ZUZTARTUTA, ETA LORATUTA
Arantxa Iraola
Loretan dago Seaska, baina ez da samurra izan horra heltzeko bidea. Batetik, aurreiritzi asko apurtu behar izan dituzte. 1960ko hamarraldiaren azken arnasan, askoren begietan bitxikeria bat zirudien haurrak azpiratutako hizkuntzan hezi nahi zituzten aita-ama haien nahiak. «Ikastolak izan ziren euskara erdian jartzen zuten lehenetariko egitura: hori garai hartan ez zen ulertzen. Izan ere, hainbat hamarkadatan haurrak zigortu egin zituzten frantses eskoletan euskaraz mintzatzeagatik: horiek horrela, guraso asko lotsarazi egin zituzten euskaldun izateagatik». Hortik errezeloak. «Ez zen ulertzen inportantziarik ez zuen hizkuntza hori bat-batean erdian jartzea. Eta ulertzen zutenek askotan ulertzen zuten kontrako iritzi batekin». Baina aurki hasi zen gora egitura berria. «Arrakasta erabatekoa izan zuen». 1969an hasi zuten bidea, bost umerekin: «Baiona-Miarritze eta Arrangoitzen aritu ziren, toki egokia ezin atzemanik». Aurki, emendatzea: «1978rako, 400 ikasle zituen».
Beste mota bateko eragozpenak hasi ziren orduan: administrazioak ipinitakoak zentralismo erabatekotik. «Lehen Hezkuntza ireki zenean, Frantziak bere artilleria guztia atera zuen, eta debekuekin hasi ziren...». Eta susmo ilunak hauspotzeko baliatu zuten abagunea. «Garai hartako prefet batek esan zuen, adibidez, frantses txarrekin ezin zela euskaldun onik egin... Egin ziren adierazpenak, era berean, erranez frantsesa zela Frantziako hizkuntza bakarra eta ikastoletan basatien pedagogia bat egiten zela». Ordutik zer gertatu da? Nola ulertu ikastolek izan duten hazkundea? Gaur egun gizartean irabazi duten ospea?
Mugarri askok zedarritutako bidea dela uste du Gorostiagak: 1992ko ekaina du, esaterako, gogoan. «Lehen aldiz Seaskako ikasle talde batek baxoa gainditzea oso garrantzitsua izan zen. Izan ere, lehenago gurasoak beldurtu egiten ziren sarri: ama ikastolara eramaten zituzten haurrak, baina, gero, ja Lehen Hezkuntzan, beldurtu egiten ziren: 'Zer gertatuko da nire seme edo alabarekin euskaraz ikasten badu?'. Baina garai haiek pasatu ziren, gaur egun ja ikasleen ehuneko ehuna pasatzen da ama eskolatik Lehen Hezkuntzara». Bigarren hezkuntzarako hautua ere gehienek egiten dute, eta emaitza oso onak lortzen dituzte. Harrera on horretaz jabetuta, «ikastola berriak irekitzeko politikari» irmo eutsi diote urteotan. Arrakastatsu. Ikasle oso gutxirekin zabaldu dituzte usu, baina aurki bete dituzte. «Esan izan digute: 'Erotuta zaudete... Nola ireki dezakezue ikastola bat bi ikaslerekin?'. Baina eskaintza ematen den ber, eskaera handitu egiten da», azaldu du Gorostiagak. «Eskaintza hurbiltzeak erraztu egin du, gainera, jendearen erabakia. Herrian bertan baduzularik ikastola bat, jendeak barneratua du haurra euskalduna izatea nahi badu ezinbestekoa dela ikastolan izatea... Beraz, gaur egun arrakasta hori argi eta garbi ari da handitzen. Azken urteotan, haur kopurua jaisten ari da, eta gu ari gara hazten; merkatuaz ariko bagina, erran ahalko genuke ari garela merkatu parteak irabazten». Hazkundea, batez ere, Lapurdin da agerikoa. Ezin bestela. «Kontuan hartu behar dugu Ipar Euskal Herriko populazioaren %80 Lapurdin bizi dela; Lapurdin, eta, gainera, kostaldean». Baina datu baikorrak edonon dira: «Zuberoan, esaterako, eskola guztiak hartzen baditugu, pribatuak eta publikoak, eskolarik handiena ikastola da, Sohütako ikastola».
Seaskako familien soslaia ere zabaltzen ari da. «Garai batean familia euskaldunak ziren, batez ere, eta frantses familia gutxi. Egun, aldiz, behar dugu inkesta bat egin, baina ikastola gehienetatik datorren inpresioa da, tokian tokiko berezitasunak aparte, gehiengo bat frantsesez hitz egiten duten familietatik heldu dela. Hori nola esplikatzen da? Garai batean lotsarazi zituzten aitatxi-amatxi haiek ez zieten transmititu euskara beren haurrei, eta orain haietako hainbatek sentitu dute nolabaiteko falta bat...». Mirentxu Ibargaraik ia bi hamarkada daramatza Seaskan irakasle, eta argi ikusi du berak ere: guraso askoren artean «eskasa» atzeman du. «Euskara ez ikastearen eskasa dute hainbatek. Eta nahi dute beren haurrek euskara ikastea». Ikastolan. «Frogatuta dago ikastola dela euskara ongi ikasten den tokia; gutxienez, besteetan baino hobeto ikasten da». Seaskako presidente Paxkal Indori nabarmengarria iruditzen zaio gizartean pertzepzio hori egotea: «Bai politikoki eta bai gizartean irabazi ditugu hainbat bataila; hori erratea inportantea da. 50 urteotako lanak aski ondorio onak izan ditu».
«Naturalki», ikastolara
Eboluzio horren ondorioz, kanpotik Euskal Herrira bizitzera heldutako hainbat familia ere «naturalki» ikastolarako urratsa egiten ikusten dituzte maiz orain. Gorostiagak esan du, gainera, Seaskan nor direla sentitzen dutela gurasoek, eta erakargarria dela hori askorentzat. «Egun, gurasoen gehiengoak ikusten du haurrak eskolan uzten dituztela zineman utziko balituzte bezala: kontsumitzeko gauza baten gisan. Eta guk oraindik ulertzen dugu hezkuntzarako gune bat dela ikastola, eta, hezkuntzarako gune bat den unetik, gurasoek ere zeresana badutela...». Beharrak bultzatuta, lehen lerroan egon behar dute, gainera, Seaskako gurasoek: dirua biltzeko ahaleginetan usu. Guraso askorentzat, Seaskarako sarbidea izan da ikastolek hezkuntzako premia bereziak dituzten haurrekin egiten duten lana ere. Soslai horretako ikasleek «etengabe» gora egin dute.
Ezin uka, zailtasunak ere ekarri ditu ikasle erdaldunen etorrerak. Ibargaraik sarri ikusten ditu horiek bere eguneroko jardunean. «Orain ikastoletan sartzen diren familia berriek, haur ttipiek, etxetik ez dute euskara jaso: frantsesez mintzo dira, proportzio gero eta handiagoan». Azken urteotan, ikasle kopurua handitu ahala, areagotu egin da hori. «Ikusi dut alimaleko diferentzia horretan. Orain, Haur Hezkuntzako gela batzuetan ez da benetako murgiltzerik; hogei haur inguru dira, eta bat edo bi dira euskaraz dakitenak. Hori da gure zailtasun handia gaur egun: euskara ikasi egin behar dute, eta bakarrik bi helduk [irakaslea eta laguntzailea] gelan euskaraz hitz eginez... Kasik karikatura bat da hori, baina erakusten du egoera». Berria Seaskan. «Garai batean, gehiengoa euskalduna zen; etortzen zelarik familia bat erdalduna, haurra sartzen zen gelan, eta handik hiru hilabetera euskara ikasia zuen». Zailagoa da gaur egun. «Zenbaitetan, 5-6 urte dituzte haurrek, eta ez dakite oraindik ongi euskaraz: hor dugu garai honetan Seaskan gure korapilo nagusia, eta beste ereduetan ere bai; elebidunetan, bistan da».
Seaska egituratzearekin batera, urteotan euskararen presentzia handitu egin da gainerako sareetan ere -publikoan eta katolikoan-; bada eredu elebiduna, eta, haur txikienentzat, badira murgiltze bidezko esperientziak. Hein handian, ikastolen arrakastak eta horiek apurtutako aurreiritziek ekarri dute aldaketa hori. Eta erretratu berri bat ekarri dute, gero eta euskaldunagoa. Ama eskoletan, ikasleen %21 murgiltze ereduan ari dira egun; %25,5 elebidunean. Lehen Hezkuntzan, murgiltzean ari dira %9; elebidunean %27. Gorostiagak aitortu du beste sareen ekarpena, baina uste du ikastolek ezinbesteko tokia betetzen dutela: argi du, adibidez, gainerako zentroak murgiltzean egiten ari diren esperientziak ez direla osoak. «Gainera, 6 urterekin, irakurtzen hasten diren adinean, elebidun izatera pasatu beharko dute... Izan ere, Frantziarentzat dogma bat da ikasleek lehenik frantsesez ikasi behar dutela irakurtzen». Bat dator Indo: koska handia dago oraindik proiektu horien eta Seaskaren artean. «Gure proposamenean, bakarrak gara», azaldu du: «Finean, euskaran osoki errotua den eskola ikastola da Iparraldean». Eta datuek erakusten dute hautu horren aldeko «gosea»: agerikoa. Inkesta Soziolinguistikoan -2016. urtekoa da azkena- galdetu zitzaienen %20k adierazi zuten murgiltze eredua nahi luketela beren umeentzat; 1996an %7 ziren. Hautu elebiduna egiten dutenak ere igo egin dira hamar urteotan: %34tik %41era.
Egokitu beharra
Ez dute «nostalgietan» bizi nahi, uste dute emendatzeak aukera eder bat dakarrela, eta haur erdaldunak hezteko erarik egokienaren bila ari dira orain Seaskan. Ibargarai: «Helburua da lehen urteetan indar guztia ematea hizkuntzaren ikaste horri. Horretarako metodo berriak eta tresna berriak saiatzen ditugu, eta irakasle batzuk trebatzen ari dira ahalik eta eraginkorrena izateko euskara ikasteko prozesu hori». Aparteko ahalegina egin behar dute haur horien gurasoekin ere, haiek ahalegin horretara erakartzea ezinbestekoa baita. «Badira hamar bat urte familia berriei, harrera egiten diegunean, biziki argi esaten diegula euskara ez badute etxetik jasotzen ikastola ez dela aski izango euskara ongi ikasteko... Horretarako, biziki-biziki errepikatzen diegu guraso horiei izan behar dutela benetako proiektu bat, eta familian gogoetatu behar dutela gero ikastolatik kanpo ere hainbat tokitan, hainbat jardueratan eta, haurrek euskaraz jarduteko era izan behar dutela. Batzuek oso ongi ulertzen dute: haur horiek askoz ere azkarrago ikasten dute». Indok argi du eboluzio horrek ezinbestean heldu behar zuela. «Gure garapen planaren ondorioa da: argi. Euskaldundu behar dira erdaldunak herri bat euskalduntzeko». Euskaraz ariko den mundu oso bat eskaini behar zaie horretarako, eta uste du aintzat hartzekoa dela Seaskak horretan ere egiten duen ekarpena. «Eta hori ontsa da, baina ez da hori gure egitekoa: baizik eta eskolatzea». Eta harago daude beste hainbat aldagai esanguratsu, errealitate soziolinguistikoaren baldintzagarri. Politika oso bat beharrezkoa da.
Beste kezka bat ere badute: Seaskako ikasleek, behin ikastolako jarduna bukatuta, euskaraz ikasten jarraitzeko aukera oso gutxi dituzte. Aspaldiko aldarria dute Hegoaldeko unibertsitateetarako eta goi mailako eskoletarako sarbidea erraztea. «Trabak» handiak dira egun. Gorostiagari ezinbestekoa iruditzen zaio horiek kentzea. Eta, hain justu, onartu du, hainbat dei etsiren ostean, azken hilabeteotan Hegoaldeko hainbat eragilek -Eusko Jaurlaritzak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta MU Mondragon Unibertsitateak- elkarrizketarako jarrera ona erakutsi dutela. «Aterabideak» ebaztea espero du orain. Bidea osatzen jarraitzeko. «Familiek 18 urtez egin dute sekulako lana beren haurrek euskaraz ikasteko, eta, gero, bat-batean, ikasleak joango dira frantses hezkuntzara? Ez da logikoa. Potentzial handi batek segi dezake euskaraz ikasten». Jomuga bat dute: «Helburua litzateke hamar urteren bueltan bi ikasletik batek jarraitzea bere ikasketak euskaraz». Badira xede gehiago: baxoa eta brebeta -bigarren hezkuntza amaierako etsaminak- euskaraz osoki egin ahal izateko aldarria ere, esaterako, aspaldikoa da, eta usu errepikatu behar dute oraino. Lanbide heziketan ere ari dira -bi ikasketa mota eskaintzen dituzte-, eta indartu egin nahi dute.
Parisera begira
Baliabideak beharko dituzte. Eta eskas izan dituzte gehienetan. Aurten ere, ikasturtea protesta artean hasi zuten, aski irakasle postu ez zutela eta. Indok onartu du egun sostengua badutela Ipar Euskal Herrian egituratutako erakundeen partetik -EEP, Euskal Hirigune Elkargoa eta departamendua-. «Ulertu behar da Seaskak sekulako eragin soziala eta politikoa ukan duela 50 urteotan. Dudarik gabe, babes instituzionala bada, eta zor zaion babesa da hori». Parisen ikusten ditu oztopoak: «Egun dugun etsaia Parisen dago». Gobernuan. «Hain jakobinoak dira!». Beti izan da traba ikuskera hori. Askatasuna, berdintasuna eta senidetasuna. Indok maiz pentsatzen du Frantziak usu hanpatuta nabarmentzen dituen printzipioen gainean. «Harrigarria da berdintasun hori nola ulertzen duten Parisen. Hain kolonialistak dira kulturalki non errazki pentsatzen ahal duten frantses kultura euskal kultura baino gehiago dela, eta, nolabait ere, badirela azpikultura batzuk». Horren muineko paradoxa biluzi beharra ikusten du: «Azpikultura bat dela pentsatzen bada, orduan pentsa daiteke badirela azpijende batzuk ere, eta hor berdintasuna suntsitzen da».