bizigiro
Munstro oroja(ki)lea
Izaro Zinkunegi Barandiaran
Munduko sare sozialik handienak hamabost urte bete ditu. 2.300 milioi erabiltzaile aktibo baino gehiago ditu, 2018ko datuen arabera; hots, munduko biztanleriaren ia heren batek erabiltzen du. Enpresak berak esan duenez, 2019ko azken lauhilekoan 15.000 milioi euro inguruko sarrerak izan ditu; iaztik, %30eko igoera izan du, beraz. Zenbaki erraldoiekin ospatu du urtebetetzea Facebookek; baina datuen salerosketak eta pribatutasun arazoek zipriztindu dute urteurrena.
Sarean bizi da Facebook, Internet da haren habitat naturala; baina gizartean ere badu eraginik. Horregatik, hainbat aldaketa bultzatu ditu urteotan, hala nola pribatutasunean, harremanetan eta informatzeko moduan. Itziar Garcia Mondragon Unibertsitateko doktoregai eta konpetentzia digitalen inguruko ikertzailearen iritziz, jendeak bizitza publikoagoa izatea eragin du: «Gure bizitzaren atal batzuk edo gehienak publikoagoak izatera eraman gaitu; lehen, ez genuen esaten etengabe norekin geunden, non eta abar».
Bat dator Maite Goñi Mondragon Unibertsitateko irakaslea ere: «Lehen, pribatutasunak izugarrizko balioa zuen; gaur egun aldatu egin da, eta gazteengan oso nabarmena da hori». Konpetentzia digitala du aztergai Goñik ere; horren barruan, identitate digitala eta sare sozialak ikertzen ditu. Eta Mark Zuckerberg asmatzailearen aurreikuspen gaitasuna azpimarratu du: «Duela hamabost urte pentsatzea jendea ariko zela bere gauzak kontatzen, arazoak, pozak... Azpimarratzekoa da». Izan ere, AEBetako Harvard Unibertsitateko ikasleen sare sozial modura sortu zen Facebook.
Bizitza publikoagoa izatea irudiaren indarrarekin lotuta dago, Maialen Garmendia EHUko soziologia irakaslearen iritziz: «Irudiak berebiziko garrantzia du egun; geure burua ezagutarazteko joera asko hedatu da: gure irudia, usteak... Sare sozialek aukera paregabea eskaini diete norbanako arruntei». Bat dator Garcia ere, eta harago doa: «Pertsonen irudiaren kontzeptua ere aldatu da. Horrela uler dezakegu egun Tinderrek eta halakoek duten indarra: harreman sozialak eta pertsonak, haragi puska edota irudi huts baten gisa ikusten dugulako; profilaren atzean sentimenduak dituen pertsona bat egongo ez balitz bezala».
Irudiak indarra hartzeaz gain, jendearen arteko harremanak ere aldatu dira, Goñiren aburuz: «Jendeak harremanak izateko modua aldatu da; lagun hitzak beste zentzu bat du gaur egun. Lehen, laguna izateak beste inplikazio batzuk zituen». Garciaren aburuz, lagun taldeetan ere izan du ondoriorik: «Aurretik ere bagenuen beste sare sozial garrantzitsu bat: kuadrilla. Banaezina dirudien kuadrilla eredutik eredu ugari eta malguetara salto egitea ahalbidetu digu. Badirudi Facebook aurreko harreman sareez ahaztu garela».
Albistetik espektakulura
Denak ez daude ados, ordea; Luistxo Fernandez CodeSyntax enpresako proiektu arduraduna da, eta bestelako iritzia du: «Ez dut uste jendea urrundu duenik zuzeneko harremanetan; ez dago ezberdintasunik sare sozialaren eta kalearen artean; gaur egun gauza bera da». Ados dago Garmendia ere: «Gazteek eta nerabeek aurrez aurreko harremanak lehenesten dituzte sarekoen gainetik». Areago, erabiltzaileen ardura da harremanak zaintzea: «Badugu nolabaiteko joera teknologiari leporatzeko hainbat kontu, baina erantzukizuna gurea da. Teknologia tresna bat da, eta guk baliatzen dugu nahi dugun moduan».
Eztabaidak eztabaida, jendeari ahotsa emateko tresna bat ere bilakatu da Zuckerbergen asmakizuna, Goñiren arabera: «Lehen, jakintza alor batean aditua zenak, boterea zuenak edo komunikabide tradizionalek zuten ahotsa. Hori Facebook etorri zenean aldatu zen». Norbanakoen ahotsari ez ezik, albistegiei ere ireki dizkie ateak sare sozialak: «Albisteetara heltzeko beste aukera batzuk zabaldu ditu. Lehen, komunikabide tradizionalek erabakitzen zuten zer irakurriko genuen eta zer ez. Orain, sare sozialek aukera ematen dute hainbat hedabideren gauzak toki bakar batean irakurtzeko». Haatik, uste du informazio uholdeak desinformazioa ere eragin duela, baita gezurrezko albisteak ere.
Fernandez ere ados dago; hark gehitu duenez, erreakzioa gailendu da informazioaren ondoan: «Albisteak, memeak eta suminak zabaltzeko tresna bihurtu da Facebook. Albistea gehiago zabaltzen da erreakzio bat jasotzen badu. Informazioa baino gehiago, informazio espektakulua zabaltzeko toki bihurtu da».
Facebookek eragin handia izan du gizartean, munstro bat bilakatzeraino, Fernandezen ustez: «Munstro erraldoi bat da; munduko jardun sozial, politiko eta komunikatiboaren parte handi bat kontrolatzen du». Internet du lan eremu CodeSyntaxekoak, eta sare sozialetako erabiltzailea ere bada; besteak beste, Facebookekoa: «Nahiko garaiz hasi nintzen erabiltzen, duela hamabi bat urte edo, oraindik izen emate irekia ez zegoen garaian. Enpresa bidezko posta elektroniko bidez eman behar zenuen izena». Bizitzako zantzu batzuk emateko erabiltzen zuela esan du: «Norberaren bizipenak gordetzeko modu bat iruditu zitzaidan, argazkiak eta iruzkinak igotzeko aukera zeukanez». Orain, erabiltzeari utzi dio, «asperdurak» eraginda.
Datuak, kezka iturri
Goñik erabiltzen du sare soziala, baina bestelako erabilera bat ematen dio: Gaurko Hitza webguneko argitalpenak zabaltzeko erabiltzen du, Twitterrekin, Instagramekin eta Mastodonekin batera. «Nik ez dut egin erabilera oso pribatua, ez zait asko gustatzen gauza pertsonalak eta gogoeta sakonak sare sozialetan publikatzea». Eta, erabiltzen badu ere, aitortu du ez duela oso gogoko: «Sare sozialetatik gutxien gustatzen zaidana da, nola erabilera aldetik hala atzean dagoen filosofiagatik».
Fernandezek eta Goñik modu ezberdinean erabili dute 2004an jaiotako sare soziala. Horiek adibide soilik diren arren, erabilera ugari ditu egun Facebookek, Garciaren aburuz. Koldo Diaz Bizkarguenaga ikertzailearen 2016ko ikerketa bat ekarri du gogora; haren arabera, komunikatzeko, ibilbide politikoa garatzeko, atzerriko informazioa jaso eta bertakoa emateko eta kontu pertsonaletarako erabiltzen dute Euskal Herrian. Garmendiaren ustez, berriz, harremanetarako erabiltzen du jendeak nagusiki, baita besteen berri jakiteko ere: «Besteek zer egiten duten edo zertan dabiltzan jakiteko: kuxkuxeatzeko, alegia».
Milioika profil, erabiltzeko modu ugari eta beste horrenbeste aldaketa utzi ditu Facebookek hamabost urteotan. Eta, horiek kezka iturri bihurtu dira sarritan, baita azken urteotako albisteak ere -erabiltzaileen datuak saltzea leporatu diote Facebooki-. Fernandezek nabarmendu duenez, erabiltzaileen profil digitala eraikitzen du sare sozialak: «Egunero zer ibilbide egiten dugun, zer klikatzen dugun, zer bilatzen dugun... Informazio horrekin sortzen dute gure profil komertzial, ideologiko eta politikoa». Bat datoz gainerakoak ere, eta uste dute erabiltzaileak askotan ez direla jabetzen horretaz. Azaldu dute profil digital hori publizitaterako baliatzen dutela, baita propaganda politikorako ere. Horregatik, Garciak eta Fernandezek argi dute: «Erabiltzailea produktu bihurtu da».
Oro har, sare sozialetako aritu eta adituek erabiltzaile gehientsuenak ikusten dituzte babesgabe. Alta, Garmendiak haur eta nerabeekiko kezka agertu du -hamahiru urte daramatza haur eta nerabeen Interneteko erabilera aztertzen-: «Profil publikoen maiztasunik handiena 9-10 urteko haurren artean dago, eta hori arrisku iturri bat izan daiteke». Bestalde, elkar kontrolatzeko erabiltzen dutela ere adierazi du; besteak beste, gazteen arteko bikote harremanetan.
Kezka eta arrisku horiek kontuan izanik, heziketaren garrantzia nabarmendu dute nola batzuek hala besteek. Horretan dabil Huheziko KoLaborategia, eta bertako kidea da Garcia: «Gure eskoletan pribatutasuna eta segurtasuna zer diren erakutsi behar diegu haur, gazte, irakasle eta gurasoei». Hezkuntza digitala aldarrikatzen du Goñik ere: «Teknologiak ematen dituen aukerei etekinak ateratzen jakin beharko genuke, eta, aldi berean, alderdi negatibo horiei aurre egiten».
Urtebetetze kandelak itzali berritan, Facebook zahartzen ari dela esan du zenbait adituk, eta lauzpabost urteko bizitza geratzen zaiola. Beste sare sozial batzuetan ei daude egun gazteak, Instagramen eta Snapchaten, kasurako. Baina Fernandezek gogoratu duenez, Instagram Facebookena da; are gehiago, Whatsapp, Facebook eta Instragram bateratzeko bidean dira. Kezka azaldu du Goñik ere: «Datu horiek gurutzatuta, profila askoz ere zehatzagoa izango da». Hori dela eta, Garcia beste aplikazio batzuk erabiltzearen aldekoa da: Mastodon, Wire eta Signal, esaterako. «Guk sortzen dugu gure sareko komunitatea; hori gero eta irekiagoa eta etikoagoa bada eta pribatutasuna errespetatzen duten aplikazioekin egiten badugu, gure bizitzarako onuragarriagoa izango da».