astekaria 2019/02/15
arrowItzuli

gizartea

Eraikinak 30 euroan

Garikoitz Goikoetxea

Eraikinak 30 euroan

Pribilegio batez, Espainiako legeak emandako pribilegio batez baliatu da Eliza katolikoa ehunka ondasun erregistratzeko. 1946ko lege batek eman dio abantaila, Hipoteka Legeak. Jadanik ez dago indarrean, 2015ean aldatu baitzuten, baina aldaketa egiterako ehunka ondasun bere izenean jarri zituen Elizak. Oraingoz hala segituko dute, aldaketarik ezean.

ZER DA IMMATRIKULAZIOA?

Finka bat (lursaila, eraikina...) Jabetzaren Erregistroan lehenbiziko aldiz erregistratzea da immatrikulatzea. Ondasunari buruzko orria egiten dute erregistroan, eta kode bat ematen diote (matrikula). Jabea nor den zehazten dute agiri horretan, eta nola erregistratu duen finka hori. Nolabait ere, finka immatrikulatzen duenak haren jabe itxura hartzen du. Hori egin du Elizak. Ondorioa argia da: finka hori Elizarena ez dela dioenak frogatu egin beharko du. Bestela, haren izenean jarraituko du.

ZER ABANTAILA DU ELIZAK?

Ondasunak erregistratzeko frogetan egon da diferentzia. Herritarrek frogak eman behar dizkiote notarioari edo epaileari ondasun bat beren izenean jartzeko. Elizak, ez: nahikoa izan du gotzainak bere buruari ziurtagiri bat egitea. Salbuespeneko bidea da: soilik erakunde publikoek daukate aukera hori. Finean, administrazioaren pare egon da Eliza esparru horretan. Diru kostu handirik gabe egin ditu erregistroak, tramitazioko tasa bakarrik pagatuta. 30 euro azpitik immatrikulatu ditu oso balio handia duten eraikinak.

ZER MUGA ZEUZKAN?

1946koa da Hipoteka Legea, eta muga bat zuen Elizarentzat: gurtzarako tokiak ezin zituen erregistratu. Alegia, soilik lursailak, etxebizitzak eta horrelakoak immatrikula zitzakeen, baina ez elizak eta ermitak. Hego Euskal Herrian, ordea, elizen jabe itxura hartzeko trikimailu bat erabili zuten gotzainek, BERRIAk egiaztatu zuenez: ezin zituztenez gurtza tokiak immatrikulatu, eraikin horiek dauden orubeak erregistratu zituzten. Gipuzkoan, adibidez, 1980ko hamarkadan orube ugari jarri zituen bere izenean Jose Maria Setien gotzain zenak, zehaztuz orube horietan zer zegoen eraikia.

ZER EGIN ZUEN AZNARREK?

1998an Hipoteka Legea moldatu zuen Espainiak, Jose Maria Aznar gobernuko presidente zela: gurtza tokiak erregistratzeko aukera eman zion Elizari, 1946ko legean zeukan muga bakarra kenduta. Hortik aurrera, horrenbestez, elizak eta ermitak ere beren izenean ipini ahal izan zituzten gotzainek, eurek sinatutako ziurtagiri bat horretarako nahikoa froga zela.

ETA RAJOYK?

Hipoteka Legea 2015ean aldatu zuten, eta urteetako pribilegioa kendu zioten Elizari. Mariano Rajoy zen gobernuko presidentea. Ahalegindu zen aldaketa urtebetez atzeratzen, Elizari beste urtebeteko tartea uzten, baina atzera egin zuen azkenean. Duela lau urtetik, beraz, ondasunak immatrikulatzeko, gainerako herritarren baldintza berberak bete behar ditu Elizak.

ORAIN ARTEKOAK, ZER?

Atea itxi ziotenerako ehunka ondasun immatrikulatu zituen Elizak. 2015eko lege aldaketa «amnistia» izan zen horientzat, immatrikulazioen aurkako elkarteek salatu zutenez. Izan ere, talde horien esperantza zen 1946ko Hipoteka Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramatea, eta hark konstituzioaren aurkakotzat jotzea, Elizari pribilegioa ematen ziolako. Horrek aukera irekiko luke ondasun horien jabetza kentzeko. Legea aldatuta, itxita dago atea.

ZER AUKERA DAGO ORAIN?

Nafarroako herri batzuk saiatu dira epaitegietan ondasun horien jabetza eskuratzen, baina saio antzuak izan dira gehienak. Europara jotzeko asmoa agertua dute elkarteek. Immatrikulazioen aurkako sententzia batzuk emanak ditu Estrasburgok. Frogak dira zailtasuna: inork gutxik ditu eraikinen jabetza erakusteko agiriak.

BERRIAn argitaratua (2019/02/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA