bizigiro
Webgune berria du 'Alea'-k
Urtzi Urkizu
Aritz Martinez de Luna Alea-ko zuzendariak nabarmendu duenez, atari berriak antolatuago erakusten du informazioa, eta informazioaren lagungarri diren gainerako materialak ere eskuragarriago dituzte hartzaileek: irudi galeriak, bideoak, audioak eta abar. «Webgune berriak Araba osoko aktualitateari buruz ahalik eta modu bizkorrenean informatzea izango du helburu», iragarri du Martinez de Lunak. Alea aldizkariak astero argitaratzen dituen edukiak ere jasoko ditu webguneak, «modu erakargarrian». Aleakideen txokoa ere izango du webguneak: zozketak, opariak eta bestelako abantailak jasoko dituzte bertan Aleakideek.
Nabigazio menuak sinplifikatu dituztela nabarmendu du Alea-ko zuzendariak. «Argazkiak eta bestelako ikus-entzunezko edukiak ikusarazteko teknologia hobetu egin da, halaber. Webgunea estetikoki erakargarriagoa izan dadin saiatu gara».
Astekariko kazetarientzat edukiak kudeatzeko sistema hobetu dutela gaineratu du Martinez de Lunak: «Webgunearen egitura malguagoa izan zedin saiatu gara: une berezietan edukiak nabarmendu ahal izatea, azken ordukoak argitaratu ahal izatea, atal bereziak sortzea, gai jakin batzuei buruzko azpiwebguneak sortzea...».
Sakelakoei garrantzia emateak badu bere arrazoia: 2016an, bisiten %40 iristen zitzaizkien sakelakoetatik; eta gaur egun, %65. «Teknologia aldaketak kontsumo ohiturak aldatzea eragin du: bisita iraupena laburragoa izaten da, eta orrialde batera sartu-irtena egitea ohikoagoa da. Webgune barruan nabigatzeko ohitura galdu egin da».
Irratian, 'Alea FM'
Proiektuak lau urteko bidea egin baldin badu ere, Martinez de Lunak aitortu du oraindik badirela Alea ezagutzen ez duten herritarrak. «Prentsa euskaraz irakurtzeko ohitura ez duten irakurleak gurera erakartzen asmatu behar dugu, ezinbestean. Kalitatezko produktuak eskaintzen baditugu, interesa erakartzen badugu eta herritarren artean erreferentzialtasuna lortzen badugu, ziur gaude etorkizunean hazten jarraitzeko aukera izango dugula».
Paperezko aldizkariaz eta Interneteko eskaintzaz gain, Alea FM izeneko irratsaioa egiten dute hedabideko kazetarien eta kolaboratzaileen artean. Radio Vitoriak asteartetan ematen du, 17:00etatik 18:00etara —euskarazko saio bakarra da—, eta Hala Bedin asteazkenetan entzun daiteke, 21:00etatik 22:00etara.