astekaria 2019/02/08
arrowItzuli

kultura

Objektuaren inbasioa

Andoni Imaz

Objektuaren inbasioa

Objektuek osatzen dute mundu propioa. Askotariko lanek ate bat zabaltzen diote surrealismoari, nazioartean sona lortu duen artista baten unibertso kontzeptualari. Emakumeak, hatzak, ileak, liburuak, kuboak. Ametsezko paisaia bete bat, objektuz betea, ametsarekin akabatzera eraman nahi gaituena. «Hona hemen, kontatzen dizuet, misterio bat: ez dugu lo egingo guztiok, baina guztiok izango gara eraldatuak, une jakin batean, begi kliska batean». Carmen Calvok (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1950) 1990. urtean sortu zituen izenik gabeko margolan batzuetakoa da esaldi hori. Orain, Donostiara iritsi da haren lana, Ametsa akabatzea (1969-2019) erakusketarekin.

Donostiako Kursaaleko Kubo aretoak hartu du lan sorta. Alfonso de la Torre komisarioak egindako mende erdiko atzera begirakoa da, eta 60 lan baino gehiago biltzen ditu. Margolanak, argazki manipulatuak, eskulturak, collageak eta moldatutako liburuak. Objektua da protagonista, euskarria dena dela ere. Objektuaren beraren agerpenak eragiten du artistaren obra osoarekiko ikuspuntua aldatzea.

«Nire lana ez da hain erraza ikusteko», aitortu zuen Calvok erakusketaren aurkezpenean, atzo. Espainiako Arte Plastikoen saria eman zioten 2013an. Margolaritzat du bere burua; izan ere, «margotzeko modu asko daude, eta objektuekin ere margotu daiteke». Artistaren lana ikustearen zailtasunaren inguruan, Calvok badu bere ustea: «Objektua ez dago ondo ikusia». «Berria» dela esan zuen, eta berria denak denbora behar izaten duela egonkortzeko.

«Objektuak beti du esanahia, definizioa». Horregatik, sekula ez da ausazkoa. Abiapuntua beti da proiektua, ideia, ametsa. Horren atzetik etortzen da gauzatzea: «Objektuak ez nau inbaditzen; neuk inbaditzen dut objektua». Argi dauka abiapuntua begiratzetik, irakurtzetik eta entzutetik datorrela: «Esaldiak irakurtzetik ateratzen ditut, eta objektuak, begiratzetik». Ikusleengandik espero duena da «inor ez geratzea axolagabe». Gustatu ala ez, hori beste kontu bat da. «Guztiak du bere publikoa».

Kutxaren Kubo aretorako prestatutako ibilbidea artistaren amak egindako «iragarpen» batekin abiatzen da: «La pintura te volverá loca» (Pinturak erotuko zaitu). De la Torre komisarioak ukatu egin zuen Calvo eroa dela, baina azaldu zuen erotu zuela haren patua betetzeak: «Artista ezin da ulertu nahasmendurik gabe». Aspaldiko ezagunak dira artista eta komisarioa, eta zenbait proiektu egin izan dituzte elkarrekin. De la Torrek aitortu zuen Calvok adinako «zorroztasuna eta seriotasuna» duten artista gutxi ezagutu izan dituela. Izan ere, Artearen Historia goitik behera ezagutzen du artistak, eta komisarioak uste du erakusketa hortik interpretatu behar dela.

Artistaren hainbat etapa erakusten ditu bildumak. Ez dago kronologikoki antolatuta, afinitate joko baten bidez baizik; bisitariaren esku dago zein ordenatan ikusi. Piezak kokatzeko modu horrek elkarren ondoan jartzen ditu hainbat garaitako lanak, edo hainbat teknikarekin egindakoak. Nahasketa horietan, igartzen dira Calvoren ibilbidean presentzia berezia duten kontzeptuak: collagea, esku hartzea, gehikuntza; baita gaiak ere: emakumea, esku eta hatzak, ilea.

Hastapenetan egindako Caza (Ehiza) lana dago sarreratik gertuen, eta ordena kronologikoa ere abiatuko luke, 18 urte zituela margotu baitzuen koadroa. «Ez zegokion gorputz batean» marraztutako ehiztariak eskopetari eusten dio esku batean, eta garaikurrari bestean: iletik helduta dauka emakume baten enbor menbru gabea. De la Torreren ustean, lan horrek biltzen ditu artistaren ibilbide osoko ideiarik garrantzitsuenak. Hor daude emakumea, ilea, indarra eta heriotza.

Objektuen atzean

Ideiari eta objektua kokatzeari eman nahi izan zion Calvok garrantzia erakusketaren aurkezpenean, baina aipatzekoak dira erabiltzen dituen prozedurak eta aukeratzen dituen materialak ere. 70eko hamarkadan, esaterako, buztina erabili zuen sarri, arkeologiak pizten zion interesagatik akaso; 90eko hamarkadaren amaieratik aurrera, aurkitutako objektuak erabiltzen hasi zen, objektu bat aukeratzea bera ekintza sortzailetzat jotzen duen ideia surrealistari tiraka. Argazkiak ere egiten ditu, eta haiei leku egin die goialdean dagoen zatian, eta kautxuan egindako konposizioek hartzen dituzte pareta batzuk. Recopilaciones (Bildumak) eta Paisajes (Paisaiak) lanak funtsezkoak izan ziren artista nazioarteko aitortza jasotzen hasi zenean. 1980an New Yorkeko The Solomon R. Guggenheim Museumen egin zen New Images from Spain erakusketa historikoan erakutsi zituen.

Aipatzekoa da erakusketaren erdigunea hartzen duen Una conversación (Elkarrizketa bat) lan ikusgarria: 4x4x4 metroko kubo handi bat, barrura begiratzeko zirrikitu batekin. Kuboaren barnean, ispilu bat pareta bakoitzean, eta, gainean jarrita, ehunka objektu, elkarrizketan. Veneziako 47. Bienalean aurkeztu zuen lana. «Harrigarria da lan hori erakusteko egindako ahalegin fisikoa», De la Torreren hitzetan.

Andre Bretonek eta Paul Eluardek sortutako Dictionnaire abrégé du surréalisme (Surrealismoaren hiztegi laburtua) lanari keinu bat eginda, Carmen Calvo hiztegi baterako liburua osatu du komisarioak, artistari proposatutako 80 hitzekin. «Hiztegia zentrala da artean», eta hitzen bidez ere ezagut daitezke artista inguratzen duten objektuak.

BERRIAn argitaratua (2019/02/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA