astekaria 2019/02/08
arrowItzuli

kirola

GPS on baten zehaztasunez

Ainara Arratibel Gascon

GPS on baten zehaztasunez

Super Amara Bera Beraren iparrorratza da denboraldi honetan Silvia Arderius erdikoa (Madril, 1990). Erasoan, batez ere, hark ezartzen du Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldearen norabidea pistan, eta zehaztasunez egiten ari da: GPS batek errepidean edo mendian egin ohi duen moduan. Bigarren denboraldia du taldean, eta «gozatzen» ari dela dio. Hitz egitean ere nabari zaio, irribarrea baitu ezpainetan une oro. Hala izan nahi du igandean ere, EHF kopako partidan, Craiovaren kontra, Errumanian. Bihar Nykobingek Podravkaren kontra galduz gero Kroazian, sari potoloa izango dute jokoan bi taldeek: final-laurdenetarako sailkatzea.

Bera Beraren historian beste mugarri bat litzateke sailkatzea, sekula ez baita horren urruti ailegatu Europako txapelketa batean. «Azken jardunaldira aukerekin ailegatzea lorpen handia da. Aurkarien jokoa kontuan hartuta, ez nuen halakorik espero. Baina gai izan gara haiekin nor baino nor gehiago lehiatzeko, eta ilusio handiz gaude».

Arderius baikor dago, eta uste du Podravkak Nykobingi irabaz diezaiokeela: «Nykobing, berez, talde hobea eta indartsuagoa da; guretzat, behintzat, aurkari gogorragoa izan da. Baina Podravkak lehen postua izango du jokoan, eta, gure aurka galdu eta gero, sentipen hobeekin amaitu nahiko du ligaxka. Gainera, lehen itzulian irabazi egin zion».

Lehia horretan pasatzen dena pasatuta ere, helburu argi batekin doaz Errumaniara: «Etxetik kanpo partida bat irabazi nahi dugu. Sailkapenetik harago, hori da geratzen zaigun erronka nagusia Europan». Taldea «sasoi betean» ikusten du horretarako: «Hasieran, beldur pixka bat ematen zigun astean hiru partida jokatzeak: bidaiak, nekea... Zama handia izan zitekeen. Baina alderantziz gertatu da, eta uste dut mesede egin digula. Taldea denboraldiko boladarik onenean dago». Horren zergatia ere azaldu du: «Europako partidek asko eskatzen dizute. Eraso eta defentsa bakoitzean zeure onena eman behar duzu, eta asteburuetan halako intentsitatearekin jokatu beharrak Ligan ere hala aritzea dakar».

Lehen itzuliko partidan, Bera Berak 32-21 irabazi zion Craiovari. Artalekun jokatu zen partida, eta gipuzkoarrek erakustaldia eman zuten: «Oso partida ona jokatu genuen, eta nik uste dut ezustean harrapatu genituela. Ez zuten espero gu hain ondo aritzea». Jakitun daude Artalekun egindako jokoak izan behar duela bidea: «Craiovak oso jokalari garaiak ditu. Haien geldikako defentsa oso gogorra da. Partida oso fisikoa egiten ahaleginduko dira. Beraz, gakoa kontraerasoan bizi jokatzea izango da. Horretarako, dena den, lehenbizi oso defentsa gogorra egin behar dugu». Dena den, ohartarazi du igandeko partidak ez duela zerikusirik izango Irunen jokatu zutenarekin: «Haiek etxean jokatuko dute, eta Europan hori erabakigarria izaten da. Haien pabiloian presioa handia da, eta epaileak ez dira hain zorrotzak izaten etxeko taldearekin».

Baina, beren ohiko jokoa egiteko zailtasunak badituzte, igandean erakutsi zuten badituztela bestelako aukera batzuk. «5-1eko defentsa aurreratu batekin jokatzeko agindu zigun Imanolek, eta oso ondo funtzionatu zuen. Aurkariek ez zuten espero halakorik». Partida aurretik, entrenatzaileak berak aitortu zuen ez zuela uste hain ondo funtzionatuko zuenik. Baina konbentzitu egin zituen. «Beldur pixka bat zuen, aurretik oso gutxitan erabili baikenuen. Gainera, egin genuen apurretan ez zuen ondo funtzionatu. Ligako partidetan izan zen, gainera. Baina azaldu zigun aurkaria ezustean harrapatzeko modu bat izan zitekeela, eta ziur zegoela ondo egingo genuela».

Defentsa mota horrek hobeto funtziona dezake Europan ligan baino, Arderiusen arabera: «Oso aproposa da jokalari garaiak eta fisikoki indartsuak zaintzeko, nahiz eta ausart izatera behartzen zaituen. Uste osoa izan behar duzu taldekideak bere parekoa ondo zainduko duela, apenas dagoelako laguntzeko aukera».

Jokatzeko era alde batera utzita, «ausart eta konplexurik gabe» helduko diote lehiari. «Ligaxka guztian bezala lehiatu behar dugu. Partida guztietan izan gara horretarako gai. Ez gara aurkariak baino gutxiago izan. Taldeak aurrerapauso bat eman du Europan denboraldi honetan». Horrek konfiantza eman die: «Aurreko sasoian, adibidez, Europara ikastera eta gozatzera joan ginen. Orain, ordea, sinetsita gaude Europan oso ondo ari gaitezkeela, eta aurkariak estu har ditzakegula. Podravkaren aurkako lehen partida galdu egin genuen ez genuelako sinetsi irabaz genezakeela. Pena izan zen».

Erdibideko erronkak

Aurrera eginez gero, taldea gai ikusten du bai Ligan eta bai Espainiako Kopan ondo lehiatzen segitzeko: «Nahikoa talde zabala dugu hiru txapelketetan aritzeko. Alde horretatik, klubak apustu handia egin du, eta eskertzekoa da». Kanporatuak izanez gero, berriz, funtsezkoa iruditzen zaio egun duten intentsitate fisikoari eta mentalari eustea: «Bestela, arriskua dugu behera egiteko eta arreta apur bat galtzeko. Funtsezkoa izango da motibazioa ondo kudeatzea, eta Imanol horretarako ari da lanean». Nola lortu hori, baina? «Helburu nagusi batzuk ditugu: liga eta Kopa irabaztea. Baina, hortik harago, erdibideko beste erronka batzuk jarri ditugu. Adibidez, Ligan gol gutxien jaso duen taldea izatea».

Intentsitate aldetik, bera bete- betean dago. «Oso pozik nago egiten ari naizen jokoarekin. Lehen lerroko jokalari gehienek bigarren denboraldia dugu elkarrekin, eta eskertzen dut». Gainera, oso gustura dago Imanol Alvarezekin: «Oso atsegin dut nola ulertzen duen eskubaloia, eta nola transmititzen digun. Gauzak oso argi azaltzen ditu».

BERRIAn argitaratua (2019/02/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA