iritzia
Lapurreta
Garazi Arrula Ruiz
Eta pertzepzio bataren eta bestearen arteko 60 urteetan, ikus-entzunezkoak. Zenbat dira II. Mundu Gerrari buruzko film estatubatuarrak. Zenbatetan ageri dira soldadu ohiak ikus-entzunezko amerikanoetan, gaia eta abagunea zernahi delarik ere. Hollywood baten jabe izatea paregabea da epika birsortzeko, nola norbere historia mundura zabaltzeko. Hori ez da deus berria: hamaika aldiz egin dugu amets euskaldunok Braveheart bat izatearekin (edo Brave bat, besterik ezean).
Diaspora hain boteretsurik ez dugunez, besteak beste, etxean eta etxekoentzat jarduten gara, horretan jarri ditugu denbora, eskuak eta bihotza. Herri honetan, komunikabide independenteak lanean ari dira ukaturiko hori argitaratzeko, kultura politikoa sendotzeko, narratiba erresistenteei ahotsa emateko; horretaz jakitun dira baita Garzon eta enparauak ere. «Kontatzen ez bada, ez da», zioen Gara-ren kanpainetako batek. Ez dute nahi izan dadin. Jarraitutasun ideologikoa Espainiako justiziarena baita, frankismotik beretik.
Ez gaitzatela engaina: lapurreta ez da hiru milioikoa; narratibak dira lapurtu nahi dizkigutenak. Hemendik 60 urtera gogora ez dezagun zer izan zen. Ez dute (oraindik) ikasi: elkartasuna ureztatzen laguntzen digute egunero, izaten segitzea hautatzen.