iritzia
Bazekiten eta badakigu
Pilar Kaltzada
Hitz batzuek oihartzuna egiten dute barruan, beste batzuek baino gehiago, auskalo zergatik. Agian norberak bere erresonantzia-kutxa daramalako soinean, askotan ohartzen ez bagara ere. Esandako hitz horietan artean «bazekiten» horrek durundi egin dit niri barruan, jazotako gordinkerien berri zehatza ematen duten beste hitzek baino sakonago. Bilboko Salestarren eskolan urteetan gertatu diren abusuen berri bazekitela eskolan, baina estaltzea erabaki zutela.
Guztira hamalau gizonek aurkeztu dute orain salaketa, eta denek bat egiten dute esatean susmoa baino zerbait gehiago zela hori eskolaren barruan. Hots, bazekitela zer gertatzen ari zen, baina beste aldera begiratzea erabaki zuela jazarpen horiek behin eta berriro gertatzen ziren bitartean. Argitara atera dute orain, urteetan nork bere golkorako eraman eta gero. Zirrikitu bat ireki dute, zeinetik argia sartzea espero duten, gela ilunak argiztatzeko ordua iritsi delako. Ez nago seguru.
40 urtetik gora du egunkari honetan bertan bere testigantza azaldu duen salatzaileetako batek. Kasua orain ezagutu da, baina ez da berria eta ezagutu ditugun xehetasunek, berriro, oihartzun egiten dute. Haurrak jipoitzea, kolpatzea, iraintzea edo mespretxatzea hezkuntza-metodologia egokitzat hartzen zen garaiko kontuak dira. Letra odolaren bidez sartuko zela esaten zen, diziplina matrailekoen bidez barneratzen omen zela, edo paretari begira belauniko jarrita, ikaskideen aurrean barregarri geratzeko. Heldua da orain horretaz hitz egiten duen gizona, baina koadernoa ahaztu egin zuelako bere 42 ikaskideen aurrean 54 masaileko jaso zuen umea ikusten dut nik bere kontakizunean.
Minak ez du iraungipen-datarik; mina ez da desagertzen, denborak berez ez du ezer konpontzen. Min hori mozorrotu egiten da, lotsa eta beldurra bihurtzen da, makurtu egiten da memoriaren izkina ilunetan, eta onenean, hortxe geratuko da puska luze batez, uzkurtuta, halako baten, agian beste norbaiten hitzek itzartu egiten dutelako, berriro agertuko den arte.
Orduan bazekiten, eta orain badakigu. Eta zer egingo dugu orain dakigun guztiarekin? Galdera horixe dabilkit jira-biran azken bolada honetan. Ezagutu ditugun kasu ia guztietan antzekoa da egindako bidea. Biktimek urteak behar izan dituzte isiltasunaren gelatik irten ahal izateko, haurrak baino ez zirela ukatzen zitzaien sinesgarritasuna aldarrikatzeko moduan egon diren arte, eta bide hori bakarka egin dute. Gaur egun biolentzia hori pairatzen duten haur eta nerabeek ere lau hamarkada itxaron beharko dute sinesgarri izateko? Eta denbora hori guztia bakarka egin behar izango dute?
Bilboko salestarren eskolan, Donostiako Alde Zaharreko aisialdiko taldean, Uribe Kostako eskautetan edota Montserrat, Boston edo Irlandako elizpeko edozein ikastetxetan zer jazo zen bazekiten, eta ez zuten ezer egin. Gure artean, auzoan edo etxeetan orain ere gertatzen ari dela badakigu. Zer egiteko prest gaude?