astekaria 2019/02/08
arrowItzuli

bizigiro

Urak ez dezala memoria ito

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Urak ez dezala memoria ito

Azua, Garaio, Larrintzar, Marieta, Mendixur, Mendizabal, Langara Ganboa, Orenin eta Zuhatzu Ganboa (Araba) herriak osorik desagertu ziren, 1957. urtean. Urizar ere urpean gelditu zen. Uribarri Ganboa eta Landa herrien zati handi bat behin betiko galdu zen. Hamabi herri irentsi zituen Uribarri Ganboako urtegiak. 250 familiak bizi izan zuten desjabetze prozesua: etxeak eta lurrak galdu zituzten. Euskal Herrian badira kasu berdintsuak. 2003an, Itoizko urtegia (Nafarroa) eraikitzearekin batera, zazpi herri eraitsi zituzten hondeamakinek. Urak memoria ito zuen.

Herritar batzuen ekimenez, Uribarri Ganboaren eraikuntzan etxea galdu zutenak omentzeko batzorde bat sortzea proposatu zuten urtarrilean, Arabako Batzar Nagusietan. EH Bilduk eraman zuen mozioa hara. Hala, Arabako Batzar Nagusietako kideek ez ezik, Gasteizko, Barrundiako, Burguko eta Arratzua-Ubarrundiko udalek ere hartuko dute parte. Izan ere, egun, haien parte dira garai batean desagertu ziren administrazio kontzejuak. «Desjabetze prozesua traumatikoa izan zen; beraz, gogoratu nahi dugu nola gauzatu zen gertaera hura», esan du Kike Fernandez de Pinedo Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaileak. Horretarako, aitortza ekitaldi batez gain, batzordean proposatu dute oroigarri bat eta informazio panelak jartzea urtegiaren inguruan.

Manuel Uribetxebarria ingeniari bilbotarra dago azpiegituraren atzean. Hark izan zuen bi haranak batzeko ideia. Ganboa haranean urtegi bat eta Legution beste bat egitea proposatu zuen, galeria baten bidez konektatuta. Hala, Zadorra ibaiko urak aprobetxatu zituen, energia hidroelektrikoa sortzeko.

Uribarri Ganboa herrian desagertu ez zen zatia, eta izen berbera duen urtegia. /Jaizki Fontaneda, Foku


Txus Bilbao historialaria da, eta haren arbasoen jatorrizko etxea urpean gelditu zen. Aitona-amonak etxez aldatu behar izan ziren, zortzi seme-alabekin batera. Urtegiaren 50. urteurrenean, liburu bat idatzi zuen: Berrogeita Hamar Urtera. Lan horren helburua zen desjabetze prozesua bizi izan zuten herritarrei omenaldi bat egitea.

«Etxekoek asko sufritu dute urtegiarekin; Uribetxebarria deabrua zen haientzat», esan du Bilbaok. Gaineratu du, ordea, ikerketaren ostean konturatu zela gizon hark etorkizuna aurreikusi zuela: izan ere, egun Bilbo Handia eta Gasteiz urez asetzen ditu urtegiak. Azkenean, 36ko Gerran, ingeniariak ihes egin behar izan zuen, eta haren proiektua Bizkaiko Labe Garaien esku gelditu zen. Horrek Zadorrako Urak eta Jauziak barne enpresa eratu zuen; hain zuzen ere, 1947. urtean obrak egiteari ekin zion berbera. 11 urte geroago inauguratu zuten urtegia, eta bertan izan zen Francisco Franco diktadorea ere.

Eraikuntza lanen bitartean, herritarrak ez ziren egoeraren jakitun. «Hasieran uste zuten obra ez zela egingo, baina ikusi besterik ez dago zer gertatu zen», azaldu du Patro Martinezek. Familia osoarekin batera, ibai ondoan zuten etxea utzi behar izan zuen, eta herriaren gainaldean zegoen beste batera lekualdatu, Uribarri Ganboan. Ana Martinez du ahizpetako bat, eta hark azaldu du urtegiaren gaia txikitatik izan dutela inguruan: «Txikiak ginenean, esperoan egoten ginen, etxetik noiz aterako zain». Nekazariak ziren herritar gehienak Ganboa haranean, eta irabaziak ere handik ateratzen zituzten familia gehienek. Egun batetik bestera, ordea, etxea atzean utzi eta etxez eta herriz aldatu behar izan zuten biztanleek. «Nahi zutena egin zuten gurekin».

Bilbaoren arabera, «nahitaezko desjabetzea» egon zen oinarrian. Obrak 1947. urtean hasi arren, Arabako Kontseilu Ekonomiko eta Soziala ez zen egin 1954. urtera arte. Bertan, bi aukera jarri zituzten mahai gainean: herri bat sortzea edo desjabetzea. «Herritarrek bertan gelditu nahi zuten, urtegiaren inguruan etxeak eraikitzeko nahia zuten, baina baserriengatik ematen zieten kalte-ordaina oso txikia zen», azaldu du historialariak. Hori dela eta, ezin izan zuten ia ezer egin, eta desjabetuak izan ziren. Ana Martinezek momentu hura izan du gogoan: «Desjabetzea etorri arte etxean egon ginen; gero, ez genuen erremediorik izan, eta etxetik atera behar izan genuen».



Zadorra ibaia, urak osorik hartu zuen Azua herria. / Arabako Lurralde Historikoko Agiritegia

Patro Martinezek esan du herritarrek bilerak egiten zituztela urtegiak sortuko zituen ondorioei konponbide bat bilatzeko asmoz: «Urtegiaren aurkako bilera pila bat egiten ziren larunbatetan; herritarrak batzen ziren egoera konpontzeko, merezi zituzten kalte-ordainak ordaintzen ziren ikusteko». Hala eta guztiz ere, ez zen ezer konpondu, eta nahitaezko desjabetzea izan zen emaitza bakarra, 1957an. Herritar ugari etxean egon ziren urak etxeak ito zituen artean. «Gure aitak ez zuen etxetik atera nahi, bertan egon zen ura orkatiletaraino iritsi arte», azaldu du Ana Martinezek. Haren ahizpak gaineratu du gertaera hura «lotsagarria» izan zela, eta familia bakoitzak «ahal zuena» egin zuela.

«Lursail gehiago zituztenak errazago moldatzen ziren, baina gainontzekoak ez: batzuk Gasteizera joan ziren bizitzera; beste batzuk, Debarroa eskualdera», azaldu du Ana Martinezek. Ahizpek salatu dute lurrengatik emandako diru kantitatea ere «txikia» zela: metro karratuko bi pezeta -hots, 0,01 euro-. Haien familiak herrian etxe bat erostea lortu zuen; aurretik laborariak baziren ere, ostatu bat zabaltzea erabaki zuten.

Memoria galdu gabe

Herritarrek jarri dute lehen harria memoriari eusteko. Haiek galdu zituzten arbasoen etxeak, lurrak, bizipenak. Instituzioak bidelagun dituzte proiektu horretan. Urak desagerrarazi zuena azaleratzeko nahia dute, gertatu zena azaltzekoa.

Bilbaok beharrezkotzat jo du herritar horien ekinaldia; haren ustez, garrantzitsua da memoria ez galtzea. Gainera, esan du orain arte inork ez diela eskerrik eman etxea galdu zuten herritar horiei guztiei, Uribarri Ganboako herriak izan ezik. «Egun, urtegiko ura ari gara edaten, baina ur hori zenbait herritarren oinazetik irteten dela jakin beharra dago», nabarmendu du historialariak.

Kaltetutako herritarrak, Uribarri Ganboa urtegiaren inaugurazioan, 1958. urtean. / Arabako Lurralde Historikoko Agiritegia

Martinez ahizpek ere memoriari eusteko nahia dute. «Herritarrok gaizki pasatu genuen, bizierak aldatu ziren; mantendu egin behar da memoria, zer gertatu zen kontatu», azaldu du Patro Martinezek. Gaineratu du, ordea, garai hartako lekuko asko jada hilik daudela, eta «zailagoa» dela gertatukoa azaltzea. Haren ahizpak ere garai haiek gogoratzearen aldeko hautua egin du; halere, nabarmendu du gertatu zen guztia ondo gogoan duela, bere memorian gordeta.

BERRIAn argitaratua (2019/02/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA