astekaria 2019/02/08
arrowItzuli

iritzia

Kultura orokorrez

Jone Uria Albizuri

Kultura orokorrez Jone Uria Albizuri

Askotan jardun izan naiz pentsatzen kultura orokorraren inguruan. Ez dakit euskaraz hala esan behar litzatekeen, baina gazteleraz «culturilla general» esaten zaion horri buruz ari naiz. Alegia, ustez denok jakin behar genukeen minimo horretaz. Ingurukoak ez genekiela ohartuko balira lotsa sentiaraziko ligukeenaz. Elkarrizketagaia zerbaiten ingurukoa izan eta aportatzeko ezer ez badaukagu geure burua zigortzen dugunekoaz. Hanka sartuko dugun beldurrez orokortasun eta abstrakzio abusibo batekin gaia tratatzen dugunekoaz.

Baina nork erabakitzen du noiz lotsatu behar dugun? Non dago zerrenda bat ikasi beharreko gaiekin? Bistan da ez dagoela. Beste gauza askorekin gertatzen den bezala, honekin ere badago kodigo konpartitu ez idatzi bat, zeinak gauza batzuk jakin behar genituzkeela sentiarazten digun, eta beste batzuk ez jakitea zilegiztatzen. Gizartea nolakoa, kodigoa halakoa. Garenaren ispilu (edo izan nahi genukeenarena, ustez garenarena?).

Gaia zabala da oso, eta gaiaren inguruan kezka asko eta mota askotakoak izan daitezke. Baina nik badut bat, bereziki kezkatzen nauena: zientziak zein leku ote daukan guzti horretan. Jar zaitezte pentsatzen noiz lotsatu izan zareten gai zientifikoren baten gainean ezjakintasuna adierazterakoan. Izango dira kasuak, jakina. Baina ausartuko naiz esatera gutxiago direla beste gai batzuekin alderatuz (izan gaurkotasuna, artea, politika, geografia, historia...). Susmoa dut jendeak lasai samar adierazten duela, adibidez, matematikan beti izan dela txarra, eta ez duela fisikarik eman batxilergotik eta orduan ere ez zuela ulertu zer zen Ohm-en legea. Edo ordenagailuekin manejatzen dela, «ba hori, oinarrizkorako», baina ez eskatzeko zerbait terminaletik instalatzeko, hori inoiz ez duela egiten jakin izan. Edo badakiela zer den taula periodikoa. Gogoratzen dela atomoez, elektroiez eta... «nola ziren besteak?». Baina Bohr-en ereduaz ezetz, «hori ez genuen eskolan ikasten, ezta?».

Ez dakit nik ere esaten zein izan daitezkeen horren atzean dauden arrazoiak. Baina susmoa dut bat behintzat badela zientziak orokorrean daukan prestigio berezi hori. Zientziari ezartzen zaizkion adjektiboak ez dira nola halakoak: unibertsala, objektiboa, orokorra, zehatza, logikoa, arrazoitua... Batzuetan iruditzen zait hainbeste puztu zaiola aura hori, ezen zientzia gutxi batzuena den gaitzat hartzen dugun. Zientziaren alor bati buruz hitz egiteko, aritu izatearekin nahikoa ez eta aditu izan beharko bagina bezala. Edo -zale izan gabe -lari izan beharko bagenu bezala. Beste alor batzuekin ez da hala gertatzen, onerako eta txarrerako. Ez naiz eztabaidatzen hasiko nork izan beharko lukeen zilegitasuna honi edo hari buruz hau edo hura esateko. Baina nik nahiko nuke gehiago eztabaidatuko balitz zientziaz, interes handiagoa balego berarekiko, saiakera gehiago egingo balira ulertzeko, presenteago balego gure elkarrizketetan eta gure gauzak adierazteko moduetan. Nahiko nuke hanka sartzeko beldurra txikiagoa balitz; baita beldur horretatik babesteko maiz adierazten den axolagabekeria ere. Sinistu nahi dudalako axolagabekeria horren atzean beldurra dagoela; eta ez jakin-minik eza, besterik gabe.

Eta horretara natorkizue, zientziaz batzuetan eta zientzia aitzakiatzat hartuta besteetan, aditu naizenaz eta ez naizenaz hitz egitera. Zaletik batzuetan, eta -laritik besteetan. Hanka sartzeko beldurrez, eta, beraz, horretarako baimena aldez aurretik eskatuz. Ea denok konpartitzen dugun balizko kultura orokor horren barruan, zientziari daukan bolumena zentimetro kubiko batzuk zabaltzeko gai naizen. Beti izan naiz optimista samarra eta... barkatuko didazue atrebentzia.

BERRIAn argitaratua (2019/02/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA