mundua
BLANCA EEKHOUT
«Venezuelan gerra bat sortu nahi dute inbasio bat justifikatzeko»
Kristina Berasain Tristan
Zer ari da gertatzen Venezuelan?
Gerra eskema inperialistaren arabera ari dira eraso egiten Venezuelari. Gure gobernua kriminalizatzeko eta belzteko kanpaina baten aurrean gaude, huts egin duen estatu baten irudia emateko, estatu gaizkile batena, diktadura batena, kaosarena, eta, horretarako, halako prokonsul edo erregeorde bat izendatu dute, inongo legitimitaterik gabe. Bakea urratzeko ahalegin bat egiten ari dira, gerra zibil baterako baldintzak sortuz. Venezuelan gerra bat sortu nahi dute inbasio bat justifikatzeko. Estatu kolpe honen asmoa gerra zibila piztea da.
Oposizioarekin lerratu dira hainbat estatu.
AEBek zuzendu dute estatu kolpea eta harekin aliatu diren herrialdeak, lekaioak dira, lapurreta plan inperialista babesten dutenak, legitimoa eta demokratikoa den gobernu baten izen ona zikinduz.
Madurok elkarrizketarako deia egin du etengabe, baina badirudi nazioarteak ez duela bide hori babesten.
Nahi dena estatu kolpe bat ematea denean, negoziazioa ez da bidea. Gerraren eta indarkeriaren doktrina aurrera eramateko ezin da elkarrizketa sustatu. Elkarrizketa ez da estrategia horretan sartzen.
Madurok, berriz, presidentetzarako bozak egiteari uko egin dio. Oposiziora lerratu direnentzat, baina, hori da bidea.
Inolaz ere ezin dugu onartu xantaia hori. Inperialisten xantaia hori onartzea gure esparru juridikoa haustea litzateke, gure presidentearen zilegitasunik eza onartzea. Gure gobernua demokratikoa, zilegia eta subiranoa da. Hauteskunde demokratikoak, askeak eta gardenak egiten genituen. Santo Domingoko elkarrizketetan zehaztu zen epea, oposizioak orduan ere eskatu zuelako bozak aurreratzea. Hauteskundeena fartsa da, inoiz ez dituztelako emaitzak onartu. Ez dituzte joko arauak onartu, helburua gerra delako.
Zergatik egin dute huts orain arteko elkarrizketa ahaleginek?
Guk akordio guztiak errespetatu genituen Santo Domingon. Hauteskundeen agenda bera akordio horren ondorio izan zen, eta, zoritxarrez, oposizioak azken unean hautsi zuen negoziazioa, sinatu ostean, inperialismoaren presioagatik. AEBek eskuineko oposizioari presio egin zioten eta, esan beharra daukagu, hemen ez dagoela oposizio bakar bat. AEBek zuzendu eta finantzatutako oposizioa da arduragabekeria osoz jokatzen ari dena. Politika eta demokrazia bideak ez dira betetzen, gringoek agenda gerra bat sortu nahi dutelako petrolioa eskuratzeko, eta, horretarako, gure proiektua akabatu behar dute, hogei urtez martxan daraman proiektu bat, herri libre bat eta kontinentearen batasuna sustatzen duena, eta hori mehatxu bat da interes inperialistentzat. Latinoamerika egoera prekario batean eduki nahi dute, eta interes horiek ez dira elkarrizketarekin eta demokraziarekin bateragarriak. Venezuelako eskuin oligarkikoa da hori.
Asanblea Nazionala desmen egoeran izendatu zuen gobernuak. Horrek kritika ugari eragin ditu demokrazia urratu delakoan.
Madurok 2015eko bozak onartu zituen oposizioak irabazi zituenean. Kontua da oposizioak irregulartasunak egin zituela Amazonian. Botoak erosi zituzten. Gorenak ebatzi zuen ordezkari horiek ezin zirela diputatu izan emaitzen berrikuspena egin bitartean, eta epaileen erabakia aintzat hartu gabe, errespetu faltaz, diputatu horiek onartu zituzten. Gorenaren ordenari muzin egin zion Asanbleak. AEBen kanpainari ekin zion orduan, sei hilabeteko epean presidentearen mandatua baliogabetzeko eta plebiszitu bat egiteko. AEBen agenda zen. Donald Trumpena.
Batzar Konstituziogilea onartu zenuten orduan, legebiltzar paralelo bat...
Batzar Konstituziogilea eratu genuen kalean piztu zen indarkeriari aurre egiteko. Asanblea Nazionalak indarkeria sustatzeari ekin zion, eta sei hilabetez erasoak etengabeak izan ziren, azpiegitura publikoei eraso zieten, eta pertsonak erre. Atzerritik finantzatutako ekintzak ziren eta inperialismoaren aparatu mediatikoaren babesarekin eraman ziren aurrera. Trumpen gerra zibila pizteko asmoaren aurrean gure presidentearen erantzuna izan zen herria bozetara deitzea. Venezuelako herriak ariketa demokratiko horretan parte hartu zuen, zortzi milioi herritarrek bozkatu zuten, eta 24 ordu geroago eten ziren indarkeria ekintzak. Batzar Konstituziogilea bakea eta demokrazia bermatzeko erantzuna izan zen.
Hiru milioi lagunek egin dute ihes Venezuelatik. Oposizioaren arabera ez dago elikagairik eta botikarik. Hala al da?
Venezuela blokeatuta dago, etengabe zigortua izan da ekonomikoki, petrolioaren prezioak sabotatu egin dira, kontrabandoa itzela da, terrorismo espekulatiboa praktikatzen ari dira, merkatu kapitalista herriari lapurtzen ari zaio. Monetari eraso egin diote, dolar kriminalarekin, dolar paraleloarekin. Basatia da. Gure produktuak konfiskatu egin dituzte, erosi ditugun botikak herrialdean sartzea debekatu digute. Kolonbia AEBen base bat da eta elikagaiez betetako ontziak lehorreratzea debekatu digute. Gerra doktrinaren estrategia da eta nazioartearen erasoa itzela da.
Zergatik ez dira egin dependentzia ekonomiko horretatik askatzeko urratsak?
Hugo Chavezek Hidrokarburoen eta Lurren legea egin zituen dependentzia horretatik askatzeko, baina, oraindik asko dago egiteko. Kontinentearen erronka da. Gure oinekin ibiltzen hasteko garaia da, baina ez dugu ahaztu behar politika subirano bat izateko ahalegin guztiak politika inperialisten ekintzen bidez amaitu direla; besteak beste, estatu kolpeen bidez. Kate kolonialak daude. Inperioak Latinoamerika ahul baten beharra dauka, eta ez du baimentzen ezkerreko gobernurik. Ikusi Argentina, Brasil... ALBA, Mercosur, Celac eta Unasur sortu ditugu dependentzia ekonomikoaren katetik askatzeko, dominazio merkatutik ateratzeko, baina inperialismoaren gerraren erantzuna latza da. Venezuelaren historia bera ezin da ulertu inperialismoaren gerra agenda gabe. Chavismoaren korronte historikoa amaitu nahi dute.
Hugo Chavez boterera iritsi zela hogei urte dira. Higatuta al dago chavismoa?
Chavismoa inoiz baino biziago dago, zailtasun itzelei aurre egin behar badio ere. Chavismoa ez da eskuinarekin borrokatzen ari, inperiorik handienarekin ari gara borrokan, gerra psikologiko eta mediatikoa etengabe batean. Inperioa lehen atzetik ari zen, baina orain aurretik ari da, eta, presioa itzela bada ere, chavismoak ez du atzera egin. Borrokarako baldintzak zailagoak dira, baina herri honek zutik jarraitzen du, batuta. Gerra egoera honetan presidenteak babesa jaso du, eta hori mirari bat da. Madurok, babes soziala bermatuta du, aurrekontuaren %75 inbertsio sozialera bideratuz: pentsioak mantenduz, hezkuntzaren doakotasuna eta osasun publikoa bermatuz, etxebizitza planari esker bi milioi eta erdi etxebizitza banatuz, 3.000 komuna sortuz, autogobernuak sendotuz. Sei milioi elikagai kutxa banatu ditugu. Uste sendoa dugu iraultza honek ekarpen handia egin diezaiokeela munduari. Herriak soilik salbatzen du herria. Asko dago egiteko, baina gerra egoeran ari gara, eta garaipenaren atarian gaudelako ari da inperioaren gerra horren latza izaten. Ekinaldi anker horrek erakusten digu bide onetik goazela.
Europako hogei bat gobernuk aitortu dute Guaido presidente