astekaria 2019/02/08
arrowItzuli

politika

Beldurra gotorleku

Edurne Begiristain

Beldurra gotorleku

Gero eta herritar gehiagok instalatzen dituzte alarmak etxebizitzetan, nahiz eta gure inguruan dagoen delitu kopurua txikia den. Hego Euskal Herriko kriminalitate tasa Europako batezbestekoaren azpitik dago: mila biztanleko delitu tasa %50 baino txikiagoa da, Europako Batasuneko batezbestekoa baino hamar puntu gutxiago. Haatik, herritarren pertzepzioa oso bestelakoa da: gero eta handiagoa da segurtasun faltaren sentsazioa, eta horrek ondorio zuzena du segurtasun sistema pribatuen eskaeran.

Datuek erakusten dute lapurretak egiteko moduak aldatu egin direla denborarekin. Garai batean, enpresen lapurretak ohikoak ziren, baina, krisialdi ekonomikoaz geroztik, egoera zeharo aldatu da. «Gaur egun lapurreta gehienak etxebizitzetan eta dendetan izaten dira. Izan ere, industrietan ez da dirurik egoten, eta lapurrek lehengaiak baino ezin dituzte eramaten fabriketatik: kobrea, aluminioa,...». Roberto Garcia Electro Alavesa segurtasun enpresako zuzendariak ongi ezagutzen ditu lapurtzeko sistemak. 37 urte daramatza segurtasun esparruan lanean, eta, dioenez, lehen ez bezala, orain etxeetan «errazago» egiten dira lapurretak. Horrek ondorio zuzena izan du segurtasun enpresen zenbakietan: «Gero eta segurtasun sistema gehiago instalatzen ditugu etxeetan».

Lapurreta kopuruak, hala ere, ez dira «alarma pizteko» modukoak, Electro Alavesako zuzendariak nabarmendu duenez. Datu ofizialek hala erakusten dute. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin du apur bat etxeetako lapurreten kopuruak azken urtean. Iaz, urtarriletik irailera, 3.289 lapurreta izan ziren etxebizitzetan, aurreko urtean baino %19 gehiago. Nafarroan, berriz, %8 inguru egin zuten behera etxeetako ebasketek.

Hego Euskal Herrian alarmak instalatzeko joera handituz badoa ere, eskaria ez da bereziki deigarria. Gizartearen «ohiturekin» zerikusia duela dio Garciak. «Hemen ez gaude oso kontzientziatuta segurtasun sistemen eraginkortasunarekin, eta konfiantza handiagoa ematen digu etxean ate seguru eta sendo bat izateak, kisketa on batekin, alarma bat jartzeak baino». Aitortu du joera hori ere aldatuz doala, batez ere komunikabideak eta segurtasun enpresak «beldurraren kultura» sustatzen ari direlako. Garcia oso kritikoa da estrategia horrekin: «Ezin dugu bezeroa beldurtu, kontrakoa baizik. Lasaitasuna transmititu behar dugu».

Datuak ez datoz bat

Segurtasun faltaren pertzepzioaz eta beldurraz egin diren ikerketa asko bat datoz ideia batean: segurtasunik ezaren sentsazioak ez du bat egiten delinkuentziari buruzko datu objektiboekin. Beldurra «eraiki» egiten dela uste dute BERRIAk kontsultatu dituen ikerlariek. «Gizarteak duen segurtasun faltaren pertzepzioa fabrikatua dago», ohartarazi du Cesar Manzanos EHUko Soziologia doktoreak. Horren atzean segurtasun industriaren «interesak» daudela uste du. «Beldurrak bermatzen du segurtasun industriaren eskaera». Kritikatu duenez, «alarma soziala» piztuta, etekinak lortzen dituzte. «Munduko ekonomiaren eta ikerketa zientifiko ugariren atzean industria militarraren interesak daude. Haiek segurtasuna saltzeko, beldurra saldu behar dute».

Antzeko hausnarketa egin du Cesar San Juan IVAC-KREI Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendariordeak ere. Herritarrok segurtasunaz dugun pertzepzioa da haren ikerketa eremu nagusia, eta sakon aztertu ditu fenomeno horren atzean dauden aldagaiak. «Paradoxa» bat topatu du: jendearen beldur pertzepzioak ez du bat egiten benetako delinkuentzia datuekin. Munduko delinkuentzia mailarik txikienetakoa du Hego Euskal Herriak, baina delituarekiko beldur sentsazioa handienetakoa du gainerako herrialdeekin alderatuz gero.

«Kontraesan» hori ulertzeko hainbat ikerketa egin ditu San Juanek zuzentzen duen taldeak. Beldurrarekiko delitua ulertzeko Bilboko, Donostiako eta Gasteizko errealitate soziologikoak aztertu dituzte, eta ondorio nagusi batera iritsi dira: «segurtasunaren mapa subjektiboak» ez du bat egiten «mapa objektiboarekin». Lortutako datuak hirietako mapa gainean kokatu, eta herritarrek segurtasun faltaz duten pertzepzioa norainokoa den eta pertzepzio hori zein lekutan den handiagoa aztertu dute. Eta horri segurtasun mapa subjektiboa deitu diote. Beste alde batetik, delituei buruzko datu errealen mapa legoke; mapa objektiboa, alegia. Bi mapen arteko aldea «handia» dela ondorioztatu du ikerketa taldeak.

Hori ulertzeko hainbat aldagai daudela azaldu du San Juanek. Horietako bat da hiru hiriburuetako biztanleek «oso antzera» jokatzen dutela beldurrarekiko. Funtsean, bi motatako neurriak hartuta aurre egiten diete segurtasun faltaren sentsazioari: hiriko hainbat lekuetara joatea saihestuta eta etxean segurtasun neurri handiak jarrita. Biek ala biek kontraesanak dituzte, ikerlariak nabarmendu duenez. Adibide bi jarrita azaldu ditu jokaera horiek: «Donostian, esaterako, segurtasun faltaren pertzepziorik handiena Altza auzoan dago, baina ez da delitu gehien duen auzoa. Bestalde, herritar askok adierazten dute ez direla delituen beldur, baina euren etxeak gotortuak dituzte, ateak blindatuta dauzkate, alarmak jarrita...».

Segurtasunik ezaren pertzepzioak herritarren «bizi kalitatean» dituen ondorio kaltegarriez ere ohartarazi du San Juanek. Jendeak delituarekiko duen pertzepzioaren arabera jokatzen du, eta ez delitu tasa objektiboaren arabera. «Beldurraren ondorioz hiriko zenbait tokitara joatea saihestea ez da onuragarria, hirian aske bizitzeko eskubidea urratzen duelako». Horrez gain, nabarmendu du jarrera xenofoboak ere areagotzen dituela beldurrak, eta horrek, zeharka, «bizikidetzari kalte egiten» diola.

Lohitzune Zuloaga NUPeko Soziologia irakasleak, berriz, ez du loturarik ikusten beldur sentsazioaren eta alarmak instalatzearen artean. Segurtasunik ezaren sentsazioa «oso konplexua» dela dio, eta faktore anitzek baldintzatzen dutela: adinak, sexuak, klase sozialak, biktimizazio esperientziak, bizilekuak, instituzioekiko konfiantzak, komunikabideek... Haren ustez, etxeetan gero eta alarma sistema gehiago jartzearen arrazoia da segurtasun enpresek publizitate kanpaina «oso eraginkorrak» egiten dituztela. «Beldurra astintzen bereziki oldarkorrak izaten dira iragarkiak. Baina finean hori da publizitatearen helburua, gure emozioekin jolastea produktu bat saltzeko».

Zuloagak urteak eman ditu segurtasun gabeziaren sentipenaz ikertzen, eta liburu batean bilduta du ikerlan guztia: El espejismo de la seguridad ciudadana. Claves de su presencia en la agenda política (Hiriko segurtasunaren ilusioa. Agenda politikoa duen presentziaren gakoak). Ikerlariak ondorioztatu du jendearen beldur sentsazioaren eta kriminalitate tasen arteko harremanik ez dagoela; alegia, sentsazio hori «eraikitakoa» dela.

Ondorio horretara iristeko 2003. urtera egin behar da jauzi. Urte horretan Espainiako Zigor Kodea erreformatu egin zuten, eta hura bereziki gogorra izan zen zigorraren aplikazioari zegokienez. Haatik, hura justifikatzeko arrazoi objektiborik ez zen egon. Gogortze haren arrazoia bilatzeari ekin zion orduan Zuloagak, eta ohartu zen garai hartan Espainiako Estatuak Europako Batasuneko tasarik txikienetakoa zuela. Bestelako faktoreak zeuden, beraz, Zigor Kodea gogortzearen atzean. Eta bi identifikatu zituen: komunikabideak eta alderdi politikoak. «Biek ala biek tresnak eta gaitasunak dituzte beren interesak agendaren erdigunean jartzeko», ohartarazi du.

Komunikabideek eta alderdi politikoek «beldurraren pertzepzioa» eraikitzen dutela dio, nork bere modura. Uste du hedabideek gizartean eragin nahi dutela delinkuentziari buruzko «ikuspegi jakin bat» izan dezan, eta alderdiek etekin politikoak bilatzen dituztela segurtasun arazoei irtenbide «sinpleak» proposatuta. «Beldurra astintzea kontrol soziala eskuratzeko lagungarria da».

Komunikabideen mezuak

Herritarren iritziek eta jarrerek argi adierazten dute komunikabideek berebiziko garrantzia dutela iritzi publikoan. «Hedabideetan delinkuentziari buruz ematen diren berriak modu egokian tratatzea ezinbestekoa da gizartean aurreiritziak eta beldurra ez zabaltzeko». Hala uste du Arantza Gutierrez EHUko Komunikazio fakultateko irakasleak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak. Kexu da delin- kuentziaz hitz egiten den bakoitzean immigrazioaz hitz egiten dela, eta lotura horri garrantzia ematen zaiola. «Komunikabideek askotan lapurren jaioterria nabarmentzen dute. Zertarako? Zer ekarpen egiten du horrek? Estereotipoak dira, eta jendeak pentsatzen du kanpotarra gu baino maltzurragoa dela eta delinkuentea dela».

Halako mezuek indar handia dute komunikabideetan, eta «beldurra» sortzeko erabiltzen dira, Gutierrezen ustez. «Beldurra emozio primarioa da, izakiok bizirik irauteko ezinbestekoa dugun emozioa, eta hedabideek are eta beldur handiagoa sorrarazi nahi digute, gure erraietara joz».

San Juanek, halaber, nabarmendu du hedabideek eraikitzen dituzten «diskurtso sozialek» segurtasun faltaren sentsazioa areagotzen dutela. «Bilbo hiri segurua dela diote datu ofizialek, baina hori egun bateko albistea da komunikabideetan. Urteko gainerako 364 egunetan, berriz, segurtasun gabeziari buruzko datuek betetzen dituzte egunkarietako goiburuak, nahiz eta ikuspuntu orokor batetik begiratuta, garrantzi gutxikoak izaten diren».

BERRIAn argitaratua (2019/02/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA