kirola
MAITE MAIORA
«Arantza batzuk atera nahi ditut, neure buruarekin gustura sentitu»
Unai Ugartemendia
Nola doa denboraldi-aurrea?
Oso lasai. Arazo fisiko txiki batekin nabil, eta elur faltak ere ez dit utzi askorik eskiatzen. Egia esan, nahiko aldrebes nabil.
Nola zenuen antolatua?
Gutxi gorabehera antolatzen dut: gimnasio asko, bizikleta, eta, aurtengo berrikuntza, igeriketa. Igeriketa ikastaro bat egiten ari naiz irailetik, eta uste dut oso erabaki ona izan dela, esperientzia bikaina izan baita. Denetik egitea gustatzen zait, hasieratik mendiarekin erotu gabe.
Ez duzu neguko krosik egingo?
Ez, ez dut asmorik. Urte asko daramatzat Candanchura [Aragoi, Espainia] eskiatzera joaten. Lagun asko ditut han. Negua iristean, denak joaten dira eskiatzera, baina nik urte askoan ez dut aukerarik izan haiekin joateko. Askotan tokatu zait Somportetik haiei begira egotea. Ez nuen sentipen hori berriro ere bizi nahi. Krosa egiteagatik zen dena, beti nuen krosen bat: Lasartekoa ez bazen, Elgoibarkoa, eta, bestela, besteren bat. Mendiko eskiarekin hori nahi nuen, lehenik ni goizean gora eta behera eskiatzen ibiltzea, eta, gero, lagunekin, eski alpinoan.
Mendiko eskian murgildu zara. Non lehiatuko zara?
Ahal nituen guztiak egin nahi nituen, denboraldia oso laburra baita, baina dagoeneko huts egin nuen lehenengoan, Vaqueiran [Lleida, Herrialde Katalanak], eta Candanchuko Causiat Extreme ere ez zen jokatu larunbatean. Duela hamabost egun, Vaqueirara joateko dena prest nuela, etxean gelditu behar izan nuen, lesioagatik. Hurrengo asteko Boi Taulleko proban ere [Lleida, Herrialde Katalanak] ez naiz izango. Ea Bandres-Karolorako osatzen naizen.
Eskiatzen bai, baina jendeak korrika ikusi nahi zaitu.
Egia esan, ni ere harrituta nago jendearen erantzunarekin. Nire lehen lasterketa Kolonbian izango da, martxoaren amaieran: Pacific Trail. Gero, apirilaren bukaeran, Madeirara [Portugal] joan nahi dut 115 kilometroko lasterketa bat egitera. Jada korrika hasteko garaia heldu zait. Kolonbiako lasterketa bidaiatzeko ere aprobetxatu nahi dut. Iaz, oso gutxi bidaiatu nuen, eta aurten kanpoan ibiltzeko gogoa ere badut. Noiz joango naiz ni, bestela, Kolonbiara!
Aldaketekin dator urtea: batetik, taldea, La Sportivatik Raidlightera; bestetik, distantzia, Mont Blanceko ultratrailean, parte hartuko duzu, ehun miliako lasterketa batean.
Distantzia ez nuke esango. Badirudi inoiz ez dudala ultra bat egin, baina ez da horrela. Chamonixen egona naiz CCC lasterketan, baita Hiru Handietan ere... Taldearena bai. Azken urteetan izan dudan babeslea utzi dut. Nire lana daukat, eta benetan ez dut babesle baten beharrik. Aldatzea erabaki genuen, arazo txiki batzuk zirela medio. Hala ere, iruditzen zait ona dela babesle bat izatea, babesa izatea. Motibazio aldetik ondo etortzen da, horrek presio pixka bat edukitzera eramaten baitzaitu, baina tamainan. Gauzak asko errazten ditu, esaterako, lasterketa askotan egoteko garaian.
Nondik etorri da aldaketa?
Azken urteetan babes falta izan dut, baina ez da ezer larria izan. Askotan, babes falta sentipena izan dut, bakardade sentipena, eta hori ez dut batere gustuko.
Badirudi babeslea aldatzeak dirutza ekarriko dizula, baina mendiko kirolak ez dira futbola. Zuen diziplinan zer esan nahi du aldaketak?
Nik bizimodu bera egingo dut. Ez dut dirutzarik kobratuko. Aldaketak zera ekartzea gustatuko litzaidake: jakitea babeslea atzean dudala, erreparatzen didala, askotan estualdi batetik ateratzea. Ez da materiala bidaltzea bakarrik, ezta gutxiagorik ere.
Materialaz hitz egiten hasita, egia al da 2018rako eman zizuten arropa guztia oinetakoen kaxa batean sartzen zela?
Bai, horrela izan zen, baina hori adibide bat besterik ez da. Urte hasieran zain egoten gara materiala jasotzeko, ikusteko berrikuntzaren bat dagoen, zer atera duten... Materiala iritsi eta hori ikustean, zera pentsatzen duzu: «Hau zer da, txantxa bat? Ni hau banaiz zuentzat, ez naiz!». Gero, deitzen dizute, eta esaten dizute gauzak ez direla horrela. Ezin naiz egunero haien atzetik ibili, eta ni ez naiz lekaimeen modura egun guztian eskean ibiltzekoa. Baina egia da distantzia ezberdinetan ibiltzeko eta, gu entrenatzen garen guztiarekin, urtea ezin dela pasatu elastiko batekin eta galtza pirata batzuekin.
Gogotsu al zaude aurtengo denboraldirako?
Bai, oso gogotsu. Iazkoa oso urte txarra izan zen. Arantza batzuk atera nahi ditut, eta horrek ez du esan nahi dena irabaztea, baizik eta neure buruarekin gustura sentitzea. Horretaz gain, urte osoa minez pasatu nuen, eta ez dakit badagoen hori baino sentsazio okerragorik. Orkatilak hor dagoela abisatzen dit noizean behin.
2016ko eta 2017ko denboraldiak ez dituzu ahazteko. Goia jo zenuen.
Berriro itzuliko ez diren denboraldiak izan ziren, bizitzan berriro ere biziko ez ditudan uneak bizi izan bainituen. Esaterako, lehen aldiz Zegama irabaztea. Horrek ez du esan nahi etorriko diren garaiak okerragoak izango direnik, ezberdinak baizik.
2017ko Zegama-Aizkorri izan al zen zure ibilbideko mugarria?
Bai, zalantzarik gabe. Helmuga pasatu nuenean, hori pentsatu nuen: «Nik, jada, lortu dut!». Noizbait zerbait aukeratzeko zerbait jarri izan balidate, Zegaman irabaztea aukeratuko nukeen. Horrek ez du esan nahi, esaterako, Mont Blanceko ultratraila irabaztea ere ikaragarria izango ez denik, baina, hala ere, ez da Zegaman irabaztea bezalakoa izango.
Nola gogoratzen duzu maiatzeko egun hura?
Presio handirik gabe atera nintzen. Lehen lau kilometroetan, lau edo bost emakume nituen aurretik. Banekien hasiera besterik ez zela, eta ezin nintzela urduri jarri. Hamazazpigarren kilometroan, Atabarretan, norbaiti esan nion azkarregi gindoazela. Gustura nindoala konturatzen nintzen. Aizkorrira iristerako, lehen postuan jarri nintzen, eta konturatu nintzen kartak mahai gainean jartzeko garaia zela. Handik aurrera, neure buruaren aurkako borroka bat izan zen. Helmugara iristeko unea izugarria izan zen!
Errekorra ere lortu zenuen: historian sartu zinen.
Lasterketan ez nintzen konturatu, azkeneko bi kilometroak arte. Erlojuak lau ordu eta 25 minutu markatzen zuen, eta orduan jabetu nintzen bi kilometro egiteko nahikoak nituela hamar minutu.
Iaz, berriz, txanponaren ifrentzua ezagutu zenuen. Ez dituzu berehalakoan ahaztuko Ultzamako anoa guneko negar malko haiek.
Ez nintzen sentipen onekin joan. Presio pixka bat ere banuen, aurreko urtean irabazi eta gero. Entrenamenduak ere ez ziren onenak izan, orkatila hor zegoen... Irteeran, jada ez nengoen eroso, eta, behin korrika hasita, konturatu nintzen hura ez zela eguna.
Esan zenuen egun hartan lasterketan erretiratu izan ez bazina agian betiko erretiratuko zinela. Oso adierazpen gogorrak izan ziren haiek.
Bai, hori sentitzen nuen. Ezin nuen presio harekin jarraitu. Irten eta bi kilometrora utzi egin nahi nuen. Oso triste nengoen goizetik; «hau da kaka zaharra!», pentsatzen nuen. Bikotekideak jarraitzeko esaten zidan arren, argi neukan uzteko erabakia.
Esan al daiteke hura izan zela zure ibilbideko unerik okerrena?
Ez, ez dut uste. Unerik okerrena 2015ean izan zen, belauneko minez nengoela ez irtetea erabaki nuenean. Iazkoa ez zen lasterketa bakarrik izan, urte osoa izan zen txarra. Nire bizitzako urterik okerrena izan zen. Urte osoan ez nion neurria hartu denboraldiari, nahiz eta urte amaieran ilusioa berriz lortu nuen Hiru Handiak irabazita. Ez dut berehalakoan ahaztuko hara sasoiko iristeko bidea. Gurasoak erretiratu berri zeuden, eta leku askotara lagundu zidaten entrenatzeko aitzakian.
Ultra distantzian gehiago ikusiko zaitugu hemendik aurrera. Zergatik?
Iaz konturatu nintzen ez zaidala batere kostatzen asko entrenatzea; baina, era berean, konturatu nintzen askotan ez naizela joaten lehen bezala bihotz taupadei dagokienez. Horrek haserretu egiten nau! Denbora luzez pentsatutako erabakia da UTMBra joatea, ez da beroaldi baten ondorio. Bikotekidearengatik balitz, duela lau urte jada Chamonixen izango nintzen korrika [barrezka]. Zein erraza den besteei lanak jartzea!
Uste duzu distantzia luzean hobeto molda zaitezkeela?
Ez dakit, ikusi egin behar dut; agian, ez. Jendeak uste du distantzia motzetan ona izan zarelako luzeetan ere ona izango zarela. Uste dut distantzien arteko trantsizio normala egin dudala.
Triatloi bat ere egingo duzu, Alpe D'Huezekoa. Nolatan?
Inoiz ez dut planteatu ere egin triatloi bat egitea, sorbaldako arazoak ditudalako aspalditik. Igeriketan ere ez nekien ondo. Askotan hitz egin izan dut triatloiaz bikotekidearekin, baina beti erdi brometan. Udan, erabaki nuenean igeriketan ondo ikastea, buruari bueltak ematen hasi nintzen. Bizikletak buruhauste batzuk sortzen dizkit, baina triatloi hau ez da besteak bezalakoa. Bizikletan, mendateak asko gustatzen zaizkit, eta, igeriketan ere zerbait ikasten badut, gozatzera irtengo naiz. Aurten hiru gauza ditut galdu ezin ditudanak: Zegama, Alpe D'Huezeko triatloia eta UTMB.
Zergatik UTMB?
Munduan dagoen ultrarik garrantzitsuena delako. Argi neukan nire lehen ehun miliako lasterketa UTMB izango zela. Prestatzeko, sakrifizio handiak egin behar dira, eta, behin halako lanak hartuta, onenera joan nahi nuen.
Ba al diozu beldurrik zerbaiti?
Distantziari berari eta oso eguraldi txarra izateari. Irten eta iritsi egin nahi nuke. Indarrak oso ondo kudeatu beharko ditut.
24 orduren bueltan ibil zaitezkeela ere esaten dute.
Ederra izango zen! Dena ondo joanez gero, orain arte egin dudan ibilbidearekin, pentsa dezaket denbora horren inguruan ibil naitekeela, baina ez dakit... Gauza asko hartu behar dira kontuan. Lehenengoa izango da.
Zein izango da zure egutegia?
Martxoaren amaieran Kolonbian izango naiz, Pacific Trail lasterketan [63 kilometro], baina ez daukat helburu berezirik; gero, Kilimon Trail, nire herrian, Mendaron; Madeira [Portugal, 115 kilometro]; Zegama-Aizkorri; Lavaredo [Italia, Alpeak, 120 kilometro]; eta Alpe D'Huezeko triatloia, UTMBra joan aurretik.