bizigiro
EDELMIRA UNDIANO OION
«Gau asko eman ditut lo egin gabe jantzi guztiak garaiz prest izateko»
Jon Rejado
1936ko gerra hasteko zortzi urte falta zirela jaio zinen. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Haurra nintzela hasi zen, baina ordurako ez ginen Olatzagutian bizi. Legardara mugitu ziren gurasoak; Nafarroako Legardara, ez Arabakora. Han nengoela hasi zen gerra, baina ez dut gogoratzen gerra bertatik pasatu zenik: ez nuen halakorik ezagutu. Aita nekazaria zen; etxean abereak ere bagenituen... Urtean hiru txerri hiltzen genituen!
Legardan noiz arte egon zinen?
18 urte bete nituen arte. Osaba-izeba batzuekin bizitzera joan nintzen, ondoko herri batera, Muruzabalera, 21 urte bete nituen arte. Eta orduan Gasteizera etorri nintzen.
Aldaketa handia izan al zen?
Aurrez ez nuen ezagutzen Gasteiz, baina ez pentsa aldaketarik antzeman nuenik. Segituan hasi nintzen lanean. Goiz jaiki behar nuen, lantegira joan, handik etxera... Erritmo hori aurretik barneratua nuen; beraz, ez nuen aldaketarik antzeman.
Zer lantegitan hasi zinen?
Bost lantegitan eman nuen izena, eta bostek erantzun zidaten. Orain bezala, ezta? [Barre egin du] Karta lantegia aukeratu nuen, bertan lan egiteak nolabaiteko ospea zuelako. Astean zazpi pezeta ematen zizkidaten. Handik hamabost egunera, Areitio enpresatik deitu zidaten: astean hamalau pezeta eskaini zizkidaten. Hurrengo egunean, ezjakina ni, inori ezer esan gabe, lantegia aldatu nuen! Deitu zidaten, errieta egin... Tira!
Noiz hasi zinen dendan?
Aurretik, lehen semeaz erditu nintzen... 27 urte izango nituen garai hartan. Alegia, 63 urte daramatzadala hemen! Eta pozik... Lana zaletasun gisa hartzen dut!
Josteko zaletasuna noiztik datorkizu?
Beti izan dut. Areition ez nuen josten, baina kremaileraren zati bat egiten nuen. Erabiltzen nuen makinak atzamarraren zati bat kendu zidan behin!
Barka?
Bai, bai! Atzamarra harrapatu, eta zatitxo bat moztu zidan! Baina azazkala berriro hazi zitzaidanez, ez zidaten kalte-ordainik eman...
Inoiz utzi diozu josteari?
Oso gustuko dut. Are, gaur egun ere egiten dut. Herrian badut makina bat, Gasteizko pisuan beste bat... Dendan banuen bat, baina semeek kendu zidaten, horrenbeste lan ez egiteko. [Barre egin du] Ezin dut utzi josteko makina. Are, esan izan diet hiltzen naizenean kutxan josteko makina bat jarri beharko dutela, akaso.
Noizbait esan duzu hartu zenuten denda ez zegoela oso sendo. Zergatik?
Amaginarrebak ez zuen gauza asko salgai. Denda txikia zen, zaharra. Egurrezko mostradorea zuen, eta egungo dendaren atzeko partean gelak zeuden. Etxebizitza bat zen, eta, atze-atzean, eraikinaren beste aldean, baratzea zegoen. Abereak ere izan genituen... bertan hazi ziren nire semeak!
Zer saltzen zuen?
Gu sartu aurretik jantziak egiten zituzten, baina apenas zuten oihalik. Ez zegoen ondo. Gerra garaian heldu zitzaien gainbehera. Beste denda batzuek gora egin zuten, eta honek...
Esan izan duzu dendara heldu zinela ezer jakin gabe, baina egun batetik bestera denetarik ikasi behar izan zenuela.
Hala da. Heldu ginenean egin genituen lehen gauzetako bat oihalak erostea izan zen. Ez genuen dirurik, baina. Amaginarrebak mailegu bat zuen ordaintzeke. Jaunartzeetarako eta ezkontzetarako jantziak ere saltzen zituzten. Bada, jantzi horiek alokatzen hasi nintzen. Are, gaur egun ere etortzen zaizkit galdezka, ea alokatzen ditugun! Herri batetik heldu nintzen, abereekin lan egitetik, eta errentagarria izan zitekeen edozer egin nuen. Eta poliki joan ginen burua zulotik ateratzen.
Zure senarraren familiak ez zuen begi onez ikusi zuek dendaren ardura hartzea, ezta?
Koinatu bati mailegua eskatu genion; banku batean garrantzizko kargua zuen. Galdetu zigun ea zerekin ordaindu behar genuen, eta ukatu egin zigun. Hala eta guztiz ere, aurrera egin genuen.
Nola?
Tarteka ez ginen heltzen gauza batzuk ordaintzera, eta galdetzen ziguten ea zer gertatzen zen. Lotsarik gabe erantzuten nien: «Ez kezkatu. Bidali eskatu dizkizudan oihalak, horiekin zor dizudana ordainduko dizudalako». Ez nekien legeei buruz, baina lan egiten banekien. Ordaindu behar nuela banekien, eta hala egin genuen aldi guztietan.
Nolakoa zen harremana ehunak saltzen zizkizutenekin?
Inoiz ez zidaten ezetzik esan. Egia da segurtasunez egiten nituela tratuak haiekin, eta ez nien kale egin. Are, zor guztiak ordaindu ostean, gaur egun arte, enpresa horiekin lanean jarraitu izan dugu. Behar handirik ez bagenuen ere, salerosgaiak hartzen nizkien, bere garaian eman ziguten laguntza eskertzeko.
Aurrera egin, eta handituz joan zen denda.
Dendaren gaineko etxea erosi genuen. 1950eko hamarkadaren azken txanpa oso garai ona izan zen. Jantzi asko alokatu genituen, baina lan eskerga egin behar izan genuen. Alokatuta, jantzi horiek guztiak garbitu behar nituen, lisatu... eta hori nik bakarrik. Gau asko eman nituen lo egin gabe jantzi guztiak garaiz prest izateko. Ahal izan nuenean, jantziak alokatzeari utzi nion.
Nola egiten zenuten lan enpresei egindako jantziak erosten hasi aurretik?
Emakumeak heltzen ziren, neurriak hartzen genizkien, eta patroiak eta aukeratutako oihalak jostunei bidaltzen genizkien. Hiru jostun ari ziren lanean guretzat. Gero, jantziak emakumeei probatu, eta egokitzen genituen. Jostun bat hain zen fina lanean, ezen ez genuen inoiz ezer egokitu behar izan. Ezin hobeto egiten zuen.
Gaur egun, hori pentsaezina da...
Orduan ez zegoen besterik. Ez zegoen jantziak egiten zituen enpresarik.
Noiz egin zenuten aldaketa, eta enpresen jantziak saltzen hasi?
Ez dut zehatz gogoratzen noiz gertatu zen, baina gogoratzen dudana da erosi genituen lehenak desastre bat zirela: karratuak bidaltzen zituzten. Sorbalda behar baino metro bat zabalagoa zen. Guztiak berregin behar izan genituen: bezeroekin probatu, orratzekin hartu, moztu, josi...
Beraz, aldaketak ez zizun lana asko erraztu?
Hasieran ez... Baina gerora oso lagungarria izan zen, prest zeuden jantziak erostera ohitu nintzelako. Enpresak hobetuz joan ziren emakumeen soinekoak eta mantalak josteko modua.
Zenbat balio zuten neurrira egindako jantzi horiek?
1950eko hamarkadaren erdialdean, zerbitzuko nesken uniformeak —amantala eta bata— 75 pezeta balio zuen, adibidez. Hori da gogoratzen dudana. Uniforme asko egiten genituen.
Gaur egun, Pinedo bereziki ezaguna da euskal jantziak saltzeagatik, batez ere.
1970eko hamarkadaren erdialdean hasi ginen jantzi horien alde apustu egiten. Senarra hil zitzaidan garaian, gutxi gorabehera...
Egoera politikoak eraginik izan al zuen horretan?
Bai, bai... Orduan euskal folklorearekin lotutako ekintza gehiago egin ziren. Horrek egiten du denda errentagarri, gaur egun.
Ilara luzeak egiten dira dendan, Gasteizko jaien eta Santiago egunaren bezperan...
Orduan saltzen dugu gehien. Hil honetan apenas salduko dugun ezer. Aurrekoan ere ez. Baina beste hilabete batzuekin orekatzen dugu: Olentzero, jaiak...
Asko aldatu al dira euskal jantziak 1970eko hamarkadatik orain arte?
Asko. Garai batean gehien saltzen genituenak beltzak ziren, tanto zuriekin. Funtsean horiek ziren genituen jantziak, ez genuelako egun dugun inbertsioa eginda. Begira gaur egungo jantziak zeinen koloretsuak diren... [Buelta eman du, apaletan jarritako ehunka jantziak erakusteko]. Jantzi beltz tantodunak andre zaharren jantziak ziren. Nire garaian, horrela janzten ziren emakumezkoak ezagutu nituen. Gogoratzen dut Arrasatetik [Gipuzkoa] andre zahar bat etorri ohi zela horrela jantzita, beti. Dotore, zapia jantzita. Maitagarria zen emakume hura; ilusio izugarria ematen zidan hura ikusteak.
Blusak eta neskak zabar ikusten dituzunean, zer datorkizu burura?
Beti gertatu izan da hori. Eta nesken kasuan asko eta asko doaz dotore jantzita, baina kirola egiteko zapatilekin. Malguak izan behar dugu, jaietan ere eroso joan behar dugulako! Eta batzuk ez doazela tradizioak agintzen duen bezala? Disfruta dezatela, eta listo. Eta nik zer dakit, agian bakarren batek arazoak izango ditu oinetan, eta ezin izango ditu abarkak jantzi...
Ehun urte baino gehiago ditu dendak. Azkenaldian, denda historiko batzuk itxi dituzte: Carrion musika denda, Zulaika kirol denda...
Lekukoa hartzeko prest dagoen jendea falta delako gertatzen da hori. Nire semeak erretiratzen direnean, zeinek daki zer egingo duten bilobek!
Internet bidezko salerosketak asko nabaritu direla esan izan dute. Jantziekin ere hala gertatzen da?
Bai, hemen ere nabaritu dugu. Irakasleek askotan egiten dute. Amantalak saltzen ditugu guk. Etorri, amantalak probatu, haien neurria zein den jakin, eta gero Internetez eskatzen dituzte. Alor horretan ere merkatua asko aldatu da. Gaur egun, gutxi dira 7 urtetik aurrera amantala janzten duten ikasleak. Produktu asko izan behar duzu, apur bat saltzeko. Gutxi izanez gero, ez duzu ezer salduko.
Zure semeen erretiroaz hitz egin duzu, baina zu, erretiratu arren, hemen zaude.
Zer egingo diot, ba? Honek ematen dit bizipoza. Ondo nago, eroso, pozik. Disfrutatzen dudan zaletasun bat da. Ez dut zertan hemen egon, baina zer egingo dut etxean?