ekonomia
ALFONBRAREN AZPIAN, LOKATZA
Iñaki Petxarroman
Laster ikusi zen, ordea, teoria gauza bat dela, eta praktika, beste bat. 2017ko udan ekin zioten eraikuntzari eta udazkenean lan erritmo itzelean ari ziren lanean enpresa azpikontratuak. ELAk eta LABek laster salatu zituzten «gehiegizko lanaldiak» eta Gipuzkoako itunetik beherako soldatak. Igor San Jose ELAko Eraikuntzako arduradunak adierazi duenez, «larunbat eta igandeetan» aritu ziren lanean eraikuntzaren une zehatz batzuetan. «Azaro bukaeran salatu genuen, egoera oso larria zelako. Hilabete eskas batean 125 aparteko ordu sartuak zituzten langile batzuek. Pentsa, urtean 80 orduko muga ezarria dauka langileen estatutuak, eta hauek hilabete bakar batean gaindituak zituzten erruz». ELAk salatu zuen 12 ordu bitarteko lanaldietan ari zirela, asteburuak barne, eta erakundeek ezetz erantzun zieten. Azaroaren 26an (igandea) erraustegira joan ziren, eta bideo bat grabatu zuten. Goizeko zazpietatik ordu biak arte lanean aritu ziren langileak, eta, jakina, ez zuten soldatarik jaso aparteko orduei dagokion moduan -ohiko ordu baten kopurua halako bi izaten da, Gipuzkoako itunaren arabera-. «Langileek 27 egun segidan lan egin zutela frogatu genuen».
Lanean zebiltzan hiru enpresa salatu zituen ELAk EAEko Lan Harremanetarako Kontseiluan, hirurak ere azpikontratak: EPB, Tecozam eta Uncisa (Unika zena). Hirurak ziren ezagunak sindikatuarentzat, salatu izan dituztelako beste azpiegitura batzuetan ere, herrialdeko ituna ez betetzeagatik, gehiegizko lanaldiak ezartzeagatik eta dagozkien soldatak baino %40-60 txikiagoak emateagatik. EPB obretatik kaleratu zuten, berak herrialdeko ituna ez zuela aplikatuko adierazi zuelako. Unikak Coruñako (Galizia) ituna aplikatzen zuela azaldu zuen, eta Tecozanek Zamorakoa (Espainia). ABEEak egoera zuzentzeko konpromisoa hartu zuen, eta langileei zegokiena ordaintzeko akordioa lortu zuten sindikatuek eta enpresek.
Ordaindu ote dieten beste kontu bat da. Izan ere, erakunde kontrolatzaileek edo epaitegiek beren lana egiten dutenerako, langile asko beste toki batera joan dira. «Guk batzuei deitu izan diegu, haien kontaktua badaukagulako, baina beste askoren kasuan, ezinezkoa da. Badugu makina bat kasu: dirua dute jasotzeko, baina inor ez da pasatuko eskuratzera».
Erraustegia, jakina, ez da kasu bakana. Erakundeek sustatutako azpiegituretan salatu dituzte sindikatuek «sasi-esklaboen» antzeko lan baldintzak. Azpikontraten sistema indarrean egoteak errazten du «langileen esplotazioa», sindikatuen esanetan. «Moyua, Altuna y Uria, Murias, Viuda de Sainz eta bertako beste hainbat enpresa ari dira ia toki guztietan. Haiek ondo mugitzen dira boterean dauden alderdien artean. Behin obraren ardura jaso eta gero, badakite azpikontratatuz lortuko dutela kostuak merkatzea eta obrak azkarrago egitea. Azken finean, eskulan merkea da azpikontratatu nahi dutena». Proiektu polemikoetan, gainera, nahiago dute eskulan hori erabili, beste arrazoi batengatik, San Josek azaldu duenez: «Hemengo langileekin baino arazo gutxiago izango dituzte».
Antzeko egoerak denean
Antzeko egoerak topatu dituzte sindikatuek azpikontratetan ari diren langileen artean: 10 eta 12 ordu arteko lanaldiak, eguneko bost eta zortzi euro bitarteko soldatak. Ez diete oporrik ordaintzen, ez aparteko ordurik, ez dietarik. Anoetako estadioaren kasuan, salaketa asko egin dituzte sindikatuek. Lan ikuskaritzak ere ohikoa baino espediente gehiago zabaldu ditu. «30 baino gehiago dira obra horrekin zerikusia eduki eta ikuskaritzatik pasatu diren enpresak», adierazi dio BERRIAri Victor Monreal Gipuzkoako Lan Ikuskaritzako buruak.
Joan den astean jakinarazi du Anoeta Kiroldegiaren administrazio kontseiluak (Udalak estadioko lanak aurrera eramateko sortu dute) enpresek ez dietela ezarri Gipuzkoako lan ituna langileei, eta hilabeteko epea eman diote aldi baterako enpresa elkarteari (Altuna y Uria eta Moyua enpresek osatzen dute) langileekin daukaten zorra kitatzeko. Horrez gain, 15.000 euroko isuna jarri die. Zenbatekoa da langileekin pilatu duten zorra? ELAren arabera, gutxienez 4,5 milioi eurokoa.
Ez da ikusi duten irregulartasun bakarra. Langile asko azpikontratei «legez kanpo laga izana» egotzi diote ABEEari, eta haien lantaldean hartzeko eskatu diete. Aste honetan bertan onartu du ikuskaritzak 30 bat langilek jarritako salaketa, eta ABEEak bere lantaldean hartu beharko ditu, Gipuzkoako ituna eta lan baldintzak ezarriz. Mediku agiriak eta lan arriskuen formakuntzari buruzkoak faltsutu izana ere frogatu dute, sindikatuen salaketen ondorioz. Mohammed Saee enpresak langile pakistandar bat kaleratu zuen gaixorik jarri zenean. ELAk 3.600 euroko eskaera egin zion orduan enpresari, langileari zor ziotenarengatik. Epaitegira ez joatearen truke, ordaindu zioten eskatutakoa. ELAk salatu du enpresek ia 200 langileren agiriak faltsutu dituztela, eta 200.000 euroko isuna jarri diete horregatik. Uztailean, Azurex Habitat enpresaren aurka jo zuen ELAk, 25 bat langileri lan ituna ez aplikatzeagatik. Aste honetan erantzun dio lan ikuskaritzak. ABEEak kontratatu egin beharko ditu lanean segitzen dutenak (hiru bakarrik), eta zor diena ordaindu beharko die denei. ELAk egindako kalkuluen arabera, ordaindu dieten baino %55 gehiago jaso beharko dute langileek. Langile portuges baten kasuan, hamaika hilabetean 26.000 euroko zorra egin du enpresak berarekin.
Anoeta berritzeko proiektua 50 milioi eurotan adjudikatu zioten ABEEari. «Materialen eta kostuen prezio estandarrak kontuan hartuz, gutxienez 70 milioi euroko proiektu bat da; nola onartu zuten 50 milioitan egitea?», galdetu du San Josek. Haren iritziz, Realari fabore bat egiteko. «Badakite fabore horren truke jasoko dutela dagokien ordaina, beste lan batzuk egiteko ardura emango dietelako». Eta nola merkatu proiektuaren kostua? «Langileen baldintzen eta soldaten bidez. Hori ohiko bihurtu da».
Salbuespena edo araua
Irregulartasunak badiren arren, Gipuzkoako lan ikuskari buruak uste du arauak betetzen direla: «Badira arau hausteak, baina horretarako dago ikuskaritza, antzeman eta zuzentzeko». AHTa eraikitzen hasi eta urtebetera azpiegitura handiak kontrolatzeko programa bat jarri zuen martxan Jaurlaritzak. Programa hori zabalduz joan da sustapen publikoko beste obra batzuetara. «Badira arazo zehatzak, enpresarien arteko lehiatik datozenak, edo proiektuaren ezaugarrietatik sortuak. AHTko lanetan, adibidez, arriskuak handiagoak dira, baina istripuak saihesteko eskatzen diren neurriak ere gehiago dira».
Horrek ez du galarazi arau-hauste asko izatea. Bederatzi langile hil dira, eta haietako askotan lan ikuskaritzak berak segurtasun gabezia oso larriak antzeman ditu. «Lan baldintzak eta gizarte segurantzari buruzko neurrien gaineko kontrola ere eramaten dugu, baina gogorarazi nahi dut ikuskaritzak ezin duela derrigortu herrialdeko ituna betearaztera». Izan ere, Monrealek aipatu du azken lan erreformaren ondoren enpresa ituna lehenesten zaiola herrialdekoari.
Azpikontraten praktika abusuzkoa egiten ari ote den ere zalantzan jarri du. «2006ko azpikontratatze legea betetzen da. Ikerketak egin ditugu, eta isunen bat jarri dugu, baina, oro har, legeak ezarritako azpikontratatze irizpideak ez dira gainditzen. Ezberdina da azpikontratu gisa saltzea langileen legez kanpoko lagatzeak. Antzeman ditugun kasuetan esku hartu dugu, arau haustea oso larria delako».
Halako asko salatu ditu ELAk AHTan. Aramaio-Arrasate zatian gehiegizko lanaldiak topatu zituen sindikatuak, eta lan harremanen kontseilura eta ikuskaritzara eraman zituen. Fruiturik jaso ez zuenez, epaitegira jo zuen. Eibarko epaitegiak 2012an emandako epaiaren arabera, GEYSO SL Valentziako enpresaren aginduz, langileek 12 orduko lanaldiak egiten zituzten egunero, larunbatetan barne. Askotan langileek 15-16 orduko lanaldiak ere egin izana frogatutzat jo zuen epaileak, eta, «kasuren batean», baita 22 ordu bitarteko lanaldiak ere. Salaketa jarri zuten bi langileri hitzarmenaren araberako soldatak ordaintzera behartu zuten enpresa: 12.725 eta 28.592 euro, lau eta hamar hilabetean egindako lanagatik, hurrenez hurren.
Jarrera «lausoagoa» AHTan
San Josek uste du, gainera, lan ikuskaritzak ez duela jarrera bera AHTan eta beste herri lan batzuetan. Donostiako Tabakalerako obretan gertatutakoa jarri du adibide gisa. Sogeprovi azpikontratak 11 ordu bitarteko lanaldiak egitera behartzen zituen langileak, aparteko orduak, oporrak eta gainerakoak ordaindu gabe. Moyuak eta Amenabarrek azpikontratutako enpresa zen, eta ELAk dokumentazio asko aurkeztu zuen «lan baldintza kaskarrak» azaltzeko. Epaitegira jotzea galarazteko, akordioa egin zuten, eta 32 langileri zor zietena ordaintzeko konpromisoa hartu zuten enpresek. 500.000 euro ordaindu zieten, eta, geroztik, astean 60 ordu egin beharrean, 38 egiten hasi ziren. Soldata %55 igo zieten. «Handik kilometro batzuetara, Urnieta inguruan, lan baldintza berdinetan ari ziren Sogeproviko langileak, AHTan. Salatu genuen haien egoera, eta Tabakaleran arrazoia eman zigun ikuskari berak adierazi zuen ez zuela ezer ikusi». Ikuskaritzaren erantzunaren ostean, epaitegira jo zuen ELAk, eta epaileak arrazoia eman zion.
Kontua da halako ebazpen bat iristerako, obran aritutako langile asko joaten direla eta enpresak ere sarritan desagertzen direla, epaileen hatsa sumatzen dutenean. «Behin esan zidan ikuskaritzako goi arduradun batek, AHTko obretan salaketa bat sartu genuenean: 'Elizarekin egin dugu topo'. Badaki ebazpen indartsu bat egiten badu, haren nagusiaren proiektu kutunaren aurka egingo duela, eta, beraz, askoz ere presio gehiago sentituko du horrelakorik ez egiteko».
Langile horien egoera bereziki zaurgarria dela nabarmendu du San Josek. «Enpresek badakite haiekin beti irabaziko dutela. Atzerritarrak dira, lanik gabe geratzeko beldurra daukate, eta horregatik zaila izaten da sindikatuok salaketak sartzea; are eta zailago, salaketa kolektiboak. Lanetik etxera eta etxetik lanera joaten dira, ez dute ingurua ezagutzen, eta herrialde batetik bestera mugitzen dira, gainera. Hamabi lanordu egiten dituzte hemengoen sei orduko erritmo eta lan baldintzetan», salatu du San Josek.
Lehiaren biktimak
Azpikontrata sistema horrek dakarren arazoetako bat da langileen soldata, eta baldintza duinak mantendu nahi dituzten enpresa batzuk ezin direla lehiatu. Horixe gertatu zitzaion Antzibar enpresari. 2015ean erabaki zuen ixtea eta bere 33 beharginak kaleratzea, ezin zelako lehiatu obra publikoak adjudikatzeko administrazioa jartzen ari zen baldintza «leoninoekin». Azkoitiko Xabier Munibe ikastolaren eraikin berria egiteko lehiatu zen Antzibar, eta 7,7 milioi euroko aurrekontua aurkeztu zuen. Florentino Perez enpresari espainiarraren ACS taldeko Vias y Construccionesek, berriz, 4,5 milioiko eskaintza egin zuen, eta lehiaketa irabazi. Antzibar zen Gipuzkoako lan ituna betez proposamena egin zuen enpresa bakarra, eta langileei zegokiena ez ordaintzea baino nahiago izan zuen enpresa itxi.
Besteak beste, horren ondorioz ere gero eta hemengo langile gutxiago ari dira eraikuntzan. 2008tik 40.000 bat lanpostu galdu dira Hegoaldean, eta herri lan handietara doazenek badakite zer baldintza izaten diren.
Herri askotako langileak aritzen dira lanean: Senegalgoak perrail lanak egiten; Portugalgoak, kofratzaile lanetan; errumaniarrak, bulgariarrak eta ukrainarrak, pladurrak jartzen... Eraikuntza publikoetan ari diren hemengo langile apurrak arduradunak, topografoak eta halakoak dira. Gure kalkuluen arabera, %95 dira kanpotarrak». Batez beste, 20.000 bat euro gutxiago jasotzen dute hemengoek baino, ELAren esanetan.
Ikuskaritza, baina, ez dator bat ELAk emandako kopuru horiekin. «Eraikuntzaren sektorean beti egon da kanpoko langile ugari, baina ez nago ados lantaldeak atzerritarrez osatzen direla diotenekin. Esan dezaket, gainera, laneko dumping-a saihesteko lanean ari garela, eskura ditugun lege tresnak erabiliz».
Monrealek aitortu du legeak badituela hutsuneak. Esaterako, langileek sartzen dituzten orduak gehiegizkoak diren edo ez jakiteko. «Aparteko ordu gehiegi antzeman ditugunean esku hartu dugu. Baina lanaldiak erregistratzeko araudi zorrotzago bat egoteak asko lagunduko luke gure lana. Ikuskariok ditugun susmoak berretsiko lituzkeen dokumentazioaren premia dago». Monrealek gogorarazi du enpresaria langileen ordutegiaren kontrola eramatera behartzen zuen araudia baliogabetu zuela Auzitegi Gorenak. «Derrigortasun hori ezabatu izanak kontrolatzeko oinarrizko lanabes bat kendu digu. Beharrezkoa da Langileen Estatutuaren 35. artikulua berritzea. Kongresuan horretan ari dira, eta espero dugu aldaketa etortzea». Langileen estatutuaren arabera, langileek urtean aparteko 80 ordu egin ditzakete. San Josek emandako datuen arabera, batez beste, hilean aparteko 50-60 ordu sartzen ari dira halako obretan.
Are eta larriago bihurtzen da egoera AHTa bezalako proiektuetan, tuneletako araudia ezberdina delako. Lur azpiko lanetako 1.562/1995 errege dekretuak zehazten du meategietako lanaldiak egunero sei ordukoa izan behar duela, eta sekula ezin izango liratekeela 35 orduko lan asteak gainditu. 12 ordu arteko lanaldiak salatu eta frogatu ditu ELAk zenbait zatitan, eta, besteak beste, ekimen horien ondorioz, 2012ko ekainaren 1ean Eusko Trenbide Sareak (ETS) aitortu zuen Lan Harremanetarako Kontseiluan «abusuzko eta legez kanpoko lanaldiak» zeudela. Patxi Lopezen gobernuak konpromisoa hartu zuen indarrean zegoen legea ezartzeko. ELAren arabera, Iñigo Urkulluren gobernuak ez du bete Patxi Lopezek agindutakoa.