kultura
Feminismoa eraberritzeko deia
Miren Garate
Ipar Amerikako mugimendua aztertzen du Hooksek, hangoa delako, eta bi talde bereizten ditu: feminismo kontserbadorea eta feminismo erradikala. Azken horretan kokatzen du bere burua, eta esaten du feminismoak galdu egin duela pultsu erradikala, eta patriarkatu kapitalista konbentzionalaren mende gelditu dela. AEBetan sortzen diren galdera batzuk hemen ere eztabaidagarriak direla uste du Estebanek, eta ideia hori aintzat hartuta idatzi du hitzaurrea; itzulpena, berriz, Amaia Apalauza Ollok egin du.
Hemeretzi ataletan dago banatuta liburua, eta pil-pilean dauden gai ugari lantzen ditu. Arrazarena da horietako bat. «Euskal Herrian, feminista abertzaleek aspalditik hitz egiten dute zapalkuntza hirukoitzaz: generoa, nazioa eta klasea. Eta gaur egun, feminismo dekolonialaren arloan kokatzen direnek ere asko hitz egiten dute feminista arrazializatuek jasaten dituzten arazoez».
Hain zuzen, klasearena ez ahazteko eskatzen du Hooksek. Izan ere, haren ustez, Ipar Amerikan, klase pribilegioak zituzten emakume zuri eta erreformistek beren klase bereko gizonezkoen eskubideak eta boterea lortzeari eman diote lehentasuna, eta, horren ondorioz, ahaztu egin dituzte emakume pobreagoak. «Etengabe ari da generoa, klasea eta arraza uztartu nahian, eta nik uste dut hori oso interesgarria dela. Agian, hemen, beste faktore batzuekin ere uztartu beharko dugu gai hori: hizkuntza gutxituekin, independentzia nahi duten herrien auziarekin...».
Gai klasikoagoak ere jorratzen ditu Hooksek. Enpleguarena da horietako bat: «Ematen zuen bideratuta geneukala guztiok enplegurako sarrera izatearen kontua, baina gaur egun daukagun testuinguruarekin, ez da hain erraza. Argi dauka independentzia ekonomikoa emakumeentzat oso garrantzitsua dela, baina, aldi berean, zer egin behar dugu eskubide faltaren aurrean?». Beste gai klasikoetako bat, berriz, sexualitatearena da. Sexu eta genero ordena berri bat eskatzen du Hooksek, eta gizonak inplikatu behar direla esaten du. «Atzera joaten da, eta esaten du: 'Iraultza sexuala sortu zenean, borroka horren inguruan, emakumeok bizitza aldatu genuen, baina gizonek ez dute aldatu iritzia'».
Liburuan aipatzen den beste kontuetako bat gizonen aitorpenetik libre dagoen emakume figura baten beharra da. «Ideia interesgarria da, eta Hooksek oso ondo esplikatzen du: nola izango gara emakume gizonen aitortzaren beharra izan gabe? Feminismoan gauden asko ere, esango nuke, askotan, gizonen aitortzaren mende gaudela». Maskulinitate feminista terminoa ere erabiltzen du idazleak, eta gizonek dituzten eskubideak lortzea baino gehiago, sistema errotik aldatzea dela kontua nabarmentzen du. Halaber, emakumeen eskubideak ez ezik, umeenak ere «sutsu» defendatzen ditu.
Erregu moduko batekin amaitzen du Hooksek: «Sor dezagun mugimendua berriro». Ideia hori ulertzeko, AEBetan kokatu behar dela azaldu du Estebanek. «Badirudi hango feminista batzuk, orain, guri begira daudela pixka bat. Azken urteetan mobilizazio erraldoiak izan dira, eta ulertu nahian ari dira nola sortzen diren bat-batean halako mobilizazio handiak».
Zer den feminista izatea
Hitzaurrean Estebanek dio, azken urteetako mobilizazio horiek mugarri izan diren arren, erronka asko daudela oraindik, besteak beste, ezin delako jakin zer gertatuko den hurrengo urteetan: «Sistema neoliberalak erreakzionatuko duen gure kontra edo ez». Hooksek esaten du AEBetan feminismoa bizimodu bihurtu zela, eta horrek ondorio negatibo bat ere izan zuela: «Ematen du feminista izatea dela 'ni feminista naiz, kontsumitzen dut feminismoa eta dauzkat borrokatxo batzuk, baina ez dut askoz gehiago egiten behar'. Hooksek adierazten du, edo sistema aldatzen dugu, edo ez dugu ezer lortu». Euskal Herrira ere ekartzen du kezka hori Estebanek.
Hooksek 30 liburu baino gehiago idatziak ditu, baina Feminismoa denon kontua da horien artean euskaraz dagoen bakarra. Neska gazte feministentzat bereziki aproposa dela uste du Estebanek, atzera begiratzen duelako, aurrera egiteko.