astekaria 2019/02/08
arrowItzuli

kirola

IñIGO MARTINEZ

«Donostiara itzuli naizenetan, lasai ibili naiz»

Haritz Gallastegi

«Donostiara itzuli naizenetan, lasai ibili naiz»

IƱigo Martinezek (Ondarroa, Bizkaia, 1991) apustu gogorra egin zuen iaz. Neguko merkatua amaitzear zegoela Reala utzi zuen Athleticen jokatzeko. Erdiko atzelariaren erabakiak hautsak harrotu zituen familia txuri-urdinean. Athleticek, berriz, Aymeric Laporte ordezkatzeko —Ingalaterrako Ligara joan zen— lor zezakeen futbolaririk onena lotu zuen. Martinezek bigarrenez bisitatuko du Anoeta gaur. Prest dago.

Bigarren aldiz arituko zara Anoetan Reala utzi zenuenetik. Zein sentipen dituzu?

Sentipen onak ditut. Ni neu lasai nago, eta taldea ondo ikusten dut. Joko eta emaitza bolada onean gaude. Partida garrantzitsua da. Derbia izateaz gain, garaipena eskuratzen badugu, gorantz begira jarriko ginatekeelako. Derbi bat irabaztea oso garrantzitsua da.

Iragan sasoian bizitakoa espero modukoa izan zen, edo uste baino gogorragoa suertatu zitzaizun partida hura?

Horrelako egoera batean txarrenean jartzen zara. Espero nuen bezalakoa izan zen. Ez da erraza horrelako giroarekin jokatzea, baina profesionalak gara. Urte asko daramagu mundu honetan. Banekien zer gerta zitekeen, eta ez dut inolako arazorik datorrenari aurre egiteko.

Futbolean txistuak onartzen dira. Haserrea adierazteko bide dira. Baina norberaren aurpegia duten billeteak inguruan ikustea nola hartzen da?

Jarraitzaile askok ere ez dituzte ontzat jotzen horrelako kontuak. Leku guztietan daude hiru edo lau, egin behar ez diren gauzak egiten dituztenak. Gauza bat da txistu egitea eta beste kontu bat horrelako gauzetara ailegatzea. Profesional gisa gure interesen aldeko erabakiak hartzen ditugu. Halaber, ulertzen dut zale batzuei ez gustatu izana nik hartutako erabakia. Jokalari bat gustura ez dagoenean, ulertu egin behar zaio.

Mantentzen al duzu harremana taldekide ohiekin?

Asierrekin [Illarramendi] gehien. Lehen ere hala zen. Txikitatik ezagutzen dugu elkar. Donostian lagun onak ditut. Hori da garrantzitsuena. Bakoitzak berea defendatu behar du, errespetuz.

Zenbat aldiz itzuli zara Donostiara Reala utzi zenuenetik?

Hiru edo lau aldiz egon naiz. Ez dut inolako arazorik izan. Beti dago baten bat zerbait aurpegiratzeko gogoz, baina lasai ibili naiz. Lagun zaharrak bisitatzera joan izan naiz.

Zure agurrak min egin zuen Realean. Zerbaiten damu zara?

Agur mingarria izan zen, bai. Akaso ez zen irteteko era zuzenena izan. Nik nire esku zegoen guztia egin nuen beste era batera izan zedin. Zaleei agur esan gura nien, baina ez nuen aukerarik izan. Beste aldeak ez zuen gura izan.

Atzera begiratzeari utzi, eta aurrera egin behar dugu. Gaurkoa euskal derbia da, Anoetan jokatuko da eta bi taldeek asko duzue jokoan. Ez dira partida errazak izaten. Presio handia dago. Hala ere, Reala defendatzen zenuenean zein Athleticen elastikoarekin aritzen zarenean, eroso ikusten zaizu gisa horretako neurketetan. Gustuko dituzu?

Giroa duten futbol zelaiak ditut gustuko. Inguru beroetan errazagoa da kontzentratzea zelai hotzetan baino. Oso partida polita da. Estadioa berritzen ari dira, harmailak beteta egongo dira… derbiak ez ditu inork galdu gura. Ea Bilbora hiru puntuekin bueltatzen garen.

Athletic oso ondo ari da Gaizka Garitanok taldearen ardura hartu zuenetik. Reala ere puntu asko ari da irabazten Imanolekin, eta, egun, puntu bat gehiago dauka. Zein talde dago sasoi hobean?

Berdin dio. Derbi batean ez dio ardura zein dagoen indartsuago. Inork ez du galdu gura. Hasierako hamaikakoan zelairatuko direnak zein partidan zehar jokatuko dutenak garaipen gosez arituko dira. Jarraitzaileen aurrean jokatzeak abantaila ematen dio Realari, baina gu moral aldetik bikain gaude orain. Neurketa asko daramagu galdu barik. Ez dugu beldurrik. Gure armak nagusitzen ahaleginduko gara.

Bi taldeen jokatzeko era aintzat hartuta, zein eratako partida espero duzu?

Antzeko jokamoldeak ditugu. Realak talde ona dauka. Zelai erditik aurrera jokatzen dutenak onak dira. Hortaz, fin arituko beharko dugu kontrarioari aukerarik ez emateko. Hala ere, derbiak ez dira joko oneko lehiak izaten. Urduritasuna nabaritzen da, eta inork ez du galtzerik gura. Gutxi arriskatzen da. Sortuko ditugun aukera apurrak aprobetxatu behar ditugu.

Eta aukera apur horietako batean gola sartzen baduzu, zer gertatuko da?

Urte politak bizi izan ditut Realean. Hortaz, ez dut ospatuko. Gola sartzen badut, ondo. Nire taldeari laguntzeko balioko du, baina ez zait burutik pasatu gola ospatzea.

Derbira ondo ailegatzen zaretela esan dugu. Sasoi hasierako zailtasunak ahaztu dituzue?

Ez ginen fin hasi. Jokalariak izan ginen emaitza txarren erantzule nagusiak, baina uste dut joko sistemak ez zuela asko lagundu. Entrenatzaile aldaketarekin emaitza onak lortu ditugu, eta horrek indarra eman digu.

Yuri Berchichek esan zuen une batez larri ikusi zuela taldea, egoera iraultzeko aukera gutxirekin. Zu ere hala sentitu zinen?

Mahai gainean kolpea emateko premia ikusi nuen. Gu irabazi ezinik ari ginen, eta beste talde asko aurrera egiten ari zirela konturatu ginen. Jokalariok buruari buelta emateko denbora asko izaten dugu, eta, taldeak irabazten ez duenean, ez da erraza izaten. Taldea dinamika ezkorrean zegoen, eta nola edo hala moztu beharra zegoen. Lau gauza ondo eginda, taldea beste itxura bat ematen ari da. Gaizka Garitanoren ekarpena garrantzitsua izan da. Ahal dugun guztia egiten ari gara gorantz begira jartzeko.

Berizzorekin taldeak arrisku handiak hartzen zituen, eta ordaindu egin zuen. Garitanorekin, erraztasun gutxiago ematen diezue aurkariei.

Athleticek beti izan du Gaizkak jarri duen estiloa. Une batzuetan presio egin daiteke, eta beste batzuetan, ez. Berizzorekin aurrera egiten genuen etengabe, eta atzean aritzen garenontzat oso zaila zen aurkariei eustea. Kontrarioek aukera asko sortzen zituzten oso gutxi eginda. Horrela ezinezkoa da aurrera egitea. Egun elkarrengandik gertuago jokatzen dugu eta babestuago gaude. Eroso gaude sistema honekin.

Gainera San Mamesek bat egin du taldearekin. Azken partidetan beroa izan da giroa.

Jarraitzaileen laguntza itzela da. Gauzak txarto egiten genituenean ere, zale asko etortzen zen gu bultzatzera. Taldea ondo ez dagoenean normala da harmailan zurrumurrua entzutea. Hamabostetik behin oso itxura eskasa ematen genuen. Baina, hala ere, zaleak ez zuen kale egiten. Athletic batu egiten da egoera okertzen denean. Emakumezkoen partida da azken adibidea. Horrelako gauzak ez dira beste inon ikusten.

Europa ligako postuetatik sei puntura zaudete, eta jaitsierakoetatik, bostera. Zu nora ari zara begira?

Ez da zuzena epe luzera begiratzea. Poliki-poliki joan behar dugu. Azken txanpan ikusiko dugu zer merezi dugun. Orain helburuak jartzea ez du zentzurik. Argi izan behar dugu non egon garen duela gutxi arte. Bi partida galtzen baditugu, lehengo egoerara itzul gaitezke. Hankak lurrean izan behar ditugu une oro.

Taldea asko hazi da, eta zu ere bai. Oso ondo ari zara jokatzen.

Irabazteak konfiantza ematen du, eta hori gertatu zait. Emaitzek laguntzen dutenean gauza gehiago egiten ausartzen naiz. Jokalari guztiak gaude eroso, eta konfiantza hori zelaian ari da islatzen.

Athleticek apustu gogorra egin zuen zure alde. Taldeko zutabe nagusietako bat izateko fitxatu zintuzten. Ardurak hartzeko gertu zaude?

Joan den sasoia ez zen erraza izan. Jokalariok denbora behar izaten dugu. Orain gazte asko dut inguruan, eta aurrera pausoa eman behar dudala iritzi diot. Lagundu egin behar diet.

Amaitu aurretik, Athleticek neguko merkatuko azken eguna baliatu du taldea indartzeko. Zer iruditzen zaizu Kenan Kodroren fitxaketa?

Notiziak ezustean harrapatu gaitu. Jokalari ona da. Aspalditik ezagutzen dut. Asko eman diezaioke taldeari.

Nola amaituko da derbia?

Ez dut inoiz asmatzen, baina hauxe nire apustua: 0-2.

BERRIAn argitaratua (2019/02/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA