gizartea
Birsortzeko, hustu
Jokin Sagarzazu
Urte eta erdiko lanaren emaitza izan da Artikutzako urtegiaren hustea —berez, Enobietakoa; izen hori dauka urez betetzen duen erreka nagusiak—. Kantaurialdeko Ur Konfederaziotik iritsi zitzaion abisua udalari, presak segurtasun neurri guztiak bete beharra zeuzkala. Eraiki zutenetik arazoak izan ditu ezkerraldean. Inoiz ez da egonkortu behar bezala. 1947 eta 1953 artean eraiki zuten, eta 1992tik jardueratik kanpo dago. Donostia urez hornitzeko egin zuten; Añarbekoak egiten du hori, 1976tik.
Erabilerarik ez zuen urtegi bat berritzea baztertuta, udaleko agintariek hura deuseztatzeko proiektu bat izan zuten esku artean. Baina ez zen bideragarria: Natura 2000 sareak babestutako ingurua da Artikutza, eta han kamioiak eta gainerakoak sartzeak kalteak eragingo lizkioke ingurumenari. Proiektuan lan egin duten ingeniaritza enpresen azterketa baten arabera, 100.000 bidaia inguru beharko lituzkete horretarako. Hortaz, gomendatu zuten urtegiko horma nagusia mantentzea; horren azpitik joatea ibaia, tunel baten bidez.
Pasabidearen lanak, baina, ez dituzte hasi; udalak ez ditu egin baldintza-agiriak; udazkenerako zeuden aurreikusita. Ane Oiarbide Ingurumen zinegotziak (PSE-EE) kazeta honi azaldu dionez, «agintaldia amaitu baino lehen» argitaratu nahi dituzte —maiatz amaieran izango dira hauteskundeak—. Atzerapenari buruz, azaldu du halako prozeduretan ohikoa dela hori gertatzea.
Orain arteko hustea egiteko, ateen balbulak ireki dituzte aspaldiko partez, eta azken urte eta erdian ura atera dute pixkanaka-pixkanaka, urtegian eta inguruko erreketan kalterik ez eragiteko. Prozesu hori azken fasean da. Baina falta da hondoko atea guztiz zabaltzea, erabat hustu dadin. Hori noiz egingo duten ez du zehaztu Oiarbidek. Jakitun da azken egunetan ur mailak gora egin duela, eta azaldu du harremanetan dagoela hori zaintzen dutenekin; ziurtatu du arriskurik nabarituko balute, gehiago zabalduko luketela. «Baina ez daukagu aurreikusita guztiz irekitzea».
Lanean ari diren adituek eta inguruko zaintzaileek, haatik, erabat hustea gomendatzen dute, denborarik galdu gabe, eta horretarako ezinbestekotzat jotzen dute osorik zabaltzea. «Hori denen artean hartu beharreko erabaki bat da», adierazi du Oiarbidek. Zergatia galdetuta, azaldu du Artikutzako urtegiko urak hartzen dituela Añarbekoak, eta bigarren hori kudeatzen duen enpresaren hitza ere aintzat hartu behar dela aurrenekoa erabat hustu eta betirako uzteko erabileratik kanpo.
Inoiz egin gabeko lana
Ezohikoa da Artikutzan egiten ari direna. Horretan dihardutenek ere esperientzia handirik ez dute. Izan ere, orain arte Europan kendu duten urtegirik handiena da. «Zaharkituta edota erabilerarik kanpo geratu direnen kopurua handitzen ari da mundu osoan, eta geroz eta ohikoa izaten ari da horiek kentzea», azaldu du Arturo Elosegi EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ekologia katedradunak. Hark zuzendutako lantalde bat ari da han lanean, BBVA fundazioak emandako diru laguntza bati esker.
«Aukera paregabe bat da tamaina honetako lan batek biodibertsitatean duen eragina aztertzeko». Ikerlariak nabarmendu duenez, Kantauri itsasoko ertzean hoberen mantendu den espazioetako bat da Artikutza. Urtegia Goizuetako lurretan (Nafarroa) badago ere, Donostiako Udalaren esku dago ustiaketa. Biodibertsitate handiko eremua da. «Ia mende batez ezohiko modu batean zaindu eta babestu du administrazioak. Natura ikertzeko laborategi bat da, eta nazioartetik ikerlariak etortzen dira. Europako basorik zaharrenetariko bat dago hemen».
Hori hala izanik, tentu handiz egin beharreko lana da hustea. «Ez dago informazio nahikoa gisa honetako aktibitate batek ingurumenean izan ditzakeen efektuei buruz; ez dakigu zer gertatuko den», azpimarratu du Elosegik. «Horregatik, ikasten duguna erabili ahal izango da zuzenean edo zeharka beste urtegi batzuen hustean eta deuseztatzean».
Ikerlariak azaldu duenez, lan garestia da, teknikoki zaila, baina geroz eta urgentzia handiagoz planteatzen ari dena leku askotan. Proiektuak, beraz, «helburu zientifikoak, kontserbaziozkoak eta sozialak» uztartzen ditu. «Azken urteetan Euskal Herrian presa txiki ugari kendu dituzte ibaietan eta, eta horrek, kasu batzuetan, herritarren protestak eragin ditu: aisialdirako arrantza eremuak zirelako, edota nostalgiagatik. Baina presak egin zituztenean zer pentsatzen zuten han bizi zirenek?».
Elosegik azaldu duenez, soilik Gipuzkoan mila presa daude, eta horietatik 900 inguru ez dira erabiltzen. Artikutzakoa izan daiteke, haren ustez, «adibide paradigmatiko bat» gizartea konbentzitzeko erabilerarik ez duten azpiegiturak eraisteak ekar ditzakeen onurez: «Garrantzi sozial handia dauka ingurumenarekin loturiko gai hau gizarteratzeak».
Onurak eta arriskuak
Artikutzako urtegia baino pixka bat beherago dago Añarbekoa. Aurrenekoaren ateak irekitzeak han eta harako bidean zer eragin izango duen aztertzen ari dira; bereziki, horrek animaliengan eta sedimentuetan zer ondorio izan ditzakeen, eta arriskurik ez dagoela ondorioztatu dute. Are gehiago, urtegia kentzeak onurak baino ez dituela ekarriko nabarmendu dute.
Adibidez, ur geldoek eragiten duten berotegi efektuko gasen emisioa gutxituko da. «Urtegiak CH4 [metanoa] asko igortzen du, eta CO2a baino hogei aldiz indartsuagoa da», azaldu du Elosegik. Husteak, halaber, uraren kalitatea hobetuko du, eta horrek eragina izango du bertako landareen eta faunaren lehengoratzean, besteak beste. Hala, hustu aurreko eta ondorengo eraginak aztertzeko, zortzi ikerketa eremu jarri dituzte urtegiko hainbat lekutan, eta berau hornitzen duten beste erreka batzuetan. Oro har, uraren kalitatea «bikaina» dela ondorioztatu dute, baina presan pilatutakoa okerragoa dela, eta horrek eragina duela beheko erreketan.
Elosegik azaldu duenez, urtegiko hondoan oxigeno kontzentrazioa gutxitzen da, burdina eta manganesoa disolbatzen dira, eta horiek kalteak eragiten dituzte urtegiko uretan eta behera doazenetan. «Ondorioz, ornogabeen dentsitatea eta dibertsitatea nabarmen murrizten da —oso aberatsa goiko erreketan—, eta pentsatzekoa da alga eta beste bizidunetan ere eragina izatea». Husteak, beraz, lagunduko luke urtegia zeneko eremua eta beheko errekak biziberritzen. «Landareak aterako dira, animaliak gerturatuko... Baina ez dakigu zehazki zer gertatuko den eta nola eragingo duen horrek».
Ura kalitate handikoa dela, baina Elosegik gogoratu du urtegia «hesi gaindiezin» bat dela ornogabe, arrain eta ugaztunentzat. «Habitat artifizial bat da, balio txikia edo batere ez daukana inguruko espezieentzat». Bereziki aztertu dutenetako bat da Pirinioetako muturluzea. Galtzeko zorian dauden animalien zerrendan azaltzen da ugaztun txiki hori; mundu osoan, Iberiar penintsulan soilik topa daitezke eta Frantziako toki batzuetan gutxi batzuk; Artikutzan «ugari» daude, inguruko erreken uraren kalitate onagatik. «Pentsatzekoa da urtegia hustean sortuko den errekak muturluze gehiagori bizitzeko aukera emango diela».
Aurkitu duten beste espezie bat da bertako karramarroa. Ez da Artikutzakoa; modu artifizialean sartu zuten han, eta nabarmen hazi da; beste leku batzuetan galdu egin da. Husteak kalte egingo lioke, beraz. «Donostiako Udalak horiek harrapatzeko kanpainak egin ditu, eta Nafarroako Gobernuari eta Gipuzkoako Aldundiari eman dizkio ale batzuk beste leku batzuetara eramateko, espeziea gal ez dadin», azaldu du Elosegik.
Arrainei buruz, berriz, bi espezie baino ez dituzte atzeman: amuarraina eta ezkailua. Jatorrizkoak diren bi espezie falta dira: izokina eta aingira. Añarbeko urtegiagatik. «Gora egiteko, hesi gaindiezin bat da haientzat Añarbe. Artikutzako presa kentzeak, beraz, ez luke eragin berezirik izango».
Baina biologikoarekin batera, alor geomorfologikoak kezkatu ditu gehien ikerlariak. Izan ere, husteak okerreko eragina izan zezakeen, urtegian bertan eta inguruko erreketan pilatu diren sedimentuengatik, horiek mugi daitezkeelako. Ondorioztatu dute, dena den, kaltea oso txikia edo ezdeusa izan dela. Batetik, pilatutako sedimentuak finak direlako, eta, bestetik, inguruko erreken kontserbazio bikainak —jatorrizko irregulartasun eta traba natural ugari dituelako— oztopatzen duelako harri, egur zati eta bestelakoak tamaina handitan mugitzea, eta, adibidez, Añarbera iristea. «Artikutzako urtegiaren azpian sedimentu gutxi pilatu dira, arroaren kontserbazio bikaina dela eta. Eta hustean azalean geratu dira horiek denak, uretatik kanpo eta modu konpaktu batean».
Baina badago «arriskua», urtegiko alboetan erosioak gertatuz gero, uraren eraginez. Hori jazo ez dadin, adituek gomendatu dute erabat hustea, denborarik galdu gabe. «Ibaiari bidea egiten uzteak eta urtegia berriz ez betetzeak ziurtatutako luke halakorik ez gertatzea. Egungo ur mailak ez luke gehiago hazi behar, eta hori soilik berma daiteke urtegiaren hondoko atea irekiz», azpimarratu dute.
Donostiako Udalak dauka azken hitza. Eta giltza.