astekaria 2019/02/01
arrowItzuli

bizigiro

MAITE EIZMENDI

«Yoga egitea hemen eta orain presente egoteko modua da»

Maialen Unanue Irureta

«Yoga egitea hemen eta orain presente egoteko modua da»

Hogei urtetik gora darama yoga saioak ematen Maite Eizmendik (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1967). Lehen, irakaslea zen, baina yoga ezagutu zuenean konturatu zen huraxe zela bere mundua. Mantrayogadonostia blogean eskura daiteke atera berri duen CDa, digitalki eta fisikoki.

Zer dela-eta CDa?

Nire ikasleek eskatu zidaten; urteak zeramaten eskatzen. Astean behin izaten dira saioak, eta etxean gehiagotan praktikatu nahi zuten. Azkenean, animatu nintzen grabatzera: soinu teknikaria den lagun batengana jo nuen, eta CDko argazkia ere lagun argazkilari batek egin du.

Lekua ere propio aukeratu duzu?

Itsasoa egon zedila nahi nuen: Jaizkibelgo Justizen atera genuen, erreka itsasoraino jaisten delako. Gu, nolabait, ura gara, tanta bat, eta itsasora goaz. Sinbolikoa da irudia: ni eta uretako nire isla gaude: ametsen mundua behean, lausoa, eta errealitatea, goian. Askotan, beheko horretan galtzen gara. Esnatu egin behar dugu, eta hori da yoga: esnatzeko bide bat.

Durangoko Azokara eraman zenuen: zer harrera izan du?

Oso ona. Oso pozik nago. Hara joateko eskaera egin nuen, disko bat delako, euskaraz egina. Ez nekien zer gertatuko zen, baina haiei ere atentzioa piztu zien.

Hainbeste, areto nagusian yoga saioa egin baitzenuten.

Oso polita izan zen. Yoga egiten duen jendea etorri zen, euskalduna, leku askotatik: Bergara, Zarautz, OƱati [Gipuzkoa]... Eskola desberdinetako jendea zen: ez nituen ezagutzen! Nire ikasleen artean zabaltzea zen asmoa, baina azokak oihartzun handiagoa eman dio.

Badira saioak gaztelaniaz ematen dituzten irakasle euskaldunak: zuk euskaraz ere ematen dituzu.

Nik ere beti gazteleraz jaso izan ditut saioak. Orain arte ez da asko erabili, baina, yoga ikasten hasi nintzenean, segituan sortu zen talde bat Ikaztegietan: nola hitz egingo nien, bada, gazteleraz? Ez zen posible, eta horrelaxe hasi nintzen. Gainera, oso hizkuntza egokia da yogarako: lasai hitzak lasaitu egiten zaitu benetan.

Iraungo zenuke yogarik gabe?

Yogarik gabe? Nik tresna horiek barneratuta dauzkat, eta denetarako erabiltzen ditut: nire bizimoduaren parte dira, eta emozioak kudeatzeko balio didate. Ni, bestela, galdu egingo nintzateke nire emozioetan. Nire inteligentziaren parte da jada. Erreminta oso praktikoak eta zehatzak dira: arnasketak, barrura begiratzea, luzaketak, erlaxazioa, meditazioa... Egunero erabiltzen ditut: astean behin egiten hasi, eta, gero, zure bizitzaren parte bihurtzen da.

Nola egiten da hori?

Konturatzen zarenean zenbat on egiten dizun, zenbat lasaitzen zaituen saio bakar batek. Bizpahiru egun irauten du sentsazio horrek, eta, joaten denean, konturatu egiten zara, haserre edo beldurtuta sentitzen zarelako, ezinegonez. Yoga egitean, ordea, bakean eta lasai zaude: gauzak desberdin ikusten dituzu. Azken batean, ondo gaudenean, gauzak beste era batera ikusten ditugu: gure kontuekin korapilatuta gaudenean, urduri eta presaz ibiltzen gara, eta hori beste perspektiba bat da, oso desberdina. Yoga urrutitik datorren zerbait da, baina altxor bat da gizakiarentzat.

Duela urte batzuk zerbait arrotza zen; gaur, berriz, arrunta, ezta?

Gaur egun ez daude hainbeste aurreiritzi. Duela 30-40 urte, izugarrizkoak zeuden: sekta bat zela esaten zuten. Eta hau ez da erlijio bat, praktika multzo bat baizik. Zabaldu egin da, ongi sentiarazten gaituelako. Bakoitzak bere neurrira egiten du, gainera: ez da lehia bat, alderantziz. Nola nagoen eta noraino iristen naizen onartzeko ariketa bat da, eta, batez ere, yoga hemen eta orain presente egoteko modua da.

Burua eta gorputza konektatzeko modu bat da?

Bai, burua, bihotza eta bizitza. Askotan, pixka bat galduta gabiltza gure pentsamenduetan: bueltaka dabilzkigu, hor daude, eta laino horretan galdu egiten gara. Hor gelditu beharrean, orainera etorri behar dugu, arnasketak egin: hori nahikoa da buruan zenituen kontu horiek beste era batera ikusteko.

Edonork egin dezake?

Edonork, baina ez pentsa erraza denik denentzat: batzuk oso galduta sentitzen dira.

Yoga egiten dutenek beste jarrera bat dute bizitzaren aurrean?

Erabat. Gaur egun, yogaren tresnak beste izen batzuekin iristen zaizkigu: mindfulness edo pilates, adibidez. Pilatesaren oinarria yoga da, eta mindfulness-aren oinarria, meditazioa, zeina yogaren tresna bat den. Horiei esker, aldatu egiten gara. Izateko modu asko daude: batzuk oso mentalak dira, dena analizatzen dute; beste batzuk, oso emozionalak, eta emozioetan galtzen dira; beste batzuk oso fisikoak dira, beti ekinean... Zer falta dugun jakin behar dugu, horien arteko oreka bilatu, osasuntsu egoteko.

BERRIAn argitaratua (2019/01/31)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA