kultura
Euskarazko ahotsak, mutualdira bidean
Itziar Ugarte Irizar
Izan, nahiko sortu berria da Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea. Urrian jarri zuten martxan, mahai gainean jarri zieten azken murrizketaren aurrean antolatu eta euren interesak taldean defendatzen hasteko. «Irailean, enpresa etorri zitzaigun, eta esan zigun: bihartik aurrera % 12 gutxiago kobratuko duzue. Halaxe, besterik gabe». Bikoizle zenbaitek ez zuten onartu, eta hala egin zutenak «baztertu» egin dituztela salatu du Alkizak, ordura arte bikoiztutako pertsonaiak ere kendu egin dizkietela. «Beste jende bat bilatzen ari dira, baina guk geure bidea egin behar dugu», dio. Elkartean bilduta daude orain planto egitea erabaki duten bikoizleak; denera, 30-35 bat, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan euskaraz zein gaztelaniaz lan egiten duten bikoizle guztien erdiak, gutxi asko. «Kanpoko jendearekin egiten dugu lan askotan, eta ikusten dugu nola zaintzen den ofizioa beste toki batzuetan; hau, aldiz, basoa da, edozerk balio du». Elkartea sortzearen lehen asmoa «erkidego mailako hitzarmen bat borrokatzea» dela azpimarratu du, hala, Alkizak.
Milatik ehunera
Euskarazko bikoizketaren «gainbehera» 1990eko hamarkadaren azkenetan hasi zela dio Alkizak. «Bingen Zupiria egungo Kultura sailburu eta orduan EITBko zuzendaria zenak eta haren taldeak bikoizketaren aldeko apustua ez egitea erabaki zuten. Hor hasi zitzaigun lan bolumena mozten; garai onenetan urtean mila orduren bueltan bikoiztetik, gaur ehun bat ordu bikoizteraino». Azpiegitura ere murriztu da: 2012tik, euskarazko bikoizketaz arduratzen den enpresa bakarra dago: Mixer, zeinaren merkatua EITBra mugatzen den. «Telebistaren aginduei jarraituta murriztu digu enpresak ordainsaria; % 37 inguru, 2012tik hona».
EITBrekin soluziobiderik lortzeko esperantzarik ez dutela eta, Jaurlaritzarengana zuzendu ditu eskakizunak elkarteak; egin dituzte bilerak, baina akordiorik ez dute lortu gaur artean. Jaurlaritzaren ustetan, EITB da auzian zeresana duena. «Baldintzak hobetzea ez dagokio Jaurlaritzari; bikoizleen eta haien zerbitzuak kontratatzen dituzten enpresen arteko lan gatazka bat da». Hala adierazi du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, eta nabarmendu Zinema Euskaraz programarekin hartutako konpromisoa betetzen ari dela Jaurlaritza.
Zineuskadik kudeatuta, urtean haurrentzako hamabi film bikoizten dira programa horri esker. Baina, Alkizak zehaztu duenez, euren urteko lanaren zati oso txikia da hori; urtean 10-15 ordu baino ez. «Oso dotore geratzen da prentsan esatea Lego edo Asterix euskaraz ikusi daitezkeela, baina ez da mantendu nahi profesional talde bat hori behar bezala egin ahal izango duena». Are, bikoizlearen esanetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jada ez dago film bateko aktore talde osoa egin ahal izateko behar adinako bikoizle profesionalik. «Lego 2 eta halako film luzeetan, gutxienez 70 pertsonaia daude; gauden guztiok parte hartuta ere, ahotsak errepikatu egin behar dira. Hori bi aldiz egin daiteke, erraz eman dakioke beste kolore bat bigarren pertsonaia bati; baina hamar aldiz ez».
Hain justu, gaur estreinatuko da Dragoi Bola filma Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroako aretoetan, Zinema Euskaraz programaren barruan. Hurrengoa izango da Lego 2, baina, aurrera begira, egitasmoa kolokan egon daitekeela dio Alkizak; Bieuseko kideek behintzat ez baitute oraingoz programarako bikoizten jarraituko. «Zineuskadiko zuzendariari esan genion: '40 pertsonaiako pelikula bat hamar lagunen artean egin badezakezue, orduan jarraituko du'. Esan zigun banatzaile handiek ez ziotela utziko halakorik egiten». Bada, programak iraun badu bikoizleen «borondateagatik» iraun duela uste du Alkizak.
Beste kezka bat ere badu programari lotuta: EITBk ez dituela erosten Zinema Euskaraz programan bikoiztutako pelikulen egile eskubideak, ondoren telebistan erakutsi ahal izateko. «Egindako lan hori galdu egiten da».
«Petrolioa bezain beltza»
Euskarazko bikoizketaren etorkizun hurbila «petrolioa bezain beltza» ikusten du orain Alkizak, sektorearentzat eskatzen duten «profesionaltasunetik» gero eta urrunago. Gaurkoz, EITBrekin etsia hartuta dago Alkiza: «Hor arazoa oraindik eta latzagoa da; gure lanak ez du deus balio». ETB3n ematen den Home telesaila ipini du adibidetzat: «Musika klip asko daude. Jatorrizkoan Rihannak abesten ditu, eta gure lankideei bost euro ordaindu nahi zieten abestiko. Lankideek planto egin zuten, eta kanpoan bilatu behar izan zituzten bikoizleak. Haiek ere uko egin ziotenean, azkenean, 55 urteko gizon bat jarri zuten jatorrizkoan Rihannak abesten dituen kantuak abesten, neska pertsonaia baten ahotik. Berdin du denak».
Gutxiengo batzuk bermatzea, hori eskatzen diote Jaurlaritzari. «Haren konpromisoak ez du ematen ofizioa bizirik mantentzeko; horregatik egin dugu planto», esan du Alkizak. Eskumena harena delakoan dira, baita euren jardunak hizkuntza politikaren arloan duen eraginagatik ere. «Ez da linguista izan behar pentsatzeko bikoizketak zenbat lagundu diezaiokeen hizkuntza bati».
Alkizaren arabera, ordea, Zupiriak aspaldi esan zien «euskarazko bikoizketa desagertzera zihoala», eta etorkizuna azpidatziena zela. Ez du ikusten egoera norantza horretan doanik; inguruko estatuetan inoiz baino gehiago bikoizten dela dio, eta berak gaur egun lan osoaren %5 egiten duela gehienez euskaraz. «ETB2n egunero bikoizten dira gaztelaniara filmak. Ez dago azpidatzirik, eta ez dago kexarik. Eta, bitartean, gu Dragoi Bola-rekin gabiltza bueltaka, duela 30 urteko eduki batekin. Esatea ere gogorra da».