astekaria 2019/02/01
arrowItzuli

gizartea

Bigarrenean, esku gehiago

Garikoitz Goikoetxea

Bigarrenean, esku gehiago

Bide baten hasiera zela iragarri zuten, ez zela hasi eta buka egingo zuen ekintza bat. Euskaraldia, euskararen erabilera bultzatzeko sekula egindako ariketarik handiena. Udazkenean egin zuten lehena milaka lagunek, eta bidean da bigarrena: 2020an egingo dute bigarren Euskaraldia. Iazko ariketan bezala, norbanakoen hizkuntza ohiturak aldatzea izango du ardatz, ahobizi eta belarriprest rolen bidez, baina beste urrats bat egingo dute: entitateak ere subjektu izango dira, ez laguntzaile soil. Herritarrei bakarrik ez, beraz, entitateei ere konpromisoak eskatuko dizkiete: har ditzatela «neurriak» beren eremuan euskararen erabilera areagotzeko. Erakunde publikoei, eragileei eta enpresei eragin nahi diete horrela.

Arrakastatsua izan zen iazko Euskaraldia, 11 eguneko ariketa soziala: azaroaren 23tik abenduaren 3a egin zuten. Parte hartzeari buruzko txosten zehatzak aurkeztu dituzte, Gaindegiak egindako azterketa bat oinarri hartuta. Azken datuen arabera, denera ia 225.200 lagunek eman zuten izena Euskaraldian jarduteko. Ahobizi rola hautatu zuten ia lautik hiruk (%73): hitzeman zuten solaskideak ulertzen zuen guzti- guztietan euskaraz egingo zutela, eta lehen hitza euskaraz egingo zutela beti. 164.000 euskaldunek eman zuten izena ahobizi gisa. Belarriprest rola parte hartzaileen %27k hartu zuten, 61.200 lagunek: konpromisoa hartu zuten euskaldunei bidea errazteko, euskaraz egin diezaieten sustatzeko.

Kopuru orokor horietatik harago, badira aintzat hartzeko moduko gorabehera batzuk, Gaindegiaren datuetan oinarrituta egin daitezkeen gogoeta batzuk. Batetik, lurraldetasunari buruzkoak. Gipuzkoan izan zen parte hartzaile gehien: %43. Bizkaitarrak ziren hirutik bat pasatxo (%36). Bi herrialde horien artean, hortaz, bost parte hartzailetik lau osatzen dituzte. Ipar Euskal Herrian, berriz, askoz apalagoa izan zen parte hartzea: hiru herrialdeak batuta, ez ziren %3ra ere iritsi.

Lurraldeei zehatzago begiratuta, nabari da eskualde batzuen pisua. Bilbo Handia dago buruan: 45.000 parte hartzaile. Hura da biztanle gehieneko eskualdea. Donostia aldea ageri da jarraian: 35.000 izen emate. Alde kuantitatibotik, garrantzia dute eskualde hauek ere, 10.000 partaide baino gehiago bildu baitzituzten Euskaraldian: Urola Kostak, Arabako Lautadak, Debagoienak, Iruñerriak, Durangaldeak eta Goierrik.

Bizkaiko hutsunea

Komeni da, hala ere, datu horiek sakonago aztertzea, euskaldunen proportzioaren arabera. Koskak ageri dira. Gipuzkoan dago parte hartze handiena: proportzioan, bost euskaldunetik batek eman zuen izena Euskaraldian (%19). Jarraian ez da Bizkaia ageri: aurretik ditu Nafarroa (%15) eta Araba (%13). Datu horrek erakusten du Euskaraldiak errotze txikiagoa izan duela Bizkaian. Areago, beste adierazle batzuetan ere agertu izan dira hutsuneak herrialde horretan. Kontuan hartzekoa da Araban eta Nafarroan baino nabarmen handiagoa dela euskaldunen portzentajea Bizkaian: azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, Bizkaiko herritarren %28 dira euskaldunak; Araban herritarren %19 dira, eta Nafarroan, %13.

Eskualde batetik bestera badira gorabeherak. Proportzioan, Arabako Mendialdean izan da parte hartze ratiorik onena (euskaldunen %31), eta Nafarroa ekialdeko eskualdeak ere buruan daude: Erronkari-Zaraitzu, Auñamendi, Iruberrialdea... Gipuzkoan, Debagoienak du ratiorik handiena (%27). Bizkaiko eskualderik ez da ageri lehen hamarretan: Gernika-Bermeo eta Lea-Artibai daude buruan, eta %20k eman zuten izena.

Adinaren datuak ere begiratzekoak dira: 30-44 urtekoen adin taldeak parte hartze handia izan du, guraso izateko adinean daudenen adin taldeak, alegia. Bost parte hartzailetik hiruk 44 urte baino gutxiago zeuzkaten —gogoan izatekoa da 16 urtetik gorakoek izan zutela parte hartzeko aukera—. Eskualde batzuetan are pisu handiagoa izan dute adin talde gazteek, batik bat euskaldun dentsitate apaleko eremuetan. Ezagutza datuekin bat dator hori: belaunaldi gazteen bidez zabaltzen ari da euskara, eta euskaldun gutxiko eremuetan nabarmenagoa da hori. Hara: Arabako Errioxan eta Gares aldean, adibidez, lau parte hartzailetik hiru baino gehiago ziren 44 urtez azpikoak.

Emakume gehiago

Generoarena da aztertzeko beste aldagai: Euskaraldian parte hartu zuten hiru lagunetik bi emakumeak ziren (%62). Adin talde guztietan nabari da diferentzia sexuari dagokionez, baina bereziki adierazgarria da batzuetan. Batetik, adin talde gazteenetan: 16 urterekin, esaterako, emakumeen parte hartzea gizonenaren bikoitza izan zen; 3.300 emakumezko, 1.600 gizonezko. Bestetik, guraso izateko adinean daudenena: 40 urtekoetan, adibidez, 2.000 gizonek eman zuten izena, eta 3.600 emakumek. Herrialde guztietan nabari da genero aldea, emakume gehiagok parte hartu dutela. Eta hara diferentzia, Euskal Herri osoa hartuta: emakumeetan, hamarretik batek eman zuen izena (%10), eta gizonezkoetan, hamabostetik batek (%6,5).

Euskarari buruzko beste adierazle batzuetan ere nabari dira aldeak sexuaren arabera: esate baterako, kaleko erabileraren neurketan aldiz aldi sumatu dute diferentzia, emakumezkoek gehiago jarduten dutela euskaraz kalean.

Parte hartzeari buruzko datuak dira horiek, Gaindegiak landuak. Soziolinguistika Klusterra ari da ariketaren beraren emaitzak aztertzen: partaideen erabilera zenbat aldatu den ari dira ikertzen, hizkuntza ohiturak aldatzea lortu ote duten, eta Euskaraldia igaro ostean aldaketari eutsi ote dioten.

Entitateak ere bai

Gisa bereko ariketa gehiago antolatzen ari dira jadanik. 2020ko udazkenean izango da hurrengo Euskaraldia. Antolatzaileek erabaki dute bi urtean behin egitea, nahiz eta urtero egiteko asmoa aipatu zuten hasieran. «Tentuz aztertu dugu zein izan daitekeen erritmo egokia. Ikusi dugu Euskaraldia antolatzeko prozesua bi urtekoa dela», azaldu dio Arrate Illaro koordinatzaileak BERRIAri. Gogorarazi du 2018ko Euskaraldia antolatzeko prozesua urtebete lehenago jarri zutela martxan.

Berritasuna izango du bigarren Euskaraldiak: herritarrak ez ezik, subjektu izango dira entitateak ere. Iazkoan zeharka parte hartu zuten, sustatzaile gisa: «Tailerrak antolatu zituzten, txapak banatu, beren kideak parte hartzera bultzatu... Orain, beren barne espazioko hizkuntza funtzionamendua aldatzea nahi dugu, eta herritarrei begirako jarduna ere bai», adierazi du Illarok. Hori lortzeko, ohiturak aldatzeko neurri batzuk lantzen hasiko dira antolatzaileak. Erakunde publikoetan, enpresetan eta eragileetan eragingo dute.

Euskaraldian 225.000 lagunek parte hartu zuten, baina kontuan izatekoa da hori antolatzen aritu zirenen kopurua ere: 400 herritan baino gehiagotan osatu zituzten batzordeak, eta milaka boluntariok parte hartu zuten. Haien lan karga kontuan izan dute antolatzaileek bi urteko epea jartzeko. Haien sarea ezinbestekoa izango baita berriz ere arrakasta lortzeko.

BERRIAn argitaratua (2019/01/31)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA