politika
Tantoa, azken segundoan
Ion Orzaiz. Jon O. Urain
Carrillok aurrera-atzera eman zituen aurreko orduak, hasperenka, aretotik atera eta berriz sartzen, zer egin erabaki ezinik. Laura Perezekin batzartu zen hainbatetan, eta baita alderdiko beste ordezkari batzuekin ere -parlamentuko pasabideetan ikusi ziren atzo eztabaida gogorrenak-. Bozkatzeko unea iritsi zenean, karpetarekin estali zuen aurpegia. Beste guztiek emana zuten botoa jada. Eta Carrilloren argiak itzalita segitzen zuen. Hiru, lau, bost segundo. Gainerako parlamentariek -legearen aldekoek nahiz kontrakoek- arnasari eutsita igaro zituzten hurrengo istanteak. Sei, zazpi segundo. Bukatzear zen botoa emateko legezko denbora. Orduantxe piztu zen argi berdea. Baiezkoa garaile. 26-24. Luzapeneko azken segundoan sartutako gola izan zen.
Emaitza txalo eta algaraka hartu zuten Geroa Bai, EH Bildu eta Ezkerrako legebiltzarkideek; baita gonbidatuen harmailan ziren alkate eta zinegotziek ere. Hiru urteko prozesuaren ostean, onartua zen udal maparen erreforma, eta, kolpe berean, UPN, PSN eta PPrentzat legealdiko azken garaipen politiko eta sinbolikoa izan zitekeena eragotzi zuen laukoak. Eta Carrillo? Aurpegia esku artean gordeta eduki ostean, berokia hartu eta arrapaladan alde egin zuen hemiziklotik, azalpenik eman behar ez izateko.
Arrakalak, agerian
Ahal Dugu-Orain Bai taldearen barne arrakalak beste koska bat tenkatu zuen giroa atzo, eta talde horretako eledunen arteko desadostasunek amildegiaren ertzean jarri zuten lege proposamena bera. Azkenean, boto diziplinari men egin zion Carrillok -gogoz kontra-, baina ziurgabetasun egoera muturreraino luzatu izanak agerian utzi du talde politiko horren barruko egoera prekarioa. Orain arte, Ahal Dugu-ko ildo ofizialaren eta Orain Baiko kritikoen arteko liskarretara mugatzen zen auzia; orain, berriz, Orain Bairen barruan ere sortu dira eztabaidak. Kritikoak, kritikoen taldean.
Ahal Dugu-ko hiru parlamentariak -Mikel Buil, Ainhoa Aznarez eta Tere Saez- iragan astean azaldu ziren udal maparen erreformari «baiezko kritiko bat» ematearen alde. Orain Baikoen artean, berriz, iritzi kontrajarriak zeuden: itun programatikoan sinatutakoa errespetatu eta legea onartzearen alde zegoen Laura Perez; Ruben Velasco eta Fanny Carrillo, aldiz, lege proiektua atzera botatzeko prest azaldu ziren. Asteazken iluntzean, aurreakordio bat in extremis lotu zuten itun programatikoa sinatu zuten lau indarrek, babesa ziurtatze aldera. Horrek ez zuen, ordea, atzoko ezinegona baretu.
Osoko bilkuran, Velascok aitortu zuen berak, «pertsonalki», nahiago zuela abstentziora jo, bere ustez legeak ez dituelako betetzen itun programatikoan ezarritako helburuak: «Zentzuzkoena izanen litzateke erreforma hurrengo legealdirako uztea. Hala ere, abstentziora joko bagenu, itun programatikoa urratzea leporatuko ligukete; hortaz, zalantzak ditugun arren, baiezkoa emanen diogu legeari». Velascok hori esaten zuen bitartean, ordea, aretotik kanpo zegoen Fanny Carrillo, batzuekin eta besteekin batzartzen, alderdi barruko diziplina apurtu ala ez erabakitzeko.
Horren jakitun, Orain Baiko legebiltzarkideak konbentzitzeko saio ugari egin zituzten oposizioko indarrek. «Uneotan zalantzan dauden parlamentari horiei dei egiten diet, kontra bozka dezaten», esan zuen UPNko eledun Mari Carmen Segurak. PSNko Conchi Ruizek, berriz, gogor jo zuen Velascoren aurka: «Gure iritzi berekoa zara zu, baina gustuko ez duzun lege baten alde bozkatuko duzu, dilista plater baten truke». Horren ostean, leunago, botoa «birpentsatzeko» eskatu zien Orain Baiko parlamentari kritikoei. Azkenean, oposizioaren sirena kantuek ez zuten fruiturik eman.
Udal maparen legearen tramitazioan kalapita handiena sortu duten puntuetako bat da udal langileen eskubideena. Horren harira, ahoz gorako bi zuzenketa aurkeztu zituen laukoak: «Erabat argi» utzi nahi zuten legeak ez duela tokiko administrazioetako langileak «kolektiboki kaleratzeko inongo aukerarik» utziko. Alta, azken uneko zuzenketak izanda, UPNk eta PPk eragotzi egin zuten tramitazioa. Orain, beste era batera onartuko ditu gobernuak: presazko lege proposamen baten bidez, udal maparen erreforma indarrean sartzen den unean.
Emaitzarekin «pozik» azaldu ziren Geroa Bai, EH Bildu eta Ezkerra taldeak. Geroa Baiko eledun Unai Hualdek, esate baterako, «aurrekorik gabeko erreforma historikotzat» jo zuen lege berria. EH Bilduko Adolfo Araizek ere erreformaren onurak nabarmendu zituen: «Eskualde bakoitzean, udalek erabakitzen dutena errespetatua izanen da, horretarako bermea ematen baitu legeak». Araua «kontsentsu zabal baten fruitua» dela ere esan zuen. Ezkerrako Jose Miguel Nuinen aburuz, berriz, bi dira erreformaren onuradun nagusiak: «Batetik, herritarrak, zerbitzu hobea jasoko dutelako; eta, bestetik, tokiko erakundeak, entitate indartsu eta eraginkorragoak sortuko direlako».
Hain zuzen, erreforma txalotu du Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidente Pablo Azkonak: «Behar-beharrezkoa zen erreforma, eta ezin genuen tren hori galdu. Tokiko administrazioa modernizatzeko lehen urratsa da». Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizalde ere «oso pozik» azaldu da lege berriarekin: «Eskerrak eman behar dizkiegu prozesu luze honetan lan zintzoa eta sakona egin duten eragile guztiei».
UPNk, PSNk eta PPk, ostera, gogor kritikatu dute erreforma. «Bilduren politika sektarioak inposatzeko baliabidea da», esan du UPNko Segurak. PPko Javier Garciak, berriz, esan du «Nafarroako batasunizazio prozesuaren azken kolpea» dela.
Kanporatze eskaera berria
Orain Baikoek udal maparen auzian azken unera arte erakutsitako indeterminazioak zerikusia izan dezake talde barruko egoerarekin. Atzo bertan, Mikel Buil, Ainhoa Aznarez eta Tere Saez taldetik kanporatzeko eskaera berriz aurkeztu zuen Orain Baik. Iragan astean, Parlamentuko Mahaiak hamar egun eman zizkien taldearen bileraren deialdia eta haren akta aurkezteko, aurretik egindako kanporatze eskaera justifikatze aldera. Bilera hori egin ez zutenez -eta kanporatze prozesua baliogabetua izan zitekeela ikusita-, berriz aurkeztu dute eskaera. Laster argitu beharko luke egoerak.