astekaria 2019/02/01
arrowItzuli

kultura

Heriotzaren osteko bizitza

Gotzon Hermosilla

Heriotzaren osteko bizitza

Urteak dira RIP taldea desegin zela, baina haren itzala luzea da oraindik. Arrasateko (Gipuzkoa) taldearen omenezko kontzertu eta ekitaldiek ez dute etenik —azkena iazko urriaren 27an egindako jaialdia izan zen, Arrasateko gaztetxean—. Haren ibilbidea jasotzen duen liburu bat argitaratu da duela gutxi, Larga vida a RIP izenekoa, eta, liburuarekin batera, disko bat ere plazaratu dute, non dozena pare bat taldek RIPen kantuen bertsioak egin dituzten.

Taldea 1979an hasi zen —hasieran, Doble Zero izena erabilita—, eta Gipuzkoa astindu zuen lehen punk olatu haren ordezkari petoa izan zen, Odio, Basura, Optalidon eta beste zenbaitekin batera. Geroago, RRV edo Euskal Rock Erradikalaren fenomenoak eztanda egin zuenean, RIPekoak leherketa haren epizentroan egon ziren. Mugimendu haren sorreratzat jo izan diren bi ekitaldietan parte hartu zuten: NATOren kontrako kontzertuan Tuteran (Nafarroa), 1983ko urrian; eta Egin Rock jaialdian Gasteizen, 1984ko urtarrilean. Halere, musikalki zein ideologikoki euren punk sustraiei eutsi zieten beti.

RIPen urrezko aroak 1989. urtera arte iraun zuen gutxi gorabehera, eta maketa bat, mini LP bat —Eskorbutorekin batera— eta No te muevas izeneko LPa utzi zituen. Hurrengo hamarkadan ere kontzertu batzuk egin zituzten, eta zuzeneko disko bat grabatu ere grabatu zuten, baina zenbait taldekideren heriotzak akabera jarri zioten taldearen bideari —Eduardo Mancebo Portu baxu jotzailea 1997an zendu zen; Karlos Agirreurreta Mahoma abeslaria, 2003an; eta Jul Bolinaga gitarra jotzailea, 2014an—.

Fanzinetik liburura

Judit Uriach eta Fernando Alonso dira RIPi buruzko liburua apailatu dutenak. Bi-biek Silencio toxico fanzinea egiten dute; 2008an hasi ziren agerkaria plazaratzen, katalanez eta gaztelaniaz idatzia dago, eta orain arte zortzi zenbaki argitaratu dituzte. Liburuak ere fanzinean du jatorria: «Txerra [Bolinaga, taldeko bateria jotzailea] lehenagotik ezagutzen genuen, fanzinerako elkarrizketatu genuelako», esan du Uriachek. «Julen heriotza dela-eta omenaldia egin ziotenean, eta No te muevas diskoaren 30. urteurrenaren harira, zerbait berezia egitea bururatu zitzaigun, baina hasierako asmoa fanzine bat egitea zen».

Pare bat urte eman zituzten elkarrizketak egiten eta informazioa biltzen, eta laster ikusi zuten emaitzak fanzinearen formatua gaindituko zuela. «Proiektua handitzen ari zela ikusita, zorabio apur bat sentitu genuen», azaldu du Alonsok, «baina, azken finean, hau lan kolektibo bat izan da. Guk biltze lana egin dugu, baina hor agertzen direnak RIP gertutik ezagutu zuten lagunen iritzi eta bizipenak dira».

Lehenago ere egon dira RIPen historia jasotzeko saialdiak, esaterako, Goiena komunikazio taldeak eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak 2005ean plazaratutako RIP: Punkaren 25 urteko historia bizia izeneko DVDa. Baina bitxia da ikustea historia hori paperean jasotzeko ahalegina Kataluniatik iritsi dela, eta adinagatik hura bertatik bertara ezagutu ahal izateko gazteegiak diren bi lagunen partetik. «Geuk ere zalantza asko izan ditugu horren gainean», esan du Alonsok. «Geure buruari esaten genion agian beste batzuek egin behar zutela lan hori. Baina Txerrak berak eta RIPen inguruko jende askok bultzatu gintuzten egitera, emaitza gustatzen ari zitzaielako».

Liburuaren egileak RIPen zaleak izan dira beti. «Hori ez dugu ezkutatzeko, ez dugulako ezkutatzekorik ezer», esan du Alonsok. «Oso gazteak ginenetik, RIP beti izan da erreferentzia bat guretzat; asko gustatzen zitzaigun, eta sekulako taldea iruditzen zitzaigun». Idoloez berba egitea gogoko ez badute ere, onartzen dute taldea miretsi egiten zutela eta apur bat mitifikaturik ere bazutela. «Horregatik, guretzat izugarria izan da ikustea, haien hurbilekoen testigantzen bidez, geure moduko lagun arruntak zirela, oso normalak, kalekoak eta umilak», erantsi du Uriachek.

Izan ere, umiltasuna da informazioa bilatzen egon diren bitartean gehien entzun duten hitza, haiek diotenez. RIP aitzindariak izan ziren Euskal Herrian punka ulertzeko modu bat eta soinu jakin bat garatzen: GBH eta Dischargeren arteko nahasketa moduko bat, bigarren belaunaldiko punk ingelesetik eta haiekin batera behin baino gehiagotan jo zuten hardcore talde europarretatik edaten zuena. Maximum Rockandroll fanzineak haien abesti bat Welcome to 1984 nazioarteko bilduman sartu zuenean, haien sona munduko hardcore eszena osora hedatu zen, baina taldekideek inoiz ez zieten garrantzirik eman halako kontuei.

RIPen inguruan duten iritzia belaunaldi oso bati buruzkoa ere bada Uriach eta Alonsoren kasuan. «Belaunaldi hark ez zuen alfonbra gorririk izan», dio Alonsok. «Oso egoera zaila egokitu zitzaien, drogak agertu zirelako eta testuinguru sozial eta politikoagatik. Baina, hala ere, jakin zuten sormenaren bidez horri aurre egiten, eta bakoitzaren ibilbidean, normala den bezala, gorabeherak dauden arren, oro har jende sortzaile eta aldi berean oso umila izan zen, barruan amorru handia zuena, baina egiten zuena egiten ondo pasatzen zuena».

Harrera ona

Lehen edizioan 2.000 ale argitaratu zituzten, eta egun gutxiren buruan denak saldu zituzten. Bide beretik doa 1.500 aleko bigarren edizioa, eta, batez ere, Euskal Herrian ari dira saltzen, RIPek oraindik pizten duen jakin-minaren erakusgarri: «Guk fanzinearen erreferentzia genuen», dio Alonsok, «eta gure hasierako asmoa zen antzeko kopuru bat argitaratzea, 500 bat ale edo. Baina Arrasateko jendeak esaten zigun ezetz, motz geldituko ginela eta askoz gehiago atera behar zirela, interesa bazegoelako. Zuzen zeuden».

Duela ia hamabost urte argitaratutako DVD haren izenburuan, RIPena punkaren «historia bizia» zela zioten lan hura prestatu zutenek. Orain kaleratutako liburuaren izenburuan ere «bizitza luzea» opa diote RIPi. Harrigarria da ikustea bere ibilbidean heriotzari buruzko hainbeste erreferentzia egin zituen taldea —izenetik hasita, eta kantuetan bereziki: Mundo muerto, Enamorado de la muerte...— zein bizirik dagoen zaleen gogoan. RIP taldearena heriotzaren osteko bizitzaren adibidea da, dudarik gabe.

BERRIAn argitaratua (2019/01/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA